Anari
Anari —jaiotzako izen-deiturez, Ana Rita Alberdi Santesteban[1]— (Azkoitia, Gipuzkoa, 1970ko abenduaren 29a) euskal egile abeslari bat da. Filologia Erromanikoa ikasi zuen Gasteizen (Araba).[1] 1997an hasi zen musika munduan, eta orduz geroztik bakarkako bost disko plazaratu ditu, eta beste bat Petti musikari nafarrarekin elkarlanean. Doinu goibel eta bakartiak, hitz biluziak eta atmosfera ezerosoak darabiltza, eta oso kritika onak jaso ditu. Hainbat abeslarirekin konparatu dute: PJ Harvey (zenbait girotan Euskal Herriko PJ Harvey deitu diote), Cat Power, Nick Cave... 2018an, Adarra Saria eman zioten, Donostiako Udalak euskal musikan egindako ibilbide artistikoa omentzeko 2014az geroztik ematen duen saria; sari hori irabazi duen lehen emakumea da.
Anari | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Azkoitia, 1970eko abenduaren 29a (53 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | kantugilea, abeslaria eta idazlea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Genero artistikoa | rock |
Musika instrumentua | ahotsa |
Gaur egun musika du lanbide nagusi, baina irakasle lanetan ere aritua da: Ordiziako (Gipuzkoa) Jakintza ikastolan Gaztelania eta Filosofia irakasten (2007. urtean); Azkoitiko Xabier Munibe ikastolan, Gaztelania eta Literaturako eskolak ematen (2008), Donostiako Lauaizeta ikastolan (2009).
2022ko azaroan bere lehen liburua argitaratu zuen: Gari eta goroldiozko (Susa) eleberria.[2]
Musika ibilbidea
aldatuHastapenetan, Psych Out taldean bateria jo zuen Anari Alberdik. Harekin batera Akauzazte taldeko kideek osatzen zuten taldea, eta ingelesez kantatzen zuten. Gero etorri zen bakarkako ibilbidea, euskaraz.
Lehen diskoa, Anari (Esan Ozenki, 1997), Mikel Abregorekin (Bap!!, Negu Gorriak eta Inoren Ero Ni taldeetako bateria jotzaile ohia) eta Xabi Strubellekin (Dut taldeko gitarrista ohia, gaur egun Zura taldekoa) egin zuen Anarik. Anarirena zen diskoa, eta musikariak horretara jarri ziren. Hurrengo diskoetan taldearen presentzia bestelakoa izan zen. Eta diskoen lanketa bera ere bai; lehenengo horretan kantuz kantu egin zuen diskoa, Hans Magnus Enzensberger, Eduardo Galeano, Joseba Sarrionandia eta Ruper Ordorikaren hitzetatik abiatuz, eta Habiak nahiz Zebra diskoetan kantu batetik, ideia batetik, garatu zuen lan osoa. Letrei begiratuz, baina, hurrengo diskoetan ere agertzen diren ezaugarri batzuk ikusten dira Anari diskoan: zalantzak eta galderak, bakardadea eta beldurrak. Musikari dagokionez, Pello Ramirezen biolontxeloaren presentzia nabarmentzen da lehen disko horretan. Kritikak beso zabalik hartu zuen Anariren estreinaldia. Lehen disko hura, bakarka ez ezik, hirukote formatuan ere aurkeztu zuen jendaurrean (Xabi Strubell eta Mikel Abregorekin), eta tarteka bikote formatuan ere (Pello Ramirezekin).
