Nortasun (filosofia)
- Artikulu hau izate baten ezaugarrieri buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Nortasun».
Filosofian, nortasuna edo identitatea entitate edo izate batek bere buruarekin duen erlazioa da. Nortasunaren nozioak hainbat arazo filosofiko ditu, esaterako berdinak diren bi entitateren nortasuna (biek propietate berak badituzte, entitate bera dira?) edo denboran zehar gertatzen diren aldaketen ondorioak (une jakin batean pertsona bat dena, beste une batean pertsona bera izaten jarraitzen du?).
Nortasunaren kontzeptu filosofikoa eta kontzeptu psikologikoa edo soziala bereizi behar dira. Filosofiaren ikuspuntuak erlazioa hartzen du kontuan, hau da, x nortasun bat eta y nortasun bat gauza bera diren, edo bi nortasun berdin diren. Ikuspuntu soziologikotik, berriz, pertsonek beren buruaz duten ikusmoldea, sozialki nola aurkezten duten haien buruak, eta oro har, pertsona bakoitza bakar (edo gainerakoetatik kualitatiboki desberdin) egiten duten aspektuak hartzen dira kontuan. Horrela, nortasun kulturala, genero nortasuna, nortasun nazionala, lineako nortasuna, etab. bereiz daitezke.
Identitatea, gainera, pertsona batek beregain duen kontzientzia ere bada, zeinak, besteengandik desberdin bihurtzen duen. Nahiz eta identitatea osatzen duten ezaugarri asko hereditarioak edota berezkoak izan, inguruak ere eragin handia izan ohi du subjektu bakoitzaren nortasuna garatzean; arrazoi honengatik esan daiteke baliagarriak direla “nire identitate propioa bilatzen ari naiz” bezalako espresioak. Zentzu honetan, propioa den zerbaitekin lotzen da identitatearen ideia, barneko errealitate bat izango balitz moduan, zeina, berez pertsonarekin erlaziorik ez duten jarrera edota jokabide batzuen ondorioz estalia izan daitekeen: “Nire identitatea galdu nuela sentitu nuen; gustatzen ez zitzaizkidan eta nirekin bat ez zentozen lanbideak onartzen hasi nintzen”.
Erlijio edo politikarekin nahastean kontrobersia sustatzen duten kontzeptu multzoaren barnean kokatzen da identitatea. Izan ere, bi modu oso definitu eta aurkako esanahia dutenetan ulertu daitezke, bata askatasunarekin eta autentikotasunarekin erlazionatuta, eta bestea, nagusiek determinatutako rol sozialaren ezartzearekin erlazionatuta. Lehenengoak, aurreko paragrafoetan aipatzen den bilaketa horrekin du zerikusia, eta identitatea eratu, moldatu eta aberasten denaren ideia du oinarri lez.