Iskemia
Iskemia | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | gaixotasun baskularra, hemic system symptom (en) , eritasuna deficiency (en) |
Espezialitatea | kirurgia baskularra |
Sortzen du | iragaitzazko amaurosia |
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | eptifibatide (en) |
Identifikatzaileak | |
GNS-10-MK | I24.8 |
MeSH | D007511 |
Disease Ontology ID | DOID:326 |
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Iskemia[1] ehunetara odol etorreraren etetea da, horren ondoriozko oxigeno horniduraren gutxitze eta metabolitoen pilaketarekin batera.
Asaldura morfologiko eta biokimikoak eragiten ditu. Asaldura hauek hasieran itzulgarriak badira ere, denbora igaro ahala itzulezinak bihurtzen dira eta nekrosia ager daiteke. Denbora hau aldagarria da zelula motaren arabera: burmuinetako zelulentzat 3-5 minutu, aldiz, miokardio, giltzurrun eta gibeleko zelulentzat 30 minutu.
Iskemia ez da hipoxiarekin nahastu behar. Azken honetan ere oxigeno horniduraren gutxitzea dagoen arren, ez baita metabolito pilaketarik ematen eta horregatik, beti da itzulgarria.
Etiologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iskemia gorputzeko atal batzuetako odol fluxu desegokia bezala ere deskriba daiteke, odol hodien uzkurketa edo blokeoaren ondorioz. Honen arrazoiak hainbat izan daitezke:
- Hipoglizemia
- Takikardia
- Ateroesklerosia
- Hipotentsioa
- Tronboenbolismoa
- Odol hodi baten konpresioa kanpo aldetik, esaterako tumore batek eragina
- Enbolia
- Zelula faltziformeen gaixotasuna
- Hotza
Sintomak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iskemiaren sintomak bi taldetan bana daitezke:
Alde batetik, kaltetutako organoarekin erlazionatutakoak daude. Kasu honetan ehun bakoitzaren funtzioaren asaldura emango da. Hanketako iskemian esaterako "klaudikazio intermitentea" agertuko da, miokardioko iskemiak bularreko angina sortuko du...
Beste batetik, iskemia guztietan agertzen diren sintomak daude Hauetan aipagarriena oinazea da. Oinaze hau areagotu egingo da ehunaren oxigeno beharrak handitzen diren heinean. Ariketa fisikoarekin ere areagotu egingo da. Hala ere, zenbait kasuetan ez da oinazerik agertzen eta hau iskemia isila bezala ezagutzen da. Kalteturiko zonaldean zurbiltasuna eta hotza ere agertuko dira.
Lesioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lesio itzulgarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oxigenoaren gabeziak denbora gutxi irauten duenean, lesioak itzulgarriak izango dira.
Oxigeno gabezia dela eta, metabolismoak glikolisi anaerobiorarako joera izango du eta honen ondorioz, alde batetik ATP eskuraketa gutxituko da eta bestalde, azido laktikoaren kontzentrazioa gehituko da zelula barneko azidosia agertuz.
Beraz, zelula barnean pH baxua egongo da. Honen eraginak kromatinaren uzkurdura, erribosomen banantzea (proteinen sintesia kaltetuz) eta Na/k ponparen inhibizioa izango dira. Ponparen jarduera etetea dela eta, sodioa zelula barnean metatzen joango da, likido euspena areagotuz eta edema sortuz.
Odol fluxua denbora egokian lehengoratuz gero, dena normaltasunera itzuliko da lesioak itzuliz.
Lesio itzulezinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iskemiaren baldintzak mantenduz gero aldiz, lesioak itzulezinak izango dira.
Zelula barneko pH balio baxuek lisosomen deuseztatzea eragingo dute bere barneko entzimak zitoplasman aske geratuz. Zelula mintzaren asaldura emango da deuseztatzera iritsiz. Mintz honen osagaiak diren fosfolipidoen degradazioa ere emango da mintzaren erregulazio gaitasuna galduz.
Kaltzioa ere gehituta agertuko da zelula barnean. Gehikuntza hau kaltegarria da, erradikal askeen ekoizpena bultzatuko baitu. Hauek kimikoki oso aktiboak eta elektroiak zenbaki bakoitian dituzten oxigeno molekulak dira, zelula mintz, erretikulu sarkoplasmiko eta mitokondrioen deuseztatzean laguntzen dutenak.
Substantzien pilaketa honek desantolaketa tisularra eragiten du eta zelulen eztanda gertatzen da, nekrosi zelularra eraginez.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ {Euskalterm: [Kardiologia Hiztegia] [2015]