Berdin egin zuen bigarren diskoan, Habiak (Esan Ozenki, 2000) diskoan, alegia. Dotorea bezain iluna da, eta musikak, hitzek bezala, ikaragarrizko larritasuna islatzen du. Lan honek ere kritika ezin hobeak jaso zituen eta 2000ko disko hoberenetarikoa izendatu zuen Rockdelux aldizkariak. 2004an aldizkari berak 77. postua eman zion XX. mendean Espainian editatutako 100 disko hoberenen artean. Lehen diskoan bezala, biolontxeloa da oinarri sendoetako bat, eta horrexek markatzen du melodia; letretan, berriz, “Denbora” amari eskainiriko kantua izan ezik, bikoteari eta harremanei buruzko gogoetez josita dago. Nick Cave australiar kantariaren edota Tindersticks taldearen oihartzuna du diskoak. Kaki Arkarazok ekoitziriko bigarren disko horretan Ruper Ordorikak, Pello Ramirezek, Mikel Azpirozek (Lau Behi, Elkano Browning Cream) eta Pettik kolaboratu zuten, beste batzuen artean. Disko hori aurkezteko talde bat osatu zuen Anarik, Mikel Abregorekin, Maite Arroitajauregi Mursegorekin eta Bap!! taldean aritutako beste bi musikarirekin: Xabier Olazabal Drake eta Jon Oiartzun Jomes. Bi urtez aritu zen Anari Habiak zuzenean jotzen, eta ondoren Anari ta Petti (Metak/Pil-pil Sessions, 2003) disko txikia grabatu zuen abeslari nafarrarekin. Bakoitzak bi kantu grabatu zituen, eta batak bestearenetan abestu zuen.
Bi urte geroago iritsi zen Zebra (Metak, 2005), Anariren ibilbidean mugarri izan den diskoa. “Erori banaiz ere, gorantz erori naiz / nola urazaleratzen diren arrainak hiltzean” esaldiarekin hasten da hirugarren diskoa: “Diskoa grabatzen hasi aurretik banekien kantu horrekin hasiko zela. Nire bizitzan pisu handia izan duen esaldia da”.[3] Zebra-rekin ziklo bat itxi nahi izan zuen Anarik: “Ziklo baten amaieran nagoen sentipena daukat. Hiru disko izan dira, eta nahiko nuke beste zerbait egin aurrerantzean, nire bizitzako momentu luze baten inguruko hiru disko izan direlako”.[3] Lan horretan, soinu elektrikoan murgildu zen abeslari azkoitiarra; ordura arte bere lanetan erreferentzia izan den biolontxeloa bazterturik, gitarretan oinarritu zen, inoiz baino rockeroago agertzeko. Horretarako, gitarrista berri bat hartu zuen taldean, Borja Iglesias (Hotel, Inoren Ero Ni), eta diskoa Karlos Osinaga musikari eta soinu teknikariarekin (Lisabö) grabatzea erabaki zuen. Soinua aurrekoetan baino gogorragoa da, baita hitzak ere. Iraupenari buruzko “Zebra” abestitik abiaturik, bakarrik egotearen inguruan sorturiko gogoetak biltzen ditu diskoak. Atzean izan zuen taldea inoiz baino gehiago izan zen taldea. Hortaz, aurrerantzean, “Anari gara” esanez aurkeztuko du bere burua kontzertuetan. Musikarien jotzeko erak Anariren nortasunarekin bat egin zuen. Mikel Abregok, Xabier Olazabal Drakek, Jon Oiartzun Jomesek, Borja Iglesiasek eta Karlos Osinaga Txapek (teknikaria) osatu zuten zuzeneko taldea. Berriz ere, kritikariak goraipatu egin zuen Anariren lana, eta, esaterako, 2005ean Espainian argitaraturiko disko onenen zerrendan jarri zuen Bartzelonako Rockdelux aldizkariak, bigarren lekuan hain zuzen.
Diskotik diskora aldatu egin nahi izan du Anarik:[4]
« | Niretzat aldatzea ezinbestekoa da sormena bizirik izan nahi badut. Beste lurralde batzuetara eraman behar dut neure burua. Asma liteke, ala ez, baina nik aukeratu dudan aldaketa da, eta hori ona da. | » |
2007an Bidehuts diskoetxea sortu zuen Inoren Ero Ni eta Lisabö taldeetako beste kide batzuekin, beren lanak argitaratzeko. Eta, hala, 2008ko urtarrilean zuzeneko EP bat kaleratu zuen. Bilboko Kafe Antzokian Zebra aurkezteko biraren barruan emandako kontzertuaren zati bat jasotzen du diskoak; aukeratutako bost kantuen artean, Dut taldearen “Haize eza” abestiaren bertsioa dago.
