Henry Martin Ford (Wayne konderria, Michigan, 1863ko uztailaren 30a - Dearborn, Michigan, 1947ko apirilaren 7a) Ford Motor Companyren fundatzailea izan zen eta bera izan zen masako produkzioarako ekoizpen katea modernoak erabili zituen lehena.

Henry Ford

2. CEO of Ford Motor Company (en) Itzuli

1906 - 1945
John S. Gray (en) Itzuli - Henry Ford II

Ford Motor Company (mul) Itzuli fundatzaile

1903 -
Bizitza
JaiotzaSpringwells Township (en) Itzuli1863ko uztailaren 30a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
BizilekuaHenry Ford Square House (en) Itzuli
Lehen hizkuntzaingelesa
HeriotzaDearborn1947ko apirilaren 7a (83 urte)
Hobiratze lekuaFord Cemetery (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: garuneko odoljarioa
Familia
AitaWilliam Ford
AmaMary Litogot O'Hern
Ezkontidea(k)Clara Jane Ford  (1888 -
Seme-alabak
LeinuaFord family tree (en) Itzuli
Hezkuntza
HeziketaDetroit Business Institute (en) Itzuli : Kontabilitate
Bryant & Stratton College (en) Itzuli
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakekintzailea, asmatzailea, idazlea, politikaria, automobil-pilotua, kazetaria, industrialaria eta Handikia
Lateralitateaezkerra
Jasotako sariak
KidetzaSAE International (en) Itzuli

Find a Grave: 352 Edit the value on Wikidata

Ford T auto merkatuan sartu zenean, AEBetako garraioa eta industriaren iraultza izan zen. Asmatzaile emankorra, 161 patente erregistratu zituen bere herrialdean eta munduko ezagun eta aberatsenetakoa bilakatu zen.

Berari esleitzen zaio fordismoa, 30eko hamarkadan garatu zen sistema eta, kateko produkzioa erabiliz, kostu apaleko auto kopuru izugarria ekoiztera eraman zuena. Sistema honekin, makinaria espezializatua erabili behar zen eta ondo irabazten zuten langile kopuru ugariak osatzen zuen plantilla.

Forden heziketa ez zen horrenbesterakoa izan, baina ikuspegi orokorra zuen eta kontsumismoa ezinbestekoa ikusten zuen bakerako. Konpromiso handia hartu zuen kostuak murrizteko eta asmakizun tekniko asko aplikatu zituen bere negozioan; horrela, frankizia sistema bat osatu zuen, AEB, Kanada eta beste kontinenteetako hiri nagusietan filialak ezarriz.

Forden aberastasunaren zati handi bat Ford Fundaziora joan zen, baina konpainiaren kontrola beti haren familiak eraman zuen.

Biografia

aldatu
 
Ford, 1888an
 
Burroughs, Edison eta Ford
 
Henryren emaztea, Clara Bryant


Henry Ford Detroit mendebaldeko etxalde batean jaio zen, Dearborn-en, Michigan. Haren gurasoak Willian Ford (1826-1905) eta Mary Litogot (1839-1876) ziren. Jatorri ingelesekoak ziren, baina Irlandan bizi izandakoak, Cork konderrian. Hainbat senide izan zituen: Margaret (1867-1868), Jane (1868-1945), Willian (1871-1917) eta Robert (1873-1934).

1873ko udan, Henryk nekazari lanetarako erabil zitekeen lurrun makina ikusi zuen lehen aldiz. Fred Reden langileak gurpil batzuen gainean jarrita eta katea bidez konektatuta zeukan. Henry txundituta geratu zen tresna harekin eta hurrengo urtean Redenek berak erakutsi zion motorra piztu eta maneiatzen.[1]

Henryk etxeraino eraman zuen motoreekiko zuen grina. Nerabezaroan, aitak erloju bat eman zion eta, 15 urterekin, erloju konpontzaile kontsideratzen zuten ingurukoek, behin eta berriro berea eta bere lagunenak desmontatu eta berriz osatzen baitzituen.

1876an, ama hil zitzaion. Kolpe latza izan zen harentzat eta asko aldaktu zen handik aurrera. Aita Henryk etxaldeko lanaren ardura hartu behar zuelakoan zegoen, baina semeak lan hari gorroto zion. Ama etxean geratzeko arrazoia zenez, jadanik ez zitzaion horretarako loturarik geratzen.

1879an, Detroitera joan zen, makinista lana ikasteko asmoz; aurrena, James F. Flower & Brosen aritu zen eta Detroit Dry Dock Co. enpresan gero.

