Harry Houdini
Harry Houdini | |
---|---|
(1915) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Erik Weisz |
Jaiotza | Budapest, 1874ko martxoaren 24a |
Herrialdea | Austria-Hungariako Inperioa Ameriketako Estatu Batuak |
Bizilekua | Jewish Harlem (en) |
Talde etnikoa | Juduak |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Heriotza | Detroit, 1926ko urriaren 31 (52 urte) |
Hobiratze lekua | Machpelah Cemetery (en) |
Heriotza modua | berezko heriotza: apendizitisa Peritonitisa |
Familia | |
Aita | Rabbi Samuel Mayer Weisz |
Ama | Cecilia Steiner |
Ezkontidea(k) | Bess Houdini (en) (1894 - 1926) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | aktorea, artista eszenikoa, hegazkinlaria, filosofoa, zinema ekoizlea, historialaria, magialaria, stunt performer (en) , film-zuzendaria, escape artist (en) , ilusionista eta gidoilaria |
Jasotako sariak | |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | judaismoa |
| |
Harry Houdini, jaiotzez Ehrich Weiss, (Budapest, Hungaria, 1874ko martxoaren 24a - Detroit, AEB, 1926ko urriaren 31) ilusionista eta ikuskizun-gizona izan zen.
Gaztaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Judu-jatorriko sendi batean jaio zen; Ehrich-ek 4 urte zituenean, AEBra joan eta berehala New Yorken kokatu ziren. Ez zuen haurtzaro samurra izan, eta, 11 urte zituelarik, arazo ekonomikoak zirela-eta, lanean hasi behar izan zuen. 15 urterekin magialaritza-ikuskizunei ekin zien, bere anaietako baten, Hardeen Weissen, laguntzaz. Asko irakurri eta ikasi zuen, eta izena aldatzea erabaki zuen, Jean-Eugène Robert-Houdinen omenez (magialaritza-munduan oso ezaguna zen Robert Houdin frantziar magialaria bezala).
Hasieran karta-jokoak eta horrelakoak egiten bazituen ere, berehala hasi zen trapezista lanetan eta, batez ere, eskapologian. Garai hartan, espiritistak boladan zeuden, lotuta zeuden pertsonak mamuei deitzen zieten bitartean, egiazko bizipenak zirela frogatu nahian. Houdini berehala ohartu zen "egiazko bizipenen" faltsukeriaz, eta ikuskizuna izan zitekeela pentsatzen hasi zen.
Metamorfosia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ilusionista lotu eta zaku batean sartzen zuten, hori gero kutxatzar batean eta dena lotu eta giltzapetuta uzten zuten. Laguntzailea kutxatzar gainera igotzen zen, errezel bat altxatuz ezkutatzen zen, eta "3, 2, 1..." esan eta errezela erortzen uzten zuen. Laguntzailearen ordez, Houdini agertzen zen. Kutxatzarra ireki, sokak askatu eta zakuan laguntzailea zegoen. Bada elkartrukea 10.000 bider egin zuela esaten duena.
Laguntzailea Beatrice Rahner izan ohi zen, eta magialaria harekin maitemindu egin zen, eta, 1894a aldera, berarekin ezkondu. Ez zuten seme-alabarik izan.
Soka, kate eta giltzarrapoak askatzeko Houdinik zuen trebetasunak ikusleak liluratzen zituen. Europan zehar ibili zen 4 bat urtetan, eta arrakasta itzela lortu zuen han eta hemen. Garai horretan eman zioten Eskuburdinen Errege ezizena.
Publizitatea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Houdini hiri batera iristean poliziarengana joan ohi zen, espetxera, betiere kazetari pila ondoan. Erronka egunkari guztietan argitaratzen zuten, eta ondoren atxilotu edo lotu egiten zuten. Askatzea lortzen zuenean, berriro argitaratzen zuten prentsan, eta horrela denen ahotan egotea lortzen zuen.
