Edukira joan

Imanol Lazkano

Wikipedia, Entziklopedia askea
Imanol Lazkano

Imanol Lazkano Uranga 2010ean.
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakImanol Lazkano Uranga
JaiotzaAzpeitia1936ko urtarrilaren 12a (88 urte)
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakbertsolaria

Imanol Lazkano Uranga (Azpeitia, 1936ko urtarrilaren 12a) gipuzkoar bertsolaria da, Landetako Eskola deituaren kideetako bat, Joxe Lizasorekin eta Joxe Agirrerekin batera. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan zen 1987tik 2005era.

1936ko urtarrilaren 12an jaio zen, Azpeitiko Landetako Antzibarrena baserrian. Antonio Lazkano eta Maria Urangaren hamar seme-alabetatik bosgarrena izan zen. Azpeitiko Maristetan ikasi ondoren, baserri-zurgin eta kontratista aritu zen lanean. 1966an ezkondu zen Arantxa Odriozolarekin; lau alaba izan zituzten.[1]

Umetatik izan zuen bertsoetarako zaletasuna; besteak beste, Juan Inazio Uranga aitonari entzundako bertso zaharrak edota Azpeitiko Santo Tomasetako bertso saioak (Uztapide-Basarri edo Zepai-Txapel bikoteak ziren ohikoak) izan zituen hezibide.[1] 14 urte zituelarik lagunekin atera zen Santa Ageda eskean, eta hamabost kopla abestu zituen. Orduz geroztik, soldaduskako urtean izan ezik, ezkondu arte ibili zen koplari Santa Ageda bezperan.[2]

Egileorrekin kantatu zuen lehenbiziko aldiz plazan, 1954an, Azkoitiko Martirita auzoan. Garai hartan Joxe Lizaso bertsolariak taberna hartu zuen Landeta auzoan, Imanolen "lehenbiziko etxea" bihurtu zena. Landetako unibertsitate hartan bertsolari giro berezia zegoen, eta ilunabarretan mahaian eseri eta bata besteari adarra jotzen aritzen ziren; bertsoak ezezik, kantu zaharrak ere erruz abesten zituzten.[2]

1970ean Binakako Bertsolari Txapelketa izabazi zuen, Jose Luis Gorrotxategi lagun zuela.[1] 1982ko eta 1989ko txapelketa nagusietako finalista, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan zen 1987-2005 bitartean. 2003an Aho-bizarrik gabe izeneko memoria liburua argitaratu zuen. 50 urtetik gorako ibilbidearen ostean, 2012ko abenduan esan zion agur plazaz plazako jardunari.[3]

"Bertsolaria, esponja bezala"[4] (Ahotsak proiekturako)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c Agirre, Joxean. Imanol Lazkano, hika hitzegiten dioten presidentea. Bertsolari aldizkaria, 24. zenbakia, 1996ko negua, issuu.com (Noiz kontsultatua: 2019-12-3).
  2. a b Zubiria Kamino, Pello. Imanol Lazkano: "Gure belaunaldikoak modaz pasata gaude, eta hori seinale ona da". Argia astekaria, 1996ko abenduak 8, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-3).
  3. Kolina, Sustrai. Imanol Lazkano: "Plazari izu izugarria izan diot beti". Argia astekaria, 2012ko urriak 28, CC BY-SA 3.0, argia.eus (Noiz kontsultatua: 2019-12-3).
  4. Lazkano, Imanol. Bertsolaria, esponja bezala. ahotsak.eus.
  5. http://uztarria.com/aktualitatea/1366472177

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]