Dastamen-sistema
Dastamen-sistema | |
---|---|
Xehetasunak | |
Konponenteak | gustatory organ (en) |
Identifikadoreak | |
FMA | 7194 |
Terminologia anatomikoa |
Dastamen-sistema dastamenaren zentzumena hautemateaz arduratzen den sistema da. Dasatamena gizakiaren bost zentzumenetako bat da. Dastamen-hartzaileen bidez, ahoan disolbatutako substantzia kimikoak detektatzeko aukera ematen du, oro har elikagaietatik datozenak. Dastamen-botoien estimulazioaren araberakoa da dastamena. Botoi horiek dastamen-papiletan daude, eta azken horiek mingainean ageri dira, hau da, ahoaren barruan dagoen organo gihartsuan.[1]
Beste alde batetik, elikagai batek edo bestelako substantzia batek ahoan sartzean sortzen duen sentsazioa da zaporea.[2] Hala ere, dastamenean eragina duen bakarra ez da zaporea, baita usaimenak eta testurak ere. Elikagaien izaera sailkatzeko erabiltzen diren zapore primarioak gozoa, gazia, garratza eta mingotsa dira. Horrez gain, XXI. mendearen hasieratik umamia gehitu zaie ("zaporetsua", japonieraz). Dastamena substantzia kimiko disolbagarriak mingaineko kimiohartzaileekin kontaktuan jartzean hautematen da. Zentzumen hau plazer-iturritzat har daiteke, baina haren funtzio nagusia da nutriziorako egokienak diren substantziak hautatzea eta neurri handi batean, deskonposizio egoeran daudenak, zein toxikoak edo arriskutsuak izan daitezkeenak sahiestea.
Dastamenaren anatomia eta fisiologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dastamenaren zentzumena dastamen-botoiei esker da posiblea, dastamen-korpuskuluak bezala ere ezagutzen direnak. Gizaki heldu batek 10.000 inguru ditu, eta gehienak mingainaren azalean daude. Dastamen-botoi bakoitzak forma obalatua du, zelula-multzo batek osatzen du. Zelula hauek listuan disolbatutako substantziekin kontaktuan dauden zilioak dituzte. Dastamen-botoiak dastamen-papilak deritzen egitura handiagoetan biltzen dira, eta horiek ematen diote mihiari gainazal zimurtsua. Substantzia bat listuan disolbatzen denean eta dastamen-zelulen zelula-mintzarekin kontaktuan jartzen denean, molekula neurotransmisoreak askatzen dira, eta nerbio bulkaden bidez, aurpegi-nerbioaren eta nerbio glosofaringeoaren bidez transmititzen dira garunera.[3]
Dastamen papilak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dastamen-papilak mingainaren azalean daude, eta itxura zimurtsua ematen diote organo horri. Papila bakoitzak dastamen-botoi ugari ditu, hau da, seinale kimiko bat jaso eta ekintza-potentzial gisa transmititzen duten hartzaile sentsorialak. Papilak estimulatuak izan daitezen, substantziak listuan disolbatu behar dira eta, horrela, zelula sentsorialen mintzarekin kontaktuan jarri behar dira.[4]
Formaren arabera, lau papila mota bereizten dira
- Papila fungiformeak: onddo-forma dute, eta mingainaren atzealdearen aurreko aldean eta ertzetan zehar banatuta daude. Papila fungiforme bakoitzeko 5 dastamen-botoi daude.
- Papila inguratuak edo kaliziformeak: kaliza edo kopa formako oinarriak dituzte eta mingainaren oinarritik gertu aurkitzen dira, V bat osatuta. Papila inguratu handiek 100 dastamen-botoiraino izan ditzakete.
- Papila filiformeak edo konikoak: harizpi forma dute eta mingainaren puntan eta ertzetan daude. Papila fungiformeek eta kaliziformeek ez bezala, ez dute dastamen-funtziorik eta ez dute dastamen-botoirik; ukipen-hartzaileak baino ez dira, eta tenperatura aldaketak antzematen dituzte.
- Papila foliazeoak edo foliatuak: Bere forma zuhaitz baten hostoaren antzekoa da. Bi ertzetan daude, mingainaren atzeko aldean.
