Edukira joan

Zapoteka zibilizazioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Talde etniko infotaulaZapoteka zibilizazioa
MotaMesoamerican civilization (en) Itzuli
Hedapen mapa

Zapoteka zibilizazioa Kolonaurreko Mesoamerikako zibilizazio bat izan zen, Oaxacako Haranean sortu eta garatu zena. Aztarna arkeologikoek erakusten dute zapoteken kultura duela 2.500 urte hasi zela. Zapotekek Monte Albán antzinako hirian utzi zituzten aztarna arkeologikorik nabarmenenak, eraikin gisa: Mesoamerikako pilota jokorako pilotalekuak, hilobi handiak eta hileta ondasunak, urrezko bitxiak barne.

Monte Albán Mesoamerikako lehen hiri handienetako bat izan zen eta gaur egun Mexikoko Oaxaca estatua den lurraldearen zati handi bat menderatu zuen zapoteka estatu baten erdigunea izan zen.

Zibilizazio eta herri hau nagusiki Monte Albanekin lotua ezagutzen dugun arren, beste leku garrantzitsu batzuk ere badaude kultura honi lotuak: Lambityeco, Dainzú, Mitla, Yagul, San José Mogote, El Palmillo eta Zaachila.

Mexika edo azteka herriak Zapotecatl deitzen zioten hegoaldeko beste herri honi, eta forma horrentzat bi proposamen egin dira. Bata zapote fruituaren herria zela, eskualdean hasten delako.[1] Baina zapotekek beraiek beren buruari Be’ena’a esaten diote, benetako herria, eta horren aldaera bat, Be’ena Za’a, lainoetako herria litzateke. Za-a / Laino forma horretatik letorke Zapotecatl forma azteka. Inguruko beste herri naguisa ere, mixtekena, Mixtecatl ziren aztekentzat, eta hau ere literalki laino-jendea da mexika/azteken nahuatl hizkuntzan.[2]

Izena lotua egon daiteke halaber Monte Albán hiriarekin, zeinaren forma jatorrizkoa ez den ezagutzen, baina mendi tontor batean eraiki zenez, lainoen ideiarekin lotura ezar daiteke.[3]

Oto-Mangue hizkuntza familiakoa da zapoteken hizkuntza. Hauen proto-hizkuntza k.a. 1.500 urte inguruan kokatu izan da, eta bere multzo desberdinen artean, mixtekoen eta zapoteken arteko dibergentzia da berantiarrena.

Zapotekera tonu-hizkuntza bat da, eta horrek esan nahi du hitz baten esanahia ahotsaren tonalitate-garaierak determinatzen duela. Tonalitate hauek funtsezkoak dira hitz ezberdinen esanahia ulertzeko. Hizkuntza mota honetan fonema baino gehiago tonema da hitzen funtsezko elementu bat, eta tonema batek lau esanahi izan ditzake tonuaren arabera: goikoa, beheko, beheranzko eta goranzko tonoak. Hori esanahi eta tonoko tonemak ere phikoak dira zapotekeraz: kasu honetan behekoa, goranzkoa eta beheranzkoa.[4]

Zibiliazioaren garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aro formatzailea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

K.a. garaiko Olmeken aro formatzailea kontsideratzen da Mesoamerikako zibilizazio multzoaren hasiera. Estilo artistikoak, egutegi propioaren garrantzia, idatzi piktografikoak, pilota joko mesoamerikarra, piramide arkitektura, jaguar muturreko jainkoak... Elementu horiek olmekekin lotu dira. Baina olmekak zein talde etkniko izan ziren (edo herri multzo bat, agian) ez dago argi.[5]

Olmeken garai horretan, Oaxacako haranean, ez oso data zehaztugabean baina K.a. 1500 inguruan, garapen kultural bat gertatzen hasi zen, zapoteken hastapenekin lotu daitekeena. Haranaren hiru adar nagusi tamaina ezberdineko hiru populazio taldetan banatuak ziren. Garai hartako aztarna arkeologikoek, erretako tenpluak eta sakrifikatutako gatibuak kasu, iradokitzen dute hiru gizarte-talde horiek lehian zeudela. K.a. 700 - 500 urteetan, haran horietan, San Jose Mogote haraneko koloniarik garrantzitsuenak eta Etla haranean populazio galera handiak nabari dira erregistro arkeologikoan.[6] Aldi berean, haren hauen erdigune zen mendialdean, tontor batean hasi Monte Alban garatzen, inguruko zentro nagusia bilakatzen. San Jose Mogoteko buztingintzaren eta Monte Albaneko hasierakoaren arteko antzekotasunek adierazten dute Monte Alban populatu zutenek San Josen izan zezaketela jatorria.

