Barduliar
Mota | talde etniko historiko |
---|---|
Eponimoa | Bardulia |
Geografia | |
Jatorria | Gipuzkoa, Araba eta Nafarroa Garaia |
Hedapen mapa | |
Barduliarrak[1] (latinez: varduli) (antzinako grekoaz: Ba′ ρδυ‑[(η′τ)‑αι] edo Ba′ ρδυ‑[(ι′τ)‑αι], bardietak edo barduetak)[2] antzinako erromatarrek Hispania lurraldearen iparraldean kokatu zuten jende bat da, baskoien mendebaldean eta karistiarren eta Deba ibaiaren ekialdean[3].
Haien berri ematen dutenak erromatarrak dira, hau da, erromatar konkista aurreko garaiari buruzko informazio idatzia ez daukagu.
Identitate etnikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Adituen artean, zalantzazkoa da baskoiekin lotura zuen akitaniar herria[4], edo kantabri eta zeltiberiar herriekin lotura zuen herri zeltikoa edo indoeuroparra izan zen ala ez[5]. Eztabaida hori baskonizazio berantiarraren teoriari lotuta dago.
Iturriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Barduliarren inguruko informazioa, eta oro har, Euskal Herriko Antzinaroko populuei buruzko informazioa nahiko urria da eta batzuetan, kontraesanak agertzen dira[6]. Idazle klasikoen artean, Plinio Zaharrak, Estrabonek, Ptolomeok, Pomponio Melak eta Lucio Anneo Florok aipatzen dituzte barduliarrak, beti ere esaldi gutxi batzuetan. Estrabonek aipatzen ditu estreinakoz barduliarrak, Augustoren garaian[7].
Aurkikuntza epigrafikoek aukera eman duten onomastika (pertsona izenak), teonimia (jainko-jainkosen izenak) eta ikonografia ereduak aztertzeko. Ikonografian eta onomastikan oinarritu dira, hain zuzen ere historialariek, Nafarroako barduliar eremua identifikatzeko. Azkenik, indusketa arkeologikoak ez dira oso zabalak izan barduliarren lurraldean Antzinaroari dagokionean[6].
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Idazle erromatar eta helenistikoek konkistatzen zituzten herriak izendatzeko, etnonimoak erabiltzen zituzten, hau da, leinu edo nazioa —ez herrialdea bera— osatzen zuen jende multzoa zerabilten: hau da, Erdi Aroa arte ez zen "Vardulia"rik izan; beraz, Antzin Aroan, Vardulii ez dira Varduliako bizilagunak (barduliarrak), kultura edota egitura politikoa partekatzen duen jendea baizik (Ijitoak edo juduak esatea bezala, edo gaur egun Ameriketako jatorrizko herriak izendatzeko erabiltzen ditugun izenen antzekoak: apatxeak (eta ez apatxiarrak), navajoak, etab.).
Ez da ziur ezagutzen hitz horren jatorria edota esanahia, baina -bard erroa proposatu da ("muga" esan nahi du), batzuen ustez indoeuroperazkoa beste batzuen iritziz, aurreindoeuroperazkoa[8]. Hector Iglesiasek, ordea, uste du varduli forma grezierako bardieta baina zaharragoa dela eta erroaren ahoskera /ward/ eta esanahia egungo euskal mardul hitzean bila daitekeela, edo antzeko erroa duten eta beste lurraldetan agertzen diren hitzetan[2].
Varduli etnominoa gero Goi Erdi Aroan Gaztela Zaharraren sehaska izan zen Bardulia izeneko eremuan agertuko da. Julio Caro Barojak, hori ikusita, esan zuen Vardulii izenak ez zuela euskal jatorririk[9].
Eremuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egungo ia Gipuzkoa osoan (ipar-ekialde baskoia eta mendebal karistiarra izan ezik), Araba ekialdean eta ikerlari batzuen esanetan, Nafarroa mendebaldea ere (Burunda Etxarri Aranaz arte, Lana ibarra, Ega ibaiaren goi ibarra[6] bizi izan ziren barduliarrak. Deba ibaiak mugatzen zituen, mendebalean, karistiarrengandik. Egungo Trebiñu konderriko lur barduliarrek egiten zuten muga hegoaldean (Errioxan) bizi ziren beroiar zelten lurraldeekin, eta Oiartzun ibaiaren bokaletik hegoalderako mendizerrak mugatzen zituen barduliarren eta baskoien lurraldeak. Tito Livio, Estrabon, Ptolomeo, Ponponio Mela eta Plinio geografo eta historialari erromatarrek aipatu zituzten barduliarrak, antz handiko izen desberdinez. Kasu batzuetan, karistiar nahiz autrigoiarrei zegozkien lurraldeetako biztanleak bailiran aipatu izan zituzten.
Hiriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egungo Gipuzkoako barduliar hirien aipamenik ia bat ere ez da jaso (Menosca izenekoa, Deba eta Oiasso arteko erdibidean; eta Morogi, egungo Astigarraga inguruan); badirudi ugariago zirela Araba aldeko barduliar hiriguneak, baita Goi Erdi Aroan ere: Gabalaeca (Galarreta?), Gebala (Gebara), Tullonium (Dulantzi), Alba (Albeiza). Gipuzkoako Oiasso erromatar hirigunea baskoi lurraldean zegoen (egungo Irunen). Deba ibaiaren bokaleko Tritium Tuboricum hiriari buruzko aipamenak ere badira (Mela, Ptolomeo).
Hizkuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beharbada aitzineuskaraz hitz egiten zuten, baina orduko dokumentuetan ageri diren biztanlegune gutxien izenek ez dute euskararen antz handirik eta horrenbestez indoeuropar herri bat zirela aldeztu dute zenbait historialarik eta hizkuntzalarik. Haien iritzira, barduliarrak, karistiarrak eta autrigoiak ez ziren euskaldunak, eta baskoiak ziren gaur egun Hego Euskal Herria den eremu horretan garai hartan bizi zen euskal tribu bakarra. Erromatarren aurreko garaiez eginiko ikerketek adierazten dute, ordea, pareko kultura oinarriak zituztela egungo euskal herrialde guztietan. Toponimiak, bestalde, euskararen nagusitasuna adierazten du, barduliarren lurraldeetan; zelta jatorria dutenak eta (geroago) erromatar jatorria dutenak han-hemenka barreiaturik ageri dira. Bestalde, erromatar historialariek diote leinu horiek guztiek eta kantabriar nahiz asturiar indoeuropar herriek ez zituztela, oro har, ezaugarri berak.
Mapari begiratuta, barduliarren lurralde mugak eta gipuzkerarenak mendebaldean eta ekialdean bateratsu datozela ikusirik, euskalki horren jatorria barduliarren artean jarri zuten zenbait adituk behinola, baina gaur egungo datuek diote gipuzkera askoz geroago sortu zela, X. mendearen inguruan.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromatarren garaietako lehen aipamena Estrabonek egin zuen K.o. I. mendean[10]: Bardyetai izena eman zien eta kantabriarren eta baskoi artean bizi zirela idatzi zuen; Ponponio Melak, Klaudio enperadorearen agintaldian (K.o. 41- 54) idatzitako De Chorographia-n kantabriarren eta Pirinioen artean kokatu zituen. Plinio Zaharrak, pixka bat aurretik idatzitako baina K.o. 77. urtetik aurrera argitaratutako Naturalis Historian, barduliarren hiriak aipatu zituen eta barduliar hiritzat aipatzen du Flaviobriga, egungo Castro Urdiales. [11] K.o. II. mendean, Plutarkok aipatzen du K.a. 114. urtean C. Mario kontsularen guardia pertsonaleko soldaduak, βαρδυαιοι (BARDYAIOI), agian Estrabonen Bardyetai, zirela.