Nikos Kazantzakis
Nikos Kazantzakis | |||
---|---|---|---|
1945eko azaroaren 26a - 1946ko urtarrilaren 11 | |||
Bizitza | |||
Jaiotzako izen-deiturak | Νίκος Καζαντζάκης | ||
Jaiotza | Heraklion, 1883ko otsailaren 18a | ||
Herrialdea | Grezia | ||
Lehen hizkuntza | greziera | ||
Heriotza | Friburgo, 1957ko urriaren 26a (74 urte) | ||
Hobiratze lekua | Heraklion | ||
Heriotza modua | berezko heriotza: leuzemia | ||
Familia | |||
Ezkontidea(k) | Galateia Kazantzakē (en) (1911 - 1926) Heleni Kazantzaki (en) (1945 - 1957) | ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | National and Kapodistrian University of Athens (en) doktoretza : zuzenbide (jakintza) Ursulines School of Naxos (en) | ||
Hizkuntzak | greziera | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | gidoilaria, kazetaria, poeta, itzultzailea, eleberrigilea, filosofoa, antzerkigilea, idazlea, politikaria eta prosalaria | ||
Lan nabarmenak | |||
Jasotako sariak | ikusi
| ||
kazantzakis-museum.gr | |||
| |||
Nikos Kazantzakis (Heraklion, Kreta, 1883ko martxoaren 2agreg./otsailaren 18ajul. - Friburgo, 1957ko urriaren 26a) greziar filosofo eta idazlea izan zen, XX. mendeko garrantzitsuenetakoa. Genero ugari landu zituen: filosofia, saiakera, bidaia liburuak, tragediak, nobelak... Odissa, poema epikoa, Michalis Kapitaina, Kristoren azken tentaldia eta Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak dira haren lanik ezagunenak.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nikos Kazantzakis XIX. mendearen amaieran jaio zen, 1885ean, Kretan, uhartea Otomandar Inperioaren mende zegoenean, eta 1902an Atenasera egin zuen. Greziako hiriburuan Zuzenbide ikasketak egin zituen, eta handik Parisera egin zuen jauzi, Filosofia ikasteko asmoz. Greziara itzulita, Angelos Sikelianos poeta eta antzerkigilea ezagutu, eta bi urtez Greziako kulturan murgildu zen. Sikelianos abertzale sutsua zen, eta bere herrialdearekiko maitasuna transmititu zion urte haietan Kazantzakasi; honek beti gorde zuen sentimentu hura.[1]
Abertzalea zen Kazantzakis, baina baita internazionalista ere. Munduan gertatzen zirenek kezkatzen zuten eta, ondorioz, 1922. eta 1924. urteen artean Berlinen zela, komunismoa ezagutu eta Leninen jarraitzaile bilakatu zen. Pantelis Prevelakis greziar idazlearen iritziz, hain zuzen ere, "Leninek irabazi zuen komunismorako; ez Marxek". Alabaina, Sobietar Batasunaren garapena kezkaz ikusi zuen, eta berehala oso kritiko agertu zen Stalin boterera iritsi osteko sozialismo erreala-rekin.[1]
Nolanahi ere, politikak beti izan zuen lekua bere pentsamenduan, eta baita jardueran ere. Lehen Mundu Gerran, Greziako Gizarte Gaietarako Ministerioko zuzendari nagusi izan zen eta, kargu horrek ematen zizkion baliabideekin, Kaukasian jazarriak izaten ari ziren 150.000 greziar aberriratu zituen. Gerora, 1945ean, ezkerreko alderdi bateko buru bilakatu zen, eta Greziako Gobernuan sartu.[1]
1956an boto bakar batek urrundu zuen Literaturako Nobel saria jasotzetik; urte hartan Juan Ramón Jiménez espainiar poetari eman zion Suediako akademiak sari preziatua. Urtebete geroago zendu zen, Friburgon.[1]
Lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kazantzakisen obra oso zabala da; genero guztiak landu zituen: filosofia-saiakera, bidaia-liburuak, tragediak. Obra klasikoen eta eleberrien grekorako itzulpenak ere egin zituen. Obra nagusiak hauek dira:
- Odissa (1938, grezieraz: Οδύσσεια, "Odisea"), 33.333 bertsotako poema epikoa.
- Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak (1946, grezieraz: Βίος και Πολιτεία του Αλέξη Ζορμπά, Víos kai Politeía tou Aléxē Zorbá)[2]
- O Kapetán Mikhális (1947, grezieraz: Ο Καπετάν Μιχάλης, "Michalis Kapitaina")
- O Teleftéos Pirasmós (1955, grezieraz: Ο Τελευταίος Πειρασμός, "Kristoren azken tentaldia").
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c d e Lizarralde, Mikel. Pasioa versus arrazoia. Berria, 2017ko urriak 29, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-26).
- ↑ Sampedro, Aiora. Sirena kantuak Kretan. Berria, 2017ko urriak 22, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-26).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Euskarari ekarriak: Nikos Kazantzakis, ekarriak.armiarma.eus