Papardo
Papardo | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Actinopteri |
Ordena | Scombriformes |
Familia | Bramidae |
Generoa | Brama |
Espeziea | Brama brama (Bonnaterre, 1788)
|
Papardoa (Brama brama; Bonnaterre, 1788) itsasoko arraina da[Euskal Herriko Arrainen Gida 1].
Euskal izendegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Papardoa izendatzeko modu ezberdinak daude Euskal Herriko herri ezberdinetan[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]:
Izena | Erabilera-eremua (udalerria) |
---|---|
palometa[ArgitaratuGabe 1] | Donostia, Pasaia |
palomita | |
papardo baltz[ArgitaratuGabe 2] | Armintza, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Lekeitio, Ondarroa |
papardo beltz[1][2] | |
saputa[2] |
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezaugarri fisikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kantauri itsasoan, papardo helduek normalean 30-50 zm inguru neurtzen dute[3][4] (nahiz eta 5 kg-tik gorako indibiduoak ere inoiz hartu izan diren[4]), Mediterraneo eta Iberiar penintsularen hegoaldean hartzen direnek 15 zm nekez gainditzen dituztelarik[3]. Papardoak gorputz zabala du, eta zapal xamarra. Aho handia du. Aleta pektoralak ongi garatuak ditu, aleta dortsalaren amaiera baino atzerago heltzen direnak; haien formak usoen hegalen formaren antza dutenagatik hartzen du bere izenetako bat (palometa). Gorputz osoak kolore gris iluna du, aleta kaudalaren ertzak beltzak direlarik[5].
Nutrizio-ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Papardoak balio nutrizional handia dauka, eta duen gantz kantitate altuagatik (zati jangarriaren %5), arrain urdina da. Haragia oso kalitate handikoa da, trinkoa eta iluna, behin sukaldatzerakoan argitu egiten dena, oilaskoaren texturara hurbilduz. Omega-3 eta proteina kantitateari dagokionez beste arrain askoren gainetik kokatzen da. Mineralei dagokienez, aipatzekoak dira bere haragiak dituen selenio, fosforo, potasio eta iodo kantitateak[3]. Bitaminei erreparatuz gero, ano bakar batek populazioarentzat gomendatutako eguneko B12 bitamina kopuruaren seikoitza suposatzen du (arraultzek eta bestelako haragiek eskaintzen dutena baino gehiago), niazina kopuruaren %60 baino gehiago, eta %100etik gora D bitaminei dagokienez.
Kontsumo-garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Papardoa urte osoan zehar arrantzatzen da, baina harrapaketa handiak ez dira hain ohikoak. Izan ere, artisau-arrantzaleak dira espezie hau porturatu ohi dutenak. Haien errute-garaia udazkenean izaten da, eta sasoi horretan sakonera txikiagoetan pilatzen diren heinean, harrapaketak handitzen dira[Euskal Herriko Arrainen Gida 1][ArgitaratuGabe 1].
Ekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Papardoa arrain ozeanikoa da, sakonera handiko ur epeletan (12 - 24ºC) bizi ohi dena, 800 m arteko uretan egon daitekelarik[3]. Mundu osoko ozeanotan aurkitu daiteke, hala nola Indikoan, hegoaldeko Ozeano Barean, Atlantikoan (Madeira, Iberiar penintsula, Europako kostalde osoa, Norvegiaraino) eta Mediterraneoan[3][4]. Arrain migratzailea da, eta kostara hurbiltzen denean arrantzatu ohi da[3]. Ikerketa gutxi dagoen arren, papardoen familiako beste espezieetan haien elikaduraren oinarria zooplankton handia (hala nola anfipodoak, krilla) dela ikusi da[6].
Papardoaren arrantza Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Papardoa urte osoan zehar arrantzatu daiteken arren[Euskal Herriko Arrainen Gida 1], udazkenean izaten da ohikoagoa. Bizkaiko Golkoan ez du kudeaketa erregulaziorik gaur egun.
Eguneko arrainaz ari bagara, artisau-arrantzaleek hondoko tretza erabiltzen dute papardoa arrantzatzeko[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]. Hala ere, arraindegietan ohiko arraina izanik, papardo asko arraste-arrantzarekin harrapatutakoa izaten da.
Bitxikeriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Papardoaren haragia sukaldatzerakoan, oilaskoaren haragiaren textura eta kolore antzekoak lortzen direlako oso preziatua den arraina da gastronomian. Askorentzat hain ezaguna ez bada ere, arraindegietan sarri aurkitu daiteke[Euskal Herriko Arrainen Gida 1].
Oso arrain preziatua da laket-ontzietatik burutzen den laket-arrantzan[7].
"Papardo", Mutrikuko azken artisau-arrantzalearen ezizena ere bada, "Elenita Berria" itsasontziko armadore eta arrantzalearena. 2021ean zendu zen bere aita arrantzalea ere[8] ezizen berarekin zen ezaguna herrian[Euskal Herriko Arrainen Gida 1].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Eneko Barrutia Etxebarria (2000) ‘Arrainen izenak mendebaldean’ in ‘Mendebaldeko berbetearen formalizazinoa’. Mendebalde Euskal Kultur Elkartea; Bilbo.
- ↑ a b Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN 8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode: 1137-439X..
- ↑ a b c d e f https://www.mapa.gob.es/es/ministerio/servicios/informacion/palometa_tcm30-102844.pdf
- ↑ a b c «Brama brama, Atlantic pomfret : fisheries» www.fishbase.se (Noiz kontsultatua: 2022-10-16).
- ↑ Gomes, J., 1990. Bramidae. p. 758-764. In J.C. Quero, J.C. Hureau, C. Karrer, A. Post and L. Saldanha (eds.) Check-list of the fishes of the eastern tropical Atlantic (CLOFETA). JNCT, Lisbon; SEI, Paris; and UNESCO, Paris. Vol. 2.
- ↑ Watanabe, H., Kubodera, T., Kawahara, S. (2003) Feeding habilts of Pacific pomfret Brama japonica in the transition zone of the central North Pacific. Fisheries Science 69: 269-276.
- ↑ Bachiller, Eneko; Korta, Maria; Mateo, Maria; Mugerza, Estanis; Zarauz, Lucia. (2022-08-24). «Assessing the unassessed marine recreational fishery in the Eastern Cantabrian coast» Frontiers in Marine Science 9: 975089. doi: . ISSN 2296-7745. (Noiz kontsultatua: 2022-10-16).
- ↑ https://www.diariovasco.com/bajo-deba/mutriku/papardoren-aldeko-hileta-20210707213404-ntvo.html