Mexiko
Mexiko[1] (nahuatlez: MexihcoIPA:/meːˈʃiʔko/; gaztelaniaz: México, /ˈmexiko/ ahoskatua), izen ofiziala Mexikoko Estatu Batuak (gaztelaniaz: Estados Unidos Mexicanos), Ipar Amerikako hegoaldeko estatua da, Ozeano Barearen eta Ozeano Atlantikoko Mexikoko Golkoaren artean dagoena. Iparraldean Ameriketako Estatu Batuak ditu, eta hegoaldean Guatemala eta Belize. 1.964.375 kilometro koadroko eremua du, eta 2015ean 119,5 milioi biztanle zituen[2]. Beraz, estatu hispanofono populatuena da. Hiriburua Mexiko Hiria da, munduko bigarren hiririk populatuena.
Geografia
aldatuMexiko Ipar Amerikako hegoaldean dago. Geologiaz, Yucatán penintsula (estatuaren % 12) Erdialdeko Amerikan dago, bien arteko banaketa Tehuantepec istmoa baita. Hala ere, geopolitikaz, Mexiko ez da Erdialdeko Amerikako herrialdetzat jotzen, Belize eta Guatemala ez bezala.
Mugak
aldatuMexiko 1.964.375 kilometro koadro luze-zabal da, 6.000 kilometroko koadro inguruko uharteak barne. Uharteok Ozeano Barean (Guadalupe eta Revillagigedo), Mexikoko golkoan eta Karibe itsasoan daude. Iparraldean 3.141 kilometro muga du Estatu Batuekin, eta hego-ekialdean 871 kilometro Guatemalarekin eta 251 kilometro Belizerekin. Ekialdean, Mexikoko golkoa eta Karibe itsasoa ditu, eta hegoalde eta mendebaldean Ozeano Barea.
Erliebea
aldatuMexikoko lurraldea menditsua da, baina alde handiak ditu toki batetik bestera. Bi mendilerrok zeharkatzen dute herrialdea ipar-hego, Ekialdeko Sierra Madre eta Mendebaldeko Sierra Madre, Estatu Batuetako Mendi Harritsuen jarraipena. Bi mendilerro horien artean goi-ordoki zabal bat dago, Mexikoko goi-lautada, lurraldearen hiru laurden hartzen dituena. Goi-ordoki horretara iristen diren ibai batzuen ura ez da itsasora iristen, hango sakonuneetan geratzen baita. 900-1.200 metroko garaiera du iparraldean, eta 2.000-2.700 metrokoa hegoaldean.
Beste mendikate batek, Zeharkako Sumendi-ardatzak, alderik alde zeharkatzen du Mexikoko hegoaldea, eta goi-ordokia mugatzen du hegoaldetik. Jatorri bolkanikoko mendikate horretan daude Mexikoko mendi garaienak: Pico de Orizaba (5.636 m)[3], Popocatépetl (5.462 m), Iztaccihuatl (5.286 m) eta Nevado de Toluca (4.577 m). Inguru horietan lurrikarak izateko eta sumendiak pizteko arrisku handia dago. Hori guztia dela-eta, Mexikoko erdi eta iparraldeko lur gehienak garaiera handian daude.
Ekialdeko itsasbazterra zabala eta zuzena da, zelaia eta hareatsua; mendebaldekoa, berriz, estutuz doa iparraldetik hegoaldera, zelaia da eta, tarteka, zimurragoa. Bi penintsula daude Mexikon, Kalifornia Behereko penintsula ipar-mendebaldean eta Yucatán penintsula hego-ekialdean. Kalifornia Behereko penintsula luze meharra da, eta bere luzera osoan mendiek alderik alde zeharkatzen dute (Cerro de La Encantada, 3.069 metro); mendebaldeko itsasbazterreko erdialdean zabalgune bat du, ia osorik El Vizcaíno basamortuak hartzen duena. Penintsularen eta kontinentearen artean Kaliforniako golkoa edo Cortésen itsasoa dago. Yucatan penintsula ia itsasoaren mailan dagoen kare-harrizko ordoki zabal bat da, Mexikoko golkoa eta Karibe itsasoa bereizten dituena.
Tehuantepec istmoa muino txikiez osatua dago, eta adituen ustez, Ipar Amerikaren eta Erdialdeko Amerikaren arteko muga naturala da. Istmotik ekialdera Sierra Madre de Chiapas mendilerroa eta Guatemalan barrena sartzen diren Soconuscoko mendiak (Tacaná sumendia, 4.093 metro) daude. Hegoaldeko itsasaldearen norabide berean Hegoaldeko Sierra Madre eta Sierra Madre de Oaxaca daude, Zeharkako Sumendi-ardatzetik Balsas ibaiak bereizten dituena. Ozeano Barean, itsasaldetik 725 bat kilometro mendebaldera, sumendi jatorriko Revillagigedo uhartedia dago.
Hidrografia
aldatu- Ura Mexikoko golkora isurtzen duten ibaien artean hauek dira nagusiak: Rio Bravo edo Grande del Norte (3.034 kilometro), 1.455 kilometroan Estatu Batuen eta Mexikoren arteko muga dena eta Conchos eta Salado ibaien ura jasotzen duena, Pánuco (510 kilometro), Papaloapan (900 kilometro), eta Guatemalan jaiotzen diren Grijalva (480 kilometro) eta Usumacinta (1.000 kilometro).
- Ozeano Barean, ura Kaliforniako golkora isurtzen dute Colorado, Sonora, Yaqui eta Fuerte ibaiek; Lerma ibaiak Chapala aintzirara lehenik, eta Rio Grande de Santiagoren bidez gero, ozeanora isurtzen du; Balsas ibaiak (771 kilometro) Zeharkako Sumendi-ardatzeko hegoaldeko urak bideratzen ditu.
- Nazas (600 kilometro) eta Aguanaval (1.080 kilometro) ibaiak goi-ordokian, Bolsón de Mapimí arro endorreikoan, barneratzen dira.
Klima
aldatuKlimari dagokionez alde handiak daude lurraldean toki batetik bestera, Mexikoko klima eragile askoren mendean baitago. Kantzer tropikoak bitan banatzen du lurraldea ia erdi-erditik eta, beraz, klima epela dagokio iparraldeari eta tropikala hegoaldeari. Oro har, iparraldean eta erdialdean alde handiak izaten dira urte sasoi batetik bestera; hegoalde tropikalean, berriz, ez dago ia aldaketarik; ipar-mendebaldea idorra da, oso negu hotzak eta oso uda beroak ditu; Mexikoko goi-lautadan, bai neguak, bai udak, samurrak izaten dira. Bestalde, garaiera alde handiak daude herrialdean, eta klima ere aldatuz doa garaieraren arabera; mendi garaien arteko bailaratan mikroklimak sortzen dira.
Ozeano Barearen eta Ozeano Atlantikoaren eragina ere handia da zenbait tokitan. Ozeano Bareko eta Mexikoko golkoko uren beroak haize hezea eta, horren ondorioz, euria dakar udan zehar; lurralde beroetan euri sasoiak luze iraun dezake, baina toki gehienetan, euria ekainetik urria arte izaten da; hala ere, alde handiak daude toki batetik bestera: Chiapasko goi-ordokietan euria 5.000 milimetrotik gora izan daiteke urtean, ekialdeko itsasaldean 2.500 milimetro, eta 200 milimetro baino gutxiago Bolsón de Mapimí sakonunean, Sonorako basamortuan eta Kalifornia Beherean; gehienetan euri erauntsiak izaten dira, laburrak eta indar handikoak, kazkabarrarekin batera askotan.
Zortzi klima mota bereizten dira Mexikon, klima tropikal euritsuaren eta mendi gailurretako klima polarraren artean baina, laburbildurik, klima ezaugarri nagusiaren arabera, era honetara sailka daiteke herrialdea:
- lurralde beroa, 1.000 metroko garaieratik behera; urteko batez besteko tenperatura 25 °C-tik gora;
- lurralde epela, 1.000-2.000 metro bitartean; urteko batez besteko tenperatura 18 °C eta 24 °C artean;
- lurralde hotza, 2.000-3.500 m bitartean; urteko batez besteko tenperatura 11 °C eta 17 °C artean;
- lurralde izoztua, mendi gailurretan; urteko batez besteko tenperatura 10 °C-tik behera.
Landaredia
aldatuLandaredia klima motaren eta garaieraren araberakoa da eta, oro har, urriagoa da iparraldera joan ahala. Iparraldeko, ipar-mendebaldeko eta erdialdeko lurralde idorretan kaktusa, henekena eta mandioka hazten dira batez ere. Hegoaldean eta ekialdean, Yucatán penintsulan eta mendebaldeko itsasaldean oihan tropikala eta sabana tartekatzen dira. Hego-erdialdeko eta Sierra Madre mendietan pinu, izei, zedro, arte eta haritz zuhaiztiak daude. Mexikoko hegoaldeko itsasaldean mangladiak daude.
Historia
aldatuKolonaurreko garaia
aldatuAmerikako lehen gizakiak ipar-ekialdeko Asiatik iritsi ziren, Bering itsasartean barrena, duela 30.000 urte baino gehiago. Aztarna arkeologikoek erakusten dutenez, duela 8.000-10.000 urte ehiztari-biltzaileak bizi ziren Mexikoko lurraldean. Ondoko milurtekoetan, bertako landare batzuk etxekotzea lortu zuten, hala nola artoa, kuia eta babarruna. Eguneroko janaria ziurtaturik, gizakiak sedentario bilakatu eta lehenbiziko herrixkak sortu ziren. K. a. 1500ean, buztinezko tresnak eta iruditxoak egiten zituzten.[4]
Aro Klasikoan, K. a. 200 eta K. o. 900 artean, oso zibilizazio aurreratuak garatu ziren Mesoamerikan. Garai hartan, artea eta zientziak loratu ziren, idazkera, matematika eta astronomia batez ere. Erlijio politeista zuten; Quetzalcoatl lumadun sugea zen jainko nagusia eta jakitate guztien iturria. Metalak aro horren amaiera arte erabili ez bazituzten ere, egitura arkitektoniko izugarriak eraiki zituzten, esaterako, Teotihuacan eta El Tajíngo piramideak, eta Palenqueko Eguzkiaren tenplua. Nekazaritza zen ekonomiaren oinarria. Teotihuacan (Mexikoko erdialdean), Monte Albán (Oaxacako hegoaldean), eta hiri maiak (Chiapas, Tabasco, Campeche, Yucatán eta Quintana Roo estatuetan, eta baita Honduras, Guatemala eta Belizen ere) dira Aro Klasikoko kokagune nagusiak. 650tik aurrera, Teotihuacan erori eta Yucatán penintsulako hiri-estatu maiek egin zuten gora. 900tik aurrera, ordea, maien zibilizazioak gainbehera azkarra izan zuen. Beheraldi horren arrazoiak (uzta txarrak, izurriteak, idorteak, gainpopulazioa edota auzo herri erasoak) ez dira ongi ezagutzen.[4]
X. mendearen amaieratik aurrera, Aro Postklasikoa hasi zen; haren ezaugarri nagusia militarismoa izanik, hiriak gotortu ziren. Zibilizazio ugariren goraldi eta beheraldia gertatu zen, hala nola tolteka, zapoteka eta mixtekena.[4] XIII. mende hasieran, aztekak iritsi ziren Texcoco aintzirako uharteetara (alegia, egungo Mexiko Hiria dagoen lekura). Uharte horietako batean Tenochtitlán hiria sortu zuten, denborarekin agintegune nagusi bilakatu zena. 1376an, monarkia ezarri zuten; Acamapichtli izan zen lehen erregea. Gizarte egitura konplexua zuten: aristokraziak bere esku zituen kargu administratiboak, erlijiosoak eta militarrak; merkatarien taldeak auzitegi, jainko eta elkarte propioak zituen; herritar xeheak nekazaritza eta eskulangintzatik bizi ziren; eta mailarik apalenean esklaboak zeuden. XVI. mende hasierarako, aztekek menderaturik zeuzkaten erdialdeko Mexikoko gainerako herriak, eta zergak ordainarazten zizkieten: kakao, kotoia, artoa, lumak, metal eta harri baliotsuak, maskorrak eta jaguar larruak. Mendean hartutako hiriek soldaduak eta esklaboak ere eman behar izaten zizkieten, baina aztekak ez ziren sartzen hiriko barne arazoetan[5]
Espainia Berria
aldatu1518an Diego Velázquez Kubako gobernariak espedizio bat bidali zuen Mexikora Hernán Cortésen (1485–1547) gidaritzapean. 1519an Cortések Veracruz hiria sortu zuen, eta bere kabuz, ez baitzuen lurraldea konkistatzeko baimenik, aurrera segitzea erabaki zuen. Txalkalteka indiarren laguntzaz, azteken inperioaren hiriburuan, Tenochtitlanen, sartu zen 1519ko azaroaren 8an. Moctezuma azteken buruzagiak harrera ona egin zion Cortési baina horrek preso hartu eta Espainiaren aginpidea onartzera behartu zuen. Velázquezek gudaroste bat bidali zuen Cortés preso hartzeko eta Kubara eramateko aginduarekin, eta Cortés gudaroste hari aurre egitera joan zen bitartean Tenochtitlango aztekak matxinatu egin ziren. Hala, Tenochtitlanera itzuli zirenean aztekek gogor eraso zieten. Espainiako gudarosteak, Tlaxcalan babesturik, indarrak batu eta handik gutxira, 1521eko abuztuaren 13an, aztekak menderatu eta hiriburua suntsitu zuen. Han bertan hiri berria eraiki zuten, Mexiko. Horrela 300 urteko aginte espainiarra ezarri zen. Mexiko Hiria Espainia Berriko erregeordetzako hiriburu bihurtu zen, Espainiar Inperioko lehen hornitzailea, herrialde populatuena eta Ipar Amerika, Karibe eta Filipinetako aginte gunea. Horrela, Mexikoko gizarte oinarria garatzen joan zen, bertako eta europar kulturen nahasketa berezia sortuz.
