Edukira joan

Izakin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Izakinak produktu bukatuak, erdibukatuak eta lehengaiak dira.

Izakinak[1], edo nazioartean stock direlakoak, enpresa batek une jakin batean dituen gai materialak, ekoizpen prozesuan sartu eta eraldatzeko erabili beharrekoak, eta salmentarako prest dauden produktu bukatuak dira. Beraz, lehengaiak, tarteko produktuak zein enpresak ekoiztutako produktuak biltzen dira izakinetan. Izakinak biltegi izeneko toki eta gordailuetan gordetzen dira. Adibidez, altzariak ekoizten dituen enpresa baten izakinak zuhaitz enborrak, enborrak eraldatuta altzariak osatzeko behar diren oholak eta salmentarako prest dauden altzariak izan daitezke, besteak beste. Izakinak enpresako aktibo zirkulatzailearen atal bat osatzen dute, iraunkortasun handiagoa duten ibilgetua (eraikinak, makinak, ...) ez bezala.

Izakinek ekoizpen prozesua ahalbideratu, lehengai eta produktu erdibukatuen bitartez, eta bezeroen eskariei erantzun egin behar diete, produktu bukatuen kopuru egokia edukiz. Helburu hau eraginkortasunez bete behar da, izakinen kopuru egokia edo hobezina izatea: gehiegizko izakin kopuru batek enpresako eta bezeroen beharrak asetzen ditu baina biltegi kostuak nabarmen igotzen ditu, gutxiegizko maila batek beharrak asetu gabe utz ditzake. Dena den, egun izakinen kopurua txikieneratzeko joera dago enpresetan, esaterako Just in time izeneko ekoizpen-antolakuntzari jarraiki, produktua eskaera dagoenean bakarrik ekoiztuz eta izakinen sarrera beharrezko denean eginez. Oro har, izakinen kopuru hobezina eta izakinen eskaerak jasotzeko une egokia ezartzen dituzten metodoek, MRP eta ERP kasu, izakinen kudeaketa osatzen dute.

Bestalde, garrantzitsua da izakinen kontabilitatea edo inbentarioa modu fidagarri eta eguneratuan izatea. Inbentarioa egiteko modu ezberdinak dute, izakinen sarrerak eta irteerak kontabilizatzeko moduaren zein den. Horrela, besteak beste FIFO eta LIFO izakinen balorazio-metodoak daude eskura.

  • Lehengaiak: eraldatuz, fabrikatutako produktuaren parte izango diren izakinak dira.
  • Produktu erdilanduak: enpresak egindako produktuak dira, salmentarako ez direnak berriro landu gabe edo beste zerbait eraldatu gabe.
  • Produktu bukatua: enpresak egindako produktuak, azken kontsumorako direnak, edo beste enpresa batzuk beren produktuak egiteko.
  • Salgaiak: enpresak eraldaketarik gabe saltzeko erositako produktuak dira.
  • Beste hornidura batzuk: produktuari eransten zaizkion beste elementu batzuk dira; adibidez: erregaia, ordezko piezak edota bilgarriak.
  • Azpiproduktuak: enpresak ekoizten dituen produktuaren bigarren mailako produktuak edo haren osagarriak.
  • Hondakinak: produktuarekin batera sortzen diren beste gai batzuk; erabilgarriak, erabilezinak edo saldu egin daitezke.

Inbentarioen kudeaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inbentarioen kudeaketa enpresak bere izakinen plangintza, administrazioa eta kontrola egiteari deritzo. Helburua da enpresak beti, bere ekoizpen-beharrak edo salmenta beharrak asetzeko beharrezkoak dituen izakinak edukitzeko.

Enpresak baliabideak eduki behar ditu biltegiratuta, zenbait arrazoi direla eta:

  • Stocka ez hausteko, hau da, ustekabean eskaria handitu delako produkturik gabe ez geratzeko. Halakorik gertatuz gero, litekeena da bezeroek lehiakideen produktuak erostea.
  • Ekoizpen erritmoaren eta banaketa erritmoaren arteko alde handiak egon daitezkeelako, eskaria urte-sasoiaren araberakoa bada.
  • Deskontu handiak lortzeko, materiala kantitate handitan erosteagatik. Izan ere, aukera horretaz baliatuz produktuen kostuak murriztu daitezke. Baina kontuan izan behar da kantitate handiak biltegi handia eskatzen duela, eta honek kostu handia du.

Izakinen kostuen sailkapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Eskabide-kostuak: eskabideak egiteak dakartzan kostuak dira: hornitzaileei eskabideak egitean enpresan sortzen diren administrazio-kostuak.
  • Eskuratze-kostuak: hornitzaileari erosten diogun produktuaren kantitatea bider haren prezioa eginda ateratzen den kopurua da.
  • Inbertsioaren mantentze-kostua: biltegietan izakin kantitate jakin bat edukitzeak enpresari dakarzkion kostuak dira.
  • Stocka haustearen kostuak: Enpresa izakinik gabe geratzen denean sortzen diren kostuak dira; hau da, produkturik ez duelako bezeroen eskabideari erantzun ezin dionean sortzen direnak, edo lehengairik ez duelako edo ekoizpenerako beharrezkoak diren beste izakin batzuk ez dituelako sortzen direnak.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]