Monte Albango estratigrafia arkeologikoetan I. aldi bat definitzen da K.a. 500 eta 200. urteen artean, klasiko-aurreko honen amaiera, zeinean Monte Albaneko populazioa hamar mila biztanle ingurura iritsi zen, lurrak garatzeko lan esanguratsuekin. Oaxacako haraneko herri gehiago zentro honen kontrolpera etorri ziren, eta horrek ekarri zuen Monte Albanen hazkundea,

K.O. lehen mendean, gure aroan, estilo edo zentro erregionalak garatzen jasi ziren Mesoamerikako zibilizazioan: Maiak, Taraskak, Totonakak, Huastekak, Zapotekak eta Teotihuacango zilbilizazioa. Herri hauek gaur egungo talde etknikoekin lotu daitezke, salbu eta Teotihuacango kasuan (non ezezaguna den talde etnikoa). Eta puntu fokal indartsuenak hiru izan ziren aro hartan, hain zuzen ere Zapoteken Monte Albán eta Teotihuacán izan ziren gaur egungo Mexikon, eta Maien zibilizazioko zenbait hiri hego-ekialderago. Zibilizazio maiaz eta zapotekaz garai honetan hitz egiten hasi daitekeen arren, batzuen iritziz garapen erregional dibertsoak aipatzea egokiago litzateke, zibilizazio mesoamerikar bat izan zelakoan Mexikon eta Ertamerikan garatu zena.[5]

Aro klasiko honen hasiera Monte Albango II aldiarekin definitu dute arkeologoek: K.a. 200etik gure aroko 250era. Garai horretan agertzen dira kultura honetako zeramika bereizgarriak, maien eragina izan zutena. Hildakoen gurtza hilobi konplexuekin garatzen da. Zapoteken inperioaren hedapenak goia jo zuen Monte Albanen sasoi honetan. Zapotekek Oaxacako harana eta harantzagoko kokalekuak konkistatu edo kolonizatu zituzten. Nabarmenen igartzen da hori haranetik kanpoko eskualdeetan zeramikaren estiloaren bat-batean aldatu zela, eskualde hauetako estilo bereziak zapoteka estiloko zeramikarekin ordezkatu zituzten, Zapoteken inperioan integratu zirela adieraziz.[7]

Konkista edo hedapen horren beste adierazgarri bat Monte Albango J eraikina da. Gezi itxura du, beste eraikin monumentalek ez bezala, eta glifoz idatzirako 40 harri zizelkatu baino gehiago erakusten ditu. Arkeologoek glifoak interpretatu izan dituzte zapotekek kontrolatutako probintziak irudikatzeko. Glifo-talde bakoitzak buru bat irudikatzen du harlauzetan landutako kasko apaindu eta konplexu batekin. Hauek probintzietako agintariak ordezkatzen dituzte; buru batzuk burz-behera daude, eta hildako agintariak izan daitezke, haien probintziak indarrez hartu zituztelako, eta bruua zuzen dutenak beste era batean integratu ziren inperioan, pentsa daitezkeenez.

Hurrengo aro arkeologikoetan, III. aldia definitu izan da K.a. 250etik K.a. 700. urtera arte, zapoteka zibilizazioaren urrezko aroa izen daiteke, eta orduko eraikin eta monumentu handienak gorde dira Monte Albanen.

Hurrengo fase arkeologikoak Xoo fasea du izena, estilo zeramiko zehatz batek definitua, 660 eta 800 urteen artean koka daiteke.[8] Garai honetako zeramika zapotekoa beste eskualde batzuetan ere aurkitu da, Mexiko zentralean adibidez, Teotihuacan eta zapoteken arteko lotura nabarmenak izan zirelako adierazgarri.[9]

Klasiko-ondorengoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aro klasiko hori amaitu zen 9. mendea baino lehentxoago. Teotihuacan desagertu zen zibilizazio-zentro gisa, eta Monte Albaneko kokalekua apurka-apurka bertan behera utzia izan zela, egurraren eskasiagatik eta lurren agorpenagatik, hipotesi batzuen arabera.

Aldi berean, apoteken lurraldean mixteka herria agertu zen. Hurrengo mendeetan, bi nazio hauen gatazka edo indar-oreka alterno batek definitu zuen eskualdea. 1000. eta 1500. urteen artean, mixteken eliteen hilobiak ageri dira Monte Albanen.

