Azentu
Hizkuntzalaritzan, azentua hitzen silaba jakin bati edo batzuei, edo esaldi batean zenbait hitzi ematen zaien enfasi fonikoa da. Andres Alberdik horrela definitu du: "Prosodiako elementua da azentua ere, eta honela defini daiteke: modu adierazgarrian silaba bat besteetatik nabarmentzea, tonuz nahiz intentsitatez".[1]
Azentu motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hitzen barruan kokatutako azentuei azentu lexikal edo hitzen azentu ere deritzo; esaldietan hitzek duten azentuari, berriz, azentu prosodiko edo esaldien azentu deritzo. Azkena prosodiaren hiru osagaietako bat da, erritmo edo isokroniarekin eta intonazioarekin batera. Azentuaren kokapena eta erabilera hizkuntzen arabera aldatu egiten da.
Euskararen azentua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaiaren inguruan, Andres Alberdik haren zailtasuna azpimarratu du: auzi zaila da azentuarena, molde asko baita euskaraz; azentu-sistema bat baino gehiago, alegia. Idatzia bakarra izan arren –horretarakoxe dugu euskara batu estandarra–, hizkerak askotarikoak dira, azentua barne. Euskalki bakoitzak, eskualde bakoitzak, baita auzo bakoitzak ere, bere prosodia du gurean, bere azentu-doinuera; modu zainduan ala zaindugabean ari garen ere, ez dugu prosodia bera erabiltzen".[2] Euskara batuan eta Euskaltzaindiaren ikuspuntutik "arautu gabeko kontua da".[3]
Euskararen azentua intentsiboa da. Ezin da erraz azaldu zertan datzan, zubereraz izan ezik, euskalki horretan azentuazioa finkoa baita, hitzeko azkenaurreko silaban. Beste euskalkietan, arau hauek dute indarra:
- hitzaren erroa monosilabikoa denean, hitzak berak silaba gehiago izanik ere, azentua lehen silaban doa: lúrra < lurr-a, lúrretan < lurr-etan;
- erroa bisilabikoa bada eta bokalez bukatzen bada, kasu horretan ere lehen silaban doa azentua: méndi, áte;
- beste kasuetan, silaba anitzetako hitzetan, azentua azkenaurreko silaban doa (gizón, gizóna) eta hitzaren bukaeran bigarren mailako azentu bat gehi dezakete, hitzak lau silaba edo gehiago dituenean (gizónarentzàt).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ALBERDI, Andres: Ahoskera, Ikasmaterialetako hizkuntzaren egokitasun-irizpideak finkatzeko Aholku Batzordea, Gasteiz: Eusko Jaurlaritza, 2014, Webgunean: [1]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Ahoskera, 46.or.)
- ↑ Alberdi, 46 or.
- ↑ https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_ebe&view=bilaketa&Itemid=0&task=bilaketa&lang=eu&id=213