Dastamen-botoiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dastamen-botoiak dastamen-papiletan aurkitzen dira eta dastamenaren berri ematen duten korpuskulu sentsorialak dira. Oboide-forma dute eta 3 zelula motaz daude osatuta: zelula basalez, euskarri-zelulez eta dastamen-zelula hartzaileez. Azken horiek konexio sinaptikoa egiten dute nerbio-zuntz sentsorialekin, eta, horrez gain, dastamen-pororantz bideratuta dauden mikrobiloxkak dituzte. Bestalde, dastamen-poroak mingainaren epitelioan dauden irekigune txikiak dira.
Horrez gain, kinadak hautemateari dagokionez, aipatutako 3 zelula mota horiek, dastamen-pororantz luzatzen dira haien artean konektatuta daudela, mikrobiloxken koro apikala sortuta; horrela, aho barrunbeko likidoekin kontaktuan egongo den dastamen-zelula hartzaileen zati bakarra koro apikala izango da. Dastamen-botoi bakoitza 50 nerbio-zuntz ingurura inerbatuta dago eta, era berean, nerbio-zuntz bakoitzak batez besteko 5 dastamen-botoiren informazioa jasotzen du. Zelula basalek dastamen-botoiak inguratzen dituzten zelula epitelialetan dute jatorria; zelula horiek zelula hartzaile berrietan bereizten dira, eta aldi berean hartzaile zaharrak etengabe ordezkatzen dira hamar egun inguruko maiztasunarekin. Gizakietan, dastamen-botoiak mihiaren papila fungiforme eta kaliziformeetandaude batez ere, baina horrez gain, ahosabai bigunean, masailen barne-aurpegian, faringean eta epiglotisean ere aurki daitezke.[4]
Oinarrizko dastamen-modalitateak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakietan oinarrizko lau zapore daude ezarrita: gozoa, garratza, mikatza eta gazia. Gainjartze handia dagoen arren, substantzia mingotsak mihiaren atzealdean hautematen dira gehienbat, zapore garratza ertzetan, gozoa puntan eta gazia ertzen aurreko zatian. Horrez gain, lau zaporeekiko sentikortasun txikia dago bai faringean, bai epiglotian, baita ahosabaian ere.
Oinarrizko zapore guztien identifikazioa ez dago erabat ezarrita. Izan ere, dastamen-zeluletan 10 hartzaile mota baino gehiago daudela frogatu da.[5] Gainera, umami izeneko beste dastamen-modalitate bat deskribatu da, izan ere, Asiako sukaldaritzan asko erabiltzen den glutamato monosodikoa hautematean nabaritzen da zapore hau. Hori gutxi balitz, ikertzen ari diren oinarrizko beste zapore batzuk proposatu dira, besteak beste, metalezko zaporea, kokumia[6] eta koipe-zaporea. Azken hori seigarren zapore posible gisa hartu da.[7]
- Zapore garratza, adibidez, limoietan aurkitzen da. Mingainaren atzealdeko alboetan hautematen da. Substantzia garratzen kasuan, hidrogeno-katioiak dira hartzaileak estimulatzen dituztenak. Horregatik, zapore garratza hidrogeno-kontzentrazioarekiko proportzionala da.
- Zapore mingotsa, kininak eragindakoa da, adibidez. Zapore mingotsa, berez, substantzia toxikoak irenstea ekiditenlaguntzen duen seinale bat da. Hori mingainaren atzealdean biziago hautematen da. Kinina sulfatoa da zapore mingotsa sentiarazten duen substantzia. Hala ere, badirudi ez dagoela amankomuneko ezaugarririk zapore mingotsa duten substantzien egitura molekularren artean.
- Zapore gozoa, adibidez, azukre arruntean edo sakarosan aurki daitekeena. Modu naturalean, metabolismorako oinarrizko energia-iturri gisa hartzen da, eta, beraz, onargarri ez ezik, atsegin ere somatzen da irensten denean. Batez ere, mihi puntan hautematen da. Substantzia gozo gehienek jatorri organikoa dute, eta adibide ezagunenak sakarosa, maltosa, laktosa eta glukosa dira. Hala ere, polisakaridoek, glizerolak, alkohol batzuek eta zetonek ere badute zapore gozoa.
- Zapore gazia, adibidez gatz arruntarena da. Batez ere, mingainaren aurreko albo-eskualdeetan hautematen da. Zapore gazia sodioak sortzen du. Konposatu organiko batzuek zapore hau dute.