1522an Karlos I.a Espainiako erregeak kapitain jeneral eta Espainia Berriaren gobernari izendatu zuen Cortés, 1527an Audiencia izeneko gobernu erakundea sortu zen, eta 1534an Espainia Berria erregeorde baten aginpidean geratu zen. Espainiarrak Guatemala eta Honduras konkistatzera abiatu ziren, eta iparraldera ere, zilar meak aurkitu zirenetik batez ere, zabaldu ziren. Konkistatzaileek, agintari zibilek nahiz elizgizonek lan gogorretara behartu zituzten indiarrak. Horrek, eta espainiarrek eramandako eritasunek indiarren artean sortutako izurriteek, urte gutxiren buruan, asko urritu zuten jatorrizko biztanleria. Lehenagoko zibilizazioa eta erlijioa desagertu ziren. Espainiar kolonizatzaileak lur eta aberastasun guztien jabe egin ahala, liskarrean hasi ziren. Veracruzeko portuaren bidez metal bitxiak, artilea eta hango beste gai batzuk esportatzen ziren. Espainia Berriak XVIII. mendean zehar izan zituen urterik oparoenak, baina aberastasuna espainiarren, elizgizonen eta goi mailako kriolloen eskuetan geratu zen, erdi mailako kriolloen eta herri xehearen (indiarren, mestizoen eta mulatoen) kaltetan.
Independentzia
aldatuFrantziako Iraultzaren ideia berrietan oinarriturik, Ipar Amerikako Estatu Batuen independentziak bihotz emanik, eta Napoleonen inbasioak Espainian (1808) eragin zuen krisiaz eta aginpide ezaz baliaturik, sortu ziren independentziaren aldeko lehen higikundeak. Mexikoko burgesiak, José de Iturrigaray erregeorde liberalaren laguntzaz, gobernu batzorde bat eratu zuen, baina kontserbadore ahaltsuek hura indarrez desegin eta erregeordea Espainiara alde egitera behartu zuten. 1810ean, Miguel Hidalgo apaizak nekazariz osatutako gudaroste bat antolatu zuen; Guadalajaran gobernu bat eratzea lortu zuen, esklabotasuna debekatu eta indiarrei lurrak itzultzea agindu zuena, baina 1811ko uztailean preso hartu eta fusilatu zuten. Handik gutxira, José María Morelos apaizak hartu zuen bizirik zirauen matxinadaren buruzagitza; 1813an, Apatzinganen, kongresoa eratu eta konstituzio bat onartu zuen, baina 1815ean Texmalakan preso hartu eta hil zuten. Haatik gerra ez zen amaitu. 1820an Espainian liberalek aginpidea lortzeak independentziaren aldeko jarrera hartzera eraman zituen goi mailako kreole kontserbadoreak, erregimen berriarekin militarren eta elizgizonen eskubideak arriskuan baitzeuden; hala, Vicente Guerrero gerrillaren buruzagiak eta Agustin de Iturbide jeneral espainiarrak independentzia hitzartu zuten Igualan, 1821eko irailaren 28an, Kordobako hitzarmenean gauzatu zena. 1824ko urriaren 4an kongresuak errepublika federala onartu zuen, eta Guadalupe Victoria jenerala izendatu zuten Mexikoko Estatu Batuetako lehen lehendakari (1824–1829).
Hurrengo urteetan ekonomiaren egoerak txarrera egin zuen, istiluak izan ziren liberalen eta kontserbadoreen artean, indiarrak matxinatu egin ziren eta estatu kolpeak izan ziren. Santa Anna jeneralaren lehendakaritzapean (1833–1853) Texas Mexikotik bereizi zen (1845) eta, horren ondorioz, gerra piztu zen Estatu Batuen eta Mexikoren artean; Guadalupe Hidalgo Itunean (1848) Mexikok Texas, Kalifornia Garaia eta Mexiko Berria galdu zituen, eta, gero, lurralde gehiago saldu zizkien Estatu Batuei hamar milioi dolarren truke. Abertzaleen haserrea zela eta Santa Annak Mexikotik ihes egin ondorengo urteetan, liberalen artean Benito Juárez zapotekak ospe handia irabazi zuen; 1857an lehendakari hautatu zuten eta, elizaren eta kontserbadoreen gogoz kontra, konstituzio laiko eta aurrerakoia jarri zuen indarrean, hiru urte iraun zuen gerra ekarri zuena. Juárezek bere agintaldian administrazio, hezkuntza eta justizia guztiz eraberritu zituen. Elizaren ondasunak nazionalizatu eta erlijio ordenak debekatu zituen. Aginpide eragilea eta justiziako eta legegintzako aginpideak bereizi zituen. Nekazaritzaren erreforma abiatu eta kanpo zorra ez ordaintzea erabaki zuen. Aitzakia horretaz baliatuta, Espainiak, Britainia Handiak eta Frantziak gudarostea bidali zuten. Frantsesek hiriburua hartu zuten 1863ko ekainaren 11n, eta Maximiliano Habsburgokoa (Maximiliano I.a, 1864–1867) ezarri zuten enperadore. Iparraldean Juárezek bere indarra mantendu zuen eta 1867an liberalek enperadorea preso hartu eta fusilatu zuten.
Porfirio Díazen diktadura eta Mexikoko Iraultza
aldatuBenito Juárez lehendakaria hil ondoren, Porfirio Díaz jeneralak hartu zuen aginpidea (1877–1911), 1880–1884 bitartean Manuel Gonzálezi utzi zion denboran izan ezik. Haren aginpidean industrializazioa abiatu zen Mexikon, errepideak eta burdinbideak egin ziren, barne-merkataritza sendotu zen eta nazioarteko eginbeharrak bete ziren; hala ere, ustelkeria hedatu zen estatuan, eta aberatsen eta herri xehe behartsuaren eta alfabetatugabearen arteko aldea gero eta handiagoa zen. Hirietan erdi mailako klasea eta langileria sortzeak, lur banaketaren eta aldaketa politikoaren aldeko eskaerak, eta 1907ko krisi ekonomikoak gogor astindu zuten diktadura.