[12] Klaudio Ptolomeok, II. mendekoa ere bai, barduliarren lurraldea karistiarren eta baskoien artean kokatu zuen. II. mendekoa da halaber, Hadriano edo Antonino Pio enperadoreen garian C. Mocconius Verusek egin zuen baskoien eta barduliarren hirien errolda, inskripzio batean jaso zena; Erroman aurkitutako CIL, VI, 1643. [13] II. mendean, aurretik aipatuta agertu ziren hiriak, Antoninoren Ibilbidean agertzen dira, eta bertan, hirien arteko distantziak ematen direnez, hien gora beherako kokapena aurkitzeko erabili izan dute ikerlariek.[10]
Barduliarrek erromatarrekin izan zituzten lehen harremanak, Plutarkoren G. Marioren barduliar goardia pertsonalari buruzko pasartea onartzen badugu, K.a. 134-133 eta K.a. 114 urteen artekoak izan ziren. Argiago ikusten dira Zesarzaleen eta Ponpeiozaleen arteko gerra zibilean. Julio Zesarren pasarte bat dugu, K.a. 49. urtekoa, non esaten duen L. Afraniok, Ponpeioren legatuak, zaldun-tropak eta laguntza exijitu ziela Zeltiberiarrei, Kantabriarrei eta "itsasertzeko barbaroei".[10]
Erromatarren konkista eta antolaketa administratiboaren ondorioz, barduliarrak komentu juridiko zesaraugustoarrean ala kluniarraren barruan sartu ziren eztabaidagai da[14].
Esan bezala, K. a. 114an, Gaio Mariok barduliar guardia pertsonal zuen, Erroman Barduaioí esklabo izendatua. Oso gorrotatuak izan ziren eta beldur handia zabaldu zuten beren ekintzekin, Marioren aginduak betez, jeneralaren etsai politiko asko hil zituztelako[2].
Ponponio Melak hala esana, barduliarrak Pirinioen aldean zeuden lurraldetan bizi ziren eta herri batua osatzen zuten. Kantabriarren porrotak ez zuen barduliarren artean eraginik izan, gerretan parte hartu ez zutelako. Britanian bazeuden barduliar kohorteak. Cohors Primae Fida Vardullorum civium Romanorum equitata milliaria Ingalaterra iparraldeko zenbait gotorlekutan egon zen. Datarik gabeko inskripzioak daude Corbridgen (Corstopitum), Northumberlanden, Stanegateko (Stanegate ekialdetik mendebaldera eraikitako erromatar galtzada izan zen, Hadrianoren harresiko zati batean) muga zaharrean, baita Adrianoren harresiko 19. astellum miliarium-en (gotorleku txiki bat), eta Cappucken, Eskoziako mugako eskualdean, "Dere Street"-en (gaur egun erromatar galtzada bati ematen dioten izena da Dare Street: galtzada horrek Eboracumetik (York) iparraldera zeraman). Badirudi Antoninoren Harresiko kanpamendu Castlecaryn kokatu ditzakegula K.a. 138-61 urte inguruan. Lanchesterren (Longovicium), Durham konderrian, K.o. 175-8 urte inguruan egon ziren, eta Northumberland-eko High Rochesterren (Dere Street galtzadan), K.o. 216. urte inguruan[15]. Hadrianoren Harresiaren 19. gotorlekuan kohorte horrek egindako aldare bat dago, Matres ama jainkosei eskainia. Barduliarren Lehenengo Kohorte hura Antoninoren Harresian, Durhamgo Longovicium, Northumberlandeko Bremenium eta Corbridge (Corstopitum) gotorlekuetan eta Cappuckeko Dere kalean zeuden idazkunetan ere ageri da[16].
Barduliarren azken aipamena Hidaziok egin zuen. Apezpikuak pirata heruloen erasoak aipatu zituen, 400. eta, berriro, 456. urteetan.
« | Ad sedes propias redeuntes, Cantabriarum et Vardaliarum loca maritima crudelissime deproedatio sunt. | » |
Fontes Hispaniae Antiquae, IX, p. 74 |
Hau da, kantabriarrak eta barduliarrak aipatzen ditu, baina ez karistiarrak edo autrigoiak.
Aditu batzuen ustez, karistiar, autrigoi eta barduliarren arteko harreman etniko, politiko eta linguistikoek herrien batasuna bultzatu eta Bardulia sortu zuen.[17]
Bisigodoen garaien eta ondoren, barduliarrak eskuarki baskoi (vascones) izendatu zituzten.
Gipuzkoako armarriak honako legenda du: Fidelissima Bardulia, Nunquam Superata[18], hau da, "Bardulia leialena, inoiz ez garaitua".
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014-4-6 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2015-1-30). 174. araua: Antzinateko herriak. Ekialdeko eta Europako herriak. , 3 or..
- ↑ a b c (Frantsesez) Iglesias, Hector. (2008). «Les Vardules: exposé historique et linguistique concernant les “Guipuzcoans” de l’Antiquité et quelques autres peuples de l’Hispania et de l’Aquitania de l’époque romaine» Revista Portuguesa de Arqueologia (Instituto Português de Arqueologia) 2 (11).
- ↑ Van Nostrand, John James Jr. (1916). «The reorganization of Spain by Augustus» University of California Publications in History (4): 122ff..
- ↑ (Gaztelaniaz) Gurrutxaga, Ildefonso. «Localización de algunas ciudades várdulas citadas por Mela y Ptolomeo» VIIème Congrès d’Etudes Basques = Eusko Ikaskuntzaren VII. Kongresua = VII Congreso de Estudios Vascos (7. 1948. Biarritz). – Donostia : Eusko Ikaskuntza, 2003. – P. 217-221. – ISBN: 84-8419-931-2.
- ↑ (Gaztelaniaz) Urteaga, Mercedes. El puerto romano de Irun. .
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Emborujo Salgado, Amalia. (1987). «El límite entre várdulos y vascones: una cuestión abierta» Príncipe de Viana. Anejo (7): 379–394. ISSN 1137-7054. (Noiz kontsultatua: 2023-07-08).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Autrigones, caristios, várdulos y berones. Contribuciones historiográficas (1983-2003) relativas a su evolución en época prerromana y romana» Vasconia. Cuadernos de Historia-Geografía 34: 47-88..
- ↑ «VARDULIA - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-11-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) Caro Baroja, Julio. (1976). Los pueblos de España. .
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Solana Sainz, Jose Maria. (2003). «Várdulos» Hispania Antiqua 27: 43-79. ISSN 2530-6464, ISSN 1130-0515 ISSN-e 2530-6464, ISSN 1130-0515..
- ↑ In Cluniensem conventum Varduli ducunt populos xiiii (Plinio iii.26); A Pyranaeo per oceanum Vasconum saltus, Olarso, Vardulorum oppida.... iv.110.
- ↑ (Gaztelaniaz) Puyada, Iñaki Navascués. (2023-12-17). «Cayo Mario y Los Bardei» Boletín de la Real Sociedad Bascongada de Amigos del País 79 ISSN 0211-111X. (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
- ↑ «EDR - Epigraphic Database Roma» www.edr-edr.it (Noiz kontsultatua: 2024-10-27).
- ↑ (Gaztelaniaz) Beltrán Lloris, Francisco; Velaza, Javier. (2013). «El límite occidental del convento jurídico cesaraugustano» Cuadernos de Arqueología. Universidad de Navarra (Universidad de Navarra) (21): 51 – 71..
- ↑ (Ingelesez) «Cohors Primae Fida Vardullorum civium Romanorum equitata milliaria» Roman Britain (Noiz kontsultatua: 2024-05-29).
- ↑ Roman Britain Organisation. BREMENIVM Roman Fort & Marching Camps. .
- ↑ Gurrutxaga, Ildefonso. Localización de algunas ciudades várdulas citadas por Mela y Ptolomeo. .[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Gipuzkoako Batzar Nagusiak - Armarria eta bandera
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Barduliar |
- Barduloei buruzko bibliografia: Euskararen Historia Soziala. Euskaltzaindia