Biluzik aztertzeko aukera ematen zien, eta marinelak, soka- edo zaku-ekoizleak aritu ziren horretan, trukoaren bila eta ez zuten egundo ezer aurkitu. Istripu larrienetako bat garagardo barrika batetik ateratzean izan zuen, baina bizirik irtetea lortu zuen. Lana jendaurrean egiten jarraitu zuen, laguntzailerik gabe, baina ikusleen eta bere buruaren artean errezel bat ezarriz. Zenbaitetan minutu batzuetako kontua zen; beste batzuetan, ordea, ordubete igarotzen zen.
Esne-upela
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Upel estu batean sartzen zuten, errezel baten atzean eta, handik pixka batera irteten zen. Ikusleak larri egoten omen ziren ordulari handiak minutuak erakusten zituen bitartean. Egia esan, berehala irten eta egunkaria irakurtzen egoten omen zen, orkestrak musika jotzen zuen bitartean, zirrara handiagoa lortzeko. Une egokia iristen zenean, errezela altxatu eta, irten berria balitz bezala agertzen zen.
Gorputz-trebaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere biografoek diotenez, egunero hartzen zuen izotzezko bainua. Hiru minutu arnasarik hartu gabe egoteko gai omen zen. Horregatik, trukoari baino gehiago, trebaketari egotzi behar zaizkio bere lorpenak.
Houdini eta heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Heriotzak itsututa bizi ei zen. Gero eta erronka arriskutsuagoak egiten zituen. Ikusle askok alde egin behar izaten zuten, tentsioari ezin heldurik. Datu kuriosoa da ia ito zelarik zazpi urte zituenean, ilusio gehienak ur azpian egiten zituela, barrikatan, akuarioan, errekan, beti heriotza gertu.
Txinatar tortura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1912ko ikuskizuna izan zen. Arrainontzi izugarri batean sartzen zuten, buruz behera hanketatik zintzilik eta, minutu batzuen ondoren, irten egiten zen. Errezelaren atzean ezkutatu aurretik, ikusleek ikusten zuten azken gauza Houdiniren irudia zen, izututa berinari talka eginez. Txinatar Torturaren Ganbera The Prestige filman agertzen denaren oso antzekoa zen. Egiazko bizipenean laguntzaileak agertzen ziren aizkora batzuk erakutsiz, arriskurik balego, ganbera hautsiko zutelakoan. Ez zitzaion egundo ezer gertatu, orkatila hautsi edo horrelakoren bat ez bazen behintzat.
Egile-eskubideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txinatar Torturaren Ganbera patentatu zuen lehenengo ilusioa izan zen. Bost urtez lan egin zuen bizipen horretan, eta berritzaile ikusten zuen bere burua. Esne-upelaren lana kopiatu ziotenean, salatu egin zuen. Atsegin zuen, aldi berean, beste magialari lehiakideen ikuskizunetara joan eta trukoak ikusleei kontatzea, barregarri uzteko. Hala ere, esan beharra dago beraren lanik ezagunenetakoa, metamorfosia, ez zela berea, John Nevil Maskelyne-rena baizik, ospea berak eman bazion ere.
Nazioarteko entzutea lortua zuen, baina Houdini ez zuen etsi eta gehiago nahi izan zuen. Beraz, kutxa itxietan zubitik behera ur hotzetara erori bota eta handik onik irtetea lortu zuen. Ama beti joaten zen semearen ikuskizunetara, eta, hil zenean, Houdinik izugarrizko erauntsia jasan zuen.
Helduaroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urteak aurrera, Houdiniren sasoia ez zen lehengoa, eta ikuskizuna aldatu beharra izan zuen. Oso atsegin zuen jendeak garabi garai batetik zintzilik jartzen zenean, alkadora hertsagarri batez lotuta eta buruz behera. Hiri askotan egin zuen, baina oso minberaturik bukatzen zuen. Beste zerbaiten bila hasi beharra zegoen. Broadway-n bere ikuskizuna sortu zuen, eta elefantea agertokitik desagerrarazteak oso ospetsu egin zuen.
Bere zaletasunetan ibiltzeko beta ere hartu zuen. 1910ean Australia biplanoz zeharkatzen lehena izan zen.
Filmak ere egin zituen, antzezle aparta ez bazen ere. Ikusle asko kamera-trukoak zirelakoan bazeuden ere, bere trebeziaren agiri grafiko apartak daude.
Zinema-enpresaburu izaten ere saiatu zen, baina ez zuen jarraitu.