1911n nazio osoko nekazariak Pancho Villa eta Pascual Orozcoren, eta Emiliano Zapataren gidaritzapean matxinatu egin ziren. Díaz diktadoreak aginpidea utzi behar izan zuen eta hurrengo hauteskundeetan Madero hautatu zuten lehendakari. Erreformak ordea ez ziren gauzatu eta Villa, Orozco eta Zapata hari oldartu zitzaizkion. 1913an Victoriano Huerta jeneralak estatu kolpe bat eman eta Madero hilarazi zuen. Iraultzaileek bat egin zuten Huerta aginpidetik kentzeko (1914), baina handik gutxira elkarren kontra hasi ziren borrokan; Villak eta Zapatak, elkar harturik, Venustiano Carranzari aurre egin zioten, baina horrek, Alvaro Obregónen laguntzarekin, menderatu zituen. 1917an Carranzak konstituzio aurrerakoi bat egin zuen: herritarren eskubideei, lanari eta lurraren jabegoari buruzko erreforma, irakaskuntzaren sekularizazioa, ondasunen nazionalizazioa. Erreforma, ordea, ez zen gauzatzen eta Zapata berriro matxinatu zen, baina 1919an hil zuten. 1920ko hauteskundeetan Obregón hautatu zuten lehendakari (1920–1924), eta iraultza armatua amaitutzat jo zen.
PRI eta azken urteak
aldatu1920. urteaz geroko sistema politiko berrian, hots, alderdi bakar bateko eta lehendakariaren aginpideko demokrazian, erakundeak sortu eta finkatu ziren, aginpide militarra, politikoa eta ekonomikoa zentralizatu ziren, militarren ahalmena murriztu eta hezkuntza bultzatu zen. Lázaro Cárdenas lehendakariaren agintaldian (1930–1934) hasi ziren iraultzan aldarrikatutako erreformak gauzatzen; burdinbideak eta petrolioaren ustiapena nazionalizatu ziren, Elizaren eta Estatuaren arteko harremanak hobetu ziren eta bakea sendotuz joan zen. 1950. urtetik aurrera industria bizkor hazi zen, eta horrek gizarte egituraren aldaketa handi bat ekarri zuen.
1988ko hauteskundeetan Carlos Salinas de Gortari hautatu zuten lehendakari. Haren lehen lana Estatu enpresak pribatizatzea izan zen. 1991n Merkataritza Librerako Ituna izenpetu zuen Mexikok Estatu Batuekin eta Kanadarekin, eta hitzarmen hori 1994an jarri zen abian. Hala sortu zen munduko merkataritza libreko eremurik handiena. Eremu hori sortzea eta pribatizazioak aurrera eramatea izan ziren Mexikoko ekonomia indartzeko Salinasek hartu zituen neurri nagusiak. 1993an Mexikoko gobernuak industrien % 80 saldu zuen, eta inflazioa % 15etik % 10era jaitsi zuen. Hala ere, ez zen neurri eraginkorrik hartu atzerriko zorra gutxiagotzeko. 1994. urtearen hasieran, Nazio Askapenerako Gudaroste Zapatistako (EZLN) talde batek Mexiko hegoaldeko lau herri hartu zituen mendean, Chiapas estatuan. Hauek ziren talde haren eskakizun nagusiak: autonomia, lurrak indigenei itzultzea, demokrazia antolatzea, indigenei osasun eta hezkuntza zerbitzuak ematea. Hala ere, Mexikoko gudarosteak berehala bereganatu zituen lurralde haiek.
1994ko abuztuan, PRI (Partido Revolucionario Institucional, hots, Alderdi Iraultzaile Instituzionala) alderdiko kide Ernesto Zedillok irabazi zituen lehendakaritzarako hauteskundeak. Mexikon izan den finantza krisi larrienetako bati egin behar izan zion aurre: nazioarteko laguntza ugari jaso zuen eta pribatizazio neurriak hartu behar izan zituen. Bien bitartean, Chiapas hegoaldeko matxinadak agerian utzi zuen indigenek bizi zuten egoera larria eta beren eskakizunak entzutera behartu zuen gobernua. 1997ko legebiltzarrerako hauteskundeetan, PRIk gehiengo absolutua galdu zuen diputatuen ganberan, eta oposizioko alderdi nagusiek, PANek (Ekintza Nazionaleko Alderdia) eta PRDk (Iraultza Demokratikoaren Alderdia) hain zuzen, indartu egin zuten kongresuan ordu arte zuten lekua. PRIk, 68 urte aginpidean ibili ondoren, gehiengoa bazuen ere senatuan eta Mexikoko udal nagusietan ere gehiengoa mantentzen bazuen ere, hauteskunde horien ondoren, hitzarmen ugari izenpetu behar izan zituen kongresuko oposizioko alderdiekin. Hala eta guztiz ere, gobernuaren eta indigenen arteko egoera larriagotu egin zen Altos de Chiapas lurraldean. 1997ko abenduaren 22an tzotzil etniako 45 indigena hil zituzten Acteal udalerrian indar paramilitarrek. Hildako gehienak emakumeak eta umeak ziren. Gobernazioko idazkari Emilio Chuayffetek eta estatuko gobernadore ordezkari Julio Ruiz Ferrok dimisioa eman behar izan zuten gertakizun larri haren ondorioz.
2000an, Ekintza Nazionaleko Alderdiak eta Alderdi Berdeak bat eginik aurkeztu ziren hauteskundeetara eta Vicente Fox Errepublikako presidente aukeratu zuten. 71 urtean lehen aldia zen PRI alderdikidea ez zen norbait lehendakaritzara iristen zena.[6] 2006an, krisian murgildu zen Mexiko, urte hartako hauteskundeetako gizarte polarizazioaren eraginez, eta liskar eta istilu handiak izan ziren hautagaien artean. Alde txikiz bada ere, Felipe Calderónek lortu zuen lehendakaritza.
Gobernua eta administrazioa
aldatuPolitika
aldatuMexiko errepublika federala da. Errepublikako presidentea estatuburua eta gobernuburua da. Legebiltzarra (gaztelaniaz: Congreso de la Unión) ganbera bikoa da: Senatuak (Cámara de Senadores), 128 kide ditu, 6 urterako aukeratzen direnak; eta Diputatuen Ganberak (Cámara de Diputados) 500 kide, hiru urterako hautatuak.[7]
Banaketa administratiboa
aldatuMexiko 31 estatu eta barruti federal batean banaturik dago.
