Euskara jalgi hadi Wikipediara! Ongi etorri euskararen atarira!
Euskara
Euskara (beharbada aitzineuskaraz: *enau(t)si [esan] + -(k)ara [era][4]) euskaldunek hitz egiten duten hizkuntza da; Euskal Herriko hizkuntza. Hitz elkarketako lehenengo osagaia denean, euskara hitzak euskal forma hartu ohi du: euskal idazle, euskal literatura, euskal abeslari, eta abar. Euskararen eta euskarazko kulturaren aldeko jarduerari, berriz, euskalgintza deritzo; eta euskal hizkuntzalariren sinonimo da euskalari (euskara aztertzen duen hizkuntzalaria).
Gaztelania eta frantsesarekin batera, Euskal Herrian mintzatzen diren hizkuntzetako bat da, jatorrizkoa, gaur egun egoera gutxituan dagoena. Euskara ez dago philum indoeuroparraren barruan sailkatuta, eta Europako mendebaldean izan zen hizkuntza-familia baten azken arrastotzat hartzen da.
Iberiar Penintsulan bizirik dirauen erromatarren aurreko hizkuntza bakarra da euskara. Gutxitze prozesu gogorra jasan du, etenik gabe lurraldeak eta hiztunak galduz. Nafarroa Garaian bereziki, prozesu hori nabarmena da. XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran, hainbat intelektual eta politikariren eraginez (Arturo Kanpion, Sabino Arana...) nolabait biziberritu zen, abertzaletasunari estuki loturik. Frankismoan (1936-1977) jazarpen latza pairatu ondoren, XX. mendearen erdialdetik aurrera hasi da indartzen, idatzizko estandarizazioari dagokionean, batez ere.
1980ko hamarkadatik aurrera, erakundeen onarpena lortu zuen, lurralde zatiketa handiekin bada ere. Gernikako Estatutuak euskara Euskadiren berezko hizkuntza izendatu eta gaztelaniarekin batera ofiziala egin zuen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan (Trebiñuko Konderrian eta Villaverde Turtziozen izan ezik). Nafarroa Garaian, Euskararen Legearen eraginez, herrialdeko ipar-mendebaldean (eremu euskalduna) soilik da koofiziala. Iruñean eta erdialdeko beste hiri garrantzitsuetan (eremu mistoa), onarpen maila txikiagoa eta traba handiagoak ditu. Nafarroa hegoaldean (eremu ez-euskalduna), berriz, euskara ez dago onartuta. Ipar Euskal Herriari dagokionez, euskarak ez du Administrazio erakundeen onarpenik: hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da.
XX. mendean, euskara batua sortu zen, euskalkiek dakartzaten ulermen arazoak gainditzearren eta hainbat alorretan hizkuntza arautu baten beharrari erantzutearren. Gaur egun, hizkuntza koofiziala da Euskal Herriko lurralde batzuetan. Hedabideetan, ikaskuntzan, administrazio publikoetan eta aisian erabiltzen da, lurralde eta eremuen arabera gorabehera handiak dauden arren.
Euskararen historia hiztun, erabiltzaile eta sustatzaileek mendeetan zehar egindakoa da, baina baita aktiboki hizkunak ez direnek, zentsoreek eta aurkariek eragindakoa ere.
Bi aro nagusitan banatu dezakegu, 1545. urtea mugarritzat hartuz, orduan argitaratu baitzen Linguae Vasconum Primitiae, euskarazko lehen liburua.
Euskal Kantagintza Berria1961etik1980ko hamarkadarainoEuskal Herrian jardun zuen euskal kulturako mugimendua da, Nova Cançó Catalanari jarraituz sortua. Euskal kultura azpiratua zegoen garai hartan, eta euskal abesti herrikoiak jendartean entzuten ez zirenez, abesti zahar horiek hartu eta jantzi berriekin aurkeztu zituzten, bai eta euskal abestietan politika eta gizarte gaiak sartu ere, euskaldun jendea pizteko, «zegoen egoeratik esnatzeko».
