Edukira joan

Kongoko Estatu Burujabea

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kongoko Estatu Librea» orritik birbideratua)
Kongoko Estatu Burujabea
État Indépendant du Congo
1885 – 1908
Kongoko Estatu Burujabeko bandera

Kongoko Estatu Burujabeko armarria

Kongoko Estatu Burujabearen kokapena
Geografia
HiriburuaBoma
Ekonomia
DiruaKongotar libera
Kultura
Hizkuntza(k)Frantsesa
Historia
Sorrera1885
Anexioa Belgikari1908
Aurrekoa
Association internationale du Congo
Ondorengoa
Kongo Belgikarra

Kongoko Estatu Burujabea[1](frantsesez: État Indépendant du Congo) Erdialdeko Afrikako herrialde zabala izan zen, 1885-1908 bitartean Leopoldo II.a Belgikakoaren jabetza izandakoa. Herrialde horren mugak bat datoz gaur egungo Kongoko Errepublika Demokratikoarenekin.

Leopoldo II.ak lurralde hau administratu zuen aldian, natura baliabideak (boli eta kautxua, bereziki) neurririk gabe ustiatu ziren eta bertatiarrak esklabo gisa erabili zituzten. Bertakoak mendean edukitzeko eratutako armada pribatua (Force Publique) hilketa, bahiketa eta torturaz baliatzen zen. 1900tik aurrera, Europako eta AEBetako prentsak Kongon gertatzen ari zen izugarrikeriaren berri eman zuen, eta 1908an Leopoldok Belgikako gobernuaren esku utzi behar izan zuen bere jabetza. Handik aurrera Kongo Belgikarra izena hartu zuen.[2]

Joseph Conradek Kongoko funtzionario kolonialen gehiegikeriak azaldu zituen Ilunpeen bihotzean eleberrian (1902).

Henry Morton Stanleyk 1874-1877 bitartean Kongo ibaian barrena egin zuen esplorazio bidaiak Leopoldo II.a erregearen interesa piztu zuen. 1877an Leopoldok Kongo Garaiko Ikerketa Batzordea (Comité d’Études du Haut Congo, geroago Association Internationale du Congo deitua) sortu zuen.[3] Batzordearen helburuak, haren araudiaren arabera, zientifiko eta humanitarioak ziren arren, Kongoren arroan Belgikaren eragina (eta subiranotasuna, azkenik) ezartzeko erabili zuen erregeak[4] Era horretan, batzordeak babesturik, 1879 eta 1882 bitartean, Kongo garaian kokaguneak ezarri eta bertako hainbat agintarirekin hitzarmenak sinatu zituen Stanleyk.[3].

Berlingo Konferentzian (1884-1885) potentzia inperialistek (Austria-Hungaria, Belgika, Frantzia, Alemania, Britainia Handia, Errusia eta Otomandar Inperioa, besteak beste) Afrikaren banaketa erabaki zuten. Belgikak Kongo ibaiaren arroko 2 milioi kilometro koadroko eremua eskuratu zuen (État Indépendant du Congo), Leopoldo II.aren jabetza pertsonal gisa (Domaine Privé)[5]. Izan ere, Belgikako Legebiltzarrak estatu berriaren Roi-Souverain izendatu zuen Leopoldo, eta ia erabateko aginpidea eman zion.[4]

Eskua moztu zitzaien kongotar emakume eta umeak

Berlingo Konferentziaren agirietan, esklabo trafikoa ezabatzera, merkataritza askea sustatzera eta politika humanitarioak aplikatzera obligatu zen Leopoldo. Haren egiteak, ordea, guztiz alderantzizkoak izan ziren. 1885ean bertan, lur landugabe guztiak Belgikako estatuaren jabego zirela dekretatu zuen. Hurrenez hurrengo hiru dekretuk arront murriztu zizkieten kongotarrei lurren gaineko eskubideak. 1880ko hamarkadan, Force Publique izeneko armada pribatua eratu zuen. Armada horretako ofizialak zuriak ziren (belgikarrak edo Europako beste herrialde batzuetako mertzenarioak) eta soldadu soilak beltzak, Zanzibar, Mendebaldeko Afrika edo Kongon bertan, askotan bortxaz, errekrutatuak.[4]

Bi enpresek (Societé Anversoise du Commerce au Congo eta Anglo-Belgian India Rubber and Exploration Company) lortu zituzten Kongoko baliabideak (bolia eta kautxua) ustiatzeko kontzesio garrantzisuenak, eta bietan Leopoldo II.a zen akziodun nagusia. Enpresa horiek baliabideak harrapakatu zituzten, bertako biztanleak esklabo gisa erabiliz. Batzuetan, kautxu-biltzaileen emazte eta seme-alabak bahiturik edukitzen zituzten eskatutako kautxu kopurua ekarri arte. Beste batzuetan, herrixkak erre eta haurrak hiltzen zituzten, nahiko kautxu ekartzen ez bazuten.[4]

