Edukira joan

Kafka urertzean

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kafka urertzean
Jatorria
Egilea(k)Haruki Murakami
Sorrera-urtea2002
Argitaratze-data2002
Izenburua海辺のカフカ
Jatorrizko herrialdeaJaponia
ArgitaletxeaKodansha eta Shinchō Bunko (en) Itzuli
OCLC56805021
Ezaugarriak
Genero artistikoamagic realist fiction (en) Itzuli, metafiction (en) Itzuli, fantasia eta postmodern fiction (en) Itzuli
Hizkuntzajaponiera
Fikzioa
Kontakizunaren tokiaTakamatsu
Historia
Jasotako sariak
kronologia
Sputnik Sweetheart (en) Itzuli Kafka urertzean After Dark (en) Itzuli

Kafka urertzean (海辺のカフカ, Umibe no Kafuka. Ingelesez: Kafka on the Shore) Haruki Murakami japoniar autoreak 2002an argitaraturiko eleberria da. 2005 urtean eginiko ingeleserako itzulpena The New York Timeseko 2005eko 10 Libururik Onenen artean egon zen eta 2006an World Fantasy Award (Munduko Fantasia Saria) lortu zuen. Liburuak Kafka Tamura gaztearen eta Satoru Nakata zahar elbarridunararen istorioak kontatzen ditu. Kafka Tamura Edipo madarikaziotik ihesi doan 15 urteko liburuzalea da; Satoru Nakata, katuekin hitz egiteko gaitasun berezia duen gizona. Liburuak musikaz dihardu, komunikatzeko bide gisa ulertua, baina baita metafisikaz, ametsez, patuaz eta subkontzienteaz ere.

Argitalpenaren ostean, Murakamik eleberriaren inguruko galderak bidaltzeko baimena eman zuen eta horietako asko erantzun zituen. Liburuak harrera ona izan zuen, eta John Updiken zein New York Times aldizkariaren aldetik, besteak beste, iritzi onak jaso zituen.

Alan Cheuse NPR irrati publikoko langilarean arabera, liburuaren izenburua erakargarria eta misteriotsua da japoniar irakurleentzat. Izan ere, mendebaldeko Franz Kafka idazlea ezaguna da AEBetan, ez ordea Japonian. Genji on the Hudson[1] liburuaren izenburuarekin alderatzen du. Hayao Kawai psikoanalistak esanahi berezia ikusi zuen “Kafka” hitzean; bertsio japoniarra, Kafuka (japonieraz: カフカ), 可 (ka, balizkoa edo ontasuna esanahi duena) eta 不可 (fuka, aurkakoa adierazten duena) kanjien batasuna izan daitekeelako, eta hala, liburuari leuntasuna eskaintzen dio.[2]

Elkarlotuta dauden bi istorio desberdin kontatzen ditu liburuak. Hortaz, narrazioak istorio batetik bestera salto egiten du, eta horietako bakoitza kapitulu ezberdinetan garatzen du.

Kapitulu bakoitietan, 15 urteko Kafka gaztearen istorioa kontatzen da: horrek Ediporen madarikaziotik ihes, aitaren etxetik alde egin, eta ama eta arreba aurkitzeko bidaiari ekiten dio[3]. Takamatsu hirirantz doan autobusean, Sakura deituriko neska ezagutzen du. Harenganako erakarpena sentitzen du, baina ez da ezer egitera ausartzen ez baitaki bere arreba izan daitekeen edo ez. Abentura batzuen ondotik, aterpea lortzen du Takamatsuko liburutegi pribatu batean, zeina barnerakoia eta hotza den Miss Saeki eta, argia eta kanporakoiagoa den Oshimak kudeatzen baitute. Bertan, Mila gau eta bat gehiago liburuaren Richard Francis Burtonen itzulpena eta Natsume Sōsekiren lanen bilduma irakurtzen igarotzen ditu egunak. Halako batean, polizia haren bila hasten da, bere aitaren erailketarekin lotzen baitute, Kafkak berak ez dakien arren erruduna den ala ez. Oshimak Kōchiko basoetara eramaten du, non Kafka guztiz sendatzen den.

