Oxikodona
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Oxikodona[1] tebainatik eratorritako opioide erdi sintetikoa da. Analgesiko narkotikoa da eta mina moderatua edo larria denean indikaturik dago, nagusiki minbizidun gaixoengan. 1916an sortu zuten Alemanian, sendagai mota hauen albo-ondorioak eta potentzia hobetzeko helburuarekin. Azken urteotan oxikodona eta naloxonaren artean egindako konbinazio bati esker idorreria gutxitu ahal izaten da.
Normalean ahotik hartutako botiken bidez erabiltzen da, bi modutara: Iraupen luzekoa 12 ordutik behin, edo eragin azkarragoa 4 edo 6 ordutik behin (kasu larrienetan sarriagotan). Halaber, zainaren bidez edo muskulubarne ere hartu daiteke.
Albo-ondorioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eragin desiragaitz nagusiak idorreria, nekea, zorabioa, goragalea, okak, aho lehorra, antsietatea, azkura eta izerdiak. Ez hain ohikoak (<%5): Jateko gogo eza, urduritasuna, sabeleko mina, beherakoa, gernu erretentzioa, arnasestua eta zotina.
Baliokidetasunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ahotik hartuta, oxikodonaren dosia morfinarenaren erdia da, hidromorfonarenaren bikoitza gutxi gora-behera.
Oxycontin eta opioideen epidemia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oxikodonaren garrantzia 21. mendeko osasun krisi handi batean, opoideen epidemia, funtsezkoa da, eta bereziki AEBetako kasuan kontsideratzen da oxikodonaz osatutako merkatu bat, Oxycontin markarekin errezetzen hasi zirenean, 1996an, orduan hasi zela fenomenoa[2][3].
Sackler familiak eta beraien Purdue Pharma enpresak 1996an abiarazitako merkaturatze erasokorrak, bere kontsumoa eztandarazi zuen, betiere azpimarratzen zelarik minaren aringarri ona zela, eta aldi berean mendekotasunerako oso potentzial baxua zuela.
Purdue Pharmak garatu zuen Oxycontin bere aurreko produktu baten printzipioan oinarriturik, MS Contin delakoan. Botika horren funtsa zen bere osagarriak geruza bezala zeudela antolatuta, eta irentsi ondoren, denbora luze batean disolbatzen zela pilula, barruko printzipio aktiboaren absortzioa denboran luzea eta jarraitua zelarik. Printzipio bera aplikatuz oxikodonari, pilularen geruzek ustez drogaren absortzio jarraitu bat ahalbidetzen zuten, ez droga dosi osoak emandako txute edo ziztada efektua, baizik eta absortzio lasaiago bat zeinak mendekotasuna ekidin behar zuen. Hori hala izanik ere, adikzioak gertatu egiten zirelako zantzuak berehalakoak ziren, eta muzin egin zieten horri Sacklertarrek eta Purdue Pharmak. Are gehiago, agerikoa bilakatu zenez kontsumitzaileek tolerantzia garatzen zutela eta gero eta gehiago eskatzen zutela, pilulen dosiak boikoiztu eta laukoiztu ere egin zituzten[4].
Era berean, kontsumitzaileek deskubritu zuten pilulak txikituta hautsa esnifatu edo beste era batzuetan ere hartu zitekeela, eta horrek ziztada efektua eragiten zuen: pilulen geruzen sistema alferrikakoa zen guztiz. Purdue Pharmak bazekien 1995etik, merkaturatze aurretik, txikitutako pilularen oxikodonaren %68a han zegoela[2]. Baina azken batean, kontsumo era honek pilula gehiago eta handiagoen eskaria handitu zuen merkatuan.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskalterm: [Farmakoak Hiztegia] [2022]
- ↑ a b Van Zee, Art. (2009-2). «The Promotion and Marketing of OxyContin: Commercial Triumph, Public Health Tragedy» American Journal of Public Health 99 (2): 221–227. doi: . ISSN 0090-0036. PMID 18799767. PMC 2622774. (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
- ↑ Txantiloi:De-CH York, Christiane Hanna Henkel, New. «Das Mittel hinter Amerikas Schmerz | NZZ» Neue Zürcher Zeitung (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
- ↑ Keefe, Patrick Radden. (2021). Empire of pain : the secret history of the Sackler dynasty. (First edition. argitaraldia) ISBN 978-0-385-54568-6. PMC 1243902032. (Noiz kontsultatua: 2023-03-15).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Artikulu hau medikuntzari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |