Walter Gilbert
Walter Gilbert (Boston, Massachusetts, 1932ko martxoaren 21a) estatubatuar biokimikaria da. Harvardeko Unibertsitatean egin zituen Kimika eta Fisikako ikasketak, eta Fisika Matematikoko doktoregoa eskuratu zuen 1957an, Cambridgeko Unibertsitatean. Erresuma Batutik Estatu Batuetara itzuli zelarik, Harvarden hasi zen lanean. Fisika teorikoko ikerketak egiten ziharduela, biologia molekularrarekin zaletu zen, eta Biofisikako irakasle laguntzaile izendatu zuten 1964an. Harrezkero, Harvarden jardun zuen karrera guztian, 1981etik 1984ra laborategi pribatu batean biologia genetikoaren alorrean lan egin zuen tartean izan ezik. Lehenengo ekarpen garrantzitsua 1966an egin zuen, 1961ean Jacques Monodek eta François Jacobek iragarri bezala, kontrol genetikoaren eragozle gisa diharduen proteina bat aurkitu eta bakartu zuenean. Dena dela, DNA eta RNA azido nukleikoetan baseen sekuentziak nola antolatzen ziren ezagutzeko egindako lanengatik da, batez ere, ezaguna. Gilbertek azido nukleikoen osagai nagusi diren eta geneen egitura ezagutzeko lagungarri diren nukleotidoen sekuentzia zehazteko metodo bat aurkitu zuen. 1980an, Kimikako Nobel saria irabazi zuen, Frederick Sangerrekin eta Paul Bergekin batera.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]