Diktadore (Antzinako Erroma)
Diktadorea Antzinako Erromako magistratu edo kargudun bat izaten zen, aparteko egoera berezietan, gerra garaian batez ere, agintea eskuratzen zuena eta kontsulen gaineko agintea ere bazuena. Diktadorearen kargu edo magistratura diktadura deitzen zen.
Diktadura Tito Lartzio kontsularen proposamenez sortu zen K.a. VI. mendean, bera izan zelarik kargu horretan aritu zen lehena.
Diktadorea kontsuletako batek izendatzen zuen, Senatuaren aginduari jarraituz, beronek baitzuen izendapena noiz egin behar zen eta kargua nork beteko zuen erabakitzeko ahalmena. Hasieran, patrizioak soilik izan zitezkeen diktadoreak, baina K.a. 356. urtean plebeioei ere eman zieten horretarako eskubidea.
Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K.a. 500. urte inguruan, kontsulek plebeioak armadara batzea proposatu zuten, Lazioko eta Tarquiniako herrien aliantzak Erromarentzat ekar zezakeen arriskuari aurre egiteko, baina plebeioen ezezkoa jaso zuten. Botere osoa patrizioek zutenez, haienak ziren ondasunak ere, eta plebeioek haiengana jo behar izaten zuten bizirauteko maileguak eskatzera; patrizioek, ordea, zorrak ordaindu ezin zituztenen kontrako arauez abusatzen zuten eta, batzuetan, zorduna haien esklabo bihurtzen zuten, arau horiek horrenbesterainoko aukera ematen baitzieten. Horregatik, ez da arraroa esklaboek euren bizitza arriskuan jarri nahi ez izatea haiek hain txarto tratatzen zituzten patrizio haiek defenditzeko, non eta ez zizkieten zor guztiak edo gutxienez zati bat barkatzen. Egoera horren aurrean, Tito Lartziok bultzaturik, Senatuak proposatu zuen magistratu bat izendatzea gainontzekoen gainetik eta baita legeen gainetik ere egongo zena, kanpoko arerioari aurre egiteko eta plebeioen eskariak betetzeko; proposamen hori ontzat hartu zuen herriak, berritasun horrek euren egoera arinduko zuen itxaropenarekin.
Funtzioak eta eskumenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Magistratu goren honek herriko senatari eta diktadore (magister populi eta dictator) tituluak jasotzen zituen eta haren agintaldiak gehienez ere sei hilabete irauten zuen; tarte horretan, ohiko prozedura guztiak etenda geratzen ziren, magistratuak (plebearen tribunoak izan ezik) beraien eskumenak egikaritu edo gauzatzeaz abstenitzen ziren eta inork ezin zituen diktadorearen aginduak kritikatu, gaitzetsi edo eztabaidatu. Bere aginpide gorena erakusteko, diktadorea 24 liktor aurrean zituela ibiltzen zen, kontsulei lagun egiten zieten hamabien ordez.
"Magister populi" titulua "infanteriako kapitain" modura itzuliz gero (analogia eginez diktadoreak bere zalditeriaren kapitain izateko izendatzen zuen "magister equitum" delakoarekin), badirudi krisi militarrei aurre egitea zela kargu horren helburua, urteko bi kontsulen baterako agintaritzarekin nekez egin zitekeenean halakorik. Nolanahi ere, geroago, Zizeronek zein Klaudiok baieztatu zuten diktadura ezartzearen zergatietako bat matxinada zibilen errepresioa ere izan zitekeela; eta nahiz aipatu berri den arrazoi hori karguaren jatorrian ez egon, matxinaden errepresioa bai iritsi zen karguaren funtzioetako bat izatera, horren froga izanik lege lizinio-sextiarrengatik piztutako erreboltetan (K.a. 367) diktadore bat izendatu zela. Orobat, antza denez, garrantzi gutxiagoko arazoetarako ere izendatu ziren diktadoreak, jokoetarako, jaialdietarako edota Senaturako hauteskundeak antolatzeko, adibidez.
Denborarekin diktadorearen atribuzioak zabaltzen joan ziren eta, hala, horien artean bake eta gerra egoerak ezartzea zegoen, bai eta apelaziorako eskubiderik gabe heriotza zigorra ezartzea ere; aldiz, altxor publikoa ezin zuen erabili, aurretiaz herriaren baimenik izan gabe, eta Italiatik alde egiterik ere ez zuen. Bestalde, bere agintaldia amaitzean, egindakoaren kontuak ematera behartuta egoten zen. Gainera, agintaldi osoan zehar, tribunoen begipean egoten ziren, euren botere osoa mantentzen baitzuten eta, espero izatekoa denez, arretaz eta zorrotz saiatzen baitziren diktadoreen handinahia eta nagusikeria mugatzen, batez ere haietako batek bere esku zuenean botere osoa.