Ausa Gaztelu
Ausa Gaztelu | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 901 m |
Mota | mendi |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°01′00″N 2°06′53″W / 43.01661°N 2.11463°W |
Mendikatea | Aralar |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Gipuzkoa |
Mendizaletasuna | |
Ohiko bidea | Zaldibiatik edo Larraitzetik |
Mendikat | Mendikat |
Ausa Gaztelu[1] Aralarko mendilerroko mendi bat da, bi udalerriren arteko muga egiten duena: tontorretik ekialdera Abaltzisketako lurrak dira; eta mendebaldera, Zaldibiakoak.[2] 901 metroko garaiera du.[3] Bere izena, bertan egon zen gaztelu batetik datorkio. Gaztelu hark Enirioko galtzada babestea zuen xede. Galtzada hark, izan ere, Gipuzkoako Goierri eskualdea eta Nafarroako Irurtzun herria lotzen zituen. Ausa Gaztelu mendiaren tontorrean, oraindik ere ageri dira han izandako gazteluaren hondakinak. Mendiaren hegoaldean, Errekonta lepoa dago; Larraitzetik edo Zaldibiatik erraz hel daiteke hara. Lepo hartan hobi bat dago. Hobi hartan sartzen diren urak mendiaren beste aldean agertzen dira, Osinbeltzeko iturburuan, Errekontaren hego-mendebaldean.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egun, aztarna batzuk besterik aurkitu ez daitezkeen arren, bertan nafar gotorleku garrantzitsua egon zen. 1199-1200. urteko kanpaina militarrean Alfontso VIII.a gaztelar erregeak mendean hartu zuen, artean denbora batez Nafarroak eta Gaztelak txandaka kontrolatu zuten arren.
Irispideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zaldibiatik, Olako Zelaiara iritsi behar da. Han babesleku bat dago. Handik, Errekonta lepora igotzen da, Ausokoegi artzain bordatik igaroz; handik gertu dago tumulu bat. Beste bide bat ere badago, Arkaka txikian hasten dena. Zaldibiatik hel daiteke hara. Handik, Enirioranzko galtzada ospetsua hartzen da; Aitzarte igaro ondoren, Amiltzetako bordara igotzeko desbideratu behar da; ondoren, Errekontako lepora iritsiko gara.
Larraitzetik, Errekontarako bidea, Txindoki/Larrunarriranzko ohiko bidearen azpitik igarotzen da, eta ez du aparteko zailtasunik. Gaztesuiko langara iritsi behar da, eta bideari jarraitu, Larrunarriranzko bidea alde batera utzita. Ondoren, Gaztesuiko iturria dator, eta, bidea, Zapata zubia izeneko zubian amaitzen da, eraiki zuenaren omenez. Eta igotzen jarraitu behar da, Gongarretako borda eskuinetara utzita. Igoeratxo labur bat igaro ondoren, Errekontara heltzen da. Magaletik dagoen igoera gogorrak, Ausa Gazteluren tontorrera daroa.
Berezitasunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Han, tontorretik ez oso urruti, Ausokoi trikuharria dago.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia: Euskal Onomastikaren Datutegia (EODA), Euskaltzaindia.net webgunea.
- ↑ Ausa Gazteluko mapa, Gipuzkoako Datu Espazialen Azpiegitura webgunean.
- ↑ Auza, mendia, Gipuzkoako Datu Espazialen Azpiegitura webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |