Edukira joan

Biblia/Job

Wikitekatik
Biblia
Job
Itzulpena: Elizen Arteko Biblia taldea

1. atala

[aldatu]

1 Bazen Utz herrialdean Job izeneko gizon bat. Zintzoa eta zuzena zen, Jainkoa errespetatu eta gaiztakeriatik urrutizebilena. 2 Zazpi seme eta hiru alaba zituen. 3 Zazpi mila ardi, hiru mila gamelu, bostehun idi-pare, bostehun asteme eta zerbitzari ugari ere bazituen. Ekialdean bizi zen gizonik aberatsena zen.

4 Semeek oturuntzak antolatzen zituzten txandaka beren etxeetan, eta arrebak ere gonbidatzen zituzten jan-edan haietara. 5 Jaialdi bakoitzaren amaieran, Jobek semeei dei egiten zien haien garbikuntza egiteko; egunsentian jaiki eta erre-oparia eskaintzen zuen bakoitzarengatik, semeek beharbada bekatu egin eta beren barnean Jainkoa madarikatu izango zutelakoan. Hauxe egiten zuen Jobek aldi bakoitzean.

6 Behin batean, Jaunaren aurrera aurkeztu ziren beraren zeruko zerbitzariak, eta han zen Satan ere. 7 Jaunak Satani esan zion:
-Nondik hator? Hark erantzun:
-Harat-honat ibili naiz munduan zehar.
8 Jaunak galdetu zion:
-Ohartu al haiz Job ene zerbitzariaz? Ez dik parekorik munduan: gizon zintzo eta zuzena duk, Jainkoa errespetatu eta gaiztakeriatik urruti dabilena.
9 Satanek erantzun zion:
-Hutsaren truke errespetatzen zaituelakoan ala?
10 Ez al duzu, bada, zeuk ongi babesten bera, beraren etxea eta daukan guztia? Egiten duen guztia bedeinkatzen diozu, eta aziendak ugaritzen ari zaizkio herrialde osoan. 11 Baina luzatu eskua eta uki iezaiozu daukan guztia; baietz madarikatu aurpegira! 12 Jaunak esan zion:
-Konforme! Heure esku dituk haren ondasun guztiak, baina ez gero bera ukitu! Orduan, alde egin zuen Satanek.

13 Egun batez, Joben seme-alabak bazkaltzen ari ziren anaia zaharrenaren etxean. 14 Etorri zitzaion mezulari bat Jobi eta esan zion:
-Idiak goldean ari ziren eta astemeak inguruan larrean.
15 Sabear-talde batek, bat-batean etorri, morroiak sarraskitu eta ganadua eraman du. Neuk bakarrik ihes egin ahal izan dut zuri berria emateko. 16 Artean hizketan ari zela, beste batek etorri eta esan zion:
-Tximista sartu da eta ardiak eta artzainak kiskali ditu. Neuk bakarrik ihes egin ahal izan dut zuri berria emateko.
17 Hark amaitu baino lehen, beste batek iritsi eta esan zuen:
-Kaldear batzuek, hiru taldetan, zure gameluengana oldartu eta eraman egin dituzte, eta morroiak sarraskitu. Neuk bakarrik ihes egin ahal izan dut zuri berria emateko.
18 Oraindik hizketan ari zela, beste batek etorri eta esan zuen:
-Zure seme-alabak anaia zaharrenaren etxean bazkaltzen ari zirela,
19 basamortutik etorritako haize-eraso bortitzak lau aldeetatik astindu du etxea. Eta lurrera erortzean, guztiak hil ditu. Neuk bakarrik ihes egin ahal izan dut zuri berria emateko. 20 Orduan, jaiki, bere jantzia urratu eta ilea zeharo moztu zuen Jobek. Gero, lurreraino ahozpeztuz, otoitz egin zuen, 21 esanez:

«Biluzik irten nintzen amaren sabeletik, biluzik itzuliko naiz lurraren sabelera. Jaunak eman dit eta Jaunak kendu. Bedeinkatua Jaunaren izena!»

22 Halaz guztiz, Jobek ez zuen bekaturik egin eta ez zion Jainkoari bidegabekeriarik egotzi.

Satanen bigarren erronka

2. atala

[aldatu]

1 Behin batean, Jaunaren aurrera aurkeztu ziren beraren zeruko zerbitzariak, eta han zen Satan ere. 2 Jaunak Satani esan zion:
-Nondik hator? Hark erantzun:
-Harat-honat ibili naiz munduan zehar.
3 Jaunak galdetu zion:
-Ohartu al haiz Job ene zerbitzariaz? Ez dik parekorik munduan: gizon zintzo eta zuzena duk, Jainkoa errespetatu eta gaiztakeriatik urruti dabilena. Arrazoirik gabe berari kalte egitera bultzatu ninduan arren, bere zintzotasunean tinko irauten dik.
4 Satanek erantzun:
-Daukan guztia ematen du gizakiak, larrugorri gelditzeraino, bere bizia salbatzearren.
5 Baina luzatu eskua eta ukitu haren hezur-haragiak. Baietz madarikatu aurpegira! 6 Orduan, Jaunak esan zion:
-Konforme! Heure esku duk, baina errespeta iezaiok bizia.

Satanek Job bigarrenez probatu

7 Jaunaren aurretik alde egin ondoren, Satanek zauri gaiztoz bete zuen Job, oinazpitik burugaineraino. 8 Orduan, hazka egiteko teila-puska bat harturik, zabor artera joan zen Job. 9 Emazteak esan zion:
-Zeure zintzotasunean iraun behar al duzu? Madarikatu Jauna, eta hil zaitez!
10 Jobek erantzun:
-Txoroak bezala hitz egiten duzu. Zoriona Jaunaren dohaintzat hartzen dugu. Eta zoritxarra, zergatik ez? Halaz guztiz, Jobek ez zuen bere ahoaz bekatu egin.

Joben lagunak

11 Joben hiru lagunek
-Temango Elifazek, Xuaheko Bildadek eta Naamako Tzofarrek
-, Joben zoritxarraren berri izan zutelarik, bisita egitea erabaki zuten atsekabean lagundu eta kontsolatzeko.
12 Urrutitik ikusi zutenean, ia ezin zuten ezagutu ere, eta aiene bizian egin zuten negar. Jantziak urratu eta hautsa bota zuten beren buru gainera. 13 Zazpi egun eta zazpi gau eman zituzten berarekin lurrean eserita, hitzik ere esan gabe, ikusten baitzuten zein handia zen haren samina.

JOB ETA LAGUNEN ARTEKO ELKARRIZKETAK

Job

Jaio zeneko eguna madarikatu Jobek

3. atala

[aldatu]

1 Azkenean, ahoa zabaldu eta jaio zeneko eguna madarikatu zuen Jobek. 2 Honela hitz egin zuen:

3 «Madarikatua jaio nintzeneko eguna eta <Ume bat sortu da> esan zuteneko gaua! 4 Bihur bedi egun hura iluntasun, ez beza Jainkoak kontuan har, ez eta argiak ere haren gain distiratu! 5 Jabetu bitez hartaz ilunpea eta herio-itzala, ezkuta bedi lainopean, eta har beza bat-bateko iluntasun beldurgarriak! 6 Irentsi beza gau hura iluntasunak, ez beza inork urteko egunen artean sar, ez eta zenbatu ere hilekoen artean! 7 Bai, izan bedi antzu gau hura, ez beza entzun poz-oihurik! 8 Madarika bezate, eguna madarikatzen dakitenek, Lebiatan iratzartzen trebatuek! 9 Goibel bitez haren egunsentiko izarrak; argiaren zain egon, eta ez dezala batere izan! Ez bitza ikus egunsentiaren begiak irekitzen! 10 Madarikatua, ez baitzizkidan itxi amaren sabeleko ateak hainbeste atsekabe ikustetik libratzeko!

Jobek hilobia nahiago bizia baino

11 «Zergatik ez ote nintzen hil amaren sabelean? Zergatik ez ito jaiotzerakoan bertan? 12 Zergatik babestu ote ninduen amaren altzoak eta bularrek esnea eman? 13 Lasai egongo nintzatekeen orain, jadanik atsedenean lo, 14 berentzat panteoiak eraiki zituzten munduko errege eta kontseilariekin batera, 15 urre askoren jabe izandako printzeekin, jauregiak zilarrez beteak zituztenekin batera. 16 Hilaurra bezala, ez nintzatekeen izan ere egingo, argirik ikusi ez duten umeen pareko. 17 «Hilobian amaitzen da gaiztoen zalaparta eta han aurkitzen atseden indargetuek; 18 presoak ere hantxe lasai, zaintzailearen ahotsik entzun gabe. 19 Txiki nahiz handi, han denak berdin, eta esklaboa jabearengandik libre.

20 «Zergatik eman argia zoritxarrekoari, zergatik bizia atsekabea baizik ez dutenei? 21 Heriotzaren zain daude, eta ez zaie etortzen, altxorrak baino irrikatsuago bilatu arren. 22 Pozez txoratuko lirateke hilobia aurkituko balute. 23 Zertarako du bizia nondik jo ez dakien gizakiak, Jainkoak irteera guztiak ixten dizkio eta.

Job bere zoritxarragatik intzirika

24 «Negar-zotinak ditut ogi, urak bezala gainezka egiten nire intziriek. 25 Izan ere, zeri beldurrik handiena, eta huraxe gertatzen zait, zerk izutzen gehien, eta huraxe datorkit gainera. 26 Niretzat ez da lasaitasunik, ez patxadarik; atsedenik ez, egonezina baizik».

Hitzaldien lehen txanda

Elifaz

4. atala

[aldatu]

1 Orduan, Temango Elifazek esan zuen.

Jobi kontuak eskatu.

2 «Agian, ez da atsegina esango dizudana, baina ezin diet eutsi neure hitzei. 3 Zuk asko eta asko hezi eta ahulak indartu izan dituzu; 4 estropezu egiten zuena zeure hitzez altxatu eta okertutako belaunak zuzendu izan dituzu; 5 orain, zeuri tokatu zaizunean, adorea galtzen al duzu? Asaldatuta al zaude dena gainera datorkizulako? 6 Ez al zenuen Jainkoarengan zeure konfiantza eta jokabide zintzoan zeure itxaropena?

Jainkoak gaizkileak galdu

7 «Gogoratzen al duzu errugabea inoiz galdu denik? Edo gizon zuzena suntsitua izan denik? 8 Gaiztakeria landu eta miseria erein dutenak, horiek ikusi ditut ereindakoaren uzta biltzen. 9 Jainkoaren arnasak hondatzen ditu, haren haserre-hatsak kontsumitzen. 10 Lehoiak bezala orroaka eta purrustaka ibili arren, hortzak puskatzen dizkie Jainkoak; 11 zer janik ez duen lehoia bezala hiltzen dira eta beraien seme-alabak sakabanatzen.

Inor ez zuzen Jainkoaren aurrean

12 «Mezu bat etorri zait isilpean, haren zurrumurrua entzun dut. 13 Gau-ikuskari kezkagarri bat izan nuen lozorroak gizakia hartzen duen garaian; 14 izuak dardar eragin zidan, ikara hezurretaraino sartu; 15 haizeak aurpegian jo ninduen, gorputzeko ilea tentearazi. 16 Zutik zegoen, ez nuen ezagutu; irudi bat bakarrik aurrean. Dena isilik. Gero, ahotsa entzun nuen: 17 <Jainkoa baino zuzenagoa izango ote da gizakia? Egilea bera baino garbiagoa izango ote? 18 Bere zerbitzariez ere erabat fidatzen ez bada, aingeruengan ere hutsegiteak aurkitzen baditu, 19 zer ez hautsaren gainean oinarritutako buztinezko etxeetan bizi direnengan, harra bezain erraz zanpatuak izan litezkeenengan? 20 Goizetik iluntzera birrintzen dira, oharkabean betiko galtzen. 21 Biziaren lokarriak eteten zaizkie eta jakinduriarik lortu gabe hiltzen>.

Gizonak sortzen miseria

5. atala

[aldatu]

1 «Dei egin, Job, ea inork erantzuten dizun! Zein aingerurengana joko duzu? 2 Jakizu amorruak itotzen duela zentzugabea, inbidiak hilarazten heldugabea. 3 Sustraiak botatzen ikusi nuen zentzugabea, baina berehala hondatu zen haren egoitza; 4 haren seme-alabek ez dute salbabiderik izango, epaitegian zanpatuko dituzte inoren babesik gabe; 5 gosetuek jango dute hark bildutako uzta, kendu egingo diote, arantzazko hesiak jarri arren; egarrituek zurrupatuko diote ondarea. 6 Jakina da gaiztakeria eta miseria ez direla berez sortzen lurrean: 7 gizakiak sortzen du miseria, suak txinparta bezala.

Jaunak zigortu eta salbatu

8 «Nik neuk Jainkoarengana joko nuke, berari agertuko nioke ene auzia. 9 Ulermena gainditzen duten mirariak egiten ditu hark, gauza harrigarriak, ezin konta ahala; 10 euria bidaltzen du lurraren gainera, soroak ureztatzen; 11 apalduak goratu egiten ditu, bihotz-eroriak salbamenera jasotzen; 12 maltzurraren egitasmoak desegiten ditu, ez die uzten arrakastarik izaten; 13 buruargia bere maltzurkerian harrapatzen du, porrot eragiten bihurrien asmoei; 14 horrela, egun-argi betean ilunpetan aurkitzen dira, eguerdian itsumustuka ibiltzen gauean bezala. 15 Behartsua, ordea, salbatu egiten du Jainkoak haien mihiaren eztenetik eta indarkeriatik; 16 itxaropena ematen dio ahulari eta ahoa ixten zuzengabeari.

Jainkoak zentzarazi eta bedeinkatu

17 «Zorionekoa Jainkoak zentzarazten duen gizakia! Ez mesprezatu Ahaltsuaren heziketa. 18 Hark zauritu arren, osatu ere berak osatzen du; berak jo arren, sendatu ere bere eskuz sendatzen. 19 Behin eta berriro libratuko zaitu larrialditik, inoiz ez duzu kalterik jasango. 20 Gosetean heriotzatik gordeko zaitu, gerratean ezpatatik. 21 Mihiaren zigorretik babestuko zaitu, ez zara hondamendiaren beldur izango. 22 Bost axola zuri hondamendi eta gabeziak, ez zara basapiztien beldur izango. 23 Harriek ez dizute soroan trabarik egingo, eta bakean biziko zara piztiekin. 24 Bakea izango duzu etxean; aziendak ikuskatzean, ez zaizu bat ere faltako. 25 Seme-alaba asko izango duzu, zeure kimuak landako belarra bezain ugari. 26 Sasoi bikaina izango duzu hilobira arte, gari-balak uzta-aroan bezala. 27 Sakon aztertu dugu eta horrela da hau dena; entzun eta hartu gogoan zeure onerako».

