Kolore karga
Fisikan kolore karga quarkek eta gluoiek duten propietate bat da, partikula hauen elkarreragin nuklear indartsuarekin lotuta dagoena kromodinamika kuantikoaren (QCD) testuinguruan. Honek badu parekotasuna partikulen karga elektrikoaren kontzeptuarekin, baina QCDaren zailtasun matematikoen ondorioz diferentzia tekniko ugari daude bi kontzeptuen artean. Quarken eta gluoien "kolorea"k ez du ikusmenaren bidez nabari daitekeen kolorearekin inongo zerikusirik, baizik eta izen apetatsu bat dela nukleo atomikoaren tamaina baino distantzia handiagoetara ia nabaritu ere egiten ez den propietate batentzat. "Kolore" hitza, deskribatzen duen propietateak hiru itxura izatetik dator (kolore primarioen parekoak) karga elektromagnetikoaren itxura bakarrarekin gertatzen ez den bezala.
Quarken existentzia 1964an proposatu eta denbora gutxira Oscar W. Greenbergek kolore karga kontzeptua proposatu zuen quarkak beste era batera berdinak ziren egoeran hadroi batzuren barnean nola existitu zitezkeen Pauliren bazterketa printzipioa betetzen zuten aldi berean azaltzeko. Kontzeptua erabilgarria izan zen. Kromodinamika kuantikoa garatzen aritu da 1970eko hamarkadatik eta osagai garrantzitsu bat da partikulen fisikako eredu estandarrean.
Gorria, urdina eta berdea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Quark baten kolore kargak hiru balio ezberdin izan ditzake: "gorria", "berdea" edo "urdina", eta antiquark batek hiru "antikolore" ezberdin izan ditzake, batzuetan "antigorri", "antiberde" eta "antiurdin" deituak (noiz behinka zian, magenta eta horiz irudikatuak). Gluoiak kolore/antikolore pare baten konbinaketak direla ere esan daiteke: adibidez gorri/antiberdea, eta horrek osatzen du bere kolore karga.