Tribu buruek erresistentzia antolatu bazuten ere, Force Publiquek bortizki zapaldu zituen altxaldi horiek. Herrixketatik oihanera ihes egin ostean, matxinoek zelatak jartzen zizkioten armadari, eta su ematen zieten kautxu-sailei. Errepresalia gisa, herrixkak erre eta oihanean ezkutaturik zeuden matxinoak hiltzen zituen armadak. Balak alferrik gastatu ez zutela erakusteko, hildako matxinoen eskuineko eskuak moztu behar izaten zituzten soldaduek. Baina, huts egindakoan, edo balak ehizean aritzeko gorde nahi bazituzten, zauriturik edo onik zeudenei mozten zizkieten.[4]

1890ean, George Washington Williamsek Kongon ikusitako basakeriak salatu zituen arren, beste 10 urte igaro ziren eskandalua Europan lehertu arte. Mark Twain eta Joseph Conrad idazleen, William Henry Sheppard misiolariaren, Roger Casement diplomazialariaren eta Edmund Dene Morel kazetariaren txosten eta kronikei esker, Europako eta Estatu Batuetako gobernuak Kongoko Estatu Burujabean gertatzen ari ziren ankerkerien aurka agertu ziren. 1908an, Belgikako Legebiltzarrak beharturik, Leopoldo II.ak Belgikako gobernuaren esku utzi zuen bere mendeko lurraldea, harrezkero Kongo Belgikarra izendatua izan zena.[2]

Kalkulu zehatzak egitea ezinezkoa den arren, 1885-1908 urteetan Kongoko biztanleria 10 bat milioi pertsonatan murriztu zela jotzen da; hilketak, gosea, akidura, eritasunak eta jaiotza tasaren beheraldia dira horren arrazoi nagusiak. Beste historialari batzuek 13 milioi hildako izan zirela uste dute. 23 urteko garai lazgarri hartan, Leopoldo II.ak gaitzeko aberastasuna bereganatu zuen, boli eta kautxuaren neurrigabeko ustiatzearen bitartez.[4]

Leopoldo II.aren aginte koloniala Kongon

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Kautxu arbolak landatzeko hutsarazitako Kongoko herrixka.

Ezjakintasuna, itsukeria, asmo txarrak eta arraza zuriaren nagusitasunaren ustea izan ziren kolonializazio aldi horren ezaugarriak. Horretan oinarriturik, Leopoldo II.a erregeak eta haren agenteek, "aurrerapena"-ren beharrak aitzakiatzat hartuta, sistematikoki erabili zuten afrikarren aurkako inposizioa eta indarkeria.

« (...) Afrikarrek, estatuaren eta konpainien agenteak boliz eta kautxuz hornitzeaz gain, betebehar ugari zituzten: bortxazko lanak, zamaketari-lanak, zerbitzu pertsonalak, elikagaiak eman beharra, eta zergak eta tasak ordaindu beharra. Betebehar horiek errespetatu ezean, berehala etortzen zen tokiko administrazioaren edo fabrikaren baten erantzuna. Komunikabide modernorik ez zegoela-eta, garraiorako zamaketariak erabiltzea legez onartu zen 1892an, eta kolonia osoan urte askoan iraun zuen, Leopoldville (gaur egun Kinshasa) et Matadi lotzen zuen trenbidea eraiki ondoren ere.

Lurraldeen kolonializazioa justifikatzeko esklabotza amaiarazi behar zela argudiatu bazuten ere, kolonizatzaileak esklabotza-sistema horren oinordeko izan ziren. Hain zuzen, bortzazko lana legez onartu zen 1892an, errepideak eta lehenengo ekipamenduak eraikitzeko eta mantentzeko, basoak botatzeko, eta zamaketariak garraiobide gisa erabiltzeko. (...).

Zuzeneko lekukotasun guztien arabera -bereziki misiolari protestante eta ez-belgikarrenak- afrikarrek ez zuten kolonizatzaileen mende geratu nahi (...)

Hori dela-eta kolonitzaileek neurri hertsatzaile izugarriak hartu behar izan zituzten, ez soilik derrigorrezko lanak betearazteko, baita matxinadei aurrea hartzeko eta erreprimitzeko ere (...).

»
Mark Ferro (moldatuta)

"Kolonialismoaren liburu beltza. XVI. mendetik XXI. mendera: sarraskitzetik damutzera", 2005.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Afrika kolonialeko toponimia. euskaltzaindia.eus (Noiz kontsultatua: 2013-11-30).
  2. a b El Genocidio de Leopoldo II. ikuska.com (Noiz kontsultatua: 2013-11-30).
  3. a b Congo Free State. Encyclopædia Britannica, 2011ko irailak 27, britannica.com (Noiz kontsultatua: 2013-11-30).
  4. a b c d e f Pavlakis, Dean. Congo Free State, 1885-1908. Yale University: Genocide Studies Program (Noiz kontsultatua: 2013-11-30).
  5. Imperialismoa. hiru.eus (Noiz kontsultatua: 2013-11-30).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]