Momar
Momar | |
---|---|
Iraute egoera | |
Kaltebera (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Chondrichthyes |
Ordena | Carcharhiniformes |
Familia | Scyliorhinidae |
Generoa | Scyliorhinus |
Espeziea | Scyliorhinus stellaris Linnaeus, 1758 |
Banaketa mapa | |
Momarra (Scyliorhinus stellaris) ur gaziko arrain kartilaginosoa da, Scyliorhinidae familiakoa[1]. Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean eta Mediterraneo itsasoan bizi da.
Itsaso hondoan aurkitzen dituen arrain, krustazeo eta zefalopodotaz elikatzen da. Gehiegizko arrantzak populazioak asko jaitsi ditu. 2023an Donostiako Aquariumean lau momar kume jaio ziren[2].
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lineok deskribatu zuen momarra 1758. urtean, Systema Naturae liburuan. Marrazoen tankerakoa zenez Squalus stellaris izena eman zion. Stellaris izenak "izarratua" esan nahi du eta gorputzean dituen puntu beltzei egiten die erreferentzia. Stewart Springer iktiologo estatubatuarrak Scyliorhinus generora aldatu zuen 1973. urtean[3].
Euskal izendegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Momarra izendatzeko hainbat izen daude Euskal Herrian[4]:
Izena | Erabilera-eremua (udalerria) |
---|---|
armoma | Elantxobe, Lekeitio |
moma | Bermeo |
momar |
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gorputz luzea du, marrazoen tankerakoa. 125 cm inguru neurtzen du bataz beste, aurkitu den handiena 170 cm luze zen[5]. 19 urtez bizi daiteke[6].
Buru zabal eta borobiltsua du eta estutuz doa buztanaren muturreraino. Begiak obalatuak dira eta azalaren tolestura batek babesten ditu, baina ez du mintz niktitanterik. Sudur-zuloen gainean dituen tolesturak ez dira ahoraino iristen[7]. Ahoa azpialdean du[8]. Goiko barailan 22-27 hortz lerro ditu alboetan eta erdialdean 0-2. Azpiko barailan 18-21 hortz lerro alboetan eta 2-4 erdialdean. Hortzek "Y" itxura dute eta ertz leuna. Zenbat eta atzerago hortzak txikiagoak eta angelutsuagoak dira[9].
Bost pare zakatzak txikiak dira, atzeko biak bularreko hegatsen oinarriaren atzean daude[10]. Bizkarraldeko hegats biak gorputzaren atzealdean kokaturik daude. Buztaneko hegatsa zabala da eta ia horizontala. Marrazoetan ohikoa den bezala hegats pare bat pterigopodio bihurtuak ditu, esperma transmititzeko balio diotenak[8]. Azala lakarra du, ezkatak gorantz luzatzen baitira[3].
Oinarrizko kolorea marroia da, hainbat tonu desberdin nahasten dira. Marroi ilunak diren puntuz eta puntu beltzez zipriztindurik dauka azala. Puntu zuriak ere agertzen dira. Puntuen patroia oso aldakorra da, aletik alera eta adinaren arabera. Momarraren azpialdea aldiz zurixka da eta punturik gabea[11]. Katuarrainaren (Scyliorhinus canicula) puntuak baino handiagoak dira, hori da haien arteko desberdintasunetako bat[10].
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Momarra Ozeano Atlantikoaren ipar-ekialdean aurkitzen da, Eskandinavia hegoaldetik Mauritania edo Senegalgo kostaldera arte. Azoreetan, Madeiran eta Kanarietan ere ikusten da. Mediterraneoan ere zabaldurik dago, ez ordean Itsaso Beltzean[5]. Gineako golkoan eta Kongo ibaiaren ahoan ere aurkitu da, baina agian Scyliorhinus cervigoni espeziearekin nahastu zuten behatzaileek[5]. Hainbat ikerketek Gabon aldean ere aurkitzen dela adierazi dute[12].
Sakonera txikiko uretan ikusten da, 20-63 metro artean, baina 400 metrotako sakoneraraino ere jaitsi daiteke[5].
Biologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kostaldean edo ur zabalean, plataforma kontinentalean aurkitzen den marrazo mota bat da. Arrokaz edo koralez jositako inguruneak atsegin ditu, algaz estalita daudenak, han erraz kamuflatzen baita[5]. Egunez arroka arteko zuloetan sartzen da harraparietatik babesteko, haren espezieko ale handiagoen jazarpenari ihes egiteko eta gorputzaren termoerregulazioan laguntzeko[13].
Animalia bakartia da eta ez da lurraldekoia[8]. Aquariumetan talde txikiak osatzen ditu.
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gauez ateratzen da harrapakinak ehizatzera. Horretarako sakonera handiagoko uretan murgiltzen da. Espezie demertsala da eta itsaso hondoan aurkitzen dituen organismo bentikotaz elikatzen da. Arrain txikiak (Epigonidae familiakoak, eiherazainak, perloiak, arrain zapalak, sardinzarrak, marrazo txikiak...), krustazeoak (karramarroak, ermitauak eta ganba handiak) eta zefalopodoak jaten ditu[14]. Sarraskijale ere izan daiteke aukera ona badu[7]. Helduek arrain eta zefalopodo gehiago jaten dute, gazteek aldiz krustazeo gehiago.