1882an, Dearbornera itzuli eta Westinghouse lurrun makina portatilaren ardura hartu zuen. Hantxe lortutako trebeziak Westinghouse konpainiarekin kontratua lortzen lagunduko zion eta haien lurrun makinak zaindu zituen.

1888an, Clara Bryantekin ezkondu zen eta seme bakarra izan zuten: Edsel Bryant Ford (1893-1943). Tarte horretan, haren lanbideak etxaldea eta zerrategia izan ziren.

1891n, Fordek ingeniari postua lortu zuen Edisonen konpainian eta, 1893an, postu hoberenetara iritsi zen. Horrek gasolina motorrekin egiten ari zen esperimentutarako denbora eta diru nahikoa eman zion eta, 1896ko ekainaren 4an, quadricyclea asmatuta zeukan, jada.

Detroit Automobile Company eta Henry Ford Company

aldatu

Horrelaxe iritsi zen, 1899an, Ford Edison Illuminatingera eta, beste inbertsore batzuekin batera, Detroit Automobile Company sortu zuten. Berehala egin zuen kilimon, ordea, Ford, autoak saltzeari arreta jarri beharrean, prototipoak hobetzen saiatu zelako. Lasterketak antolatzen zituen bere diseinuaren hobariak azaltzeko eta, azkenean, Henry Ford Company jaio zen. 1901eko urriaren 10ean, Alexander Wintoni irabazi zion Henryk berak.

1902an, Fordek bere lasterketa autoan segitzen zuen lanean eta inbertsoreak alboratuta zituen erabat. Saltzeko balio zuen modelo bat nahi zuten haiek eta Henry M. Leland ekarri zuten horretarako. Fordek muzin egin zion erabaki horri eta sekula ez zuela inorentzako lanik egin nahi erabaki zuen. Konpainia berriaren izena Cadillac izan zen.

Ford Motor Company

aldatu
 
Henry Ford eta Barney Oldfield, Old 999 modelorarekin, 1902an
 
Ford eta emaztea Ford Quadricyclean, 1922an

Henry Fordek arrakasta izan zuen 1903ko ekainaren 16an hasi zuen bere hirugarren enpresan. Berak eta beste 11 inbertsorek Ford Motor Company sortu zuten 28.000 dolarreko hasierako kapitalarekin. Diseinu berriko auto batean, Fordek erakustaldia antolatu zuen eta bere kotxeak milia bat egin zuen 39,4 segundoan, St. Clair laku izoztuaren gainean; abiadura errekorrak hautsi zituen horrela. Arrakasta horrek Barney Oldfield pilotuaren arreta piztu zuen eta, Ford 999 deitu zioten modelo harekin, AEB osoetan ibili zen Ford marka ezagutzera emanez. Indianapolisko 500 miliak sustatuko zituenetako lehenengotakoa izango zen Ford.

1914an, Fordek mundua txunditu zuen bere langileei eguneko 5 dolar ordainduz, langile gehienek erdia irabazten zuten garaian. Taktika arrakastatsua izan zen hura, Detroiteko mekanikari hoberenak Ford enpresara joan baitziren lanera, giza kapitalak eta esperientziak ekoizpena emendatu eta formazio kostuak murriztu zituen. Fordek soldataren motibazioa deitu zion horri. Lantegi erraldoi hari antolaketa bertikala eman zion eta hori erabakiorra izango zen lehengaiak sartu eta bukatutako autoak ateratzen ziren faktoria hartan.

T modeloa

aldatu
 
Ford T modeloa 1913an
 
Ford T modeloaren ekoizpena, 1913an
 
Ford T

1908ko urriaren 1ean, azaldu zen merkatuan Ford T modeloa. Berrikuntza ugari zekarren: bolantea ezkerrean -beste konpainiek berehala kopiatuko zuten hori-, motorra eta transmisioa itxita eta lau zilindroak bloke sendo batean enkajatuta, 2 malguki erdi eliptikoek gauzatutako suspentsioa... Gidatzeko erraza eta, garrantzitsuena, oso merkea eta konpontzeko erraza zen. 1908an, 825 dolar estatubatuar kostatzen zen eta, urtetik urtera, prezioa jaistsi egiten zen; hain merkea izanik, 1920rako, gidari gehienek Ford T batean ikasiak ziren gidatzen.