Formaren ikuspegitik, Kataluniako, Frantziako eta Ameriketako hainbat egile abeslari hartu zituzten eredutzat. Edukiaren aldetik, Nova Cançó mugimenduan bezala, gizarte injustiziak salatu eta bertako hizkuntza aldarrikatu zuten, Frankismo garai hartan. Baina, Katalunian ez bezala, Euskal Herrian elebakarra izan zen kantagintza hori (hain zuzen ere, euskaratik datorkio euskal izendapena). Katalunian elebitasunera jo zuen hainbat kantarik (Joan Manuel Serratek, kasu).
XIX. mende bukaeratik zetorren kantagintza tradizionalean, abestaldeen kantu polifonikoa zen nagusi: abesbatzak, zortzikoteak, kantutegi tradizionaleko abestiak, musika klasikoaren ildoari jarraitzen zioten zenbait tenorino eta opera abeslari... Kantagintza Berriak, ideologia berriak sartzeaz gain, kantautorearen irudia ekarriko du agertokira. Taldeetan abesteko ohituraren aurrean, kantautoreak «bakardadearen aroa» hasiko du, JosAnton Artzeren hitzetan; kantautorea bakarrik dago taulen gainean, munduari, bizi dituen arazoen aurrean, askatasun mezu bat kantatzen.
Izen osoa Gillermo Joakin Indalezio zuen. Ama Joakina Ureña Alana zuen, eta aita Jose Maria Bizkarrondo Amunarriz. Amaren aldeko aitona andaluza zuen, Ayamontekoa (Huelva).
Gaztetan eskaileretatik behera erortzeak aurpegia desitxuratuta utzi zion. Hortik zetorkion nonbait Indalezio Moko beste goitizena.
Zorigaiztoa lagun izan zuen bere bizitza osoan Bilintxek. Soka-muturrean behin zezenak adarkatu eta hanketan zauri larriak eragin zizkion; handik aitzina, errenka ibili zen betirako.
Nikolasa Erkizia Makazaga azkoitiarrarekin ezkondu zen Donostian, 1869koapirilaren 5ean. Hiru seme-alaba izan zituzten: Benito (1869, ezkondu aurretik jaioa), Pio Francisco (1871) eta Maria Ana (1874).
Liberala zen Bilintx, eta Donostiako liberalen laugarren batailoian gudukatu zen Hirugarren Gerra Karlistan, karlistek hiria inguratuta zutelarik. 1876ko San Sebastian egunean, karlistek Arratzain menditik botatako granada bat sartu zitzaion leihotik etxera, Antzoki Zaharrean bizi zelarik, bertako zaindari izan baitzen urtetan. Granada lehertu eta zangoak moztu omen zizkion. Sei hilabete luzetan oinaze izugarriak jasanda hil zen, uztailaren 21ean, Hego Euskal Herriko foruak deuseztatu zituzten egun berean.
Artzain nobela batek eta 21 koplek osatzen dute eskuizkribua. Guztira 51 orri dira eskuizkribuan (111.000 karaktere inguru, 52 orrialde estandarren parekoa edo), gehienak euskaraz idatziak (% 88 inguru), eta gainerakoak gaztelaniaz idatziak; baina pleguak ez daude osorik, eta gutxienez beste hamasei orri galdu dira ezagutzen dugun zatian, gehi aurretik izan zitezkeenak, artzain eleberria in media res hasten baita.
Ez dago garbi ea garai hartan idazlana argitaratu zen ala ez. «Pleguetan, txori paperetan, litekeena da[; b]aina koadernoa bera, orain ezagutzen dugun bezala, ez [zen] orduan argitaratzekoa» dio Gidor Bilbaok. «Idazle ona [...] baina badirudi ez zituela bere euskarazko testuak argitaratu» idatzi zuen Henrike Knörrek.