Globulu gorri
Globulu gorria, hematiea edo eritrozitoa odol-zelula mota bat da, denetan ugariena, oxigenoa arnas aparatutik organismoko zelula guztietara garraiatzeaz arduratzen dena. Ugaztun gehienenak biribilak, zapalak eta nukleorik gabeak dira. Hegazti, narrasti, anfibio eta arrainenek, berriz, forma eliptikoa dute eta nukleodunak dira. Jan Swammerdam herbeheretarrak deskribatu zituen lehen aldiz, 1658an.
Globulu gorri | |
---|---|
Globulu gorriak. Mikroskopio eskaneatzaile elektroniko baten bidez hartutako argazkia. Irudi gehiago | |
Xehetasunak | |
Honen parte | odola |
Identifikadoreak | |
Latinez | Erythrocytus |
MeSH | A11.443.240 eta A15.145.229.334 A11.118.290, A11.443.240 eta A15.145.229.334 |
TH | H2.00.04.1.01001 |
FMA | 62845 |
Terminologia anatomikoa |
Giza-hematien diametroa 7 mikrakoa da, eta lodiera 2 mikrakoa. Kopuru normala 4-6 milioi/mm3 da, baina asko aldatzen da baldintza fisiologikoen eta egoera patologikoen arabera. Gorriak dira barnean duten hemoglobinari esker. Hezur-muin gorrian eratzen dira, eta 120 bat eguneko bizia dute.
Egitura
aldatuUgaztunen eritrozitoak oso zelula txikiak dira, biribilak, eta ahurrak alde bietan; 7-8 mikrako diametroa dute, eta 1-2 mikra lodi dira, lodiagoak ertzean erdialdean baino. Beste ornodunenak, aldiz, eliptikoak eta nukleodunak dira. Zelula elastikoak dira; tolestu edo bihurritu egiten dira odol hodi estuetatik igaro ahal izateko.[1] Gizakiengan odoleko milimetro kubo batean dagoen hematie kopurua desberdina da sexuaren arabera: emakumeek 4,5-5 milioi/mm3 izan ohi dute, eta gizonezkoek 5-5,5 milioi/mm3.[2] Hemoglobinak ematen die kolore gorria. Proteina burdinduna da hemoglobina, hematien zitoplasman dagoena. Arnas pigmentua da, oxigenoarekiko eta karbono dioxidoarekiko afinitatea baitu.[1]
Globulu gorriak zelula ama hemoziblasto izeneko zelula ama konprometituetatik eratorritakoak dira. Eritropoietina, giltzurrun-ehunetan ekoizten den hazkuntza-hormona, eritropoeisia (hau da, globulu gorriak sortzea) estimulatzen du, eta globulu gorrien masa egoera etengabean mantentzeaz arduratzen da. Eritrozitoek, leukozitoek bezala, hezur-muinean dute jatorria.
Eritrozitoen kontzentrazioa sexuaren, adinaren eta kokapen geografikoaren arabera aldatzen da. Eritrozito-kontzentrazio handiagoak leku altuetan, gizonezkoetan eta jaioberrietan aurkitzen dira. Erreferentzia-tartetik beherako jaitsierak anemia izeneko gaixotasun-egoera sortzen du. Alterazio horrek ehunen hipoxia eragiten du. Globulu gorrien kontzentrazio handitzea (polizitemia) ez da hain ohikoa.
Hemolisia eritrozito zaharren suntsipena da, eta barearen eta gibeleko makrofagoetan gertatzen da. Funtsezko elementuak, globina eta burdina, kontserbatu eta berriro erabiltzen dira. Molekularen hemo frakzioa bilirrubinara katabolizatzen da, eta, azkenean, heste-traktutik kanporatzen da. Eritrozitoaren barruko hausturak zuzenean askatzen du hemoglobina odolera, non molekula α eta β dimeroetan disoziatzen den, eta garraio proteinari, haptoglobinari, lotzen zaizkio. Horrek dimeroak gibelera garraiatzen ditu, gero bilirrubinara katabolizatzen, eta kanporatzen dira.