Mexikoren banaketa administratiboa | |||||
---|---|---|---|---|---|
| |||||
Entitatea | Laburdura (ISO) |
Hiriburua | Sorrera urtea | Biztanleria (2010)[8] |
Eremua (km²)[9] |
Aguascalientes | MX-AGS | Aguascalientes | 1857 | 1 184 996 | 5 618 |
Campeche | MX-CAM | San Francisco de Campeche | 1863 | 822 441 | 57 924 |
Chiapas | MX-CHP | Tuxtla Gutiérrez | 1824 | 4 796 580 | 73 289 |
Chihuahua | MX-CHI | Chihuahua | 3 406 465 | 247 455 | |
Coahuila | MX-COA | Saltillo | 3 055 395 | 151 563 | |
Colima | MX-COL | Colima | 1856 | 650 555 | 5 625 |
Durango | MX-DUR | Victoria de Durango | 1824 | 1 632 934 | 123 451 |
Guanajuato | MX-GTO | Guanajuato | 1823 | 5 486 372 | 30 608 |
Guerrero | MX-GRO | Chilpancingo | 1849 | 3 388 768 | 63 621 |
Hego Kalifornia Beherea | MX-BCS | La Paz | 1974 | 637 026 | 73 922 |
Hidalgo | MX-HGO | Pachuca | 1869 | 2 665 018 | 20 846 |
Jalisco | MX-JAL | Guadalajara | 1823 | 7 350 682 | 78 599 |
Kalifornia Beherea | MX-BCN | Mexicali | 1952 | 3 155 070 | 71 446 |
Mexiko | MX-MEX | Toluca de Lerdo | 1823 | 15 175 862 | 22 357 |
Mexiko Hiria | MX-DIF | 1824 | 8 851 080 | 1 485 | |
Michoacán | MX-MIC | Morelia | 1823 | 4 351 037 | 58 643 |
Morelos | MX-MOR | Cuernavaca | 1869 | 1 777 227 | 4 893 |
Nayarit | MX-NAY | Tepic | 1917 | 1 084 979 | 27 815 |
Nuevo León | MX-NLE | Monterrey | 1824 | 4 653 458 | 64 220 |
Oaxaca | MX-OAX | Oaxaca de Juárez | 1823 | 3 801 962 | 93 793 |
Puebla | MX-PUE | Puebla de Zaragoza | 5 779 829 | 34 290 | |
Querétaro | MX-QRO | Santiago de Querétaro | 1 827 937 | 11 684 | |
Quintana Roo | MX-ROO | Chetumal | 1974 | 1 325 578 | 42 361 |
San Luis Potosí | MX-SLP | San Luis Potosí | 1823 | 2 585 518 | 60 983 |
Sinaloa | MX-SIN | Culiacán Rosales | 1830 | 2 767 761 | 57 377 |
Sonora | MX-SON | Hermosillo | 1824 | 2 662 480 | 179 503 |
Tabasco | MX-TAB | Villahermosa | 2 238 603 | 24 738 | |
Tamaulipas | MX-TAM | Ciudad Victoria | 3 268 554 | 80 175 | |
Tlaxcala | MX-TLX | Tlaxcala | 1856 | 1 169 936 | 3 991 |
Veracruz | MX-VER | Xalapa | 1823 | 7 643 194 | 71 820 |
Yucatán | MX-YUC | Mérida | 1 955 577 | 39 612 | |
Zacatecas | MX-ZAC | Zacatecas | 1 490 668 | 75 539 |
Demografia
aldatuBiztanleria
aldatu2015ean, Mexikok 119,5 milioi biztanle zituen,[2] 61 biztanle kilometro koadroko dentsitatearekin. Beti ere, alde handiak daude estatu batzuetatik besteetara; Mexiko Hirian (5.960 biztanle kilometro koadroko 2010ean), eta inguruko estatuetan (Aguascalientes, Guanajuato, Mexiko, Morelos eta Tlaxcala, 150 biztanletik gora kilometro koadroko) dago dentsitaterik handiena, eta ipar-ekialdeko Hego Kalifornia Beherea (8,6 biztanle kilometro koadroko), Durango, Chihuahua eta Sonoran txikiena[8]. Adinaren arabera, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 26,9 dira, 15-24 urte bitartekoak % 17,5, 25-54 urte bitartekoak % 40,8, 55-64 urte bitartekoak % 7,6 eta 65 urtetik gorakoak % 7,1[7]. Bizi itxaropena 75,9 urtekoa da, 73,1 urtekoa gizonezkoena eta 78,8 urtekoa emakumezkoena (2016ko zenbatespenak).[7]
Mexikoko talde indigena nagusiak | |
---|---|
Taldea | Biztanleria |
Nahuak | 2.248.270 |
Maiak | 1.403.636 |
Zapotekak | 682.552 |
Mixtekak | 662.363 |
Otomiak | 526.876 |
Tzeltalak | 482.244 |
Tzotzilak | 429.964 |
Totonakak | 377.901 |
Mazatekak | 293.762 |
Mazahuak | 283.005 |
Iturria: CDI (2005)[10] |
Nekazaritza guneetan bizibidea nekez atera daitekeenez, eta nahiz eta hirietan ere irabazpiderik ez izan, jende asko hirietara joan da, (2017an biztanleen % 79,8 hirietan bizi zen),[7] batez ere, Mexiko Hirira, Monterreyra eta Guadalajarara, eta azken urteetan iparraldeko industria hirietara (Tijuana) eta turismoguneetara (Cancún). Mexikoko hiriburua munduko hiririk jendetsuena da, eta aldirietan txabola auzo handiak daude, oinarrizko azpiegiturarik ere ez dutenak. Biztanleriaren hazkunde tasa oso handia zela ikusirik, jaiotza tasa kontrolatzeko neurriak hartu behar izan zituen gobernuak, eta horrela lortu zuen hazkundea geldiaraztea (2017an, % 1,1).[7] Bestalde, mexikar asko Estatu Batuetara joan izan da lan eta bizi baldintza hobeen bila; gaur egungo kalkuluen arabera, 38 milioi mexikar edo mexikarren ondorengo bizi dira Estatu Batuetan. Desberdintasun nabarmenak daude eremu batzuen eta besteen artean, giza garapena adierazten duten adierazleei dagokienez; badira Alemaniaren mailako eremuak, eta baita Burundiren mailaz gorago iristen ez direnak ere. Gizarte arazo nagusietako bat narkotrafikoa da eta horri loturiko delinkuentzia da.