Job

6. atala

[aldatu]

1 Jobek erantzun zuen:

Job atsekabez betea

2 «Pisatu ahal izango balitz nire atsekabea eta denak batera jarri ene zoritxarrak, 3 itsasoko hondarrak baino gehiago egingo lukete; horregatik dira hain neurrigabeak ene hitzak. 4 Ahaltsuaren geziak sartu dira niregan eta beraien pozoina barneratu zait. Jainkoak izu-ikaraz egin dit eraso. 5 Egiten al du basastoak arrantza belarraren aurrean, edo idiak marruma zer janik baldin badu? 6 Gatzik gabe jaten al da janari zozoa, edo gusturik hartzen al zaio zapore gabekoari? 7 Nire zintzurrak ukitu nahi ez zuena, hori dut orain elikagai nardagarri.

Jobek heriotza eskatu Jainkoari

8 «Beteko ahal da eskatzen dudana, emango ahal dit Jainkoak espero dudana! 9 Ai, Jainkoak suntsituko banindu eta bere eskuaz desegin! 10 Horrek arindu egingo ninduke. Eta pozez salto egingo nuke tortura latz honetan, ez niekeelako horrela Santuaren hitzei uko egingo. 11 Nondik, bestela, itxaroten jarraitzeko indarra? Zer helburu dut, pazientzia izateko? 12 Ez dut harkaitzaren sendotasunik, ez da brontzezkoa nire haragia. 13 Ez dut neure barnean sostengurik aurkitzen, ez dut inolako laguntzarik.

Lagunek huts egin Jobi

14 «Lur jota dagoenak lagunaren gupida behar du, Ahaltsuaganako begirunea ez galtzeko. 15 Ni anaiek ere traizionatu egin naute, urik gabe gelditzen diren errekek bezala. 16 Ur handiak dakartzate izotz-urtzealdian, goian elurrak urtzean; 17 baina lehen beroaldian agortu egiten dira, udaminean ubidetik desagertzen. 18 Karabanak bidetik okertu egiten dira: erreka lehorrei eremurantz jarraitu eta bertan galtzen. 19 Temako karabanek irrikaz bilatzen dute ura, Sabako bidaiariak haren esperoan dabiltza, 20 baina huts egiten die konfiantzak: hara iritsi, eta ezer ez! 21 Gauza bera zuek ere, huts egiten didazue: nire hondamendia ikusiz izuturik zaudete. 22 Eskatu al dizuet inoiz ezer eta zuen dirua nire alde emateko esan, 23 etsaien eskupetik libratzeko edo tiranoen menpetik askatzeko? 24 Argi nazazue, eta isildu egingo naiz. Esadazue zertan nagoen oker! 25 Mingarri gertatuko ote zait zuzen esandakoa? Baina zer da zuek kritikatzen duzuena? 26 Nire hitzak kritikatzen dituzue, haizeak daramatzan etsipenduaren hitzak direlarik. 27 Umezurtza ere zotz egingo zenukete zuek, laguna ere saldu. 28 Ea! Begira aurrez aurre: gezurra esango al dizuet, bada, aurpegira? 29 Beraz, segi dezagun; baina maltzurkeriarik ez! Jarrai dezagun, nire zuzentasuna dago auzitan eta. 30 Maltzurkeria al dut ene mihian? Ez al naiz, bada, hitzak bereizteko gauza?

Bizitzako egun nekagarriak

7. atala

[aldatu]

1 «Borroka da gizakiaren bizitza lurrean, lanera behartuarenak bezalakoak haren egunak. 2 Esklaboa bezala, atsedenaren irrikan dago; jornalariak bezala, soldata itxaroten du; 3 baina nire partea etekinik gabeko egunak dira, eta gau nekagarriak dagozkit. 4 Oheratu orduko, esaten diot neure buruari: <Noiz jaikiko ote naiz?> Amaigabea egiten zait gaua, jira-biraka egunsentira arte. 5 Gorputza harrez eta kozkorrez betea dut, zartatua eta zorna dariola azala. 6 Anezka baino bizkorrago doaz nire egunak, amaitzear daude, haria bukatzen denean bezala.

7 «Gogoan izan, ene Jainko, bizitza arnasaldi bat dela, ene begiek ez dutela berriro zoriona ikusiko. 8 Ez nau gehiago ikusiko so egiten zidanak; zuk begiratzean, ez naiz jadanik munduan izango. 9 Hodeia pasatu eta desagertzen den bezala, lurpera doana ez da berriz altxatzen, 10 ez da bere etxera itzultzen, bere txokoak ez du berriro ikusten. 11 Beraz, ez diot mihiari eutsiko; barrua larri, hitz egingo dut; bihotza saminez, kexatu egingo naiz.

Gizakia Jainkoaren erasopean

12 «Ozeanoa edo Itsas Mamua ote naiz zaintzailea jar diezadazun? 13 <Ohean izango dut atseden, etzanda arinduko da ene samina>, pentsatzen badut, 14 ametsez beldurtzen nauzu eta ikuskari gaiztoz izu-ikaratzen. 15 Nahiago nuke itota hil, nahiago heriotza, gorputz honetan bizi baino. 16 Bost axola niri! Ez naiz betiko. Utz nazazu, nire egunak badoaz eta. 17 Zer da gizakia, horrelako garrantzia berari emateko, zure arreta berarengan jartzeko, 18 goizero ikuskatzeko, uneoro aztertzen jarduteko? 19 Noiz arte egongo zara nire zelatan? Lagako ote didazu listua lasai irensten? 20 Bekatu egin al dut? Zer egin dizut zuri, gizakiaren zelatari horri? Zergatik hartu nauzu jo-puntutzat? Zertan bihurtu naiz zama zuretzat? 21 Zergatik ez duzu ene errebeldia barkatzen eta nire errua ahazten? Berehala nauzu hautsetan etzanda. Ene bila ibiliko zara, baina ordurako ez naiz munduan izango».

Bilbad

8. atala

[aldatu]

1 Orduan, Xuaheko Bildadek hitz egin zuen.

Jainkoak justizia egin

2 «Noiz arte hitz egingo duzu horrela, haize-erauntsia bezalako hitzak esanez? 3 Okertu egiten al du Jainkoak zuzenbidea, okertu egiten Ahaltsuak justizia? 4 Zure seme-alabek haren kontra bekatu egingo zuten, eta beren gaiztakeriaren menpe utzi ditu hark. 5 Baina zu Jainkoa bilatzen saiatzen bazara eta Ahaltsuari erregutzen badiozu, 6 garbi eta zuzen irauten baduzu, orduan zure alde ekingo dio hark eta zure zuzentasunari dagokion egoeran jarriko zaitu. 7 Zure lehengoak ez dira ezer izango emango dizun etorkizun bikainaren aldean.

Iraganeko belaunaldien testigantza

8 «Galdegin iragandako belaunaldiei, egin gogoeta haien arbasoen eskarmentuaz. 9 Atzo bertakoak gara gu, ez dakigu ezer, gure egunak ez baitira itzala baizik munduan. 10 Baina irakatsi egingo dizute haiek, beraiek jakin ahal izan zutena adieraziz: 11 <Sortzen al da kanabera paduratik kanpo, hazten ote ihia urik gabe? 12 Oraindik loretan dagoela, eta inork atera gabe, beste edozein belar baino lehen ihartzen da>.

Sinesgabeak ez du irauten

13 «Horrelakoa da Jainkoa ahazten dutenen zoria, horrela amaitzen da sinesgabearen itxaropena, 14 honen uste sendoa funtsik gabea baita, armiarma-sarea baino ez honen konfiantza. 15 Sare horretan sostengatzen bada, sareak ez du jasaten, heldu egiten badio, ez dio eusten. 16 Eguzkitan heze dagoen zuhaitzaren antzeko da: lorategi osoan hedatzen ditu adarrak, 17 harri artean luzatzen sustraiak eta harresiari atxikitzen zaio. 18 Baina bere lekutik ateratzen badute, ez da non landatua zegoen ere jakiteko modurik. 19 Horra hor haren zoria! Lur horretan beste bat ari da ernetzen.

Zintzoak zoriona izango

20 «Hara, Jainkoak ez du gizon zintzoa mesprezatzen, ez eta gaizkileei ere eskurik ematen. 21 Barrez beteko dizu oraindik ahoa, poz-irrintziz ezpainak. 22 Zure etsaiak, berriz, lotsaz beteko dira, gaiztoen egoitza desagertu egingo da».

9. atala

[aldatu]

1 Jobek erantzun zuen.

Jainkoa gizona baino indartsuagoa

2 «Bai, badakit horrela dela, gizakiak ez duela arrazoi Jainkoaren kontra. 3 Harekin eztabaidan hasi nahi badu, mila argudiori ezin izango dio bakar batez ere erantzun. 4 Jakinduriaz edo indarraz hornitua izanda ere, nork egingo dio aurre eta kaltegabe gelditu?

5 «Mendiak, ohartu gabe, lekuz aldatzen ditu berak, irauli egiten ditu bere haserrean; 6 lurra bere oinarrietatik astintzen du, eusten dioten zutabeak dardaraziz. 7 Haren aginduz eguzkia ez da ateratzen, izarrak ezkutuan uzten ditu. 8 Berak bakarrik zabaltzen ditu zeruak eta oinpean hartzen itsasoko uhinak. 9 Berak sortzen ditu Hartza, Orion, Pleiadeak, eta Hegoaldeko sekretu guztiak. 10 Ulermena gainditzen duten mirariak egiten ditu, gauza harrigarriak, ezin konta ahala. 11 Neure ondotik bera igaro eta ez dut ikusten, ondo-ondotik pasatu eta ez naiz konturatzen. 12 Zerbait hartzen badu, nork esan itzultzeko? Nork esango berari: <Zertan zabiltza?> 13 Jainkoak ez du bere suminean amore ematen, bere oinpean hartzen ditu Rahab-en indarrak.

Jainkoak bere arrazoia ezartzen

14 «Ni izango ote naiz, bada, erantzungo diona? Nik aurkituko ote argudioak beraren aurka? 15 Arrazoia badut ere, ez diot erantzungo; neure salatzaileari erregutu behar ote? 16 Nik dei egin eta hark erantzungo balit ere, ez dut uste nire erreguari jaramon egingo liokeenik. 17 Berak bainau ekaitzaz zanpatu, berak dizkit arrazoirik gabe zauriak ugaldu, 18 arnasa hartzen ere ez dit uzten eta saminez asebetetzen nau. 19 Indarrera jo? Bera da indartsuena. Zuzenbidera? Nork egin nire alde testigantza? 20 Zuzena banintz ere, haren ahoak kondenatu egingo ninduke; errugabea izanik ere, maltzur agerraraziko. 21 Errugabea al naiz? Neuk ere ez dakit. Nazkatua nago bizitzaz! 22 Dena berdin da! Sarritan esan izan dut: Errugabea nahiz erruduna suntsitzen ditu Jainkoak. 23 Ezbeharrez bat-batean heriotza gertatzen bada, barre egiten du hark errugabearen zoritxarraz. 24 Herrialde bat gobernari gaiztoen esku dagoenean, nork estaltzen ditu hango epaileen begiak, berak izan ezik?

Alferrik da Jainkoari aurre egitea

25 «Korrikalaria baino bizkorrago doaz nire egunak: zoriona ikusi gabe doaz ihesi, 26 ihizko ontziak bezain arin, arranoa harrapakinaren gainera bezala. 27 Neure buruari <Ahaztu atsekabea, alaitu aurpegi hori>, esaten badiot 28 oinaze guztien beldur jartzen naiz, ongi baitakit ez nauela errugabetzat hartuko. 29 Eta gaitzetsia izan behar badut, zertarako nekatu alferrik? 30 Nahiz elur-uraz garbitu, nahiz eskuak lixibaz igurtzi, 31 lokatzetan murgilduko ninduke eta neure jantziek ere nire nazka izango.

32 «Jainkoa ez da ni bezala gizon, erantzun diezaiodan edota biok auzitara joateko. 33 Gu bion artean auzia erabaki lezakeen artekaririk balego, 34 Jainkoaren makila kenduko lidake gainetik eta harenganako izuak ez ninduke ikaratuko. 35 Orduan, bai, beldurrik gabe hitz egingo nuke. Baina hori ez da horrela, eta neurez bakarrik behar dut baliatu.

Jainkoak giza bekatua aztertzen

10. atala

[aldatu]

1 «Nazkatua nago bizitzaz! Ez ditut gordeko neure kexak, bihotzeko samina isuriko dut. 2 Esango diot Jainkoari: Ez nazazu erruduntzat har. Esadazu zertaz salatzen nauzun. 3 Ongi iruditzen al zaizu ni gogor hartzea, zeure eskuen lana mesprezatu eta gaiztoen egitamua ederrestea? 4 Haragizko begiak al dituzu eta gizakiek bezala ikusten? 5 Zure egunak eta urteak gizakiarenak bezain laburrak ote, 6 nire errua eta bekatua aztertzen ibiltzeko, 7 nahiz eta jakin ez naizela errudun eta inork ez nazakeela zure eskutik libra?

Gizakia Jainkoak sortua

8 «Zure eskuek egin ninduten, beraiek moldatu ninduten alde guztietatik, eta, orain, suntsitu egiten nauzu! 9 Gogoan izan buztina bezala eratu ninduzula, eta hautsetara itzularaziko nauzula berriro. 10 Ez al ninduzun isuri esnea bezala eta gero gazta bezala gatzatu? 11 Azalez eta haragiz jantzi ninduzun, hezurrez eta zainez ehundu; 12 biziaren dohaina eman zenidan eta ardura osoz zaindu duzu ene arnasa.

Erasotua eta zigortua izateko sortu Jainkoak gizakia

13 «Baina beste zerbait zenuen zeure barnean gordeta; badakit orain zein zen zure asmoa: 14 nik noiz bekatu egingo zain egotea, nire erruen zigorra emateko. 15 Errudun izanez gero, ai ene! Errugabe izanik ere, ezin izango dut bururik altxatu, lotsaz betea bainago, miseria beti begi aurrean. 16 Altxatzen badut, berriz, lehoiak bezala harrapatuko nauzu, zure balentriak nire kontra berreginez, 17 berriro ene aurka erasoz, nireganako are amorru handiagoz, etengabe zure gudarosteak nire kontra bidaliz.

Bakean utz nazala Jainkoak

18 «Beraz, zergatik irtenarazi ninduzun sabeletik? Hil banintz, inork ez nindukeen ikusiko, 19 izan ez banintz bezala, sabeletik hilobira eramana izango. 20 Hain dira urriak nire egunak! Utz nazazu bakean, pozalditxo bat izan dezadan, 21 itzulerarik gabe joan aurretik ilunpe eta herio-itzalen herrialdera, 22 iluntasun eta nahas-mahasi hutseko, argi-izpirik gabeko herrialdera».

Tzofar

11. atala

[aldatu]

1 Orduan, Naamako Tzofarrek hitz egin zuen.

Jobek ez du arrazoirik

2 «Erantzunik gabe geratuko ote da horrelako hitz-jarioa? Arrazoi izan behar ote du asko hitz egiteagatik? 3 Zure solaskeriak aho zabalik uzten du jendea; zuk iraindu, eta ez ote da isilaraziko zaituenik? 4 Esan duzu: Zuzenak dira nire arrazoibideak, garbi nago Jainkoaren begien aurrean. 5 Ai Jainkoak hitz egingo balu eta ezpainak zabaldu zuri mintzatzeko! 6 Jakinduriaren sekretuak erakutsiko lizkizuke, giza adimenarentzat sakonegiak direnak; orduan jakingo zenuke hark ez zaituela zigortzen zuk merezi beste.

Jobek ez du Jainkoaren handitasuna ezagutzen

7 «Jainkoaren barren-barrena ikertu nahi al duzu eta Ahaltsuaren handitasuna besarkatu? 8 Zeruak baino garaiagoa da: zer egingo duzu? Leizeak baino sakonagoa: nola ezagutuko duzu? 9 Lurra baino luzeagoa da, itsasoa baino zabalagoa. 10 Etorri, norbait preso hartu eta auzitara eramaten badu Jainkoak, nork eragotziko dio? 11 Ezagutzen baitu hark gizakiaren faltsukeria, ikusten du gaiztakeria, bai eta kontuan hartu ere. 12 Basastoa gizaki bihurtzean, burugabea zentzatuko orduan.

Jobek bere jokaera zuzendu behar lasai bizitzeko

13 «Zeure burua zentzatzen baduzu eta zeure eskuak Jainkoarengana hedatzen, 14 egindako gaiztakeria urrutiratzen baduzu eta maltzurkeria zuregan egoten utzi ez, 15 orduan tente eraman ahal izango duzu burua; ongi oinarritua, ez zara ezeren beldur izango. 16 Ez zara zeure atsekabeaz aurrerantzean oroituko, igarotako ura bezala izango da zuretzat. 17 Eguerdia baino distiratsuago agertuko zaizu bizitza, oraingo iluntasuna egunsenti bihurtuko. 18 Itxaropenik badela-eta seguru egongo zara, babestua sentituz, lasai lo egingo duzu. 19 Zeure atsedenean inork ez zaitu izutuko eta jende asko hasiko zaizu zurikeriatan. 20 Gaiztoak, berriz, gero eta ahulago begiak; ez du ihesbiderik, heriotza beste itxaropenik ez».

Job

12. atala

[aldatu]

1 Jobek erantzun zuen.

Jobek ere badaki esperientzian oinarrituta

2 «Benetan, herriaren ahotsa zaretela uste duzue, eta zuekin amaituko dela jakinduria. 3 Baina neuk ere badut adimena, ez naiz zuek baino gutxiago. Nork ez daki zuek esandako guztia? 4 Zuen, ene lagunon, irrigarri naiz, ni, erantzun eske Jainkoari deika ari natzaion hau. Zintzoa eta zuzena, irrigarri! 5 <Zoritxarrekoari mesprezioa, estropezu egiten duenari zartadak> pentsatzen du zoriontsuak. 6 Bakea dago, ordea, bidelapurren bizilekuetan; Jainkoa zirikatzen dutenak eta beren eskura eduki nahi dutenak lasai daude.

7 «Galdetu basapiztiei eta irakatsiko dizute, zeruko hegaztiei eta adieraziko, 8 lurreko narrastiei eta irakatsiko dizute, itsasoko arrainek ere kontatuko; 9 horien guztien artean nork ez daki Jaunaren eskuak egin duela dena, 10 Jaunaren esku dagoela bizidun ororen arnasa eta gizaki bakoitzaren espiritua? 11 Hitzak bereizteko ahalmena du belarriak, jakiak dastatzekoa ahosabaiak; 12 adinekoek izaten dute jakinduria, urtetan aurreratuek zuhurtzia. 13 Bada, Jaunarenak dira jakinduria eta ahalmena, berarenak trebezia eta zuhurtzia.

Jainkoaren indarra suntsitzaile

14 «Jainkoak desegindakoa ezin inork berreraiki, preso hartu duena ezin inork askatu; 15 urei eusten badie, lehortea da; jaregiten badie, mundua suntsitzen duen uholdea. 16 Berak ditu indarra eta arrakasta, berarenak dira engainatua eta engainatzailea. 17 Boterea kentzen die kontseilariei eta burutik nahasten epaileak; 18 agintearen ezaugarriak kentzen erregeei eta loturik eramaten preso; 19 aginpidea kentzen die apaizei eta boterean finko daudenak iraultzen; 20 hizlari trebeak mututu egiten ditu eta zaharrei sena kentzen; 21 mesprezioa botatzen du handikien gainera eta ahaltsuak indarge uzten; 22 ilunpeetako sakonena agerrarazten du eta itzalik beltzenak argitara ateratzen; 23 herriak altxarazten ditu, eta gero hondatu; nazioak hedarazi, eta gero desegin; 24 buruzagiei sena kentzen die eta biderik gabeko eremuetan galbideratzen; 25 iluntasun beltzean dabiltza itsumustuan eta mozkorrak legez zabunkarazten ditu Jainkoak.

Jobek lagunen hitzaldiari erantzun

13. atala

[aldatu]

1 «Bai, neure begiek ikusi dute hori dena, neure belarriek entzun dute, eta ulertzen dut. 2 Zuek dakizuena, neuk ere badakit, ez naiz, ez, zuek baino gutxiago. 3 Baina nik Ahaltsuari hitz egin nahi diot, Jainkoarekin egin nahi dut eztabaidan. 4 Zeren zuek gezurzale baitzarete, sasimediku besterik ez. 5 Isil-isilik egongo bazinete, orduan bai zuek jakintsu!

6 «Entzun, bada, ene defentsa, aditu ene ezpainetako arrazoibideak. 7 Jainkoa nahi al duzue defendatu zuen bidegabekeria eta gezurrez? 8 Jainkoaren alde jarri nahi al duzue eta haren defendatzaile bihurtu? 9 Eta berak aztertuko bazintuzte, zer? Gizakia bezala engainatuko ote zenukete? 10 Agudo asko aurpegiratuko dizue, ezkutuan alderdikeriaz jokatzen baduzue. 11 Ez al zaituzte ikaratzen haren handitasunak? Ez al zaituzte zanpatzen harenganako izuak? 12 Errautsezko esanak dira zuen hitz-aspertuak, buztinezkoak zuen erantzunak. 13 Isildu zuek! Neuk hitz egin behar dut, eta datorkidala datorkidana! 14 Dena arriskatuko dut, bizia jarriko dut jokoan. 15 Bai, hil egingo nau. Ez dut ezer espero, neure jokabidea haren aurrean defendatzea izan ezik. 16 Hori bera izango dut salbabide, sinesgaberik ezin baita haren aurrera aurkeztu. 17 Entzun, entzun ene hitza, sar dadila zuen belarrietara ene azalpena. 18 Prestatu dut neure defentsa eta badakit errugabe geldituko naizela. 19 Ba al da nirekin eztabaidan hasi nahi duenik? Ni isildu eta hiltzeko zorian nago.

Jobek Jainkoari aurre egin

20 «Ene Jainko, bi gauza bakarrik eskatzen dizkizut eta ez naiz zure aurretik ezkutatuko: 21 zeure atzaparra nire gainetik kentzea eta zeure izuaz ni ez ikaratzea. 22 Gero, zuk hitz egin eta nik erantzungo dizut, edota nik hitz egin eta zuk erantzungo. 23 Zenbat dira nire erruak eta bekatuak? Erakuts iezadazu ene okerkeria eta bekatua. 24 Zergatik ezkutatzen didazu zeure aurpegia, zergatik hartzen nauzu etsaitzat? 25 Zergatik izutzen nauzu eta erasotzen? Ez naiz airean doan hosto eta lasto iharra baizik. 26 Epai latzak ematen dituzu ene aurka, gaztaroko erruak egotziz; 27 nire oinak katez lotzen dituzu, nire pauso guztiak zelatatzen, oinatzak aztertzen.

Gizakiaren bizitza laburra eta itxaropenik gabea

28 «Gizakia pipiak jotako zura bezala birrintzen da, sitsak jandako soinekoa bezala.

14. atala

[aldatu]

1 «Emakumeagandik sortutako gizakiak egunak gutxi eta kezkak ugari; 2 lorea bezala zabaltzen da eta zimeltzen, itzalak bezala egiten ihes, iraun gabe. 3 Eta zuk, Jainko, horrelakoagan jartzen dituzu begiak eta zeurekin auzitara eramaten! 4 Nork atera lezake garbia lohitik? Inork ez! 5 Bere egunak mugatuak dituenez eta hilabeteen kopurua zuk finkatua, gaindiezineko muga jarria diozunez, 6 begira ezazu beste norabait eta utz ezazu lasai, bere egunez goza dadin, langilea bezala.

Hildakoak itzulerarik ez

7 «Zuhaitzak ere badu itxaropenik; moztu arren, suspertu egiten da eta kimu berriak ematen; 8 sustraiak zahartu eta motzondoa lurpean ihartu arren, 9 ura sumatu orduko hezetu egiten da eta landare gazteak bezalako hostaila botatzen. 10 Baina gizakia hil eta horretan amaitzen da; hil eta gero, zer geratzen da hartaz? 11 Urik gabeko aintzira bezala, agortu eta lehortutako ibaia bezala, 12 gizakia etzan eta ez da berriro jaikiko, ortzia desagertu eta gero ere, ez da itzartuko, ez da bere loalditik esnatuko.

13 «Ene Jainko, lurpean ezkutatuko baninduzu behintzat, gordeta edukiko baninduzu zeure sumina igaro arte, eta epe bat ezarriko bazenu nitaz oroitzeko... 14 Baina hildako gizakia berpiztuko ote da? Munduko borroka-egun guztietan egongo nintzateke, neure askatasun-aldia noiz iritsiko zain. 15 Zuk dei egin eta nik erantzun egingo nizuke, irrikatan egongo zinateke zeuk egina nauzun honengatik. 16 Orain nire urratsei jarraitzen badiezu ere, orduan ez zinateke nire bekatuaz arduratuko. 17 Zorroan lakraz itxia utziko zenuke ene errebeldia eta nire erruak zurituko. 18 Baina mendia behera etortzen eta harkaitza lekuz aldatzen den bezala, 19 urak harria jaten eta bere erasoan lurra eramaten duen bezala, horrelaxe hondatzen duzu gizakiaren itxaropena. 20 Zuk erabat zanpatu eta hor doa betiko, heriotzaz desitxuraturik bidaltzen duzu. 21 Seme-alabak aberasten badira ere, hark ez du jakingo; behea jotzen badute, ez da ohartuko. 22 Bere haragiaren samina baizik ez du sentitzen, bere buruaren atsekabea besterik ez».

Hitzaldien bigarren txanda

Elifaz

15. atala

[aldatu]

1 Orduan, Temango Elifazek hitz egin zuen.

Bere hizkerak kondenatzen Job

2 «Erantzuten al du jakintsuak doktrina hutsalez, bere barrua haizez puztuta, 3 balio gabeko arrazoiez argudiatuz, alferrikakoa dena esanez? 4 Zuk Jainkoarenganako begirunea desegiten duzu eta otoitz egitea eragozten. 5 Zure hitzek garbi erakusten dute zure gaiztakeria, eta maltzurren mintzaira darabilzu. 6 Zeure ahoak kondenatzen zaitu, ez nik, zure ezpainek aitortzen dute zure kontra.

7 «Mundura jaiotako lehen gizakia ote zara, bada? Muinoak baino lehen sortu ote zintuzten? 8 Jainkoaren asmo ezkutuaren berri izan ote duzu, jakinduriaren jabe bihurtuz? 9 Zer dakizu zuk guk ez dakigunik? Zer ulertzen guk ulertzen ez dugunik? 10 Gure artean badago ile urdineko agurerik, zure aita baino adintsuagorik. 11 Ez al dituzu aintzat hartzen Jainkoaren kontsolamendua eta guk esaten dizkizugun hitz leunak? 12 Zergatik horrelako grina zeure barruan, begiak ere irten beharrean?

13 «Zergatik amorru hori Jainkoaren kontra, hainbeste hitz darizula? 14 Nola izan liteke garbia gizakia? Nola zuzena, emakumeagandik jaiotakoa? 15 Bere aingeruez ere ez bada Jainkoa erabat fidatzen, zeruak ere ez badira aski garbi haren begietan, 16 are gutxiago gizaki nardagarri eta usteldua, ura bezala gaiztakeria edaten duena!

Gaiztoaren zoria

17 «Entzun azaldu behar dizudana, ikusi dudana adieraziko dizut, 18 jakintsuek arbasoengandik jaso eta ezer ezkutatu gabe kontatzen dutena 19
-haiei bakarrik eman zitzaien lurraldea eta beren artean ez zuten atzerritarrik izan
-.
20 Bizitza osoa ematen du gaiztoak sufritzen, mugatuak ditu tiranoak urteak. 21 Hots beldurgarriak entzuten ditu, bake-bakean dagoela, eraso egiten diote; 22 ez du ilunpeari ihes egiteko itxaropenik, ezpata baitu bere zain. 23 Saien harrapakin izango da, badaki ilunpea duela bere zoria. 24 Larriak eta nahigabeak izu-ikaraz inguratzen dute, erasotzeko prest dagoen erregeak bezala; 25 Jainkoaren kontra altxatu baitu eskua eta Ahaltsuari egin erronka, 26 buruz aurrera oldartuz haren aurka, ezkutu sendoa babes harturik. 27 Masailak lodituta eta gerrialdea gizen-gizen, 28 hondatutako hirietan biziko da, bizitzeko balio ez duten eta erortzear dauden etxeetan. 29 Ez da aberats luzaroan izango, ez ditu ondasunak lurrean gehituko. 30 Ez du ilunpeetatik ihes egingo, sargoriak ihartuko dizkio kimuak: Jainkoaren arnasak desagerraraziko du. 31 Ez bedi fida itxura engainagarriaz, horixe izango du ordainsari eta. 32 Garaia baino lehen egingo du harenak, ez zaizkio adarrak berriro hezetuko. 33 Heldugabe fruituak erortzen zaizkion mahastia bezala izango da, loreak galtzen dituen olibondoa bezala. 34 Agorra da sinesgabeko jendea, suak suntsituko ditu eroskeriazaleen etxeak. 35 Gaiztakeria sortzen du, zoritxarra ematen argitara, iruzurkeriaz bete-betea du barrua».