Proiektu honek auto arrunt eta merkeak ekoiztea nahi zuen, erdi mailako familia estatubatuarrak kontsumi zezakeenak, alegia. Ordura arte, oso jende gutxik lor zezakeen autoa, luxuzko gaia baitzen, baina Fordek jarriko zuen erdi mailaren eskura, horrela masa kontsumoa bultzatuz.

Publizitatea ere gauza garrantzitsua zen eta Fordek Detroit bete zuen, egunkari guztientan produktu berriaren istorioak eta iragarkiak agertzen zirelarik. Hiri gehienetan filialak jarri zituenez, AEBetako hiri orok eskaintzen zuen autoa lortzeko aukera. Bestalde, filial hauen jabeak aberasten joan ziren eta automobilismoaren publizitatea zabaltzen joan zen, gidariei hiritik at irteten laguntzeko klubak sortuz. Etxaldetako jabeek ez zuten asmakizun hutsa ikusten autoan, bere lanerako tresna baizik eta hori pozgarria zen Fordentzat.

Salmentek gorakada izugarria izan zuten eta urtero hausten ziren aurreko urteko errekorrak. 1914an, 250.000 auto baino gehiago saldu zuten.

Bestalde, Ford beti ibili zen kostu murrizketa eta efikaziaren bila eta, 1913an, mihiztatze higikor zintak sartu zituen bere plantan, ekoizpenaren emendatze ikaragarria ahalbidetuz. Detroiteko hiltegietako lan sisteman oinarritu zen eta muntaia katea instalatzea zen egin behar zen bakarra; transmisio uhalek eta labaindera gidariek autoaren txasisa automatikoki desplazatzen joaten ziren operarioek lan egiteko, kotxea erabat bukatuta geratu arte. Aspalditik arma eta erloju fabriketan erabiltzen ari ziren pieza aldagarrien sistemak ekoizpena merketzen zuen eta estandarizazioan konponketak erraztu.

Fordi esleitzen zaio ideia hau, baina badirudi bere langileak izan zirela, lehenengo asmatu zutenak: Clarence Avery, Peter E. Martin, Charles E. Sorensen eta C. H. Wills. 1916rako, oinarrizko autoaren prezioa 360 dolarretara erorita zegoen eta salmentak 472.000ra iritsi ziren.

1918rako, AEBetako autoen erdiak Ford T modelokoak ziren. Beltzak ziren, kolore hori azkarrago sekatzen baitzen, baina, gerora, beste kolore batzuk ere egin zituzten. 1927 arte jarraitu zuten modeloa ekoizten eta 15.007.034 ale egin ziren.

Fordek iraultza egin zuen auto industrian katea produkzioa txertatuz. Apustu arriskutsua zen, baina eskariak esango zuen asmatzen zuen ala ez; estatubatuarrak merkatu erraldoia ziren eta Fordek kontsumoan murgildutako gizarte baten aurrean zegoela baloratu zuen. Eskaria ez bazen falta, ekoizpenak denbora aurreztu behar zuen, langileen desplazamenduak murriztuz eta Frederick W. Taylorren lanaren antolaketa zientifikoa jarraituz.

Ekintza bakoitza tarte ezberdinetan zatitu zuten, mekanikoak eta errepikakorrak, eta langileen kualifikazio teknikoak balioa galdu zuen, kualifikazioarik gabeko inmigranteen eskulana aprobetxatuz. Ez zen formazio handirik behar eta garaiko sindikatuen erreibindikapen ezerosoari alde egiteko aukera zegoen -Horiek kideen kualifikazio profesionalean oinarritzen ziren normalean-. Gainera, enpresaren zuzendaritzak langileen lan erritmoaren kontrol zorrotza zeukan eta nahi zuen abiadura jartzen zien.

Baina, langileak bazuten konpentsatzioa, kostuen murrizketarik esker, garaiko soldaten oso gainetik kobratzen baitzuten. Gustura zeuden eta ez zuten konfliktorik sortzen; arau zorrotzak zeuden lantegian eta bizitza pribatuak ere behatzen ziren. Fordeko langileek klase ertainean sartzen hasi ziren eta kontsumitzaile potentzialak ziren; enpresa metodo berri hauek aldaketa handia ekarriko zuten AEBetako gizartera.

1918an, AEBetako presidentea zen Woodrow Wilsonek hauteskudetara aurkezteko eskatu zion Henry Fordi, Alderdi Demokrataren ordezkari Michigan estatuan. I. Mundu Gerran zeuden, baina Ford bakezale agertu zen eta Nazioen Elkartearen aldeko.