Kapitulu bikoitietan berriz, Nakataren istorioa kontatzen du, txosten militar batzuen bidez hasieran. Hain zuzen, Yamanashin, gertaera arraro baten harira, haur batzuek, Nakatak barne, oihanean konortea galtzen dute. Gertaeraren ondotik, Nakata da irakurtzeko eta idazteko gaitasunik gabe eta oroimena galduta ateratzen den bakarra. Hasiera batean, gertakaria gas pozoitsu batekin lotzen dute. Baina aurrerago argitzen da, ordea, bere onetik ateratako irakasle batek Nakata jo zuelako gertatu zela hori guztia. Liburuan aurrera egin ahala, bere gaitasun bereziengaitik, Nakata zaharrak ordukako lan bat topatzen du katu bilatzaile gisa (Murakamiren aurreko lanak ere, The Wind-Up Bird Chronicle, katu baten bilaketa kontatzen du). Azkenean, katu bat aurkitu eta jabeei itzuli ondotik, Nakata ohartzen da bilaketa horren baldintzek, bere lurralde familiar eta goxotik urruntzen dutela; Nakatak Johnnie Walker deituriko katu hiltzailea erailtzen baitu. Lehen aldiz aldaketa handia egiten du bere bizitzan, errepidera irteten baita mapa bat irakurtzeko ere gai ez dela eta non amaituko duen jakin gabe. Hoshino izeneko kamiolari baten lagun egiten da. Kamioian bidaiari gisa hartzen du, eta azkar harreman estua sortzen du agurearekin. Takamatsurantz abiatzen da, indar ezezagun batek gidaturik.

Eleberriaren gai nagusietako bat musikaren indarra eta edertasuna komunikatzeko bide gisa erabiltzea da. Izenburua bera abesti batetik dator, Kafkari liburutegi batean emandako disko batetik ateratakoa.[4][5] Beethovenen musika, batez ere Artxiduke Hirukotea, metafora askatzaile gisa ere erabiltzen da.[6]  Metafisika eleberriaren beste gai nagusietako bat da; pertsonaia askoren elkarrizketetako eta bakarrizketetako galdegaia baita munduaren zerizana eta horrekiko duten harremana. Beste gai garrantzitsu batzuk dira autosufiziente izatearen onurak, ametsen eta errealitatearen arteko harremana, patuaren mehatxua, profeziak hartuko duen ustekabeko bidea, eta subkontzientearen eragina.[7]

Murakami Haruki, eleberriaren egilea.

Kafka urertzean eleberriak kultura herrikoia, xehekeriak, errealismo magikoa, suspensea, umorea, ildo korapilatsua, eta agerikoa den sexualitatea uztartzen ditu, Murakamik egin ohi duen moduan.[8] Asko nabarmentzen ditu tradizio erlijioso japoniarrak ere, Sintoismoa bereziki.[9] Pertsonaia nagusiak urrundu egiten dira Murakamiren ohiko protagonisten eredutik; normalki hogei edo hogeita hamar urte inguru dituzten eta nahiko izaera arrunta duten pertsonaiak dira, adibidez, Toru Watanabe (Norwegian Wood) eta Toru Okada (The Wind-Up Bird Chronicle). Hala ere, aipatu eleberrietan, eta beste batzuetan, landutako kontzeptu berdinak errepikatzen dira re eleberrian.

G.W.F. Hegel filosofoak eragina du liburuan eta une jakin batean zuzenean ere aipatzen du.[10]

Pertsonaiaren benetako izena ez da liburu osoan argitzen. Etxetik ihes egin ondoren, «Kafka» aukeratzen du izen berritzat, Franz Kafka idazlearen omenez. Kafka bere adinerako gihartsua da, «hamabost urteko mutil aparta eta altua, motxila bat eta obsesio mordoa arrastaka daramatzana». Gainera, Koichi Tamura eskultore ezagunaren semea da. Kafkak lau urte zituela, amak eta arrebak etxetik alde egin zuten, eta ez da haien aurpegiez gogoratzen ere. Kafka, batzuetan, alter ego metafisikoarekin harremantzen  da, «Bele deituriko mutila» (Kafka hitzak kavkaren antza du, eta hitz horrek «bele» esan nahi du txekieraz). Eleberrian zehar Belek Kafkari esaten dio «hamabost urteko munduko mutilik indartsuena izan behar duzu», eta horrela, etxetik alde egitera animatzen du. Askotan aipatzen da Kafka, Saeki anderea eta Nakata «errealitate alternatibo» batek lotzen dituela nolabait. Errealitate horretan jendearen subkontzienteko objektu metafisikoek forma hartzen dute, eta pertsonaiak bizitzaren «zerizana» aurkitzera bultzatzen dituzte, arimaren «zati» bat kentzearen truke.