Job

16. atala

[aldatu]

1 Jobek erantzun zuen.

Jainkoa Joben gaitzen eragile

2 «Entzun dut hamaika horrelako; kontsolatu ordez, atsekabetu egiten nauzue. 3 <Ez al dira amaituko hitz hutsal horiek?> edo <Zerk zirikatzen zaitu erantzuteko?> diostazue. 4 Nik ere hitz egingo nuke zuek bezala, zuek egonez gero nire egoeran. Nik ere botako nizkizueke hitzaldiak eta zuen kontra mesprezioz buruari eragingo. 5 Emango nizueke adore nire ahoaz, eta baretasuna neure ezpainei eraginez. 6 Baina hitzegiteak ez du nire samina baretzen, isiltzeak ere ez du niregandik aldentzen. 7 Jainko, erabat jota utzi nauzu, nire inguruko guztiak urrunarazi dituzu; 8 zimurrez bete eta hezur eta azal utzi nauzu: horrek salatzen eta akusatzen nau. 9 Jainkoaren suminak erasotzen dit eta urratzen, hortzak estutzen ditu nire aurka, zorrotz begiratzen, etsai bailitzan. 10 Jendeak aho betean iraintzen nau, masailakoz betetzen: denak batera nire kontra. 11 Jende txarraren menpe utzi nau Jainkoak, gaiztoen eskuetara bota. 12 Lasai bizi nintzen, eta birrindu egin nau, lepotik heldu eta zati-zati egin, bere gezien jo-puntu bihurtu. 13 Bere geziez josi nau, errukigabe zulatu dit gorputza eta lurrera isuri nire odola; 14 zauriz zulatu nau, gerlaria bezala oldartu zait gainera erasoan.

Jobek bere defendatzaileagana jo

15 «Zakukiz estali dut larruazala, hautsetaraino makurtu nire burua. 16 Gorritua dut aurpegia negarrez, estaliak begiak iluntasun beltzez. 17 Halere, ez dut indarkeriara jo, garbia da nire otoitza. 18 Oi lur, ez estali nire odola, ez bedi isildua izan nire garrasia! 19 Bai, badut aldeko lekukorik zeruan, badut defendatzailerik goian, 20
- lagunak isekaz ari zaizkit, baina nik Jainkoari jasotzen begi negartsuok
-,
21 defenda dezala hark gizakia Jainkoaren aurrean, gizaki batek bestea bezala. 22 Izan ere, urte gutxiren buruan itzulerarik gabeko bidetik joango naiz.

Jobek, irainen artean, Jainkoarengana jo

17. atala

[aldatu]

1 «Arnasa amaitzen ari zait, bizia itzaltzen, hilobia dagokit zain. 2 Isekatzailez inguratua nago, lorik ere eginezinik haien lotsagabekeriaz. 3 Arren, Jainko, izan zeu nire bermatzaile; nor jarriko, bestela, nire alde? 4 Zuk kendu duzu zentzu ona horiengandik, ez utzi garaile atera daitezen. 5 <Gauzak lagunekin banatu nahi, eta seme-alabek begiak gosez ahuldurik>. 6 Jendeak esaera hori aurpegiratzen dit, denek listua botatzen aurpegira. 7 Begiak erreta ditut saminez, itzala baizik ez da nire gorputza. 8 Honek txunditu egiten du gizaki zuzena, errugabea sumindu egiten da maltzurraren aurka. 9 Baina zintzoak bere bideari eusten dio, jokaera garbikoa sendotu egiten da. 10 Zuek behin eta berriro etorri arren, ez dut zuen artean jakintsu bakar bat ere aurkitzen.

Joben itxaropena lur jota

11 «Badoaz nire egunak, porrot dagite nire egitasmo eta ametsek. 12 Gaua egun bihurtuko omen da, ilunpea uxatuko duen argia ba omen dator. 13 Zer itxaron? Hilen Egoitza dut etxe, ilunpea etzaleku. 14 <Aita> deitzen diot hobian usteldutakoari, <ama, arreba> jango nauten harrei. 15 Non zaude, ene itxaropen? Nork ikusiko zaitu berriro? 16 Hilen Egoitzaren hondo-hondoraino jaitsiko zara, biok batera lurpean murgil gaitezenean».

Bilbad

18. atala

[aldatu]

1 Orduan, Xuaheko Bildadek hitz egin zuen.

Gaiztoaren patu ikaragarria

2 «Noiz arte jarraituko duzue elkarren lehian hizketan? Egin gogoeta lehen, eta hitz egin gero. 3 Zergatik hartzen gaituzu animaliatzat? Zergatik jotzen inozotzat? 4 Zeure suminaz minberatuta zauden horrek, zuregatik lurra eremu bihurtu edo harkaitza lekuz aldatuko dela uste al duzu?

5 «Bai, gaiztoaren argia itzali egiten da, haren sukaldean ez da sugarrik pizten, 6 ilundu egiten da haren etxeko argia, itzali, argi egiten zion kriseilua. 7 Haren lehengo urrats biziak moteldu eta bere asmo gaiztoek erorarazten dute, 8 bere oinek daramate sarera eta sare-mailan gelditzen da trabatua, 9 lakioak orkatilatik heltzen dio eta bertan geratzen harrapatua. 10 Gaiztoentzat tranpak daude gordeta lurrean, zelatak bideetan. 11 Izu-ikarek inguratzen dute alde guztietatik, urratsez urrats jarraitzen diote. 12 Goseak ahultzen du sasoirik onenean, ezbeharra ezartzen zaio ondoan; 13 gaitz hilgarriak larruazala jaten dio zatika, gorputz-atalak irensten. 14 Etxean seguru zegoen lekutik hartu eta izu-ikararen erregeagana eramaten dute. 15 Edonor bizi daiteke jadanik harena ez den etxean, garbitzeko sufrea barreiatu ondoren. 16 Azpitik, sustraiak ihartzen zaizkio; gainetik, hostaila zimeltzen. 17 Galdu egin da haren oroitzapena herrialdean, izena ere ez dute gogoratzen inguruetan. 18 Argitasunetik ilunpetara jaurtikia, mundutik ere kanporatua, 19 ez du haurrik, ez ondorengorik herrian, ez da inor bizirik gelditzen haren egoitzan. 20 Haren patuaz izu-ikaratu egiten dira denak, bai ekialdekoak, bai mendebaldekoak: 21 <Horra hor nola bukatzen duen gaizkileak, Jainkoa ezagutzen ez duenak> ».

Job

19. atala

[aldatu]

1 Jobek erantzun zuen.

Job Jaunak desohoratua eta baztertua

2 «Noiz arte atsekabetu behar nauzue eta zeuen hitzez zanpatu? 3 Dagoeneko gehiegi iraindu nauzue. Ez al zarete lotsatzen niri horrela erasotzeaz? 4 Huts egin dudala egia izanda ere, neuri bakarrik dagokit hutsa. 5 Lotsatzen nauena aurpegiratuz, ni baino hobeak zaretela uste baduzue, 6 jakizue Jainkoa izan dela nirekin bidegabe jokatu eta bere sarean bildu nauena. 7 Bidegabekeria horren aurka egin dut oihu, eta inork erantzun ez; laguntza eskatu, eta justiziarik ez. 8 Berak itxi dit bidea, ez dut irtenbiderik, nire ibilbideak ilunpetan utzi ditu. 9 Berak erantzi dit ohorea, berak kendu duintasunaren koroa. 10 Alde guztietatik jo nau, akabo! Zuhaitza bezala atera du nire itxaropena sustraitik. 11 Bere sumina piztu du ene aurka, etsaitzat hartu nauelarik. 12 Haren gudu-taldeak saldoan datoz, nireganaino iristeko bideak egin eta oihal-etxola inguratu didate.

13 «Senideak urrundu egin ditu niregandik, lagunek ere arroztzat naukate. 14 Auzoko eta ezagunek huts egin didate, etxean nituenek ere ahaztu. 15 Neskameek arroztzat naukate, kanpotartzat hartzen naute. 16 Morroiari dei egin eta ez dit erantzuten, erregututa ere. 17 Emazteari berari ere nazkagarri zaio nire arnasa, higuingarri natzaie neure odolekoei. 18 Haurrek ere mesprezatu egiten naute; jaiki orduko, burlaka hasten zaizkit. 19 Higuindu egiten naute lagun guztiek, nire aurka bihurtzen adiskide minenak ere. 20 Hezurra eta azala besterik ez naiz, ozta-ozta jarraitzen dut bizirik.

«Nire hitzak idatziak geldituko balira»

21 «Errukitu, errukitu nitaz, ene adiskideok, Jainkoak berak zauritu bainau! 22 Zergatik pertsegitzen nauzue zuek ere, Jainkoak bezala, zergatik ez zarete ni larrutzeaz aspertzen? 23 Ai, nire hitzak idatziak geldituko balira, liburuan ezarriak! 24 Edota burdinazko zizelaz eta berunaz betiko grabatuak haitzean!

Joben itxaropena

25 «Nik badakit nire eskubidearen babeslea bizi dela, eta, azkenean, hautsetatik jasoko nauela. 26 Nire larruazal hau desegin ondoren, gorputzik gabe, Jainkoa ikusiko dut. 27 Neuk, bai, neuk ikusiko dut! Ez natzaio arrotz izango. Neure begiez ikusiko dut. Bihotza sutan dut ene barnean.

28 «Ni pertsegitzeko asmoa baduzue, gaitzaren sustraia niregan dagoelakoan, 29 izan ezpataren beldur, ezpatak zigortu egiten baititu erruak. Horrela jakingo duzue badela epaiketa bat».

Tzofar

20. atala

[aldatu]

1 Orduan, Naamako Tzofarrek hitz egin zuen.

Gaiztoek Jainkoaren zigorrari ezin ihes egin

2 «Urduri eta asaldaturik utzi nauzu, eta ezin egon erantzun gabe. 3 Iraindu nauen irakaspena entzun dut, baina hona zer erantzun behar dizudan.

4 «Ez al dakizu, betidanik, gizakia lurrean jarria izan denetik, 5 gaiztoen arrakasta laburra dela, sinesgabearen alaitasuna unetxo batekoa bakarrik? 6 Nahiz eta zeruraino hazi eta bere buruaz hodeiak ukitu, 7 zaborra bezala desagertuko da betiko; ikusten zutenek esango dute: Non da? 8 Ametsa bezala ezereztuko da, inork ez aurkitzeko eran, gau-ikuskaria bezala desagertuko. 9 Ikusten zutenek ez dute gehiago ikusiko, zegoen tokia hutsik geldituko da. 10 Haren seme-alabak behartsu bihurtuko dira, ondasunak itzuli beharrean gertatu baitzen bera. 11 Beregan duen gaztetasun betea lurpera joango da laster berarekin. 12 Nahiz eta gaizkia gustuko janaria izan,
-mihipean gorde,
13 jaregin gabe ahogozatu eta ahoko sabaipean edukitzen zuena
-,
14 usteldu egingo zaio erraietan, sugegorriaren pozoi bihurtuko. 15 Irentsitako ondasunak oka egingo ditu, Jainkoak botarazi egingo dizkio sabeletik. 16 Sugegorriaren pozoia zen xurgatzen zuena, biperaren miztoak bezala hilko du. 17 Ez ditu gehiago ikusiko olioa, eztia eta esnea, errekako ura bezain ugari. 18 Irabazitakoa erabili gabe itzuli beharko du, salmentatik ateratakoa ez du gozatuko. 19 Behartsuak zanpatu eta baztertu zituenez, berak eraiki gabeko etxeez jabetu 20 eta bere gutizia aseezina izan zuenez, ondasun guztiak galduko ditu. 21 Inork ez baitzion haren irentsi beharrari ihes egiten, ez du haren ongizateak iraungo. 22 Oparotasun betean, gabeziak harrapatuko du, atsekabetu guztiak gainera jausiko zaizkio. 23 Sabela bete diezaion, bere sumina bidaliko dio Jainkoak, elikagai bezala igorriko dio gainera. 24 Burdinazko armari ihesi doala, brontzezko geziak harrapatuko du. 25 Geziak gorputza zeharkatuko dio, muturra gibeletik ateraz; herioaren izu-ikara gaineratuko zaio. 26 Ilunpe osoa dauka zain, inork suspertu gabeko suak irentsiko du, etxeko hondarrak ere deuseztuz. 27 Zeruek azalduko dute beraren errua, lurra ere kontra altxatuko zaio. 28 Ura isurian bezala joango zaizkio etxeko aberastasunak, Jainkoaren zigor-egunean. 29 Horra Jainkoak gaiztoarentzat daukan patua, berarentzat erabakia duen ondarea».

Job

21. atala

[aldatu]

1 Jobek erantzun zuen.

Jobek lagunei arreta eskatzen

2 «Entzun arretaz nire hitzak, emadazue behintzat kontsolamendu hauxe. 3 Izan eramanpena hitz egiten dudan bitartean, eta amaitzean, egin iseka, nahi baduzue. 4 Gizakiagatik kexatzen ote naiz? Zergatik, bada, ez dut galduko pazientzia? 5 Jar iezadazue arreta. Txundituta, txintik esan gabe geldituko zarete. 6 Oroitzapen horrek neu ere izutu egiten nau, hotzikara sartzen zait gorputzean.

Gaiztoak zorionean bizi

7 «Zergatik jarraitzen dute bizirik gaiztoek, zenbat eta zaharrago hainbat eta indartsuago? 8 Seme-alabak sendotuz doaz haien ondoan, kimu berriak hazten ikusteko aukera dute. 9 Haien etxeak, bakean eta beldurrik gabe: Jainkoaren zigorrik ez zaie iristen. 10 Haien zezenak huts egin gabe ernaltzen du, txahalik galdu gabe erditzen behia. 11 Umeei arkumeak bailiran uzten diete jolasean, haurrei dantzan. 12 Danbolin eta zitararen laguntzaz abestu eta txistua joz egiten dute festa. 13 Beren egunak gozo-gozo pasatu eta lasai asko jaisten dira lurpera. 14 Jainkoari esaten zioten: <Alde egizu guregandik, ez ditugu zure bideak ezagutu nahi eta. 15 Merezi al du Ahaltsuak zerbitza dezagun? Zer irabazten dugu berarengana joz?> 16 Ez al dute zoriona beren esku? Zergatik esan, orduan, <Ez nator bat gaiztoen egitasmoekin?>

Gaiztoek zigorrik ez

17 «Sarri itzaltzen ote da gaiztoen kriseilua, sarri jausten ote ezbeharra haien gainera, sarri ematen ote Jainkoak zigorra bere suminean? 18 Halere, esan ohi da: <Izan bitez lastoa haizetan bezala, orbela zurrunbiloan bezala!> 19 Aitaren zigorra seme-alabei ematen omen die Jainkoak. Zigor dezala bera, konturatuko da! 20 Ikus dezala bere begiez hondamendia eta edan Ahaltsuaren sumina! 21 Izan ere, zer axola zaizkio etxekoak, hil eta gero, bere hilabete-kopurua amaitu ondoren?