- Umami. Umai (goxoa) eta mi (zaporea) hitzetatik dator. Kikunae Ikeda fisiologo japoniarrak[8] proposatu zuen umamia 1908an, baina ez zen komunitate zientifikoan oinarrizko zaporetzat hartu XXI. mendearen hasierara arte. Glutamato monosodikoa zapore hori sortzen duen substantzia nagusietako bat da
- Zapore koipetsua. Duela gutxi arte, gantz-zaporea ez zen oinarrizko zaporeetako bat. Hala ere, hainbat ikerketak zapore mota hori identifikatu dute, dastamen-zeluletan esterifikatu gabeko gantz-azidoen hartzaileak baitaude, CD36 hartzaile bezala ezagunak.[9][10][11][12][13][14]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Fuentes, Aler; Fresno, María Javiera; Santander, Hugo; Valenzuela, Saúl; Gutiérrez, Mario Felipe; Miralles, Rodolfo. (2010-09). «Sensopercepción Gustativa: una Revisión» International journal of odontostomatology 4 (2): 161–168. doi: . ISSN 0718-381X. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ Gutierrez, Ranier; Simon, Sidney A.. (2021-09-23). «Physiology of Taste Processing in the Tongue, Gut, and Brain» Comprehensive Physiology: 2489–2523. doi: . (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ Wilches Luna, Esther. (2014-10). Aspectos prácticos de anatomía y fisiología cardiopulmonar. doi: . (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ a b «Anatomía y fisiología:» Vademecum de psicología para juristas (J.M Bosch): 29–40. 2019-03-01 (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ Pérez Samper, María de los Ángeles. (2013-10-20). «Jean-Anthelme BRILLAT SAVARIN, «Fisiología del gusto» (trad. Pablo Batalla Cueto; pról. Eduardo Méndez Riestra; ilust. Alfonso Fernández). Gijón, Ediciones Trea/Fundación Alimerka, 2012, 336 págs.» Cuadernos de Estudios del Siglo XVIII (23): 213–216. doi: . ISSN 2697-0643. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ Suárez, Santiago. Péptidos antihipertensivos de proteínas de amaranto. Universidad Nacional de La Plata (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ Keast, Russell SJ; Costanzo, Andrew. (2015-02-03). «Is fat the sixth taste primary? Evidence and implications» Flavour 4 (1) doi: . ISSN 2044-7248. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ Gould, Robert F.. (1977-06-01). «Flavor Quality: Objective Measurement, Copyright, ACS Symposium Series, FOREWORD» Flavor Quality: Objective Measurement: i–vi. doi: . ISSN 0097-6156. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ Ortega, E.. Uso de un Sistema Neurodifuso para la Determinación del Contenido de Grasa en Ratas a Partir de su Impedancia Bioeléctrica. Sociedad Mexicana de Ingenieria Biomedica, A.C. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ Laugerette, Fabienne; Passilly-Degrace, Patricia; Patris, Bruno; Niot, Isabelle; Febbraio, Maria; Montmayeur, Jean-Pierre; Besnard, Philippe. (2005-11-01). [https://www.ncbi.nlm.nih.gov/pmc/articles/PMC1265871/ «CD36 involvement in orosensory detection of dietary lipids, spontaneous fat preference, and digestive secretions»] Journal of Clinical Investigation 115 (11): 3177–3184. doi: . ISSN 0021-9738. PMID 16276419. PMC 1265871. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ DiPatrizio, Nicholas V.. (2014-9). «Is fat taste ready for primetime?» Physiology & behavior 136: 145–154. doi: . ISSN 0031-9384. PMID 24631296. PMC 4162865. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ Baillie, A.G.S.; Coburn, C.T.; Abumrad, N.A.. (1996-09-01). «Reversible Binding of Long-chain Fatty Acids to Purified FAT, the Adipose CD36 Homolog» Journal of Membrane Biology 153 (1): 75–81. doi: . ISSN 0022-2631. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ Silva, Jodônai Barbosa da. <b>Caracterização das papilas circunvaladas em línguas humanas:</b> um resgate da obra inacabada de Alfonso Bovero. Universidade de Sao Paulo, Agencia USP de Gestao da Informacao Academica (AGUIA) (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
- ↑ López Ortiz, Norma Constanza. (2020-09-15). «Estado del arte del gusto graso» Perspectivas en Nutrición Humana 22 (1): 89–98. doi: . ISSN 2248-454X. (Noiz kontsultatua: 2023-11-02).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]