Satoru Nakata

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nakatak bere gaitasun mental gehienak galdu zituen haurra zenean; hamasei ikaskiderekin batera, perretxiko bila joan ziren txango batean, Bigarren Mundu Gerraren amaiera aldera. Ikasleek konortea galdu zuten zeruan zegoen argi distira bat ikusterakoan (nahiz eta beranduago ezagutzera ematen den argia ez zela arrazoi nagusia izan). Eleberrian, gertakizun horri «Arroz-ontzi mendixkaren istripua» deitzen zaio. Haur guztiak bere onera etorri ziren, Nakata, ordea, konorterik gabe egon zen aste luzez. Esnatu zenean, bere oroimena eta irakurtzeko gaitasuna desagertu egin zirela ikusi zuen, baita bere goi mailako funtzio intelektualak ere (pentsamendu abstraktua adibidez). Nakata funtsean tabula rasa bihurtu zen. Baina gaitasun berriak garatu zituen. Katuekin hitz egin zezakeela konturatu zen, eta une horretatik aurrera, bere buruari hirugarren pertsonan egiten zion erreferentzia. Liburuak iradokitzen du Nakata eta Saeki anderea «errealitate alternatiboan» bizi izan zirela lehenago, eta han utzi zutela beren «arimaren zati» bat. Horregatik, haien itzalak, beste pertsonen itzalekin alderatuta, irregularrak dira.

21 urteko gizon intelektual, hemofiliko, transgenero eta homosexuala. Liburuzaina da eta Komuraren Oroimenezko Liburutegiaren ondoko mendietako batean dagoen txabola baten jabea. Oshima eta Kafka gertuko lagunak egiten dira eleberrian zehar. Oshima haren mentore bihurtzen da, erantzun bila abiatutako bidaian zehar gidatzen baitu Kafka.

25 urte inguru dituen kamioi gidaria da. Nakataren lagun egiten da, bere aitonarekin duen antzekotasunagatik, eta haren helburu ziurgaberantz eramaten du.

Saeki anderea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oshimak lan egiten duen liburutegi pribatuko zuzendaria da. Kafka bertan bizi da eleberriaren zati handi batean zehar. Abeslaria zen iraganean, eta «Kafka urertzean» abestia interpretatu zuen. Abesti horrek eleberriaren gai asko uztartzen ditu. Kanpotik ohiko itxura mantentzen duen arren, krisi existentzial bat sufritzen ari da mutil-laguna hil zenetik. «Errealitate alternatibora» bidaiatu zuen 15 urte zituela, bere zoriontasuna mantentzeko desira sakonak bideratuta. Azkenik, «Kafka urertzean» konposatzeko «zerizana» bertan aurkitu zuen, haren izatearen zati bat atzean utzi zuen arren.

Kafkak autobusean kasualitatez ezagutzen duen emakume gaztea da. Kafka bidaian zehar laguntzen du. Beranduago Kafkak amets batean bortxatzen du.

Johnnie Walker

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Katu hiltzaile bat da. Katuen arimez eginiko txirula bat sortu nahi du. Johnnie Walker Scotch whisky (Eskoziako whiskia) markatik datorkio izena. Markaren logotipoan agertzen den gizonaren ezaugarriekin janzten da.

Colonel Sanders

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Proxeneta edo iruzurgile baten itxura hartzen duen «kontzeptu abstraktu» bat. Harland Sanders Kentucky Fried Chickenen sortzailea eta markaren aurpegia da. Hoshinori «errealitate alternatiborako» «sarrera harria» aurkitzen laguntzen dio.

Koizumi anderearen katu galdua.

Katu beltz zaharra, zeinarekin Nakata aise komunikatzen den.

Bizikleta batek harrapatu zuenetik burtzoratuta dagoen katu marroia. Haien artean komunikatu ahal badira ere, Nakatari ezinezkoa zaio Kawamuraren esaldi arraro eta errepikakorrak ulertzea.

Siamdar katu azkarra. Pucciniren La Bohème operako «Sì. Mi chiamano Mimì» abestitik datorkio izena.

Katu nabarra.

Denboraldi batez «kontzeptu abstraktu» bilakatu zen katu beltza.