22 «(Nork emango irakaspenak Jainkoari, zeruko izakien epaile ere bera delarik?)

23 «Hiltzen da bat sasoi-sasoian, zoriontsu eta lasaitasun betean; 24 saihetsak gantzez ongi beteta, hezurrak sendo eta indartsu. 25 Hiltzen da beste bat, atsekabez betea, zoriona sekula dastatu gabe. 26 Biak batera etzaten dira lurrean eta harrek estaltzen dituzte.

Gaiztoa heriotzan ere ohoratua

27 «Ongi ezagutzen ditut zuen gogoetak eta nire aurka dituzuen argudioak. 28 Badakit esaten duzuela: <Non da tiranoaren etxea, non gaiztoen egoitza?> 29 Zergatik ez diezue bidaiariei galdegiten eta haiek esandakoa kontuan hartzen? 30 Gaizkilea onik irteten da hondamendikoan, babesean egoten zigor-egunean. 31 Inork ez dio bere jokabidea aurpegiratzen, ez eta merezi duena ematen ere. 32 Hilerrira eramaten dutenean, beila egiten dute haren hilobian. 33 Jende guztia doa haren atzetik segizioan, zenbatezina bildutakoen kopurua. Gozo zaio hilerriko lurra.

34 «Nola kontsolatu nahi nauzue zeuen erantzun faltsu eta hutsal horiekin?»

Hitzaldien hirugarren txanda

Elifaz

22. atala

[aldatu]

1 Orduan, Temango Elifazek hitz egin zuen.

Jainkoak bere erruengatik zigortu Job

2 «Gizakia Jainkoarentzat izaten ote onuragarri? Zentzu onekoa bere buruarentzat da onuragarri! 3 Zer axola zaio Ahaltsuari zure zuzentasuna? Zer irabazten du hark zure jokabide prestuaz? 4 Berarekiko leial zarelako zentzarazten ote zaitu edo horregatik eramaten ote auzitara? 5 Ez ote zure gaiztakeria handia delako eta amaigabeak zure erruak? 6 Arrazoirik gabe gauzak bahituran hartzen zenizkien anaiei, jantziak kentzen biluzik uzteraino. 7 Ez zenion urik ematen egarrituari, eta bai ogia ukatzen gosetuari. 8 Gizon ahaltsu eta lurraren jabe, bertan ezarritako pribilegiatua zinenez, 9 alarguntsak esku-hutsik bidaltzen zenituen, umezurtzak gaizki hartzen. 10 Horregatik inguratzen zaituzte lakioek, bat-bateko izu-ikarek asaldatzen. 11 Ilunpetan zaude ezer ikusezinda, uholdeek azpiratua bezala.

Jobek Jainkoaren ahalmena ukatzen

12 «Ondo goian daude gero izarrak! Bada, are gorago dago Jainkoa. 13 Zuk diozu: <Zer daki Jainkoak? Nola epai lezake hodei tzar beltzez bestaldetik? 14 Hodeiz estalia dago eta ez du ikusten, zerumugetan bakarrik ibiltzen da>.

15 «Antzinako bideari jarraitu nahi al diozu zuk ere, gizatxarrek egindako berari? 16 Garaia baino lehen eraman zituzten, ibaiak ura bezala, haien oinarriak urtuta. 17 Esaten zioten Jainkoari: <Alde guregandik! Zer egin diezaguke Ahaltsuak guri?> 18 Jainkoak bete zizkien etxeak ondasunez, baina urruti zegoen harengandik gaiztoen egitasmoa. 19 Gaiztoen zoria ikustean, poztu egingo dira zuzenak, errugabeek iseka egingo: 20 <Horra gure etsaiak deuseztuak, suak irentsi ditu horien ondasunak>.

Jobek bakeak egin behar Jainkoarekin

21 «Adiskidetu, beraz, eta egin bakeak Jainkoarekin; horrela itzuliko zaizu zoriona. 22 Onartu hark emandako irakaspena, eta gorde bihotzean. 23 Urrutiratu bidegabekeria zeure etxetik, itzuli Ahaltsuagana, eta leheneratu egingo zaitu. 24 Bota urrea hautsetara, Ofirko metala errekako uharrien artera. 25 Urrea baino hobea izango zaizu Ahaltsua, zilarra baino baliotsuagoa. 26 Orduan, Ahaltsua izango da zure atsegina, eta konfiantzaz begiratuko diozu. 27 Erregutuz gero, entzun egingo dizu, eta zuk bete egingo dituzu hari eginiko promesak. 28 Zure egitasmoak arrakasta izango du, eta bide argitsua izango da zurea. 29 Jainkoak apalarazi egiten ditu harroak, eta apaltzen direnak salbatu. 30 Berak aterako du onik errugabea, eta zu ere bai, zure jarduera garbia bada».

Job

23. atala

[aldatu]

1 Jobek erantzun zuen.

Jobek Jainkoa aurkitu nahi

2 «Gaur ere garratz kexatzen naiz, nekez eusten diet neure aieneei. 3 Ai, jakingo banu non aurkitu, bera dagoen lekuraino iristeko! 4 Nire auzia aurkeztuko nioke, ahoa bete argudioz aurkeztu ere. 5 Jakingo nuke zer erantzuten didan, ulertuko nuke zer duen niri esateko. 6 Bere indar guztia erabiliko ote luke nirekin eztabaidan? Gutxienez, arretaz entzun beharko lidake. 7 Orduan, berarekin zintzo eztabaidatu eta behin betiko irabaziko nuke auzia. 8 Baina ekialdera joan, eta ez dago han; mendebaldera jo, eta ez dut sumatzen. 9 Iparraldean ari bada, ezin dut atzeman, hegoaldean ezkutatzen bada, ez dut ikusten.

Job Jainkoaren presentziaren beldur

10 «Halere, badaki hark zein den nire jokabidea; proba nazala, urrea bezain garbi aterako naiz. 11 Nire oinek haren arrastoari jarraitu diote, saihestu gabe eutsi diot haren bideari; 12 ez naiz urrundu, ez, haren aginduetatik, haren esanak barruan gorde ditut. 13 Baina hura berean tinko: nork eragingo atzera? Zer nahi, hura egiten du. 14 Bete egingo du nire aurkako epaia, beste erabaki guztiak bezalaxe. 15 Horregatik ikaratzen nau haren presentziak; zenbat eta gehiago pentsatu, are gehiago beldurtzen nau. 16 Jainkoak kikildu nau, Ahaltsuak ikaraz bete. 17 Ai, ezereztu izan banindu ilunpetan eta iluntasunez estali!

Gaiztoek behartsuak zapaltzen

24. atala

[aldatu]

1 «Zergatik ez ote ditu Ahaltsuak zigor-egunak finkatzen zintzoek ikusteko moduan? 2 Gaiztoek mugarriak aldatu eta lapurtutako artaldeak larratzen dituzte. 3 Umezurtzaren astoa eramaten dute eta alarguntsaren idia bahituran hartzen. 4 Behartsuak bide bazterrera botatzen dituzte, dohakabe guztiak ezkutatzera behartzen. 5 Gizagaixo hauek, basamortuko basastoak bezala, goizetik arratsera ibiltzen dira beren umeentzako elikagai bila; 6 inoren soroan galburuak biltzen dituzte, gaiztoaren mahastian hondarrak; 7 biluzik ematen dute gaua, jantzirik gabe, zerez estali ez dutela; 8 mendietako zaparradak blai egiten ditu, non babesturik ez, eta harkaitzaren kontra jartzen dira. 9 Babesten dituenaren besoetatik eramaten dituzte umezurtzak, dohakabeari bahituran hartzen haurra. 10 Biluzik ibiltzen dira, jantzirik gabe; gari-balak eraman behar eta, halere, goseak. 11 Inoren etxean egiten dute olioa; dolarean mahatsa zapaldu eta, halere, egarri. 12 Hirian aieneka daude hilzorikoak, laguntza eske garrasika zaurituak, eta Jainkoak jaramonik ez bidegabekeria hauei!

Gaiztoek argia maite ez

13 «Gaizkileek argiari kontra egiten diote, ez dituzte argiaren bideak ezagutzen, ohituak daude argigabeko bideetara. 14 Egunsentian jaikitzen da hiltzailea, behartsua eta dohakabea hiltzen ditu. Gauez ibiltzen da lapurra, 16 a ilunpetan etxeak zulatuz. 15 Iluntzearen zain dago adulteriogilea. <Ez nau inork ikusiko> esan eta aurpegia estaltzen du. 16 b Egunez gordeta egoten dira, ez dute argia maite. 17 Horientzat egunsentia gau iluna da, ohituak baitaude iluntasuneko izuetara».

Jainkoak gaiztoak deuseztu

18 «Arin doa gaiztoaren bizitza, ontzia urgainean bezala. Madarikatua da haren ondarea herrialdean, ez du inork haren mahastietan lan egiten. 19 Beroak urtutako elurra lur idorrak irensten duen bezala, berdin Herio Leizeak bekataria. 20 Amak ahaztu egingo du, harrak ahogozatuko, ez du inork gogoratuko; arbola bezala botatzen da bidegabekeria; 21 haurrik gabeko emakume agorra gaizki hartzen baitzuen eta alarguntsari laguntzarik ematen ez. 22 Jainkoak bere indarrez jotzen ditu ahaltsuak; hark ekitean, ez dute bizirik iraungo. 23 Lasai eta seguru-ustean bizitzen uzten die Jainkoak, baina honen begiek arretaz jarraitzen haien jokabidea. 24 Alditxo baterako goratuak, kito berehala! Landare zimelduak bezala erortzen dira, galburuak bezala ebakitzen dituzte.

25 «Ez dela horrela? Nork gezurtatuko nau, nork ezereztuko nire hitzak?»

Bildad

25. atala

[aldatu]

1 Orduan, Xuaheko Bildadek hitz egin zuen.

Jainkoaren handitasuna eta gizakiaren hutsa

2 «Ikaragarria da Jainkoaren agintea, bakea ezartzen du zeru goietan. 3 Zenbatezinak dira haren gudarosteak, guztien gain altxatzen haren argia. 4 Nola izango da gizakia zuzena Jainkoaren aurrean? Nola garbia emakumeagandik jaioa? 5 Haren begietan ilargiak ere ez badu distirarik, izarrak ere ez badira aski garbiak, 6 are gutxiago har hutsa den gizakia, zizarearen pareko den gizasemea!»

Jainkoaren egintzak

5 «Han behean, itsasoaren eta bertako bizidunen azpian, dardar egiten dute hildakoek. 6 Hilen Egoitza agerian dago Jainkoaren aurrean, Hondamen Leizea estalkirik gabe. 7 Berak hedatzen du zeru-sabaia hutsaren gainean, lurra ezerezaren gain zintzilikatzen; 8 ura hodeietan pilatu eta hodeiak ez dira pisuaz lehertzen; 9 ilargi betearen aurpegia iluntzen du, haren gain bere hodeia hedatuz; 10 zirkulua ezarri du itsas mugan, argia eta iluntasuna bereizteko. 11 Mendiak, haren mehatxuaz izutu egiten dira, zeruko zutabeak dardarka hasten. 12 Bere indarraz Ozeanoa menperatzen du, bere adimenaz Rahab munstroa suntsitzen; 13 hark putz egin eta zerua garbi uzten du, haren eskuak herensuge iheskaria aldez alde zulatzen. 14 Eta hauek haren egintzen adibide kaxkar baizik ez badira, haren jardueraren oihartzun motel besterik ez, nork ulertuko du haren egintza handienen burrunbada?»

Job

26. atala

[aldatu]

1 Jobek erantzun zuen.

Bildadek alferrik hitz egin

2 «Zein ederki laguntzen diozun ahulari eta eusten indargabeko besoei! 3 Zein aholku ederrak ezjakinarentzat; hori trebetasuna erakusten duzuna! 4 Noren laguntzaz esan dituzu zeure hitzak? Nork bultzatu zaitu horrela hitz egitera?»

27. atala

[aldatu]

1 Jobek bere poemarekin jarraitu zuen.

Jobek bere errugabetasunari eutsi

2 «Ala Jainkoa, nire eskubidea ukatu didana! Ala Ahaltsua, bihotza garraztu didana! 3 Arnasa izango dudan bitartean, Jainkoaren hatsa nire sudurretan, 4 ez dute nire ezpainek ezer okerrik esango, ez eta nire mihiak maltzurkeriarik ere. 5 Ez dut, ez, arrazoi duzuenik onartuko! Azken arnasara arte aitortuko dut neure errugabetasuna. 6 Neure zuzentasunari atzera egin gabe eutsiko diot! Ez dut damurik bizitzako egun bakar batez ere.

7 «Izan dezala nire etsaiak gaiztoaren eta zuzengabearen zoria. 8 Ez duzue, bada, esaten: <Zer espero lezake sinesgabeak Jainkoak bizia kenduko dionean? 9 Entzungo al du Jainkoak haren garrasia atsekabea etorriko zaionean? 10 Ahaltsua izan balu bere atsegin, une oroz dei egingo ziokeen Jainkoari>.

Tzofar

Gaiztoaren zoria

11 «Jainkoaren eskuak egina azalduko dizuet, Ahaltsuaren asmo ezkutuak argituko. 12 Zuek guztiok ikusi ahal izan baduzue, zergatik hainbeste jardun hutsal? 13 Hona Jainkoak gaiztoentzat duen zoria, Ahaltsuagandik tiranoak hartuko duen ondarea: 14 seme-alaba asko izaten baditu ere, gerrak eta goseak hilko ditu, 15 bizirik geldituak izurriak lurperatuko ditu eta alarguntsek ez diete negarrik egingo. 16 Dirua hautsa bezala pilatzen badu eta jantziak buztina bezala metatzen, 17 meta ditzala: errugabeak jantziko ditu, eta dirua zintzoak bereganatuko. 18 Hark eraikitako etxea amarauna bezalakoa da, behin-behineko estalpea bezain hauskorra. 19 Aberats oheratzen da, baina azken aldiz, begiak zabaltzean ez zaio ezer geratzen. 20 Uholdeak bezala oldartzen zaizkio izuak, gauez haize-erauntsiak harrapatzen; 21 ekialdeko haizeak eramaten du, eta badoa, zurrunbiloan bidaltzen du dagoen tokitik; 22 errukirik gabe jotzen du, ihes egiten ahalegindu arren. 23 Txalo eta txistu jotzen diote bere etxetik alde egitean».