Geroago etorri zen Irla izan laugarren diskoa (Bidehuts). 2009ko uztailean grabatu zuen, aurreko diskoko musikariekin, eta udazkenean argitaratu zuen. Disko horretan kantuak batzen dituen kontzepturik ez dagoela nabarmendu zuen Anarik. Beñardo Goietxe (Morau, Mugaldekoak) eta Joaquin Pascual (Surfin’ Bichos, Mercromina) gonbidatu zituen diskoan kolaboratzera. Zuzenekoetan, Mariano Hurtadok (Inoren Ero Ni) hartu zuen Jomesen tokia.
2013ko otsailean Donostiako Victoria Eugenia antzokian jo zuen Anarik, eta handik gutxira Zarauzko Putzuzulo gaztetxean. Bi emanaldiok grabatu egin zituzten, eta bietatik hartutako kantuekin Bidea eta denbora zuzeneko diskoa (Bidehuts, 2013) argitaratu zuen. Halaber, Imanol Urbietaren omenezko diskoan, Bakarrik eta libre (2013), parte hartu zuen Anarik, “Gitarra bat” kantuaren moldaketa eginez. Horrez gain, beste zenbait kantu grabatuak ditu Anarik, askoren artean egindako diskoetan: “Postariarena“ (Ikastola berria eraiki dezagun Zuberoan, Esan Ozenki, 1997), “Ilargi barruan” (Oztopo guztien gainetik Bonberenea, Bonberenea Ekintzak, 2002, “Muga kanta” (Acuarela Songs, Acuarela, 2004) eta “Antzinako bihotz” (Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak, Bidehuts, 2010).
Fermin Muguruza, Eraso!, Lisabö, Tulsa, Kraussk eta Doctor Deseoren diskoetan kolaboratu izan du Anarik, besteak beste.
2021eko irailaren 1ean, abesti baten aurkezpena egin du. Kasu honetan, Nacho Vegas asturiarraren “Vinu, cantares y amor” kantuaren bertsioa egin du Anarik, euskarara egokituta. Abestiaren bideoklipa esklusiban estreinatu da BADOK atarian.[5]
Diskoak
aldatuBakarka
aldatu- Anari (Esan Ozenki, 1997). CD.
- Habiak (Esan Ozenki, 2000). CD.
- Anari ta Petti (Metak, 2003). Anari eta Pettiren artean egindako CD-a.
- Zebra (Metak, 2005). CD.
- Anari Kafe Antzokian Zuzenean (Bidehuts, 2008). CD.
- Irla izan (Bidehuts, 2009). CD.
- Bidea eta denbora (Bidehuts, 2013). CD.
- Zure aurrekari penalak (Bidehuts, 2015). CD.[6]
- Epilogo bat (Bidehuts, 2016). CD.[7]
- Coupages #04 (Bidehuts, 2020). SG. Thalia Zedek-ekin batera osatutako EPa.[8]
- Orain entzungo duzun hau (Bidehuts, 2021). SG.[9]
- Giza zarata (Tristuraren industria, 2024). CD.[10]
Kolaborazioak
aldatuBeste zenbait bildumatan ere parte hartu du:
- «Postariarena» Ikastola Berria Eraiki Dezagun Zuberoan (Esan Ozenki, 1997). Iparraldeko Sohuta ikastolaren alde dirua biltzeko CD-a.
- «Ilargia barruan», Oztopo Guztien Gainetik Bonberenea (Bonberenea Ekintzak, 2002). CD.
- «Muga kanta», Acuarela songs (Acuarela, 2004).
- «Habiak», The Rockdelux Experience. 23.11.2004 (Sinedín-Rockdelux, 2005). Rockdelux aldizkariak 20. urtea ospatzeko antolatutako kontzertuan Anarik abesti hau jo zuen.
- «Aintzinako bihotz», Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak. (Bidehuts, 2010).
- «Gitarra bat», Imanol Urbieta, bakarrik eta libre. (Elkar, 2013).
- «Sad song», Lou Reed, mila esker. (2014).
- «Mirailak », Gure arteko begirada zeharkakoak. (Bidehuts, 2017).[11]
- «Gure oroitzapenak », Joseba Sarrionandia poema musikatuak (Elkar, 2018).[12]
Beste elkarlan batzuk
aldatu- «Eskale baten memoriak», Erantzunik gabe (1999), Eraso! euskal talde metaleroaren albuma. Ahotsa jarri zuen.