Zapoteken berezko eskualdea egungo Puebla estaturaino iristen zena, hegoalderantz murriztu zen aldi berean, Tehuantepec-eko istmorantz zuzendu zelarik beren kultura.

Europarrekin kontaktua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo mendeetan, gaztelarren bidez europarrak iritsi aurretik, mexika herria nagusitu zen Mexiko erdialdean, azteken inperioa delakoa osatuz, eta haien orbitan erori ziren mixtekak eta zapotekak. Oaxaca inguruko bi herri hauek, hain zuzen ere, elkarren aliatu bilakatu ziren mexiken aurrean eta haien zibilizazioa suntsitzen lagundu zioten konkistatzaile gaztelarrei. Aldi berean, beren garapen zibilizatorioaren azkena izan zen hori herri hauentzat. Hernán Cortésen kapitain batek, Francisco de Orozcok, menderatu eta baketu zituen zapotekak eta mixtekak, eta Cortesek Oaxacako Haraneko Markes izendatu zuen Orozco 1926an.[2]

Hala ere, mixtekak, zapotekak eta Oaxacako beste herri indigena batzuek iraun egin zuten, eta 21. mendean ere badira zapotekak Mexikon, bizirik da beraien hizkuntza (mintzaira desberdinetan sailka daitekeena, baina multzo dialektal zentral nagusi batekin). 2000ko erroldan Oaxacan 378.000 zapoteko hiztun zeuden, eta beste 45.000 Mexiko errepublikako beste eskualde batzuetan.[2]

Garai klasiko goiztiarreko Cocijoren irudikapen bat, Monte Albánen aurkitua eta gaur egun Mexikoko Antropologia Museo Nazionalean dagoena, Mexiko Hirian.

Mesoamerikako erlijio-sistema gehienak bezala, zapotekeb erlijioa politeista zen. Bi jainko nagusiak izan ziren Cocijo, txinista eta euriaren jainkoa (Tlaloc aztekaren antzekoa) eta Coquihani, argiaren jainkoa, ziren.

Arbasoak gurtzen zituzten eta lurpeko paradisu batean sinesten zuten. Horregatik da garrantzitsua hildakoak gurtzea. Zapoteken sinesmenetan, arbasoak lurretik edo haitzuloetatik etorriak ziren, edo baita gizaki bihurtutako zuhaitz edo jaguarrak zirela. Elite agintariek, berriz, beste jatorri bat omen zuren, hodeietako naturaz gaindiko izakietatik zetozela, eta, hil ondoren, estatus horretara itzuliko zirela. Be’ena Za’a etnonimoa, lainoetako herria, sinesmen horrekin lotua egon daiteke.

Zapotekek harria lantzen zuten, eta beren arkitekturan ugariak dira dekorazio-diseinuak, apropos asmo apaingarriz sortuak. Beraien zibilizazioaren azken aldiko arkitekturan mosaiko motako dekorazio oparoa nabarmentzen da.[10]

Behe-erliebeak eta horma-pinturak Mexikoko antzinako arteko adibide preziatuenetako batzuk dira. Gudarien eta gatibuen motiboak nabarmentzen dira bereziki irudiak, zeinetan gerrek eta gatazkak gizartean duten garrantzia antzeman daitekeen.

Aipatzekoak dira 'dantzariak' (gaztelaniazko izenez ezagunak: danzantes) izeneko irudia, pertsonaiak sakrifizio eta sumisio jarreran aurkezten dituztenak; beso bihurrituak eta postura arraro horiek gatibu direlako dira seguruenik, baina hortik eman zaie izen hori, dantzan baleude bezala irudikatu zituztelako. Estilistikoki, aro klasikokoak izan arren, aurreko olmeken garaiko estiloa oroitarazten dute dantzariek.

Danzante zapotekak, Mexiko Hiriko museo batean.

Artelan adibideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alderdi kulturalak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Monte Albango pilota jokoko zelaia.

Espainiarren arabera, gizarte zapotekak kastak zituen. Buruzagi politikoak, apaizgoa eta herria bakoitza bere aldetik bizi ziren. Ezin ziren elkarren artean ezkondu, arropa ezberdina zeramaten eta ez zituzten elikagai berak jaten. Nekazariek zerga bat ordaintzen zuten, eta agintariek hiriko bizitza politiko, kultural eta erlijiosoa antolatzen zuten.

