Grigori Potiomkin
Grigori Alexandrovitx Potiomkin-Tavritxeski[1] —batzuetan Potemkin transkribatua— (errusieraz: Григо́рий Алекса́ндрович Потёмкин-Таври́ческий, Grigoriy Aleksandrovich Potyomkin-Tavricheskiy; Txiskhovo, Bielorrusia, 1739ko irailaren 24a - Skaliany, Besarabia, 1791ko urriaren 5a) errusiar politikari eta militarra izan zen.
Errusiako Katalina II.a enperadoreak begiko zuen eta haren hurbileko aholkulari izendatu zuen. Eragin handia izan zuen enperadorearengan, eta haren erresuma handitu eta zabaldu zuen. Errusiaren eta Turkiaren arteko lehen gerraren ondoren Errusiak 1774an Itsaso Beltzetik Ukrainaraino beretuak zituen lurraldeetako gobernari izendatu zuten. Kargu horretan antolatzaile bikaina zela frogatu zuen: biztanleak ekarri zituen kanpotik Ukrainako estepara, eta hiriak, gotorlekuak eta portuak sortu zituen; Krimeako khanerria beretu zuen, Sebastopol hiria sortu eta han finkatu zuen Itsaso Beltzeko itsas armada.
Errusiaren eta Turkiaren arteko bigarren gerraren aldian (1787-1791), Bizantziar Inperioa berriro sortzeko eta Katalina II.aren biloba Konstantino inperio hartako buru izendatzeko asmoa izan zuen. Gudarosteko buru izendatu zuten; itsas armada galdu zuen eta nekez beretu zituen Otxakov eta Bendery hiriak. Suvorovek ordezkatu zuen. Bitartean, etsaiak azpilanean ari izan zitzaizkion eta enperadoreak Zoubov izendatu zuen aholkulari. Enperadorearen begikotasuna berreskuratzen saiatu zen Potiomkin, alferrik ordea.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Grigori Potiomkin |
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.