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espezie obiparoa da. Udaberrian ar eta eme helduak sakonera txikiko uretara mugitzen dira eta martxoa eta iraila artean izaten da errunaldia[14]. Emeek 77-109 arrautza askatzen dituzte urtero, baina denak ez dira ernalduta egiten, 9-41 baino ez[15]. Obiduktu bakoitzetik arrautza bakarra askatzen du, beraz pareka askatzen zaizkio[16]. Arrautzak keratinazko kapsulatan gordeta daude. Kapsula hauek 10-13 cm luze eta 3'5 cm zabal dira, nahiko zilindrikoak eta lau luzakin dituzte inguruko landareei lotu eta finkatzeko. Enbrioiak gorringoaz baino ez dira elikatzen eta 10-12 hilabeteko garapenaren ondoren jaiotzen direnean 16 cm-ko luzera izaten dute[5].
77-79 cm dutenean lortzen dute sexu heldutasuna, lau urteko adina dutenean gutxi gorabehera[14].
Gizakiarekin harremana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gastronomian arrain preziatua da. Gehiegizko arrantza momarraren populazioaren jaitsiera eragin du[8], Mediterraneo itsasoan bereziki. Tirreniar itsasoan, esate baterako, %99a gutxitu da 1970. hamarkadatik[17]. 2004. urtean 208 tona momar arrantzatu ziren Ozeano Atlantikoan[18].
Momarraren beste atal batzuk ere aprobetxatzen dira:
- Azal latza egurra eta alabastroa lisatzeko, geziak eta upelak leuntzeko eta antzina kastore-txapelen ileak altxatzeko erabili izan zen pumita harriaren ordez.
- Gibela olio iturri gisa erabiltzen da.
- Erraiak karramarroak harrapatzeko beita gisa erabiltzen dira.
Akuariumetan ohiko arrain espeziea da eta itxituran haztea ere lortu da[19]. Donostiako Aquariumean lau momar kume jaio ziren 2023an[2].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Compagno, L.J.V. (1984). Sharks of the World: An Annotated and Illustrated Catalogue of Shark Species Known to Date. Erroma: Food and Agricultural Organization. 366–367. orr. ISBN 92-5-101384-5.
- ↑ a b Irutxuloko, Hitza(e)ko. (2023-04-04). «Momar espezieko lau marrazo jaio dira Aquariumean» Irutxuloko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
- ↑ a b Compagno, L.J.V.. (1984). Sharks of the World: An Annotated and Illustrated Catalogue of Shark Species Known to Date. Rome: Food and Agricultural Organization, 366–367 or. ISBN 92-5-101384-5..
- ↑ Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN 8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode: 1137-439X..
- ↑ a b c d e f «Scyliorhinus stellaris, Nursehound : fisheries, aquarium» www.fishbase.se (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
- ↑ (Ingelesez) «Scyliorhinus stellaris • Fish sheet» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
- ↑ a b Lythgoe, J. & Lythgoe, G.. (1992). Fishes of the Sea: The North Atlantic and Mediterranean. MIT Press, 21 or. ISBN 0-262-12162-X..
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) «Alitán • Scyliorhinus stellaris • Ficha de pez» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
- ↑ Soldo, A.; Dulcic, J. & Cetinic, P.. (2000). Contribution to the study of the morphology of the teeth of the nursehound Scyliorhinus stellaris (Chondrichthyes: Scyliorhinidae). Scientia Marina. 64 (3):, 355–356 or..
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Scyliorhinus stellaris (Linnaeus, 1758)» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
- ↑ Compagno, L.J.V.; Dando, M. & Fowler, S.. (2005). Sharks of the World. Princeton University Press, 252 or. ISBN 978-0-691-12072-0..
- ↑ «CAS - Eschmeyer's Catalog of Fishes» research.calacademy.org (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
- ↑ (Ingelesez) Sims, D W; Southall, E J; Wearmouth, V J; Hutchinson, N; Budd, G C; Morritt, D. (2005-10). «refuging behaviour in the nursehound scyliorhinus stellaris (chondrichthyes: elasmobranchii): preliminary evidence from acoustic telemetry» Journal of the Marine Biological Association of the United Kingdom 85 (5): 1137–1140. doi: . ISSN 1469-7769. (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
- ↑ a b c (Ingelesez) Ford, E.. (1921-09). «A Contribution to Our Knowledge of the Life-Histories of the Dogfishes Landed at Plymouth» Journal of the Marine Biological Association of the United Kingdom 12 (3): 468–505. doi: . ISSN 1469-7769. (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).
- ↑ Capapé, C.; Vergne, Y.; Vianet, R.; Guélorget, O. & Quignard, J.. (2006). Biological observations on the nursehound, Scyliorhinus stellaris (Linnaeus, 1758) (Chondrichthyes: Scyliorhinidae) in captivity. Acta Adriatica. 47 (1):, 29–36 or..
- ↑ IKTB Ikusi eta Ikasi Donostiako Aquarium-a Marrazoak. (Noiz kontsultatua: 2024-01-25).
- ↑ Ferretti, F., Myers, R.A., Sartor, P. and Serena, F.. (2005). Long Term Dynamics of the Chondrichthyan Fish Community in the Upper Tyrrhenian Sea. ICES Council Meeting, 2005/N:25.
- ↑ FAO Yearbook [of] Fishery Statistics: Aquaculture Production, 2004. Food and Agriculture Organization, 436 or. ISBN 92-5-005519-6..
- ↑ (Ingelesez) Scott, G.W.; Gibbs, K.; Holding, J.. (1997-12-01). «SHORT COMMUNICATION: Group ‘resting’ behaviour in a population of captive bull huss (Scyliorhinus stellaris)» Aquarium Sciences and Conservation 1 (4): 251–254. doi: . ISSN 1573-1448. (Noiz kontsultatua: 2024-01-22).