JAKINDURIA

Gizakiak ez du jakinduriaren berririk

28. atala

[aldatu]

1 Bada meazulorik zilarra ateratzeko, arragorik ere bai urrea garbitzeko. 2 Burdina lurzorutik ateratzen da eta haitzak urtuz kobrea lortzen. 3 Gizakiak ilunpearen mugak hautsi ditu, azken bazterrak, lurpe sakon ilunenak, arakatzen ditu. 4 Atzerritar jendeak meazuloak egiten ditu, inor ibili gabeko tokietan kulunkatzen da. 5 Gain-azalean ogia ematen duen lurrak sugarretan ditu bere erraiak; 6 beraren harkaitzak zafiro-toki dira, beraren hautsetan urrea aurkitzen da. 7 Harrapariek ez dituzte lurpeko bide horiek ezagutzen, ez eta saiek ere ikusten; 8 basapiztiak ez dira bertatik ibiltzen, lehoia ere ez da handik pasatzen. 9 Gizakiak, sukarriari eskua ezarriz, mendiak erroetatik iraultzen ditu; 10 harkaitzetan meazuloak eginez, mineral baliotsuak aurkitzen. 11 Ibaien iturburuak agorrarazi eta argitara ateratzen du ezkutuan zegoena.

12 Baina non aurkitu jakinduria? Non du bere egoitza adimenak? 13 Gizakiak ez daki zenbat balio duen, eta ez da aurkitzen munduan. 14 «Ez daukat nik» dio Ur-Leizeak, «Ez dago nirekin» esaten du Ozeanoak. 15 Ez da urre garbiarekin trukatzen, ez eta zilarraz erosten ere. 16 Urrerik finenak ez du haren baliorik, ez eta onize eder nahiz zafiroek ere. 17 Ezin da harekin urre edo diamanterik parekatu, ezin da lortu urrezko bitxien truke. 18 Koral eta kristalak ez dira ezer haren ondoan; hobe jakinduria eskuratu perlak baino. 19 Ezin da harekin Etiopiako topaziorik parekatu, ez eta urrerik garbiena ere.

Jainkoak bakarrik du jakinduriaren berri

20 Baina nondik dator jakinduria? Non du bere egoitza adimenak? 21 Bizidun ororen bistatik ezkutuan dago, zeruko hegaztientzat gordeta. 22 Hondamen Leizeak eta Heriok esaten dute: «Hari buruz zer edo zer entzun dugu, bai».

23 Jainkoak bakarrik daki jakinduriaren bidea, hark du haren egoitzaren berri, 24 ortziaren mugetaraino iristen baita haren begirada, zerupeko guztia ikustatzen du. 25 Haizeari indarra arautu eta urei neurria finkatu zienean, 26 euriari legea jarri zionean eta tximistari eta trumoiari beren ibilbidea, 27 orduan ikusi eta baloratu zuen, orduan arakatu eta finkatu. 28 Eta esan zion gizakiari: «Jainkoarenganako begirunea da jakinduria, gaiztakeriatik urrutiratzea benetako ezaguera».

JOBEN AZKEN HITZALDIA

29. atala

[aldatu]

1 Jobek bere poemarekin jarraitu zuen.

Joben antzinako ongizate eta itzala

2 «Ai, bizi ahal banitu berriz iragan egunak! Orduan, Jainkoak zaintzen ninduen, 3 haren kriseiluak argi egiten zuen nire gain, argi harekin egiten nuen ilunpetan aurrera. 4 Sasoi oneneko egun haietan lagun min nuen Jainkoa etxean, 5 oraindik nirekin zegoen Ahaltsua, seme-alabak ere neure inguruan. 6 Ugari baino ugariago nuen esnea, harkaitzek ere olio-errekak isurtzen zituzten niretzat.

7 «Hiri-sarrerako plazarantz joan eta batzarrean esertzean, 8 ni ikusi eta gazteek alde batera egiten zuten, zaharrak altxatu eta zutik gelditzen. 9 Buruzagiak beren hitzaldiak eten eta txintik esan gabe gelditzen ziren. 10 Handikien ahotsa ito egiten zen, mihia ahosabaiari erantsita geratzen.

11 «Entzuten zidanak zorionak ematen zizkidan, ikusten ninduenak bere onespena azaltzen; 12 laguntza ematen bainien premia zuen dohakabeari eta nork babesturik ez zuen umezurtzari. 13 Hondatua zegoenaren esker ona irabazten nuen, alarguntsaren bihotza pozten. 14 Justiziaz jantzia nengoen, zuzenbideaz estalia burutik oinetaraino. 15 Itsuaren begi bihurtu nintzen, elbarriaren oin. 16 Behartsuarentzat aita nintzen, ezezagunaren auziaz ere arduratzen nintzen. 17 Zuzengabeari matrailezurra apurtzen nion haginetatik harrapakina kentzeko.

18 «Esaten nuen neure artean: <Neure etxean hilko naiz, luzaroan biziko naiz, 19 sustraiak uretaraino iristen zaizkion eta gauetan ihintza adarretan pausatzen zaion zuhaitzaren antzera. 20 Ez da nire aintza urrituko, ez eta nire indarrek huts egingo ere>.

21 «Adi-adi entzuten zidaten, isilik onartzen nire oharpenak. 22 Nik hitz egin ondoren, ez zuen inork erantzuten, banan-banan jausten zitzaizkien gainera nire hitzak. 23 Euriaren esperoan bezala egoten zitzaizkidan zain, udaberriko euria bezala edaten zituzten nire hitzak. 24 Irribarre egiten nienean, ia-ia ezin zuten sinetsi, nire aurpegi argiaren irrikaz zeuden. 25 Haien buru jarri eta bidea erabakitzen nien, erregeak bere gudarosteei bezala, atsekabetuei adorea ematen dienak bezala.

Joben egungo egoera tamalgarria

30. atala

[aldatu]

1 «Orain, ordea, barre egiten didate ni baino gazteagoek, nahiz eta berauen gurasoei ez nien gai iritziko neure arditxakurrekin nahasteko ere. 2 Ezertarako ez nituen haien besoak, zeharo ahulduak baitzeuden. 3 Ihartuta zeuzkaten goseak eta miseriak, marraska ibiltzen ziren eremuan, lur ilun idorretan. 4 Sasi artean basalandareak biltzen zituzten, isats-sustraiez elikatzen; 5 gizartetik kanporatuak ziren, deiadarka jazarriak lapurrak bailiran; 6 harkaitz artean bizi ziren, koba eta haitzuloetan, 7 lahar artean uluka, arantzapean kuzkurtuta. 8 Jende doilorra zen, izengabeko jendea, herrialdetik makilaka jaurtikia.

9 «Eta orain, koplak ateratzen dizkidate, berorien burlagai bihurtu naiz. 10 Higuindu egiten naute, niregandik urrundu eta aurpegira txu egiten. 11 Jainkoak indargabetu eta apaldu egin nauenez, ez didate batere begirunerik. 12 Ondoan ditut denak batera, bideak prestatzen nire hondamenerako; 13 ihesbidea ixten didate, ni galtzen saiatzen dira, inoren laguntza-beharrik ez dutelarik. 14 Zirriztu zabaletik oldartzen zaizkit erasoka burrunbatsu gainera. 15 Izu-ikarak menpean hartzen nau, haizea bezala desagertzen nire duintasuna, hodeia bezala ezerezten nire ongizatea. 16 Orain, biziak ihes egiten dit, estu eta larri bizi naiz atsekabez. 17 Gauez, hezurretaraino zulatuta saminez, etengabeko oinazeak izaten ditut. 18 Nire larruazala erabat desitxuratua dago, gaitzez estalia tunikaz bezala. 19 Lokatzetan murgildua nago, hona hemen ni hauts eta errauts bihurtua.

20 «Nik deiadar egin eta zuk, Jainko, ez didazu erantzuten, aurrean jarri eta begirada zorrotza botatzen didazu. 21 Nire borrero bihurtu zara, gogor erasotzen didazu ukabilka. 22 Airean eramaten nauzu haizeaz eta ekaitzaz astintzen. 23 Badakit heriotzara naramazuna, bizidun guztien elkartokira.

24 «Ez al du pertsonak eskua luzatzen hondatzear dagoenean, eta laguntza eske garrasi egiten? 25 Ez al dut, bada, negar egin zoritxarrekoarekin eta erruki izan behartsuari? 26 Zorionaren zain, eta zoritxarra etorri zait; argia itxaroten, eta iluntasuna iritsi. 27 Irakiten dut barrua, atsekabe-egunak heldu zaizkit. 28 Kopetilun nabil, eguzki-argitik urrun; batzarrean jaiki eta deiadar egiten dut. 29 Txakalen kideko bihurtu naiz, ostruken lagunarteko. 30 Belztu eta erori egiten zait larruazala, hezurrak ere bai sukarraz. 31 Nire zitara doluminez dago, txirula negarrez.

Jobek bere burua errugabe aitortu

31. atala

[aldatu]

1 «Agindua nion neure buruari ez niela irrikaz begiratuko neskatxei. 2 Zein zori ezartzen du Jainkoak goitik, zein sari ematen Ahaltsuak zerutik? 3 Ez ote bidegabearentzat zoritxarra, gaizkilearentzat hondamendia? 4 Ez al du nire jokabidea ikusten eta urrats guztien kontua eramaten? 5 Ibili ote naiz ni gezurrarekin, maltzurkeriaren atzetik lasterka? 6 Pisa nazala Jainkoak pisu zuzenez, eta ikusiko du nire prestutasuna.

7 «Nire urratsak desbideratu egin badira, nire bihotzak begiek ikusitakoa gutiziatu badu, eskuak lapurretaz zikin baditut, 8 jan dezala bestek nik ereindakoa, honda dezala nik landatua! 9 Inoren emazteak liluratu badu ene bihotza, zelatan egon banaiz haren atean, 10 eho dezala nire emazteak besterentzat, ohera bitez arrotzak berarekin! 11 (Izan ere, hori itsusikeria litzateke, epaileek zigortzen duten hobena; 12 su irensle izango litzateke, daukadan guztia sustraietaraino hondatuko lukeena). 13 Nirekin auzitan zebilela, morroi nahiz neskameren bati eskubidea ukatu badiot, 14 zer egingo dut Jainkoa epaile altxatzean? Zer erantzungo bera kontu eske hastean? 15 Ni neu egin ninduenak egin ditu beraiek ere, Jainko berak sortu gaitu amaren sabelean. 16 Inoiz egin ote diot uko behartsuen eskubideari? Utzi ote dut alarguntsarik negarrez lehertzen? 17 Neuk bakarrik jan izan ote dut neure ogia umezurtzarekin elkarbanatu gabe? 18 Honek aita bezala izan nau neure haurtzarotik, alarguntsak gidari, txiki-txiki nintzenetik. 19 Ikusi ote dut gizagaixorik arropa gabe, behartsurik zerez estali ez duela, 20 neure ardi-larruz berotu eta beraien esker onik jaso gabe? 21 Eskua jaso badut umezurtzaren aurka auzitegian babesa nuela jakinda, 22 hauts dakizkidala besoak eta erori gorputzetik! 23 Beti izan naiz Jainkoaren zigorraren beldur, ezin nuen ezer haren handitasunaren aurrean.

24 «Neure uste ona ez dut inoiz urrean jarri, ez diot metal finari esan: <Zuregan dut konfiantza>; 25 ez naiz pozik egon ondasunak ugari nituelako, irabazi handiak nituelako. 26 Ikusirik eguzkia diz-diz eta ilargiaren ibilera distiratsua, 27 ez ziren nire bihotzaz jabetu, ez nien nik eskuaz musurik bidali. 28 (Epaileek zigortzen duten hobena litzateke hau ere, uko egingo bainioke zeru goiko Jainkoari). 29 Ez naiz etsaiaren hondamendiaz poztu, ez eta alai jarri ere zoritxarrak jo duenean; 30 ez diot neure ahoari bekatu egiten utzi harentzako heriotza eskatuz. 31 Nirekin zeuden batzuek arrotza bortxatu nahi zutenean ere, 32 ez zuen honek gaua kanpoan eman beharrik izaten, etxeko ateak zabaltzen nizkion bidaiariari. 33 Ez ditut hobenak jendeak ohi bezala ezkutatu, ez eta errua barruan gorde ere 34 jendearen iritziaren beldurrez; familiakoen mesprezioaren ikaraz, ez naiz etxe barruan eta isilik gelditu.

35 «Ai, entzungo lidakeen norbait banu! Hona nire azken hitza! Erantzun diezadala Ahaltsuak. Idatz dezala salatzaileak nire aurka duena: 36 sorbaldan eramango dut harro edo buruan koroa bezala. 37 Bai, neure urratsen kontu emango diot, printze bat bezala joango berarengana.

38 «Nire lurrak nire bidegabekeria salatu edo ildoek negar egin badute, 39 fruituak lapurtu eta jan eta legezko jabeak zanpatu baditut, 40 gariaren ordez hazi bitez arantzak, garagarraren ordez, belar txarrak!»

Hemen amaitzen dira Joben hitzak.

ELIHUREN HITZALDIAK

Elihu haserre Job eta lagunekin

32. atala

[aldatu]

1 Jobek bere burua errugabetzat zuenez gero, hiru gizonek ez zioten gehiago erantzun. 2 Baina Elihu, Buz-eko Barakelen semea, Ramen leinukoa, sumindu egin zen Joben aurka, Jainkoa baino zuzenagotzat zuelako hark bere burua. 3 Sumindu egin zen bere hiru lagunen aurka ere, ez zutelako erantzunik aurkitu, horrela Jainkoa errudun utziz. 4 Elihuk ez zuen ordura arte Jobekin hitz egin, beste hirurak bera baino zaharragoak baitziren. 5 Baina hiru gizon haiek erantzun egokirik ez zutela ikustean, haserre bizian jarri zen.

Elihuren lehen hitzaldia

6 Orduan, esan zuen Elihuk, Buzeko Barakelen semeak:

Elihu orain arte isilik

«Gaztea naiz ni eta zuek adinekoak. Horregatik, beldurrez, ez nintzen ausartzen dakidana azaltzera. 7 Neure artean nioen: <Hitz egin beza adinak, irakats bezate urteek jakinduria>. 8 Baina gizakiaren baitan espiritua dago, Ahaltsuaren arnasak ematen dio adimena. 9 Adinak ez du berez jakintsu bihurtzen, zahartzaroak ere ez ulermen zuzena ekartzen. 10 Horregatik diotsuet niri entzuteko, eta dakidana azalduko dizuet neuk ere.