Banaketa etnikoa
aldatuMexikoko biztanleriaren % 65 mestizoak dira, % 18 amerindiarrak, % 16 zuriak eta % 1 bestelakoak.[11] Estatuak ez ditu talde etnikoak inongo era zehatzetan zenbatzen. Herri Indigenen Garapenerako Batzordeak (CDI) 65 talde etniko hartzen ditu aintzat, hizkuntzaren arabera sailkatuak. Talde handienak nahuatlak (2.445.969 lagun 2000. urtean), maiak (1.475.575), zapotekak (777.253) eta mixtekak (726.601) dira. Yucatán (% 59), Oaxaca ( % 48), Quintana Roo (% 39), Chiapas (% 28), Campeche (% 27), Hidalgo (% 24), Puebla (% 19), Guerrero (% 17), San Luis Potosí (% 15) eta Veracruz (% 15) estatuek amerindiarren ehunekorik handienak dituzte.[10]
Hizkuntzak
aldatu100.000 hiztun baino gehiago dituzten Mexikoko hizkuntza indigenak[12][13] | ||||
---|---|---|---|---|
Hizkuntza | 2015 | 2010 | 2005 | |
01 | Nahuatla | 1.725.620 | 1.544.568 | 1.376.026 |
02 | Maia | 859.607 | 786.113 | 759.000 |
03 | Mixtekera | 517.665 | 471.710 | 423.216 |
04 | Tzeltalera | 556.720 | 445.856 | 371.730 |
05 | Zapotekera | 479.474 | 425.123 | 410.901 |
06 | Tzotzilera | 487.898 | 404.704 | 329.937 |
07 | Otomiera | 307.928 | 284.992 | 239.850 |
08 | Totonakera | 267.635 | 244.033 | 230.930 |
09 | Mazatekera | 239.078 | 223.073 | 206.559 |
10 | Ch'olera | 251.809 | 212.117 | 185.299 |
11 | Huastekoa | 173.765 | 161.120 | 149.532 |
12 | Mazahuera | 147.088 | 135.897 | 111.840 |
13 | Mixeera | 133.632 | 132.759 | 115.824 |
14 | Chinantecera | 138.741 | 131.382 | 125.706 |
15 | Purepetxera | 141.177 | 124.494 | 105.556 |
Mexikoko hizkuntza ofiziala de facto gaztelania da, eta biztanleriaren % 98k hitz egiten du. Hala ere, amerindiar asko, biztanleriaren % 6,5, beren jatorrizko hizkuntzetan ere mintzatzen dira. Herri Indigenen Hizkuntza Eskubideen Lege Nagusiaren arabera, 65 mintzaira indigena nazional daude. Hedatuena nahuatla da (1,7 milioi hiztun baino gehiago 2015ean)[13], batez ere Guerrero, Puebla, Hidalgo, San Luis Potosí eta Veracruz estatuetan mintzatzen dena. Maia hizkuntzadunak 860.000 inguru ziren 2015ean[13], gehienak Yucatán penintsulakoak. 400.000 hiztunetik gora dituzte mixtekera (Oaxaca eta Guerreron, batez ere), tzeltalera (Chiapasen), zapotekera (Oaxacan) eta tzotzilera (Chiapasen) hizkuntzek.
Erlijioa
aldatu2010eko zenbatespenaren arabera, katolikoak % 82,7 dira, ebanjelikoak % 5, beste kristauak % 5 inguru, eta erlijio gabeak % 4,7.[8] Erlijio askatasuna dago.
Hiri nagusiak
aldatuEkonomia
aldatuHistoria
aldatuBi aldi nagusi izan dira Mexikoko ekonomiaren garapenean: lehena, 1940-1973 urteen bitartean, estatu-sozialismoan eta sektore pribatuan oinarritua; bigarrenak, aldiz, 1973-1976 bitartekoa, hidrokarburo hobi garrantzitsuen aurkikuntza izan zuen oinarri. Horrek goitik behera aldatu zuen Mexikoko ekonomia eta, aldi berean, herrialdea nazioarteko bankuekin zorretan gerarazi. Diru laguntzen bidez, enpresa publiko eta pribatuetarako ekipo ondasunak inportatzen ziren, eta bere politika soziala ordaintzen zuen; baina petrolioaren prezioa jaitsi zenean, inflazio izugarriari eta gehiegizko zorrari aurre egin behar izan zion (1982). Susperraldia ere esanguratsua izan zen, ordea: bere zorra hiru alditan hitzartzea lortu zuen, Morgan planaren barruan lehenbizi (1988) eta Brady planaren barruan ondoren (1990).
1994aren amaieran eta 1995aren hasieran, banku krisi larria izan zen. Inflazio altuak, batetik eta, bestetik, 30.000 milioi dolar inguruko defizitak eragin zuten. Ondorio larriak izan zituen gizartean, nekazari inguruetan batez ere, eta langileen % 20 arautu gabeko ekonomian aritzea ekarri zuen. Bill Clinton Estatu Batuetako lehendakariak, beste hainbat herrialde eta erakunderekin batera, Nazioarteko Diru Funtsa eta Munduko Bankuarekin besteak beste, nazioarteko laguntza ahalegina jarri zuen abian: 50.000 milioi dolarreko mailegua eman zioten Mexikori. Horrez gainera, Ernesto Zedillo presidenteak enpresa publiko nagusiak pribatizatu zituen: burdinbideak, petrokimika- eta elektrizitate-lantegiak eta aireportuak.
Nekazaritza
aldatuLangileen % 13,4k nekazaritzan ziharduen 2011n (BPGaren % 3,8)[7]. 1917–1980 bitartean egin zen erreformak nabarmen indartu zuen nekazaritza. Hala ere, nekazaritza ekoizpena eurialdien araberakoa da eta, horrezaz gainera, herrialdea, oro har, oso lehorra da. Hala ere, bere oinarrizko beharrak asetzeaz gainera, zenbait gai esportatu ere egiten ditu Mexikok: artoa, garia, garagarra, arroza, kafea, kotoia, azukre kanabera, fruituak eta barazkiak.
Mexikoko lurraldearen % 23 basoek osatua da. Urte askoan, zuhaitz mozketa ez da arautu baina, azkenean, arau oso zorrotzak onartu behar izan ditu Mexikoko Gobernuak gai horren inguruan. Herrialdeak basoko gai ugari lantzen ditu, besteak beste, zura, gomagoxoa, erretxinak eta kina.
Meatzaritza
aldatuAntzina, Mexikoko meatzari konpainia gehienak atzerritarrak ziren. Hala ere, 1960ko hamarkadan konpainia horiek eta gobernuak ahalegin handiak egin zituzten industria sektore hori nazionalizatzeko, eta konpainia horietako kapital gehiena mexikarra da gaur egun. Petrolioa da ustiatzen den mea nagusia; Veracruz, Tabasco, Campeche eta Chiapas estatuetan ustiatzen da batez ere. Zilarra ere garrantzizko gaia da, eta Mexikoko estatu guztietan dago gainera. Urrea, kobrea, burdina, fluorita, beruna, zinka, sufrea, manganesoa eta tungstenoa ere ugariak dira.
Industria
aldatuMexikoko industria Latinoamerikako aurreratuenetako bat da. Eskualdeko lehen labe garai modernoa Monterreyn eraiki zen, 1900ean. 1980ko hamarkadaren bukaeratik aurrera, lantegi berri gehienak errepublikaren iparraldean osatu ziren, muntatze lantegiak gehienbat (maquiladorak). Lantegi horietan inportatutako piezak muntatzen dira eta, ondoren, esportatzeko gaiak sortzen. Horrez gain, Estatu Batuetako zenbait enpresak diru asko inbertitu du azken urteetan ibilgailu motordunak eta kontsumorako bestelako gaiak ekoizten dituzten lantegietan. Industria nagusiak hauek dira: makinak eta elektronika, petrolio findegiak, galdak, elikagaiak biltzeko lantegiak, paper eta kotoi ekoizleak, ehungintza, beira, zeramika eta larrua.