Zapoteken arte-irudikapenetan badira gizonen zein emakumeen irudikapenak, janzkeraren bidez elkarrengandik bereizten direnak. Gizonek normalean berokiak eta kapak erabiltzen dituzte, eta emakumeek, berriz, gonak erabiltzen dituzte.

Mesoamerikako beste zibilizazioetan bezala, pilota jokoa praktikatzen zuten zapotekek, eta zelai/areto bikain bat gorde da Monte Albanen.

Arkeologoek ureztatze sistema batzuen aztarnak aurkitu dira Monte Albanen, nahiko garatutako sistema zutelako adierazgarri.

Glifo zapotela zaharrenak izan daitezkeenak, San Jose Mogoteko dantzariaren hanka artean.

Zapoteken idazketa-sistema Mesoamerikako idazketa-sistemarik zaharrena izateko hautagaietako bat da. Monte Albaneko monumentu batzuetan, arkeologoek testu luzeak aurkitu dituzte idazkera glifikoan. Zeinu batzuk egutegiko informaziotzat har daitezke, baina irakurketa edo dezifratze zuzenik ez da ezagutzen 21. mendea bitarteam.

Idazkera hau goitik beherako zutabeetan irakurtzen da, eta bere egolera maien azken zibilizazio klasikoarena baino zakarragoa da, eta, ondorioz, epigrafistek uste izan dute idazkera ez zeña maiena bezain fonetikoa, neurri handi batean silabikoa. Hala ere, ez dago jakiterik, eta batzuen ustez glifoen idazkera hau zentzu hertsian hieroglifikoa zen neurri handi batean, ez fonetika edo hizkuntzaren gramatikarekin lotua.

Gure aroko bigarren mendean, barra eta puntu kontaketa sistema maia, egutegisri aplikatzen zitzaiona, idazkun zapoteketean agertzen hasi zen.[2]

Glifo zapotekak dauzkan monumenturik zaharrena "Danzante" harri bat da, ofizialki 3. monumentua bezala ezagutzen dena, Oaxacako San José Mogoten aurkitua. Baxu-erliebe bat da, hila edo hiltzear odoletan dagoen gatibu bat dirudiena irudikatzen duena, hanken artean bi zeinu glifiko dituela, zalantzarik gabe bere izena adieraziz.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Zapotec | Encyclopedia.com» www.encyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2024-10-07).
  2. a b c d (Ingelesez) «The Mixtecs and Zapotecs: Two Enduring Cultures of Oaxaca» Indigenous Mexico (Noiz kontsultatua: 2024-10-07).
  3. (Ingelesez) «Monte Albán, city of the cloud people» www.intltravelnews.com (Noiz kontsultatua: 2024-10-07).
  4. Whitecotton, Joseph W.. (1984). The Zapotecs: princes, priests, and peasants. (Paperback ed., 1. print. argitaraldia) Univ. of Oklahoma Pr, 12-13 or. ISBN 978-0-8061-1914-4. (Noiz kontsultatua: 2024-10-08).
  5. a b Fehrenbach, T. R.. (1995). «3 (Builders and Priests) / 4 (Where Men Became Gods)» Fire and blood: a history of Mexico. (1st Da Capo Press ed., Updated ed. argitaraldia) Da Capo Press ISBN 978-0-306-80628-5. (Noiz kontsultatua: 2024-10-04).
  6. (Ingelesez) Origins of the State | Archaeological Research in Oaxaca, Mexico. (Noiz kontsultatua: 2024-10-07).
  7. «Zapotec Art» www.historyofcreativity.com (Noiz kontsultatua: 2024-10-13).
  8. Lind, Michael; Urcid, Javier; Covarrubias, Elbis Domínguez; Markens, Robert; Winter, Marcus; Martínez, Cira. (2010). The Lords of Lambityeco: Political Evolution in the Valley of Oaxaca during the Xoo Phase. University Press of Colorado ISBN 978-0-87081-951-3. (Noiz kontsultatua: 2024-10-07).
  9. (Ingelesez) Smith, Michael E.; Lind, Michael D.. (2005-07). «XOO-PHASE CERAMICS FROM OAXACA FOUND AT CALIXTLAHUACA IN CENTRAL MEXICO» Ancient Mesoamerica 16 (2): 169–177.  doi:10.1017/S095653610505011X. ISSN 0956-5361. (Noiz kontsultatua: 2024-10-07).
  10. Hermoso-Espinosa García, Susana. (2008-09-04). «Origen y desarrollo de la cultura Zapoteca/ Arte / Homines. Portal de Arte y Cultura» www.homines.com (Noiz kontsultatua: 2024-10-08).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]