Ilargi egutegi
Ilargi-egutegia urtean zeharreko denbora kalkulatzeko modu bat da, ilargiaren zikloetan oinarritzen dena (ilargian oinarrituriko egutegia, funtsean). Horrela, gaur egun zabalduena den eguzki egutegiaren ezberdina da (horrek eguzkiaren zikloen arabera kalkulatzen baitu denbora). Ilargi-egutegian, ilargialdi bakoitza ilargi-hilabete bati dagokio; hau da, ilargia zehazki fase berean (ilgora edo ilbehera) dagoen bi momenturen arteko periodoari ilargi-hilabete deritzo. Ilargi-hilabete bakoitza 29,53 egunekoa da.
Ilargi-faseak eguzkiaren, Ilargiaren eta Lurraren mugimenduen arteko elkarrekintzaren ondorioz gertatzen dira. Urtebetean, Ilargiak hamahiru itzuli egiten ditu Lurraren inguruan. Ilargiak, gutxi gorabehera, 28 eguneko biraketa egiten du Lurraren inguruan, baina Lurrak eguzki-ibilbidean aurrera egiten duenez, 28 egunei egun eta erdi gehitu behar zaie, gutxi gorabehera, Eguzkiaren, Lurraren eta Ilargiaren arteko fasea errepikatzeko.
Normalean, lau ilargi-fase mota ezagutzen ditugu: ilberria, ilgora, ilbetea eta ilbehera. Ilargi-zikloak irauten duen 29,5 egunetan, Ilargiak tarteko fase ugari igarotzen ditu. Zehaztasuna dela eta, astronomoek ehunekoen bidez adierazten dute ilargiaren fasea: ilberria % 0 da, betea % 100, eta ilgora zein ilbehera % 50.
Ilargi-hilabetea aspalditik erabili izan dute gizakiek naturako zenbait erregulartasun kalkulatzeko, hala nola emakumeen ziklo sexuala edo itsasaldiak. Ilargi-hilabetearen hasiera arbitrarioa da, eta kulturaren arabera ezberdina da. Esate baterako, Txinako egutegiak eta antzinako Egiptoko egutegiak ilberria (hau da, Ilargia zeruan ikusten ez den lehen eguna) hilaren hasieratzat hartzen zuten, eta beste batzuek ilgora hartzen dute.
Ilargi-egutegi hutsak direla esan daiteke urtea hamabi hilabetetan banatzen dutenak, eguzki zikloak kontuan hartu gabe. Horrelakoak dira egutegi inka edo musulmana.
Kultura gehienek ilargi-egutegi bat edo eguzkia eta ilargia kontuan hartzen duten egutegi bat izan zuten eta dute; hau da, Ilargiaren zikloak ez ezik Eguzkiarena ere kontuan hartzen dituzten egutegiak, urtaroak zehazten dituztenak. Eguzki-urte bakoitzeko hamabi ilargi-hilabete inguru daudenez, hamabi ilargiren errepikapenari ilargi-urtea deitu zitzaion. Hala ere, ilargi-urteak eguzki-urteekin bat ez datozenez, eguzkia eta ilargia kontuan hartzen dituzten egutegiek hilabete bat gehitzen diote urteari noizbehinka. Egutegi txinatarra, hindua eta judua, adibidez, horrelakoak dira. Mendebaldeko kultura kristauan, nahiz eta orokorki eguzkian oinarrituriko egutegia erabili, zenbait data (Pazko eta Eguberrietakoa, esaterako) ilargi zikloen arabera finkatzen dira.