Edukira joan

Xikito-perraka

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Artzainen irudia. Danimarkako Galeria Nazionala. 1663 - 1733 .

Xikitoak eta perrakak[1][2] (maiz, txikitoak) Zuberoako artzainek asmatutako bertso erotiko edo berdeak dira. Txomin Peillenen arabera, 1962an idatzitako testuan, borda batetik bestera, "ibar batetik bestera artzainek elgarri, holako kobla horietatik botatzen zuten".[3] Beraz, "Xikitoak" denbora pasa moduan uler zitezkeen. Peillenen arabera ehunka ziren ezagutzen ziren xikitoak baina "folklore bildumek baztertzen zituzten, nahiz horiek ere populuaren frutuak izan"; espezialista askoren ustez, poematxo horien edukiak ez ziren egokiak argitaratuak agertzeko. Egitura aldetik, "lauko bertso berdeak" ziren.[4]

Xikitoak gizonek egiten zituzten, eta emakume gutxik entzuten omen zituzten. Horiek entzuterakoan harriduraz hartzen zituzten euren senarrek halakoak esatea[5]. Hala ere, Gidor Bilbaok aurkitutako Arnaut Oihenarten bertsoek[6][7] bestelako irakurketa proposatzen dute, gizonei xikito eta emakumeei perraka esaten zitzaiela[1]. Perraka hitza ez da Orotariko Euskal Hiztegian ageri, bai ordea hitzaren aldaera izan daitekeen perraska.[8]

Igela aldizkarian adibide batzuk jaso ziren. Hona hemen horietako bat:

«

Ahuntzaren buztan txuta,
Haren peko xilo hutsa
Sarezak sar sudurra
Ezkapa ez dakion hutza. Xikito!

»


Igela aldizkarian berean ere "gaurko xuberotar idazle famatu batek", Jon Mirande alegia, era berritu batez idatzitako adibide kultuago jaso zen; orduan, "ederrak" izenarekin jaso ziren.[9]

Arnaut Oihenartek emakumezko batekin egindakoa da honakoa[1]:

«

Jaukizarrea Motil Gaztearen aldeti

Bata hordi, bertze hor(i) ito,
orok ez balio bi behito.
Hor den putarik handienak
erran bezat niri “xikito”. Perraka.

Neskatoren inhardespena

Eztuk hebe hordi ez putarik.
Bana hire leinukoetarik
dikusaguk, traidor(e) izanez,
dilindan ardur(a) urketarik. Xikito.

»


Literatura Terminoen Hiztegiak Txomin Peillenen adibide hau ematen du:

«

Gerezi beltz jan diat
kakeria badiat
ahoan eginen daiat
ixiltzen ezpahitzait. Xikito!

»


Literatura erotikoa?

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Igelan etiketa horrekin agertu ziren poematxo hauek, "Erotika euskaldunaren lore zenbait". Izan ere, edukiak ikusita, bestei zirikatzeko poesia eskatologikoak bezala kataloga daitezke. 1999an, Juan Martin Elexpuruk bere Euskal lizunkeriaren antologian "Xikituak" jaso zituen, haren erotismoa ontzat emanez.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c «“Oihenarten poema berriak aurkitu ditugu, eta bila segitzen badugu, gauza gehiago aurkituko ditugu” - Euskal idazleen elkartea» idazleak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-28).
  2. Enzunza Mallona, Olatz. «Gidor Bilbao: «Oihenart gehiago ezagutu dugu aurkikuntzari esker»» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-04-29).
  3. Jon Mirande eta Txomin Peillen: Igela euskaldun. Heterodoxoen errebista. Donostia:Hordago (argitaletxea), 1979, 80.or.
  4. Ibidem, 20.or.
  5. Ott, Sandra.. (1993). The circle of mountains : a Basque shepherding community. University of Nevada Press ISBN 0-87417-224-1. PMC 28148756. (Noiz kontsultatua: 2020-02-07).
  6. «Sareko bilaketa digitalari esker aurkitu dituzte Oihenarten poema berriak» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
  7. «“Oihenarten poema berriak aurkitu ditugu, eta bila segitzen badugu, gauza gehiago aurkituko ditugu” - Euskal idazleen elkartea» idazleak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-01).
  8. «Euskaltzaindiaren hiztegiak - Bilaketa orokorra» www.euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-04-29).
  9. 20. or.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Patri Urkizuk bildutako "Xikitoak".
  • Joseba Aurkenerena: Zuberoako txikitoak - I [1]
  • Joseba Aurkenerena: Zuberoako txikitoak - II [2]