Edukira joan

Arte minoiko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Knossos jauregiaren freskoak.
Zutabe minoikoak gorriz margotzen ziren.

Arte minoikoa edo Kretako artea Kreta uhartean garatu zen Zibilizazio minoikoaren adierazpen artistikoa da. Arte hau K.a. 3. milurtekoa eta K.a. 2. milurtekoa artean garatu zen (bereziki K.a. 2200 urtetik 1500. urtea arte), heleniar aurreko zibilizazioa izanik.[1] Minoiko arte bildumarik handiena Heraklion Arkeologia Museoan dago, Knossosetik gertu, Kretako iparraldeko kostaldean.

Minoiko arteak, kultura materialaren beste aztarna batzuekin, batez ere zeramika estiloen sekuentziarekin, ahalbidetu die arkeologoei zibilizazio minoikoaren hiru fase definitzea:[2]

  • Antzinako Minoikoa: K.a. 3500etatik 2000 urtera.
  • Erdi Minoikoa: K.a. 2000tik 1400 urtera.
  • Azken Minoikoa: K.a. 1400 urtetik K.a. 1000 urtera.

Egurra eta ehunak desagertu zirenetik, minoiar artearen bizirik iraun zuten garrantzitsuenak zeramika dira, hala nola itsasoko motiboak dituzten ontziak, edalontziak edo anforak: arrainak, olagarroak, algak, barraskiloak; arkitektura jauregia bere freskoekin, paisaiak, petroglifoak barne; eta landutako harrizko zigiluak.

Kretako arte moldea da askogatik Egeoko zibilizazioetako aberatsena eta exotikoena. Badu ezaugarri berezi bat Egipto eta Ekialde Hurbilekotik ez ezik, Grezia klasikokotik ere bereizten duena: jarraitasunik eza.

Minosko artearen erakusgarri nagusiak aztertzean ez da haien artean bilakaera prozesurik izan zenik esateko arrazoirik aurkitzen ; hain agertzen eta desagertzen dira erakusgarriok bat-batean ezen uste izatekoa baita kanpoko indar ezezagunen mende egon zela haien patua. Bat-bateko aldaketa bortitzak gertatu ziren (sumendi erupzioek eta arrotzen erasoek eraginak beharbada), eta uharte osoari eragin zioten nonbait.

Nolanahi ere, gertatuak gertatu, Kretako arteak ez du hondamena iragar zezakeen aztarnarik utzi, guztiz arte alaia baita, eta are jostalaria ere, erritmoz eta dinamismoz betea.

Ezagutzen diren artelanak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Arkitektura minoikoa»

Kretan garatutako arkitektura aberatsa izan zen, aristokratikoa, eta baketsua: ez dira harresiak aurkitzen. Hiriak harrizko bideekin lotuta zeuden. Kaleetan estoldak zeuden eta ur-belzak jasotzeko egiturak goi mailako hiritarren inguruetan garatuta zeuden. Hiru egitura mota aipa daitezke: jauregiak, zutabe minoikoak eta hileta artea.

1900tik aurrera arkeologoek Kretan bost aztarnategi aztertu zituzten: el inglés Knossos: Arthur Evansek aztertu zituen, 1900tik aurrera.

Bost aztarnategietan arkeologoen hitzetan «jauregiak» aurkitu zituzten, hau da, egitura konplexuak baina harresirik gabekoak. Egitura horiek patio handiak erakusten dituzte, freskoekin margotutako aretoak, biltegiak, ikaragarrizko eskailerak... Garbi ikusten zen luxuzko eraikinak zirela.

Zutabe minoikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arkitektura honen elementu berezienetariko bat da. Zutabe hau goiko aldean behekoan baino zabalagoa da. Zutabe greziarra, aldiz, beheko erdialdea zabalagoa izaten da. Kretako zutabeak egurrez egiten ziren eta gorriz margotzen ziren. Harrizko euskarri baten gainean jartzen ziren. Zutabea kapitel bereziak osatzen zuen: moldura borobila izan zen, burko baten antzera.

Arte mota hau denborarekin aldatzen joan zen. Lehengo urtetan (K.a. 3000-K.a.2000) lurperatutako gorpuak aurkitu dira. Normalean arkaitzetan zulatutakoak dira. Baita ere zirkulu formako hilobiak aurkitu dira (tholoask), harrizko euskarri batekin eta landareekin estaliak. Ehorztoki horiek kolektiboak izaten ziren. K.a. 2000 urtetik aurrera hilobiak hobetzen dira eta hilobiratze-ostilamenduak landuagoak dira. K.a. 1700tik aurrera ehoztoki-eraikinak aurkitzen dira, benetako tenpluak non kripta kokatzen zen. Kripta horren gainean otoitz egiteko aretoa egiten zen.