1918ko abenduan, Henry Fordek bere semeari, Edsel Fordi, esleitu zion konpainiaren presidentzia, baina beti gorde zuen beretzako azken erabakirako ahalmena eta semearen aukerak aldatu zituen ez gutxitan. Henry eta Edselek beste inbertsoreen akzioak erosi zituzten eta konpainia familiaren eskutara pasatu zen osotasunean.

A Modeloa

aldatu

1926an, Ford T modeloaren salmentak erori egin ziren eta Henryk modelo berri baten beharra sumatu zuen. Henry motorra, txasisa eta hainbat bereizgarri mekanikoz arduratu zen eta semeak, berriz, autoaren gorputza diseinatu zuen. Hasieran aita ez bazen aldeko, Edselek lortu zuen hainbat aldaketa tekniko txertatzea eta, 1927ko abenduan, Ford A jaio zen. 1931n ekoiztu zuten eta 4 milioi egin zituzten. Urtero aldaketak egiteko konpromisoa ere hartu zuen konpainiak, gaur egun egiten den lez.


Edsel Forden heriotza

aldatu

1943ko maiatzean, urdaileko minbiziak hil zuen Edsel Ford eta konpainiaren presidentzia airean geratu zen. Henry Ford urteetan bere sozio izandako Harry Bennetten aldekoa zen, baina Edselen alargun Eleanorrek Edselen boto eskubideak zituen eta bere seme Henry Ford II.a nahi zuen presidente. Azkenean, Henryk berak hartu zuen presidentzia 79 urte zituenean. Henry Ford II.a presidente orde izan zen eta Harry Bennett Kontseiluko kide, langile, lan-harremanak eta harreman publikoen ardurak hartuta.

Urte zailak etorri ziren eta hilero hamar milioi dolar galtzera iritsi zen. 1945ean, Henry Ford oso zahar zegoen eta emaztea eta errainaren artean lortu zuten Henry Ford II.a ilobaren alde dimititzea.

Forden lan filosofia

aldatu

Henry Fordek ongizatean sinesten zuen, kontsumo gizartean. 1914ko urtarrilaren 5ean, azaleratu zuen 5 dolar ordaintzeko programa —2,34 dolar gehiago— eta, aldi berean, 8 orduko lan eguna, 9 ordukoaren ordez, eta 5 lan-eguneko asteak.

Wall Streetek gogor kritikatu zituen Forden 40 orduko astea eta gutxieneko soldata ezartzea, baina horrek garbi frogatu zuen horrelako soldatak langileek ekoizten zituzten kotxeak erostea ahalbidetuko zuela eta ekonomiarentzat ona baino hobea zela. 5 dolarreko soldata 6 hilabete edo gehiagoz enpresako langile ziren 22 urte baino gehiago zituzten gizonentzakoa izan zen; horrezaz gain, Soziologia Departamentuak ontzat emandako bizitza eraman behar zuen eta ez edaria eta ez jokoa ez zirela onartzen. Departamentuak 150 ikerlari zituen eta buruzagiek ere langileen estandar berdinak bete behar zituzten. Langileen ehuneko handi batek lortu zuen onuren parte hura jaso ahal izateko kalifikazioa.

Ford fabriketan sindikatuak egotearen aurka zegoen erabat. Harry Bennett itsas armadako boxealari ohia horretarako promozionatu zuen. Bennetek intimidazio neurri ugari erabili zituen sindikatuen erakundeak bertan behera uzteko eta, 1937an, agerian geratu zen segurtasun indarrak eta sindikalistek borroka ikaragarria izan zutenean komunikabideen aurrean.

Ford hegazkin-konpainia

aldatu

Ford, beste auto konpainia batzuk bezala, abiazioaren negozioan sartu zen Lehen Mundu Gerra garaian eta Liberty motorrak egin zituen. Gerraren ondoren, berriz, Henry Fordek Stout Metal Airplane Company erosi zuen.

Arrakasta handien izan zuen hegazkinak Tin Goose izena zuen Ford Trimotorra izan zen. Alclad izeneko aleazio berria zeraman eta, aluminiozkoa izanik, ez zen erdoiltzen eta oso gogorra zen. Hegazkina Fokker V.VII-3ren oso antzekoa zen: batzuen esanetan, Forden ingeniariek kopiatu egin omen zuten.