Funtzioa
aldatuOxigenoa organismoaren zelula guztietara garraiatzea da hematien egitekoa. Kanpo inguruneko oxigenoa odolera igarotzen delarik, hemoglobinaren burdinarekin elkartzen da, eta oxihemoglobina eratzen du. Kolore gorri distiratsuko odola da, oxigeno askokoa (odol gorria). Oxigenoa galtzen duenean, ilunago jartzen da (odol urdina). Zelulek arnasketa aerobioan hondakin gisa sortzen duten karbono dioxidoaren zati bat ere eramaten du hemoglobinak, karboxihemoglobina eran. Beste zati bat bikarbonato eran garraiatzen da, odol-plasmako eta globulu gorrietako urarekin erreakzionatzen baitu:[1]
- CO
2 + H
2O → H
2CO
3 → H−
CO
3 + H+
Bizi zikloa
aldatuEritropoiesia da globulu gorriak sortzeko prozesua. Hezur jakin batzuen muinean eratzen dira, saihetsetan, ornoetan, hezur luzeetan, burezurrrean eta bularrezurrean, eritroblasto izeneko zelula-ama nukleodunetatik. Globulu gorri gazteek erretikulozito izena dute. Eritrozitoek 120 eguneko bizia izaten dute batez beste. Gibelean eta barean makrofagoek eritrozito zaharrak suntsitzen dituzte fagozitosi bidez; gorputzak berriro erabiltzen ditu eritrozitoak suntsitzean eratzen diren gaiak, eta berriro erabili ezin daitezkeenak — hemoglobinaren hemo taldeak— behazuna egiteko erabiltzen dira. Segundo bakoitzean gure gorputzak 2,4 milioi globulu gorri suntsitzen dituela uste da. [1]
Giltzurrunek jariatzen duten eritropoietina hormonak erregulatzen du globulu gorrien ekoizpenaren eta suntsiketaren arteko oreka.[2] Ehunetan oxigenoaren presioa jaisten denean, eritropoietina sortzen dute giltzurrunek. Eritropoietina tasa haztearen ondorioz, eritroblastoen kopurua handitzen da eta, zenbait egunen buruan, erretikulozitoak ugaritu egiten dira odolean. Eritropoietinaren aurrean horrela erantzuteko, hezur-muinak ongi egon behar du, hau da, eritroblastoek eta bere aitzindariek normaltasunez ugaltzeko eta bereizteko gai izan behar dute. Giza zelula guztiekin gertatzen den bezala, eritroblastoak ugaltzeko beharrezkoa da DNAren sintesia eta, beraz, plasmak nahiko azido foliko eta B12 bitamina izatea. Eritroblastoen ugaltzeak hemoglobinaren sintesia dakar berekin.[3]
Patologiak
aldatuGlobulo gorriei lotutako gaitz hematologiko nagusiak hauek dira:
- Anemia odolak oxigenoa garraiatzeko duen gaitasuna murriztea da.
- Anemia ferropenikoa, burdin-urritasunaren ondorioz sortzen dena. Denetan ohikoena da.[4] Odola galtzeagatik gertatzen da, edo elikaduran burdinarik hartzen ez delako.[3]
- Anemia faltziformea, herentzia-gaixotasuna, hematietan hemoglobina ez-normal bat, S hemoglobina, dagoelako.[5]
- Talasemia, anemia hereditarioa, Mediterraneoko lurraldeetan (Italian, Grezian) edo lurralde horietako jatorria duten pertsonetan sortzen dena.[6]
- Esferozitosi hereditarioa.
- Anemia perniziosoa, gaixotasun larri, kroniko eta progresiboa da, B12 bitamina xurgatzeko ezintasuna ezaugarri duena.[7]
- Anemia aplasikoa, hezur-muinaren funtzionamendu okerraren ondorioz sortzen dena.
- Hemolisia, eritrozitoen gehiegizko galera da. Zenbait arrazoirengatik gertatzen ahal da, eta anemia hemolitikoa sor daiteke haren ondorioz.
- Polizitemia gehiegizko eritrozito kontzentrazioa da.
- Zenbait gaixotasun mikroangiopatiko.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2020/6/29 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b c d Odola. Lur Entziklopedia Tematikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-6-30).
- ↑ a b Olivares, María José. Odola, linfa-sistema eta immunitate-sistema. Lanbide ekimena, klasikoa.eimakatalogoa.eus (Noiz kontsultatua: 2020-6-30).
- ↑ a b Anemia. Lur Hiztegi Entziklopedikoa, CC-BY 3.0, euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-1).
- ↑ Gómez Zorita, Saioa, Martínez Sanz, Jose M., Urdampilleta Otegui, Aritz. Anemia ferropenikoa: prebalentzia,etiologia eta ondorioak. Osasunaz, 2010, eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-1).
- ↑ Anemia faltziforme. Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa", Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0, zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-1).
- ↑ Talasemia. Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa", Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0, zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-1).
- ↑ Anemia pernizioso. Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa", Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0, zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2020-7-1).