- «Mendebaldarketa», Fermin Muguruzaren FM 99.00 Dub Manifest (Esan Ozenki, 1999). Ahotsa.
- «Iparorratza», Lisabören Izkiriaturik Aurkitu Ditudan Gurak. Ahotsa.
Sariak eta omenaldiak
aldatu- 2018ko Adarra Saria, hogei urteko ibilbidean hitzei garrantzia eta musikari nortasuna emateagatik.[13][14] Anari sarirako proposatu duten kideak Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria, Amaia Ispizua musika sustatzailea eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika Ataleko teknikaria dira. Saria Marijose Recalde (Iruñea, 1964) nafar artistak eginiko brontzeko eskultura bat da saria.[15] Saria bere amari eta musika-ibilibidean 20 urtez alboan izan dituenei eskeini zien[16] eta kontzertu luzea eman zuen bueltan bere lagunek lagunduta.[17][18] Egunean bertan La Manadako kideak aske utzi izanaren ondoriozko kale-mobilizazioen alde egin zuen sare sozialen bitartez.[19]
Literatura
aldatu- Gari eta goroldiozko (2022, Susa).[20]
Erreferentziak
aldatu- Edukiaren zati bat «Anari» artikulutik hartua da. Artikulu hark Ainara Gorostitzu du egile, eta Creative Commons Aitortu-Partekatu Berdin 3.0 lizentziarekin argitaratu da Badok euskal kantagintzaren atarian.
- ↑ a b Unai Brea: «Anari, kantaria: "Habiak bukatu nuenean esan nuen ez nekiela beste disko bat grabatuko ote nuen eta orain ere horixe pentsatzen det"», Euskonews & Media, 331. zenbakia, 2006-01-20.
- ↑ Sarasola, Ainhoa. «‘Gari eta goroldiozko’ plazaratu du Anari Alberdi Santestebanek» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-11-18).
- ↑ a b Berria, 2005eko azaroaren 25a.
- ↑ Mondosonoro, 2006ko urtarrilaren 9a.
- ↑ «Anarik Nacho Vegasen “Vinu, cantares y amor” abestia moldatu du» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-21).
- ↑ «Zure aurrekari penalak» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
- ↑ «Epilogo bat» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
- ↑ «cOUPAGES #04» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
- ↑ «Orain entzungo duzun hau...» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
- ↑ «Troiako zaldia» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2024-02-12).
- ↑ «Mirailak - Gure arteko begirada zeharkakoak (Askoren artean)» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
- ↑ «Gure oroitzapenak (Askoren artean)» www.badok.eus (Noiz kontsultatua: 2022-09-03).
- ↑ «Anari, Donostiako Udalaren Adarra Saria jasoko duen lehen emakumea» Argia 2018-04-11 (Noiz kontsultatua: 2018-04-11).
- ↑ Gurrutxaga Uranga, Amagoia. (2018-04-11). «Aurtengo Adarra saria, Anarirentzat» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-04-11).
- ↑ «Anarik jasoko du 2018ko Adarra Saria» Europapress.es 2018-04-11 (Noiz kontsultatua: 2018-04-11).
- ↑ «Anari Alberdik Adarra Saria jaso du» Argia (Noiz kontsultatua: 2018-06-22).
- ↑ Berria.eus. «Saria opari, epilogorik ez» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-06-22).
- ↑ «Anari abeslariak Adarra saria jaso du.» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-22).
- ↑ «Esker onez jaso du Anarik Adarra Saria» urolakosta.hitza.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-22).
- ↑ «Susa literatura - Gari eta goroldiozko» www.susa-literatura.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-17).
Kanpo estekak
aldatuWikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Anari |
- Anariren webgunea
- «Anari: "Rocka alferrena da eta literatura jende konstantearena"», Argia, 2007-07-08.
- «Anari, kantuen gainean eta azpian», Sustatu, 2010-11-08.
- «Anari: "Oso zaila da niretzat hitzekin gustura geratzea"», Gaztezulo, 2015-06-05.
- Anariri elkarrizketa: «Saiatu naiz munduaren argazki soziopoetiko bat egiten» Berria, 2022.01.15
- Elkarrizketa «Bertigoa bilatzera joan naiz» Berria, 2022.03.07