1926ko ekainaren 11n egin zuen hirumotorrak hegan lehen aldiz eta 11 bidaiari arrakastaz eraman zituen lehen hegazkina izan zen. Armadak eredu bat baino gehiago erabili zituen eta 200 bat hegazkin egin zituzten, Depresio garaian, salmenten jaitsierak konpainia itxiarazi zuen arte.

Forden hirumotorra gaurko Fokker 50, Dash 7+, ATR 72, Antonov 24, Avro-HS748 eta abarren oinarria izan zen. Arrakasta handiko hegazkinak izan ziren nazioarteko abiazioan eta oraindik ere hainbat lekutan erabiltzen dira.

Bakearen izenean

aldatu
 
Ford, 1934an

1915ean, Lehen Mundu Gerran murgilduta zegoen Europarako bidaia finantzatu zuen beretzat eta bakearen alde zeuden beste 170 liderrentzat. Wilsonekin hitz egin zuen bidaia hartaz, baina ez zuen gobernuaren laguntzarik lortu. Taldea Suitza eta Herbeheretara joan zen, bakearen alde zeudenekin biltzeko. Irain ugari jasan eta gero, Fordek misioa bertan behera utzi zuen Suitzara iritsi zenean.

Forden negozioak munduan

aldatu

Michiganen zuen faktoria altzairua ekoizteko gaitasuna zuen industria antolaketa izugarria zen. Bere ustez, merkataritzak eta nazioarteko elkarlanak nazioen arteko bakera eramaten lagunduko zuen eta bere Ford T ekoizpena hori frogatzeko erabili nahi zuen.

1911n, Erresuma Batuan eta Kanadan ireki zituen filialak eta, berehala, auto ekoizle handiena bihurtu zen herri horietan.

1912an, Ford Fiateko Agnellirekin egin zuen lan, italiar ekoizpenean hasteko. Alemaniako lehen plantak 20ko hamarkadan eraikitzen hasi ziren Herbert Hoover eta merkataritza departamentuaren laguntzarekin, Fordek bezala, nazioarteko merkataritza bakerako bidea zela uste baitzuten.

Horretaz gain, 20ko hamarkadan, Fordek, era berean, Australia, India eta Frantzian ere eraiki zituen filialak eta, 1929an, bazituen banatzaileak kontinente guztietan.

Lasterketak

aldatu

Ford karrera pilotua izan zen eta, 1909tik 1913ra arte, T modeloa eraman zuen lasterketetara. 1909an, lortu zuen lehen postu bat AEBetan zehar korri egin ondoren, baina gero deskalifikatu egin zuten.

1913an, Ford saiatu zen T modeloa Indianapolisko 500 milietan sartzen, baina araudiak autoari 450 kilo falta zitzaizkiola zioen. Ford erretiratu eta lasterketak utzi zituen, arauekin ez zegoela ados esanez.

Ford Fundazioa

aldatu
 
Ford, 1935ean

1936an, Henry Ford eta bere seme Edselek Ford Fundazioa eraiki zuten, ongizatea sustatzeko helburuarekin. Fordek kapitala botorako eskubidea zuten aktzio multzo txiki batean zatitu zuen eta bere familian banatu. Fundazioari, berriz, akzio kopuru handia eman zion, baina botorako eskubiderik gabe. Izugarri hazi zen eta, 1950erako, nazioartean hedatuta zegoen, jada. Pixkanaka, akzioak saltzen joan zen 1955etik 1974ra arte eta Ford Motor Company eta Ford familiarekin loturak galtzen.

Heriotza

aldatu

Fordek 1938an jasan zuen lehen atakea eta, haren ondoren, Edseli eman zion konpainiaren gidaritza. 1943an, Edselek heriotzak Henry Forden erretiroa bukarazi zuen, baina osasuna galduta zuen, jada, eta Henry Ford II.a hilobari utzi behar izan zion presidentzia 1945eko irailean, negozioetatik erabat aldenduz.

1947ko apirilaren 7an, buruko odoljarioak hil zuen 83 urte zituenean, Fair Lanen; Detroiteko Ford hilerrian lurperatuta dago. Gau hartan, urek Michigango Rouge ibaiko estazio elektrikoa hartu eta Forden etxea argirik gabe utzi zuen; oheratu aurretik, Henryk eta emazteak kandelak piztu zituzten, etxean argia izateko. Egunsentia baino lehentxeago hil zen Henry Ford, 83 urterekin, mundura etorri zeneko argi berarekin, kandelen argiekin, alegia.

Erreferentziak

aldatu

Kanpo estekak

aldatu