Merkataritza harremanak
aldatuIndustria da sektore nagusia Mexikoko ekonomian, eta sektore horrek biltzen ditu, hain zuzen, esportazioen hiru laurdenak. Mexikok merkataritza harremanak ditu Estatu Batuekin, Japoniarekin, Alemaniarekin, Brasilekin, Kanadarekin, Frantziarekin eta Espainiarekin. Turismoa, mugako merkataritza, atzerriko inbertsioak eta Estatu Batuetan lanean diharduten mexikarren diru igorpenak garrantzizko diru sarrerak dira Mexikon.
Esportazioak nora | Inportazioak nondik | ||
---|---|---|---|
Herrialdea | Ehunekoa | Herrialdea | Ehunekoa |
AEB | 80,60 | AEB | 47,98 |
Kanada | 2,88 | [[|]] | 17,04 |
[[|]] | 1,27 | Japonia | 4,44 |
Brasil | 1,20 | KOR | 3,73 |
Espainia | 1,01 | Alemania | 3,60 |
Alemania | 1,01 | Kanada | 2,48 |
COL | 0,93 | MYS | 1,76 |
Japonia | 0,78 | TWN | 1,63 |
KOR | 0,75 | Italia | 1,27 |
Frantzia | 0,56 | THA | 1,19 |
Herbehereak | 0,51 | Espainia | 1,18 |
Iturria: INEGI, 2015eko urtarrila-ekaina[16] |
Azpiegiturak
aldatuGarraioa
aldatuAireportuak
aldatuKultura
aldatuMexikar muralismoa
aldatuMuralismoa mexikar margolaritzan eman zen mugimendua da. Mugimenduak 1920 eta 1960 bitartean izan zuen garai garrantzitsuena, ondorengo artista mexikarrengan ere eragina izan zuen arren. Bere oinarri politikoengatik da ezaguna, batez ere Marxismoaren eragina jaso zuen eta Mexikoko iraultzaren ondorengo egoera politiko eta sozialarekin zerikusia izan zuen. Irakastea zuen helburu. Edozein arraza edo klase sozialeko pertsonak ikusi zezakeen toki publikoetan margotzen zuten. Momentuko egoera sozial eta politikoa eta herriaren historia deskribatzen zuten. Ezagunak dira, batez ere, Diego Rivera, David Alfaro Siqueiros eta José Clemente Orozco.
Gizateriaren ondarea
aldatuUNESCOk Mexikoko 34 leku izendatu ditu Gizateriaren ondare; Amerikako lehen postuan dago arlo horretan, eta munduko zazpigarrenenan.
Lekua | Kokapena | Urtea |
---|---|---|
Agave paisaia eta antzinako tekila industriaguneak[17] | Jalisco | 2006 |
Calakmulgo hiri maia eta oihan tropikal babestuak[18] | Campeche | 2014 |
Padre Temblequeren akueduktuko sistema hidraulikoa[19] | Mexiko eta Hidalgo | 2015 |
Xochicalco arkeologia gunea[20] | Morelos | 1999 |
Paquimé, Casas Grandesko arkeologia gunea[21] | Chihuahua | 1998 |
Revillagigedo uhartedia[22] | Colima | 2016 |
Camino Real de Tierra Adentro[23] | 2010 | |
UNAMen Unibertsitate Hiriko Campus Nagusia[24] | Mexiko Hiria | 2007 |
XVI. mende hasierako monasterioak Popocatépetl magalean[25] | Morelos eta Puebla | 1994 |
El Pinacate eta Gran Desierto de Altar biosfera erreserba[26] | Sonora | 2013 |
El Tajín hiri prehispanikoa[27] | Papantla, Veracruz | 1992 |
Frantziskotar misioak Sierra Gordan[28] | Querétaro | 2003 |
Mexiko Hiriko hirigune historikoa eta Xochimilco[29] | Mexiko Hiria | 1987 |
Moreliako hirigune historikoa[30] | Michoacán | 1991 |
Oaxacako hirigune historikoa eta Monte Albán arkeologia gunea[31] | Oaxaca | 1987 |
Pueblako hirigune historikoa[32] | Puebla | 1987 |
Zacatecasko hirigune historikoa[33] | Zacatecas | 1993 |
Campeche hiri historiko gotortua[34] | Campeche | 1999 |
Querétaroko monumentu historikoen gunea[35] | Querétaro | 1996 |
Tlacotalpango monumentu historikoen gunea[36] | Veracruz | 1998 |
Guanajuato hiri historikoa eta inguruko meatzeak[37] | Guanajuato | 1988 |
Hospicio Cabañas, Guadalajara[38] | Jalisco | 1997 |
Kaliforniako golkoko uharte eta babesguneak[39] | Kalifornia Beherea, Hego Kalifornia Beherea, Sonora, Sinaloa eta Nayarit | 2005 |
Luis Barraganen etxe eta estudioa[40] | Mexiko Hiria | 2004 |
Monarka tximeletaren biosfera erreserba[41] | Michoacán eta Mexiko | 2008 |
Palenque hiri prehispanikoa eta parke nazionala[42] | Chiapas | 1987 |
Chichén Itzá hiri prehispanikoa[43] | Yucatán | 1988 |
Teotihuacan hiri prehispanikoa[44] | Mexiko | 1987 |
Uxmal hiri prehispanikoa[45] | Yucatán | 1996 |
Yagul eta Mitla historiaurreko leizeak Oaxacako Erdialdeko Haranean[46] | Oaxaca | 2010 |
San Miguel hiri gotortua eta Jesús Nazareno de Atotonilco santutegia[47] | Guanajuato | 2008 |
Sierra de San Franciscoko labar pinturak[48] | Hego Kalifornia Beherea | 1993 |
Sian Ka'an[49] | Quintana Roo | 1987 |
El Vizcaíno biosfera erreserba[50] | Hego Kalifornia Beherea | 1993 |
Kirola
aldatuMexikoko Itzulia 1948tik 2016ra egin da. Ez da urtero egin. Laurent Fignonek 199ko itzulia irabazi zuen.
Mexikar ospetsuak
aldatuPintura
aldatu- Frida Kahlo (1907-1954), margolaria.
- Diego Rivera (1886-1957), margolaria.
- David Alfaro Siqueiros (1896-1974), margolaria.
- José Clemente Orozco (1883-1949), margolaria.
- Joaquín Clausell (1866-1935), margolaria.
- José Luis Cuevas (1934-2017), margolaria.
- Rufino Tamayo (1899-1991), margolaria.
- Juan Soriano (1920-2006), margolaria.
- Francisco Toledo (1940), margolaria.
- Carmen Mondragón (1893-1978), olerkaria eta margolaria
Literatura
aldatu- Miguel de Guevara (1585-1646)
- Juana Inés de la Cruz (1651-1691)
- Juan Ruiz de Alarcón (1581-1639
- José Joaquín Fernández de Lizardi (1876-1927)
- Germán List Arzubide (1889-1998)
- José Gorostiza (1901-1973)
- Octavio Paz (1914-1998).
- Juan Rulfo Vizcaíno (1917-1986).
