Edukira joan

Turtziozko manifestua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Turtziozeko manifestua.

Turtziozeko manifestua Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehen Lehendakari jaunak euskal lurretan idatzi zuen azken manifestua izan zen. Manifestua 1937ko ekainaren 30ean idatzi zen, Eusko Jaurlaritzak euskal lurretan egin zuen azken bilera amaitu ondoren, Turtzioz udalerrian. Manifestuan Agirre Lehendakaria euskaldun guztiei zuzendu zitzaien eta Eusko Gudarosteak zein Euskal Herriaren askatasunaren aldeko indarrek estatu kolpea jo zutenen aurka egin zuten lana eskertu zien, besteak beste.[1][2]

Agirre Lehendakariak Turtziozeko La Puente jauregian irakurri zuen manifestua, euskal lurretatik irten aurretik. Manifestuan argi uzten du tropa frankistek ez dutela inoiz euskal lurraldearen arima menderatuko eta haiek izan zirela gudua hastearen erantzule bakarrak. Manifestua, orokorrean, goibela da, izan ere, garai horietan Bilbo eroria zen eta Eusko Jaurlaritzaren esanetara Enkarterrietako zenbait herri baino ez zauden, gainerakoak tropa konkistatzaileek menderatu zituzten eta. Hala ere, Agirre lehendakariak itxaropenezko azken mezu bat eskaintzen die euskaldunei: "Bera da [Eusko Jaurlaritza] euskaldunen Jaurlaritza zilegia, arraza baten sentimenduak eta izatea interpretatzen baititu, ez garaitua izan den arraza batena, behin-behinean menderatua eta laidotua izan den batena baizik. Eta gure aberkideen adiskidetasunak garaipenaren egunera arte lagunduko zaituztete.[2]

Urkullu Lehendakariak, laurogei urte beranduago, omenaldi bat egin zion Agirre lehendakariari manifestua idatzi zuen herri berean, urteurrena ospatu eta garai berrien inguruko balorazioa egiteko.[1]

«
Euskal tropekin Euzkadiren muga arte iritsi naiz. Beraiekin mantendu naiz gure herriaren tenorea miretsiz, euren izpiritua ez da inoiz menperatua izango. Eta Euzkaditik atera aurretik, bere izenean munduaren aurrean kexatzen naiz, XX. mendearen erdi-erdian euskaldunekin gertatu denez, gure Aberria kendu digute, gurea delako eta izugarri maite dugulako eskubidez guri dagokigu. Eta bi aldiz kexatzen gara, zeren kenketa egiteko espainiako fazismoak indar mertzenarioak, atzerrikoak eta alemania eta italiako gerra elementuak behar izan ditu. Erabateko lotsagabekeriaz gure etsaiak konkistaren eskubidea aipatzen dute. Betirako ukatzen dugu. Lurraldea menperatua izango zen. Euskal Herriaren arima ez, inoiz ez.

Zintzo jokatu dugu, gure jokabidea ez da ezta azken orduan aldatu. Bilbao eta bere ekoizleak bere osotasunean utzi ditugu. Presoei askatasuna zintzotasunez eman diegu eta etsaiak hau jazarpenez eta fusilamenduz ordaintzen digu. Euskal gudarosteari ezin zaio inolako kenketarik leporatu.

Euskal Herriak geroa ilusioz begiratzen du, bere arima gurea da. Gure gurasoen lurra berriz gureganatuko dugu iraindutako hizkuntza berrezartzeko, iraindutako legea, harrapatutako askatasuna. Zer eskaini zion inoiz Euzkadiri fazismoak? Ezer, zeren Bilbaon bere oina ezarri ondoren ez du bakarrik konkistatutako autonomia indargabetu, baita Kontzertu Ekonomikoa ere, antzinako askatasun historikoen azken aztarna Monarkiaren garaian ere errespetatua izan zena. Azken kenketa honegatik ere kaxatzen naiz, hitzegiten utzi ez eta zapalduta dagoen herri honen sentimendu isila interpretatuz.

Erbesteratutako nire herri honek itsasoarekin estropezu egiten du, bikoiztutako arrisku batekin aurkituz. Herri lagun edo etsaiak isiltasunean egon behar dutenik ez dut pentsatu nahi. Herri batek bere askatasuna defenditzea hain larria da!

Defenditzeagatik, Aberriaren duinekoak izateagatik milaka euskaldun estuasun eta gabezian ari dira une hauetan. Ez dut mundutik sentsibilitatea desagertu dela sinistu nahi.

Eusko Jaurlaritzak bere tokian jarraitzen du, bai Euzkadin bai aurkitzen den beste tokietan. Bera da euskaldunen Jaurlaritza zilegia, arraza baten sentimenduak eta izatea interpretatzen baititu, ez garaitua izan den arraza batena, behin-behinean menderatua eta laidotua izan den batena baizik. Eta gure aberkideen adiskidetasunak garaipenaren egunera arte lagunduko zaituztete.
»

—Jose Antonio Agirre, lehendakaria.


Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «Akordio integratzaileak defendatu ditu Urkulluk, elkarrekin aurrera egiteko» www.eitb.eus (Noiz kontsultatua: 2019-08-16).
  2. a b «Turtzioz 1937-2017» (PDF) Eusko Jaurlaritza (Noiz kontsultatua: 2019-08-16).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]