Michael Seats adituak eleberriaren hasiera Jacques Derridaren pharmakon kontzeptuaren exegesiarekin alderatu zuen. Seatsen arabera, eleberriaren interpretazioak kontraesankorrak izan daitezke, eta asko zuzenak.[2]

Kafka, teoria psikoanalitikotik begiratuta, Edipo konplexu handia duen pertsonaia eskizoidea da. Kafkaren bihotza Kafka da, berak eraikitako nortasuna, alegia. Inkontzientea, berriz, Ediporen profezia bete eta 15 urterekin aita hil zuena, Bele da. Sakura pertsonaia «sendatutako» nortasunaren pertsonifikazio gisa ulertu daiteke, zeinak gaitasuna baituen mundu errealarekin behar bezala konektatzeko. Kafka ispiluaren fasean harrapatuta dago, eta ezin du Sakuraren laguntza kudeatu, ordena sinbolikorako gaitasuna baitu. Oshima pertsonaiak Kafkaren barruan gogoa-gorputza-arima banaketa irudikatzen du. Johnny Walker pertsonaia Julia Kristevak garatutako teoriaren (erdizka osatutako subjetuaren kontzeptua) sinboloa da.[4]

Eleberriaren interpretazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Istorioa argitaratu ostean, Murakamiren editore japoniarrak bere webgunera eleberriaren zentzuari buruzko galderak bidaltzeko gonbita luzatu zien irakurleei. 8.000 galdera jaso zituen osotara, eta Murakamik berak 1.200 galdera erantzun zituen.[11]

Ingelesez duen webgunean argitaratutako elkarrizketa batean, Murakamik dio eleberria ulertzeko gakoa behin baino gehiagotan irakurtzea dela: «Kafka urertzean eleberriak enigma asko ditu, baina ez dago ageriko soluziorik. Kontrara, enigma horietako asko beren artean nahasten dira, eta elkarreraginaren ondorioz, korapiloak askatzeko aukerak daude. Irakurle bakoitzarentzat desberdina izango da soluzioaren nolakotasuna. Bestela esanda, engimak soluzioaren parte dira. Zaila da azaltzen, baina horrelako eleberri bat idaztea zen nire nahia».[11]

John Updiken arabera «benetan zirraragarria eta buruari etengabe eragiteko liburu metafisikoa» da.[12] 2005ean ingelesez argitaratu zenetik (Philip Gabrielen itzulpenak PEN/Book-of-the-Month Club Itzulpen Saria irabazi zuen), kritika onak eta goraipamenak jaso ditu gehienbat; besteak beste, The New York Timeseko 2005eko 10 Libururik Onenen artean egon zen, eta World Fantasy Award (Munduko Fantasia Saria) jaso zuen.[13][14]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Cheuse, Alan. (2005). Murakami Offers a Runaway's Tale in Latest Novel. NPR.
  2. a b (Ingelesez) Richard Chozick, Matthew. (2008). De-exoticizing Haruki Murakami's reception. Penn State University Press, 62-73 or..
  3. (Ingelesez) Miller, Laura. (2005-02-06). «'Kafka on the Shore': Reality's Cul-de-Sacs» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  4. a b (Ingelesez) «Kafka on the Shore, by Haruki Murakami» The Georgia Straight 2005-03-31 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  5. (Ingelesez) Lewis-Kraus, Reviewed by Gideon. (2005-02-06). «Convergence of separate odysseys / A questing boy and an old man spark Murakami's ambitious novel» SFGATE (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  6. (Ingelesez) Jones, Malcolm. (2005-01-23). «THE CALL OF THE WILD» Newsweek (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  7. (Ingelesez) Gottsche, Dirk|Mucignat. Landscapes of Realism. John Benjamins Publishing Company ISBN 978-90-272-0806-4. (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  8. (Ingelesez) Mitchell, David. (2005-01-08). «Kill me or the cat gets it» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  9. «Review | Kafka on the Shore by Haruki Murakami» januarymagazine.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  10. (Ingelesez) «Kafka on the Shore» The Sydney Morning Herald 2005-02-19 (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  11. a b (Ingelesez) BookBrowse. «Haruki Murakami author interview» BookBrowse.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  12. (Ingelesez) Nast, Condé. (2005-01-17). «Subconscious Tunnels» The New Yorker (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  13. (Ingelesez) «The 10 Best Books of 2005» The New York Times 2005-12-11 ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).
  14. (Ingelesez) Dirda, Michael. (2007-05-20). Michael Dirda - Michael Dirda. ISSN 0190-8286. (Noiz kontsultatua: 2023-05-04).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]