- Elena Garro Navarro (1920-1998)
- Carlos Fuentes (1928-2012).
- Amado Nervo (1870-1919).
- Jaime Sabines (1926-1999).
- Ignacio Manuel Altamirano (1834-1893).
- Juan José Arreola (1918-2001).
- José Juan Tablada (1871-1945).
- Martín Luis Guzmán (1887-1976).
- Xavier Villaurrutia (1903-1950).
- Salvador Novo (1904-1974).
- José Revueltas (1914-1976).
- Rosario Castellanos (1925-1974).
- Jorge Ibargüengoitia (1928-1983)
- Carlos Monsiváis (1938-2010).
- José Agustín (1941).
- José Emilio Pacheco (1939-2014).
- Carlos Montemayor (1947-2010).
Musika
aldatu- Manuel de Sumaya musikagilea
- Mariachi
- Danzón
- Carlos Santana
- El Tri
- Chavela Vargas
- Caifanes
- Jaguares
- Lila Downs
- Maná
- Elefante
- Molotov
- Julieta Venegas
- Paulina Rubio (1971)
- Ximena Sariñana aktorea eta abeslaria
Zinema
aldatu- Dolores "Del Río" Asúnsolo (1904-1983) aktorea
- Anthony Quinn (1915-2001), aktorea.
- Salma Hayek (1966), aktorea.
- Alejandro González Iñárritu (1963-) zinema zuzendaria.
- Diego Luna (1979), aktorea eta zinema zuzendaria.
- Gael García Bernal (1978), aktorea eta zinema zuzendaria.
- Chano Urueta aktorea eta zinema zuzendaria.
- Gabriel Figueroa zinema zuzendaria.
- Tito Guízar aktorea
- Aylín Mújica aktorea
- Susana Zavaleta aktorea eta sopranoa
- Alfredo Gurrola zinema zuzendaria.
- Guillermo Navarro zinema zuzendaria.
- Pedro Armendáriz aktorea
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ a b Principales resultados de la Encuesta Intercensal 2015 Estados Unidos Mexicanos. inegi.org.mx (Noiz kontsultatua: 2017-10-10).
- ↑ Orizaba. Sombrilla. University of Texas at San Antonio. p. 23, utsa.edu (Noiz kontsultatua: 2017-10-16).
- ↑ a b c Merrill, Tim L.; Miró, Ramón. Ancient Mexico. Mexico: A Country Study. Washington: GPO for the Library of Congress, 1996., countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2017-10-21).
- ↑ Merrill, Tim L.; Miró, Ramón. The Aztec. Mexico: A Country Study. Washington: GPO for the Library of Congress, 1996., countrystudies.us (Noiz kontsultatua: 2017-10-21).
- ↑ Vicente Fox, biografiasyvidas.com
- ↑ a b c d e f The World Factbook: Mexiko. cia.gov (Noiz kontsultatua: 2017-10-22).
- ↑ a b c Censo de Población y Vivienda 2010, censo2010.org.mx
- ↑ INEGI, cuentame.inegi.gob.mx
- ↑ a b Comisión Nacional para el Desarrollo de los Pueblos Indígenas. gob.mx (Noiz kontsultatua: 2017-10-23).
- ↑ Mexico: Ethnic groups. britannica.com (Noiz kontsultatua: 2017-10-23).
- ↑ Idiomas hablados en Mexico, ale-lupita.blogspot.com.es
- ↑ a b c Lenguas indígenas en México y hablantes (de 3 años y más) al 2015, cuentame.inegi.org.mx
- ↑ Encuesta Intercensal 2015: Tabulados - descarga. inegi.org.mx (Noiz kontsultatua: 2017-10-15).
- ↑ Brinkhoff, Thomas. Mexico: Metropolitan Areas. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2017-10-15).
- ↑ Publicación Mensual de la Estadística Exterior de México. internet.contenidos.inegi.org.mx (Noiz kontsultatua: 2016-01-25).
- ↑ Agave Landscape and Ancient Industrial Facilities of Tequila. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Ancient Maya City and Protected Tropical Forests of Calakmul, Campeche. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Aqueduct of Padre Tembleque Hydraulic System. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Archaeological Monuments Zone of Xochicalco. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Archaeological Zone of Paquimé, Casas Grandes. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Archipiélago de Revillagigedo. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Camino Real de Tierra Adentro. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Central University City Campus of the Universidad Nacional Autónoma de México (UNAM). whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Earliest 16th-Century Monasteries on the Slopes of Popocatepetl. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ El Pinacate and Gran Desierto de Altar Biosphere Reserve. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ El Tajin, Pre-Hispanic City. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Franciscan Missions in the Sierra Gorda of Querétaro. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Historic Centre of Mexico City and Xochimilco. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Historic Centre of Morelia. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Historic Centre of Oaxaca and Archaeological Site of Monte Albán. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Historic Centre of Puebla. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Historic Centre of Zacatecas. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Historic Fortified Town of Campeche. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Historic Monuments Zone of Querétaro. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Historic Monuments Zone of Tlacotalpan. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Historic Town of Guanajuato and Adjacent Mines. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Hospicio Cabañas, Guadalajara. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Islands and Protected Areas of the Gulf of California. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Luis Barragán House and Studio. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Monarch Butterfly Biosphere Reserve. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Pre-Hispanic City and National Park of Palenque. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Pre-Hispanic City of Chichen-Itza. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Pre-Hispanic City of Teotihuacan. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Pre-Hispanic Town of Uxmal. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Prehistoric Caves of Yagul and Mitla in the Central Valley of Oaxaca. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Protective town of San Miguel and the Sanctuary of Jesús Nazareno de Atotonilco. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Rock Paintings of the Sierra de San Francisco. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Sian Ka'an. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
- ↑ Whale Sanctuary of El Vizcaino. whc.unesco.org (Noiz kontsultatua: 2017-10-26).
Kanpo estekak
aldatu- Mexiko, argia.eus
- (Gaztelaniaz) Mexikoko gobernuaren webgunea, presidencia.gob.mx
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
Euskal diaspora
aldatu- Mexiko Hiriko Euskal Etxea, centrovascomexico.com
- Vascomexico foro eta elkarte birtuala, vascosmexico.com
Amerikako herrialde eta lurraldeak | |||
Ipar Amerika eta Karibea |
Estatu burujabeak: Ameriketako Estatu Batuak • Antigua eta Barbuda • Bahamak • Barbados • Belize • Costa Rica • Kuba • Dominika • Dominikar Errepublika • El Salvador • Grenada • Guatemala • Haiti • Honduras • Jamaika • Kanada • Mexiko • Nikaragua • Panama • Saint Kitts eta Nevis • Santa Luzia • Saint Vincent eta Grenadinak • Trinidad eta Tobago
|
Hego Amerika |
Estatu burujabeak: Argentina • Bolivia • Brasil • Txile • Kolonbia • Ekuador • Guyana • Paraguai • Peru • Surinam • Uruguai • Venezuela
|