Liburu ugari idatzi zituen, bere lana deskribatuz eta garai guztietako magialaritza bilduz.
Bere azken urteak espiritistak jazartzeari eman zizkion. Antzokietan eskaintzen zuten bere lana, eta bere amaren espirituarekin hitz egin nahi zuen batek haserretu zuen erabat. Mozorro baten atzean ezkutaturik askotan, hantxe agertzen zen Houdini amarruak argituz eta iruzurra erakutsiz.
Houdini eta Sir Conan Doyle
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garai honetakoa da bien arteko adiskidetza eta ondorengo haserrea. Ezagutu bezain laster oso lagun egin ziren, baina berehala sortu zen ika-mika. Conan Doylek mundu paranormalean sinesten zuen, eta Houdini erabat aurka zegoen. Idazlea Houdiniren trebetasuna paranormala zela sinestera iritsi zen, eta Houdinik ezin zuen uste hori jasan.
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bukaera bitxi samarra izan zuen magialariak. 1926ko urrian unibertsitate-ikasle batzuek bisitatu zuten atsedeten zegoen bitartean. Batek sabeletan takatekoak jasateko erronka egin zion, esaten zuten bezainbeste jasateko gai ote zen ikusteko. Baietz esan zuen magialariak, baina ez zegoen gerturik lehen takatekoa jaso zuenean, ezta besteak etorri zirenean ere. Ez zuen ezer aitortu, baina heste sobrea kaltetu zitzaion. Izugarrizko oinazeak eta sukarra izan zuen hurrengo egunetan, baina Houdinik lanean jarraitu zuen. Konortea galdu zuen pare bat aldiz, eta ospitaleratu egin zuten.
Hardeen anaiari zera esan omen zion: - Nekatuta nagok. Uste diat honek irabazi egin didala...
1926ko urriaren 31ko gauean hil zen, Halloween gauen, 52 urterekin. Sendagileen arabera, hiltzeko arrazoia peritonitisa izan zen. Beharbada heste sobreak egunak izango zituen hazita ikasleen bisita baino lehen.
Hileta egun gutxi barru izan zen. Bi mila lagun inguru bildu ziren, bere ikuskizunetara etortzen ziren bezala. Hale ere, azken ilusioa falta zen oraindik.
Houdini Kodea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urte asko eman ondoren paranormala zenaren aurka, bere heriotza profitatuz azken erronka bat zuen pentsatuta. Isileko kode bat asmatu zuen, eta bere emaztearekin partekatu. Isilik gordetako 10 hitz ziren, Conan Doyleren gutun batetik atera zituenak, gainera. Hil eta gero mediumen batekin hitz egin beharko balu, hitz horiek erabiliko zituen; horrela, Bessek senarrarekin hitz egiten ari zela garbi jakingo zuen.
Asko izan ziren Houdiniren espirituarekin harremanetan jarri zirela baieztatzen zuten espiritistak, baina emazteak ez zuen sekula Houdiniren kodea jaso. Albiste faltsuak ere argitaratu ziren, emazteak baiezkoa esan zuela-eta, baina ez zen egia izan. 10 urte geroago, emazteak azken saioa egin zuen, eta ez zuen arrakastarik lortu. Houdiniren argazkiaren aurrean piztuta zeukan kandela itzali zuen sinbolikoki. Orduz geroztik, urriaren 31 denean, magialariek Houdiniren espirituari deitzen diote.
Zinema
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1953 - Houdini: Tony Curtis aktoreak antzeztu zuen.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Houdinik loturak askatzen ditu Youtuben
- Houdini alkandora hertsagarri batetik alde egiten Youtuben
- Bere omenez eginiko bideo-bilduma Youtuben
- Hitz egiten duen grabazio-bakarra Youtuben
- Magotrix[Betiko hautsitako esteka]
- The Movie Star
- Metamorfosiaren bertsio bat Youtuben
- Metamorfosiaren beste bertsio bat Youtuben
- Metamorfosi bikoitza Youtuben
- Pozoituta hil ote zen Houdini? El Pais egunkaria
- Houdini multimedia[Betiko hautsitako esteka]
- Bere bizitzaren kronologia ingelesez.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Harry Houdini |