Errinozero zuri
Errinozero zuri | |
---|---|
Iraute egoera | |
Invalid status (IUCN 3.1) [1] | |
Sailkapen zientifikoa | |
Ordena | Perissodactyla |
Familia | Rhinocerotidae |
Generoa | Ceratotherium |
Espeziea | Ceratotherium simum Burchell 1817[2]
|
Hedapen mapa | |
Datu orokorrak | |
Haurdunaldia | 490 egun |
Errinozero zuria (Ceratotherium simum) Ceratotherium generoko animalia da. Perisodaktiloen barruko Rhinocerotidae familian sailkatuta dago.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errinozero-espezierik handiena da. Elefantea kenduta, bera da lehorreko ugaztunik handiena (hipopotamoaren aurretik): 2 m inguru izaten da garai, eta isats eta guzti 5 m luze izatera irits daiteke. 3.500 kg inguru pisatu ohi du. Bi adar izaten ditu, bata, aurrekoa, 90 cm luzekoa gaur harrapatzen direnetan, baina 137 cm luzekoak ere aurkitu izan dira; eta bestea, 60 cm-koa. Oso buru luzea du, ahoa zabala, eta goiko ezpainean behatz-egiturako luzakin bat du.
Oso handiak eta pisutsuak izan arren, 40 km/h baino azkarrago korrika egin dezakete, hots, gizakirik azkarrena baino azkarrago.
Elikadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Belarjalea da, eta gogokoago ditu belardiak basoak baino. Animali honek belar kilo ugari jan behar ditu egunean bere gorputz erraldoia asetzeko eta funtzionamenduan mantentzeko; belar kilo andanarekin batera ur nahikoarekin asetu behar da.
Hedapen geografikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hego Sudanen, Afrika Erdiko Errepublikan, Zairen, eta Zambezi eta Orange ibaien artean bizi da.[3] Errinozero honek belardi zabalak, sabanak eta larreak nahiago ditu baso itxiak baino.
Harrapari naturalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errinozero honek ez du harrapari naturalik, oso handia eta indartsua izan ez ezik, lehorrean nahiko abila eta bizkorra da harrapari tipikoek lurrera botatzeko gaitasuna izateko. Agian, lehoi talde oso handiek ehizatu dezakete errinozero zuri kumeak, gazteak, zaharrak eta ahulak. Baina horretarako lehoien taldea oso handia izan behar da (gutxienez 15 lehoi) eta lehoi talde hain handiak gutxitan ikusten direnez, lehoiek normalean errinozero zuriak ikustean ez dute harrapakintzat jotzen eta, are gehiago, distantzia gordetzen diote, elefanteekin gertatzen den moduan.
Gizakia da animali honen benetako mehatxua, azken hamarkadetan legez kanpoko ehizaren ondorioz errinozero hauen kopurua era arriskutsu batean jaitsi zen, dena den, azken aldiotan kopurua berreskuratzen joan da apurka-apurka.
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espezie honen bi azpiespezie ezagutzen dira:
Iparraldeko errinozero zuria (Ceratotherium simum cottoni)
Hegoaldeko errinozero zuria (Ceratotherium simum simum)
Iraute egoera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Desagertzear zegoen azken hamarkadetan legez kanpoko ehiztarien eraginagatik, baina babesteko neurriak hartu izan dira azken urteotan eta hauen kopurua ugaritzen hasi da berriz pixkanaka.
Dena den egoera ezberdinean bizi dira bi azpiespezieak, eta beraz, errinozero zuria sailkkatzerakoan hobe litzateke banaka aztertzea:
Hegoaldeko errinozero zuria (Ceratotherium simum simum) ia arriskuan dagoen bitartean, iparraldeko azpiespeziea (Ceratotherium simum cottoni) arrisku larrian dago eta ia desagertua basabizitza askean. Izan ere, 2014.-an azpiespezie honetako 5 ale soilik geratzen ziren, horietatik 4 eme eta ar bakarra ziren. Baina 2015. urtean eme bat hil zuten eta beraz gaur egun azpiespezie honetako 4 ale baino ez dira geratzen. Arra Keniako Ol Pejeta Conservancy erreserba parkean gogor babestuta dagoelarik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez)Mammals - full taxonomy and Red List status Ugaztun guztien egoera 2008an
- ↑ Burchell. (1817). Bull. Sci. Soc. Philom. Paris, 97 or..
- ↑ Lur entziklopedietatik hartua.