"Suge jainkosa", apaizemea erritual bat egiten.

Minosko zibilizazioan ez da erlijio aztarna askorik aurkitu, ez tenplurik ez tamaina handiko estatuarik gurtzeko, eta bestelakorik ere gutxi. Aurkitu direntxoek, gainera, ez dute oso esanahi garbia. Leizeetan-eta egingo zituzten beren erlijio ospakizunak. Adimen ustez, jainkosa bat (edo batzuk, akaso) gurtzen zuten, heste leku batzuetan eta lehenago aurkitutako amatasunaren eta emankortasunaren jainkosen antzekoren bat-edo. Aipagarria da terrakotazko estatua txiki bat (Knossos, K.a. 1600 inguru), hiru suge luze kiribilkaturik dituela besoen, gorputzaren eta buruaren jiran, eta bularrak agerian. Batzuen ustez irudi horrek esanahi garbia izan dezake, antzinako erlijio askotan sugea lurreko jainkoen eta gizonezkoen emankortasunaren irudikapena baita eta bularra, berriz, emakumezkoen emankortasunarena.

Zeramika eta pintura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Knossosen aurkitutako freskoa, zezen-jauziaren erritu edo kirola irudikatzen duena (grezieraz "ταυροκαθάψια"). Azal ilunekoa gizona da eta azal argiko bi irudiak emakumeak.

Lehenengo jauregien garaian (K.a. 2000-1700 inguruan) zeramika mota berezi bat egin zen Kretan, teknikaren bikaintasunarengatik eta apaindura zurrunbilotu dinamikoagatik ezaguna. Apaindurazko pintura horretan, ordea, ez da 1600-1450 bitarteko loraldi arestian aipatu horretan hain pintura lan bikainak egingo zirenik aurreikusten.

Horma irudi haietan Izaditik ateratako pasarteak irudikatzen dira gehienetan : animaliak, hegaztiak, landareak, itsasoko izakiak. Aditu batzuen ustez, Egiptoko pintura moldea gogorarazten dute eta animaliek eta landareek ere arte nilotikoaren eragina nabaritzen da. Izurdeen freskoa da (Knossosko jauregia) horma irudirik ederrenetako bat, zeinetan kretarren artearen gai kutunena azaltzen baita : itsasoa eta itsasoko izakiak. Itsasoko gauzekiko zaletasun hori hain zen handia, non itsasoarekin zerikusirik ez zuten gaietan ere nola edo hala islatzen baitzen, Zezen-jauziaren freskoa deritzon margolan bikainaren irudien mugimenduan (ur gainean jauzi egiten duten izurdeak bailiran), esate baterako. Hori da, hain zuzen, Minosko artearen beste maisulan aipagarrienetako bat, aurkitu den handiena eta dinamikoena. Margolanak zezenaren gainetik jauzi egitearen erritua erakusten du (zezen handi bat erdian eta hiru giza irudi inguruan : aurrean, zezenaren gainetik jauzian eta atzean). Zezena animalia sakratua zen kretarrentzat eta haren gainetik jauzi egiteak esanahi garrantzitsua izango zuen erlijio bizitzan. Aditu batzuen ustez hiru irudi horiek ekintza bat beraren hiru aldi erakusten dute, haina heste batzuen ustez, berriz, artista hura jauziaren mugimenduak zehaztasunez erakusten ez baizik eta mugimendu horren jariakortasuna eta naturaltasuna adierazten saiatu zen.

Olagarroen pitxerra, K.a. 1500

Minosko pintura lana fantasiaren sorkari ezin aberats eta originalagoa izan zen, eta sekulako eragina izan zuen Kretako artean. Zeramika margotuan ere marrazki abstraktuen ordez landareak eta animaliak irudikatzen hasi ziren handik aurrera : arrainak, maskorrak, olagarroak...

Minosko zibilizazioaren zeramika eta pintura lanen artean aipagarriak dira, halaber, Pitxer mokoduna (K.a. 1800, Festo), Olagarroaren ontzia (K.a. 1500, Palaikastro), Segalarien ontzia (K.a. 1550, Hagia Triada), Boxeolarien freskoa (K.a. 1300, Tera), Arrantzaleren freskoa (K.a. 1500, Tera).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Orfebreria
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Zigiluak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sugeen jainkosak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Kretako aztarnategi minoikoak.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Zeramika.