11 «Itxaroten egon naiz zuek hitz egin bitartean; erne, zuen arrazoibideak aditzen, zer esan asmatzen ari zineten bitartean. 12 Arretaz entzun dizuedan arren, zuetariko inork ez du Job gezurtatu, ez eta haren argudioei erantzun ere. 13 Eta ez esan: <Aurkitu dugun jakinduria Jainkoak bakarrik menpera dezake, ez gizakiak>. 14 Jobek ez dizkit niri zuzendu bere hitzak, nik ere ez diot zuen arrazoibidez erantzungo.

15 «Lagun hauek, kikilduta, ez dute gehiago erantzuten, ez dute hitzik aurkitzen. 16 Zain geratu behar al dut hauek ez dutelako hitz egiten, hor daudelako ezer erantzun gabe? 17 Esku hartu nahi dut neure aldetik, dakidana azaldu neuk ere; 18 hitzez betea bainago, barruko indar batek egiten dit bultza. 19 Nire barrua lehertzear dago, nora irtenik ez duen ardoaren eraginez zahagi berriak bezala! 20 Hitz egin behar dut, hustu eta lasaitzeko; ahoa zabaldu eta erantzun egingo dut. 21 Ez naiz inoren alde jarriko, ez dut inor lausengatuko. 22 Gainera, ez dakit lausengatzen; bestela, egin ninduenak berehala deuseztuko ninduke.

Elihuk Jobi arrazoia ukatu

33. atala

[aldatu]

1 «Otoi, Job, aditu nire hitzak, entzun arretaz esango dizudana. 2 Ahoa zabalduko dut, prest dut ezpainetan erantzuna. 3 Bihotz zuzenez hitz egingo dut, nire ezpainek egia hutsa esango. 4 Jainkoaren espirituak egin ninduen, Ahaltsuaren arnasak biziarazten nau.

5 «Erantzun, ahal baduzu, presta zaitez aurre egiteko. 6 Biok pareko gara Jainkoaren aurrean, ni ere buztinez moldatua izan nintzen. 7 Beraz, ez izan nire beldur, ez dizut-eta neure agintea ezarriko. 8 Zeuk esan duzu nire aurrean, oraindik entzuten ari naiz zure hitzak: 9 <Garbi nago, bekaturik gabe; guztiz errugabea naiz. 10 Baina Jainkoak aitzakiak asmatzen ditu nire aurka, etsaitzat hartzen nau; 11 oinak zepoan sartzen dizkit, nire ibilbide guztiak zelatatzen>. 12 Horretan ez duzula arrazoi esango dizut, gizona baino handiagoa baita Jainkoa. 13 Zer dela-eta salatzen duzu bera? Hark ez du bere egintzen kontu eman beharrik.

Jainkoak bere burua agertu: zigortu eta salbatu egiten

14 «Era askotan hitz egiten du Jainkoak, baina jendea ez da ohartzen: 15 ametsetan, gau-ikuskarietan, gizakia lozorroan geratzen denean ohe gainean lokartua. 16 Orduan zabaltzen du gizakiaren belarria eta oharpenak barruan ezartzen, 17 bere egintza gaiztoetatik urrundu eta harrokeriatik gordetzeko. 18 Horrela zaintzen du hilobian eror ez dadin, heriotzaren muga pasa ez dezan.

19 «Beste batzuetan, eritasunaz zentzarazten du ohean, etengabeko minaz gorputza jotzen dionean. 20 Orduan, janaria, jakirik goxoena ere nazkagarri gertatzen zaio. 21 Nabari joaten zaio haragia desagertuz eta sumatzen ez zitzaizkion hezurrak nabarmenduz. 22 Haren bizia hilobira hurbiltzen da, heriotzaren ateetatik gertu.

23 «Baina aingeru bat aurkitzen badu beretzat, milaren artean bitartekari bat, egin beharrekoa erakutsiko diona, 24 errukitu eta esango dio honek Jainkoari: <Libra ezazu hilobira jaistetik, aurkitu baitut honentzako erospen-saria>. 25 Orduan, gaztetasunaren indarra berreskuratuko du, nerabezaroko egunetara itzuliko berriro. 26 Jainkoari erregu egin eta onartu egingo dio; pozez oihuka ikusiko du haren aurpegia, eta hark zuzentasuna itzuliko berriro gizakiari. 27 Honek lagunen aurrean kantatuko du esanez: <Bekatu egin eta zuzenbidea hautsi nuen, baina Jainkoak ez dit merezitakoa eman. 28 Hilobira erortzetik libratu nau, argiz beterik biziko naiz>.

29 «Hau dena bi aldiz, hiru aldiz, egiten du Jainkoak gizakiarentzat, 30 hilobitik libratzeko, biziaren argiaz hornitzeko. 31 Egin kasu, Job, entzun adi: egon isilik, nik hitz egingo dut. 32 Zer erantzunik baldin baduzu, esan, arrazoi emateko prest nago eta; 33 bestela, entzun niri, zu isilik egon, eta jakinduria irakatsiko dizut».

Elihuren bigarren hitzaldia

34. atala

[aldatu]

1 Elihuk jarraitu zuen:

Elihuk Job salatu

2 «Jakintsuok, entzun nire hitzak, zuek, ikasiok, aditu arretaz. 3 Belarriari hitzak bereiztea dagokio, ahosabaiari zaporeak dastatzea; 4 guri, berriz, zuzen dena bereiztea eta ongi zer dagoen aztertzea. 5 Jobek esan du: <Errugabea naiz, baina Jainkoak ukatu egin dit justizia; 6 arrazoi dudan arren, gezurtitzat nauka; larri zauritua nago, nik bekaturik egin gabe>. 7 Ba al da Job bezalakorik? Honentzat ura edatea bezala da biraoak esatea; 8 gaizkileekin elkartzen da eta gaiztoekin batera bide egiten. 9 Esan du: <Gizakiak ez du ezer irabazten Jainkoari atsegin izaten saiatuz>.

Jainkoak zuzen jokatzen

10 «Entzun, zentzudunok: Urruti Jainkoarengandik gaiztakeria, urruti Ahaltsuagandik bidegabekeria! 11 Egintzen arabera ordaintzen dio Jainkoak gizakiari, nori bere jokabidearen arabera ematen. 12 Benetan, Jainkoak ez du gaizki jokatzen; Ahaltsuak ez du zuzenbidea hausten. 13 Nork jarri du beraren zainpean lurra? Nork eman dio mundu osoaren ardura? 14 Bere buruarengan bakarrik pentsatuko balu, bere espiritua eta arnasa bereganatuko balitu, 15 bizidunak bat-batean hilko lirateke eta gizakia hautsetara itzuliko. 16 Adimena baduzunez, entzun, aditu arretaz nire hitzak. 17 Goberna ote lezake zuzenbideari gorroto dionak? Nola ausartzen zara Zuzen-zuzena gaitzestera?

Jainkoak gizakien jokabideak epaitzen

18 «Erregeei ere beren maltzurkeria eta handikiei gaiztakeria aurpegiratzen dizkie. 19 Hura ez da agintariaren alderdikerian jausten, ez dio aberatsari behartsuari baino gehiago laguntzen, guztiak baitira berak eginak. 20 Bat-batean hiltzen dira gau itsuan, aberatsak hil eta desagertu egiten dira, ahaltsua baztertua da giza eraginik gabe. 21 Bai, gizakiaren jokabidea zaintzen du Jainkoak, haren urrats guztiak ikusten; 22 ez dago ilunperik, ez itzal edo gerizperik, gaizkileen gordeleku izan daitekeenik. 23 Ez dauka gizakia luzaroan zelatatu beharrik, bere aurrean epaiketara aurkez dadin. 24 Itaunketa beharrik gabe birrintzen ditu handikiak eta beste batzuk jartzen haien ordez. 25 Ezagutzen du Jainkoak haiek egindakoa, gau batez iraultzen eta zanpatzen ditu, 26 kriminalak bezala jendaurrean zigortzen; 27 aldendu egin baitira harengandik eta ez diote haren jokabideari jarraitu; 28 horrela, behartsuen deiadarra harenganaino iritsarazi dute, eta hark entzun egin du dohakabeen oihua. 29 Baina Jainkoak esku hartzen ez badu, nork gaitzetsiko du? Aurpegia ezkutatzen badu, nork ikusi ahal izango du? Halere, herriak eta gizateria osoa zaintzen ditu, 30 fedegaberik errege izan ez dadin, ez eta herriari erorbiderik jarriko dionik ere.

Joben errebeldia eta zentzugabekeria

31 «Norbaitek Jainkoari honela esango balio: <Aitortzen dut neure bekatua, ez dut berriro oker jokatuko. 32 Nik ikusten ez dudana, erakustazu zuk; bidegabe jokatu badut, ez dut berriro egingo>, 33 zure ustez, zigortu egin beharko ote luke horrelako hori? Zuk, ordea, ez dituzu onartzen haren erabakiak. Baina hori zure aukera denez, eta ez nirea, emazu zeure iritzia.

34 «Entzuten didaten gizaki zentzudunek eta jakintsu guztiek esango dute: 35 <Jakin gabe mintzo da Job, zentzugabeak dira horren hitzak. 36 Aztertu, bestela, berorren adierazpenak sakoneraino: fedegabearenak bezalakoak dira; 37 oker jokatu eta, gainera, errebelatu egiten da, iseka egiten du gure aurrean eta Jainkoaren aurka dihardu etengabe> ».

Elihuren hirugarren hitzaldia

35. atala

[aldatu]

1 Elihuk jarraitu zuen:

Gizakiaren ekintzak gizakiagan eragina

2 «Bidezkoa iruditzen al zaizu <Jainkoa baino zuzenagoa naiz> esatea? 3 Jainkoari esan diozu: <Zer axola dizu, zer irabazi dut bekaturik ez egiteaz?> 4 Zeuri eta zeure lagunei erantzungo dizuet batera.

5 «Begira arretaz ortziari, so egin zeu baino askoz gorago dauden hodeiei. 6 Bekatu egiten baduzu, Jainkoari zer? Hobenak ugaritu arren, zer kalte hark? 7 Zuzena baldin bazara, zer ematen diozu? Edo ezer hartzen al du hark zuregandik? 8 Zure antzekoengan du eragina zure bekatuak, zure zuzentasuna gizakiarentzat bakarrik onuragarri.

Jainkoak ez ditu harroen oihuak entzuten

9 «Gizakiek zapalkuntzaren zamapean egiten dute garrasi, ahaltsuen ukabilpetik laguntza eske oihu; 10 baina ez diote Jainkoari, Egileari, dei egiten, bera izan arren unerik beltzenetan garaipen-kantak sortarazten dizkiguna, 11 lurreko piztiak baino trebeago eta zeruko hegaztiak baino zuhurrago bihurtzen gaituena. 12 Oihu egin, baina Jainkoak ez die erantzuten, gaiztoak eta harroak direlako. 13 Jainkoak ez baititu hitz faltsuak entzuten, Ahaltsuak ez die jaramonik egiten. 14 Are gutxiago esaten duzunean ez duzula ikusten, zeure auzia haren esku utzi eta zain zaudela. 15 Orain, hark bere haserrean zigortzen ez duenez eta bekatuari jaramon handirik egiten ez, 16 Jobek hutsalkeriak botatzen ditu aho betean, zentzugabeko hitzak metatuz».

Elihuren laugarren hitzaldia

36. atala

[aldatu]

1 Elihuk gaineratu zuen:

Jainkoak zentzatu eta justizia egin

2 «Itxaron pixka bat eta argituko dizut zerbait, badago oraindik Jainkoaren alde zer esanik. 3 Urrutitik datorren jakintzan oinarriturik, egin nauenak arrazoi duela azalduko dut. 4 Benetan diotsut ez dagoela gezurrik nire hitzetan, jakintza sendokoa duzu zeure ondoan.

5 «Ahaltsua da Jainkoa, ez du inor mesprezatzen; ahaltsua, sendoak baitira haren erabakiak; 6 ez du gaiztoa bizirik uzten, zanpatuei justizia egiten die; 7 ez ditu begiak zuzenengandik kentzen, errege-aulkietan ezartzen ditu eta hantxe betiko goraipatzen. 8 Eta kateetan preso daudenean edo atsekabe-lokarriz lotuta, 9 beren egintzak eta harrokeriazko bekatuak salatu nahi dizkielako da. 10 Belarria zabaltzen die zentza daitezen, gaiztakeriatik itzultzeko agintzen. 11 Entzun eta haren menpeko bihurtzen badira, zorion eta atseginetan emango dituzte beren bizitzako urteak. 12 Baina ez badiote entzuten, heriotzaren muga pasatuko dute, konturatu gabe hilko. 13 Fedegabeek beren haserrea areagotzen dute; kateatuta daudela ere, ez dute laguntza eske oihu egiten. 14 Gaztaro betean galtzen dute bizia, era lotsagarrian hiltzen dira. 15 Baina atsekabearen bidez salbatzen du Jainkoak atsekabetua, saminaren bidez ulertarazten dizkio bere esanak.

Jainkoa gorestera Jobi dei egin

16 «Zeuri ere, atsekabeetatik libratu eta estuasunik gabeko egoera erosoa eman nahi dizu, jaki gozoz beteriko mahaia. 17 Baina orain gaiztoei dagokien epaia bete da zuregan, kondenazio-epaia zeureganatu duzu. 18 Amorruak ez zaitzala asaldaraz, bestela, ez duzu aurkituko askatuko zaituen erospen-saririk. 19 Zure aberastasun guztiak ez dira aski izango, ez zure urrea, ez eta indarbide guztiak ere. 20 Ez zaitez egon azkenaren zain, herriak desagertuko diren garai ilunaren zain. 21 Ez zaitez gaiztakeriara itzul, horregatik bidali baitizute atsekabea. 22 Begira, paregabea da Jainkoa bere indarrean. Zein maisuk irakatsiko hobeto? 23 Inork ez dio nola jokatu erakusten, inork ez dio <Gaizki egin duzu> esaten. 24 Gogoratu beraren egintzak goratzea; mundu guztiak ospatzen ditu, 25 guztiek miresten dituzte, urrutitik ikusten badituzte ere.

