Francisco I. Madero
Francisco Ignacio Madero González (Parras, 1873ko urriaren 30a - Mexiko Hiria, 1913ko otsailaren 22a) Mexikoko politikaria zen. Europan egin zituen ikasketak, eta horiek amaitu ondoren Mexikora itzuli zen. 1908an liburu bat argitaratu zuen (La Sucesión Presidencial en 1910), gobernuak debekatu egin zuena. Porfirio Díaz diktadoreak atxilotu zuen, 1910eko hauteskundeak igaro arte. Hauteskundeak Díazek irabazi zituen. Maderok Estatu Batuetara ihes egin, eta Mexikon matxinada antolatu zuen. Ia Mexiko osoa matxinatu zen Porfirio Díazen aurka. 1911ko otsailean, Mexikon sartu eta Ciudad Juárez hartu zuen, Díaz lehendakaritza uztera behartuz. Hauteskundeen ondoren, lehendakari izendatu zuten (1911ko azaroa). Politikarako eta gizarte-arazoetarako zuen ikuspegi mugatuaren ondorioz, larrialdi asko igaro zituen, Zapataren Plan de Ayala delakoa eta Orozcoren eta Félix Díazen matxinadak, besteak beste. Victoriano Huertak eman zuen estatu-kolpeak aginpidetik kendu zuen (1913ko otsaila), eta fusilaturik hil zen.
San Luis de Potosí plana
aldatuBoterea lortzeko, laguntasunaren bila, hona hemen zer idatzi zuen:
« | Erkideok: armak hartzera eta Porfirio Díaz jeneralaren gobernua eraistera deitzen badizuet, ez da azken hauteskundeetan egin zuen atentatuagatik bakarrik ezpada haren diktadurapean herriak izango duen etorkizun ilunetik ateratzeko, oligarkia zientifiko higuingarria, kezka barik eta arrapaladan, baliabide nazionalak jaten ari baita; eta agintean jarraitzen uzten badiegu, laster herrialdea lotsagarri eta doilorturik izango dute; aberastasun guztiak zurrupatu eta miseria gorrian utziko dute. | » |
S. Herzog, "Breve historia de la Revolución Mexicana". Mexiko, 1960. |
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.