Jainkoaren ahalmena eta probidentzia

26 «Begira, guk uler dezakegun baino handiagoa da Jainkoa, zenbatezina haren urte-kopurua. 27 Berak biltzen ditu ur-tantak eta gero euri bihurtzen, 28 eta hodeiek isurtzen dute zaparrada modura jende gainera. 31 Horrela arduratzen da herriez, zer jana ematen ugari. 29 Nork ulertu hodeien zabaltzea eta trumoien burrunbada zeruan? 30 Begira, berak hedatu du zeruan argia, berak ezkutatu itsasoaren oinarriak. 32 Esku artean du tximista, berak bidaltzen du jo-puntura. 33 Trumoiak haren etorrera iragartzen du, haren haserrea bidegabekeriaren aurka sutzen da.

37. atala

[aldatu]

1 «Nire bihotza ere dardarka dago bere lekutik irten nahian.

2 «Entzun Jaunaren trumoi-ahotsa, entzun haren ahotik irteten den durundia; 3 zeruan zehar bidaltzen du bere tximista, munduaren bazterreraino iristen da. 4 Gero, haren ahotsak orroa egiten du trumoiak ozenki jotzean, eta ez ditu oinaztargiak gehiago lotzen trumoiak jotzen duen bitartean. 5 Jainkoak bere trumoi-ahots miragarriaz ulertzen ez ditugun gauza harrigarriak egiten ditu.

6 «Elurrari <Jausi lur gainera> agintzen dionean eta euri-jasa izugarriak bidaltzean, 7 gizakiaren jarduera gerarazten du, berak egindakoaz guztiak ohar daitezen. 8 Piztiak gordelekuetan sartzen dira eta han gelditzen ezkutuan. 9 Haize-erauntsia hegoaldetik irteten da eta hotza ipar-haizetik. 10 Jainkoak putz egin eta izotza eratzen da, ur-azala hormatzen. 11 Berak betetzen ditu hodeiak hezetasunez eta tximistekin batera sakabanatzen; 12 jira-biraka ibilarazten ditu, berak agindutako guztia mundu osoan bete dezaten; 13 eta hauek guztiak erabiltzen ditu lurra zigortzeko nahiz mesede egiteko.

14 «Entzun hau, Job; hartzazu astia Jainkoaren mirariak hausnartzeko. 15 Ba ote dakizu nola antolatzen duen Jainkoak hori guztia, nola lehertarazten duen oinaztargia hodei artean? 16 Ba ote dakizu hodeiak nola dauden orekan airean, jakintza miresgarriaren adierazle? 17 Hegohaizeaz lurra lozorrotzen denean, zuk, arropa azpian kiskaltzen zaren horrek, 18 lagun ote diezaiokezu zeru-sabaia, metalezko ispilua bezain tinkoa, hedatzen?

19 «Irakats iezaguzu zer esan behar diogun, ezin baitugu argudiatu iluntasunean gaudenez gero. 20 Hitz egin nahi dudanean, ohartarazi egin behar al dut? Berri eman behar ote zaio, esandakoa jakin dezan? 21 Bat-batean, ez da eguzkirik ikusten, hodeiek ilundu egin baitute, baina gero haizeak jo eta garbitu egiten ditu. 22 Iparraldetik urrezko argitasuna dator: Jainkoa, distira izugarriz inguratua. 23 Ezin dugu atzeman Ahaltsua, nagusi da indar eta zuzenbidez, justiziaz aberatsa, ez du inor zanpatzen. 24 Horregatik dira haren beldur gizakiak, eta berak ez ditu jakintsu ustekoak kontuan hartzen».

JAUNAREN HITZALDIAK. JOBEKIN ELKARRIZKETA

Jaunaren lehen hitzaldia

38. atala

[aldatu]

1 Orduan, Jaunak ekaitzaren erditik erantzun zion Jobi.

Jaunak Jobi galdegiten

2 «Nor da nire egitasmoa ukatu nahian ari dena zentzubako hitzez? 3 Presta zaitez, adorerik baduzu, nire galderei erantzuteko.

Mundua

4 «Non zeunden zu munduari oinarriak jarri nizkionean? Esadazu, horren jakintsu baldin bazara. 5 Nork erabaki zizkion neurriak? Ba al dakizu? Nork egin zituen beronen planoak? 6 Zeren gainean ditu bere oinarriak finkatuak, nork ipini zion giltzarria, 7 goizeko izarrak aho batez abesten eta zerutar izaki guztiak poz-irrintzika ari zirela?

Itsasoa

8 «Nork itxi zizkion ateak itsasoari, amaren sabeletik indarrez irten zenean? 9 Nik eman nizkion hodeiak soinekotzat eta behe-lainoa ume-zapitzat, 10 nik ezarri nion muga, ateak eta morroiloak jarriz, 11 eta esan nion: <Honaino iritsiko zara, ez aurrerago, hemen amaitzen da zure uhinen harrokeria>.

Argia eta ilunpea

12 «Bizitzako egun batean ere agindu al diozu goizari edota bere lekua izendatu egunsentiari, 13 lurrari bere ertzetatik heldurik gaiztoak bertatik astin ditzan? 14 Lurraren gain-azala eratzen da orduan, buztina moldean bezala, eta apain jantzia sortzen. 15 Baina argia ez da gaiztoentzat, galarazi egiten baitizkie beren ekintzak.

16 «Iritsi al zara itsasoaren iturburuetaraino edota ibili ote ur-leizearen sakon-sakonean? 17 Erakutsi al dizkizute Herioren erreinu iluneko ateak? 18 Ba al dakizu zein zabala den lurra? Esadazu, dena dakizun horrek!

19 «Zein da argiaren bizitokirako bidea? Non da ilunpeen egoitza? 20 Eramango al zenituzke beren herrialdera eta erakutsiko etxerako bidea? 21 Jakingo duzu, jaioa baitzinen ordurako, eta hainbeste urte dituzu, gainera!

Elurra eta kazkabarra

22 «Izan al zara elur-biltegietan? Ikusi al dituzu kazkabar-gordailuak? 23 Larrialdirako ditut prestaturik, gerra- eta borroka-egunerako.

Euria eta izotza

24 «Zein aldetatik barreiatzen da argia? Nondik sartzen ekialdeko haizea lurrera? 25 Nork prestatzen dizkio ibilbideak euri-jasari, nork egiten bidea tximista eta trumoiari, 26 biztanlerik gabeko lurraldeetan eta basamortu bakartietan ere euria egin dezan, 27 eremu idorra ase eta belarra erne eta haz dadin? 28 Ba al du euriak aitamarik? Nork sortzen ditu ihintz-tantak? 29 Noren sabeletik irteten da izotza, nor erditzen da zeruko antzigarraz, 30 urak gogortu eta harri bihurtzeko, urgaina jelatua uzteko?

Konstelazioak

31 «Lot al ditzakezu zuk izar-multzoak edo konstelazioen loturak aska, 32 artizarra bere garaian aterarazi edo Hartz Eme Handia eta Txikia gidatu? 33 Ba al dakizkizu ortziaren legeak, edo zuk ezartzen ote dituzu horiek lurrean?

Ekaitza: hodeiak eta tximista

34 «Egin ote diezaiekezu oihu hodeiei euriz ase zaitzaten? 35 Agintzen ote diezu tximistei joateko, eta hauek <Prest gaituzu> erantzuten? 36 Nork eman dizkie jakinduria eta sena ibis hegaztiari eta oilarrari? 37 Nor da hodeiak zenbatu eta zeruko pegarrak iraultzeko bezain jakintsu, 38 hautsak lokatz bihurtu eta zokorrak elkarbatu daitezen?

Lehoia eta belea

39-40 «Zuk ekartzen al diezu harrapakina lehoi-emeei zelatan jartzen direnean sastraka artean, edo haien kumeen gosea asetzen gordelekuan kuzkurturik daudenean? 41 Nork prestatzen dio beleari jatekoa, beraren kumeek, goseak nora-ezean dabiltzalarik, Jainkoari txio egiten diotenean?

Basahuntza eta oreina

39. atala

[aldatu]

1 «Ba al dakizu noiz erditzen diren basahuntzak? Ikusi al dituzu oreinak umea egiten? 2 Ba al dakizu zenbat hiletakoa den haien umaldia? Ba al dakizu noiz erditzen diren, 3 noiz, kuzkurturik, bultza egin eta kanpora botatzen dituzten kumeak? 4 Gero, hauek hazi eta indartzean, landara alde egin eta ez dira berriro itzultzen.

Basastoa

5 «Nork eman zion basastoari askatasuna, nork zizkion lokarriak apurtu? 6 Nik eman diot landa zabala bizitoki, lurralde gazia, egoitza izan dezan. 7 Barre egiten du hirietako zarata-hotsaz, ez du mandazainaren oihurik entzuten. 8 Larratoki dituen mendiak arakatzen ditu edozein belar-izpiren bila.

Bisontea

9 «Onartuko ote du bisonteak zure zerbitzura egotea, gauak zure ikuiluan ematea? 10 Lotuko ote duzu uztarrian, zure atzetik ibarreko lurrak golda ditzan? 11 Indartsua dela eta, fidatu egingo ote zara eta beraren gain utzi zeure soro-lanak? 12 Uste al duzu balio izango dizula uzta biltzeko eta alea ekarri eta larrainean pilatzeko?

Ostruka

13 «Ostrukak harro eragiten die hegoei, zikoinaren hegoak balitu bezala. 14 Arrautzak lurrean uzten dituenean hareatan bero daitezen, 15 ez du gogoan hartzen oinen batek azpian har edo piztiaren batek zanpa ditzakeela. 16 Ankerra da kumeekin, bereak ez balitu bezala; ez zaio axola bere nekeak alferrikako gertatzea. 17 Izan ere, Jainkoak ukatu egin dio sena eta ez dio buru-argitasunik eman. 18 Baina jaiki eta lasterka oldartzen denean, barre egiten die zaldiari eta zaldunari.

Zaldia

19 «Zuk ematen al diozu zaldiari azkartasuna, zuk janzten ote lepoa ile-zurdaz? 20 Zuk eragiten al diozu salto matxinsaltoari bezala, irrintzi arranditsuaz izua sartzen duelarik? 21 Indarrez gainezka lurrari ostiko eginez, armen aurrera oldartzen da. 22 Barre egiten dio beldurrari, ez da ikaratzen, ezpataren aurrean ez du atzera egiten. 23 Gezi-ontziak durundi egiten du beraren gainean, lantzak eta azkonak distira; 24 aurrera oldartu nahian ezin zaio eutsi turuta jotzean. 25 Turutaren hotsera, irrintzi egiten du; urrutitik sumatzen ditu guda, buruzagien aginte-hotsak eta gudu-irrintziak.

Belatza eta arranoa

26 «Zure jakinduriak irakasten al dio belatzari hegan eta bere hegoak hegoaldera zabaltzen? 27 Zure aginduz igotzen al da arranoa gora eta bere habia gailurretan egiten? 28 Harkaitzetan bizi da eta babesten, haitz-tontorrean du bere gotorlekua. 29 Handik zelatatzen du harrapakina eta urrutira begiztatzen. 30 Beraren kumeak odolez elikatzen dira; haragi-ustela non, bera han».

40. atala

[aldatu]

1 Jaunak jarraitu zuen Jobi esaten: 2 «Ba al da Ahaltsuarekin eztabaidatu nahi duenik? Jainkoa kritikatu nahi duenak, erantzun beza».

3Jobek erantzun zion Jaunari:

4 «Ni ez naiz inor, zer erantzungo dizut? Eskuaz ahoa itxiko dut. 5 Behin eta birritan hitz egin dut, eta ez dut beste erantzunik erantsiko».

6 Orduan, Jaunak ekaitzaren erditik erantzun zion Jobi:

7 «Presta zaitez, adorerik baduzu, nire galderei erantzuteko. 8 Arrazoia kendu nahi al didazu eta ni gaitzetsi zeure burua zuzenesteko? 9 Jainkoak adina indar al duzu eta harena bezain ahots ozena? 10 Horrela bada, jantzi zeure burua ospe eta handitasunez, estali duintasun eta edertasunez. 11 Utzi zeure suminari lehertzen eta eraitsi harroputza begiratu batez. 12 Makurrarazi begiratu batez harroputza, jo eta zanpatu bertan gaiztoak. 13 Lurpera itzazu guztiak batera, estali guztiei begiak hilobi ilunean. 14 Orduan, nik neuk goraipatuko zaitut, zeure ahalmenaz lortua zenukeen garaipenagatik.

15 «Begira hipopotamoari. Neuk egina da zu bezalaxe. Belarra jaten du idiak bezala. 16 Begira zer sendotasun duen bizkarraldean, nolako indarra sabeleko muskuluetan! 17 Tente du isatsa, zedroa bezala, artekaturik ditu hanketako tendoiak; 18 hezurrek, brontzea bezain gogor, burdinazko hagak dirudite. 19 Nire maisulana da; neuk bakarrik, bere egileak, menpera lezake ezpataz. 20 Mendiek ematen diote janaria, beraren inguruan egiten dute jolas basapiztiek. 21 Lotoaren azpian etzaten da, aintzirako kanabera artean ezkutatzen. 22 Lotoaren gerizpean babesten da, errekako sahatsek inguratzen dute. 23 Ibaiak ur handiak badakartza ere, ez da izutzen, nahiz eta Jordan ibaiak muturrean jo, lasai geratzen da. 24 Nork aurrean jarri eta helduko dio? Nork eutsi eta sudurra zulatuko?

25 «Harrapa al dezakezu krokodiloa amuaz edo haren mihia sokaz lotu? 26 Pasatuko ote diozu kanabera sudurretik edo zulatuko ote matrailezurra gakoz? 27 Erreguka eta zurikeriatan ibiliko ote zaizu? 28 Hitzarmena egingo ote du zurekin betiko esklabo har dezazun? 29 Jolas egingo al duzu berarekin txoritxoarekin bezala, edota preso hartuko zeure alaben jostailu bihurtzeko? 30 Enkantean jarriko ote dute arrantzaleek, saltzeko zatikatuko ote merkatariek? 31 Larrua zula-zula egingo ote diozu geziz edo burua arpoiz zeharkatuko? 32 Jarriozu eskua gainean, ez duzu berriz egingo, gogoan izango baituzu borroka.

41. atala

[aldatu]

1 «Haren aurrean kito segurtasuna, hura ikustea nahikoa lurrera erortzeko. 2 Inor ez da hura zirikatzera ausartzen. Nor ausartuko da, bada, niri aurre egitera? 3 Nork eman dit lehenengo, nik itzuli behar izateko? Zerupean dagoen guztia neurea dut.

4 «Haren gorputz-atalez hitz egiten jarraituko dut, haren balentria eta gorpuzkera ederra azalduko. 5 Nork kenduko dio bere larru-jantzia, zulaezineko oskol bikoitza bezalakoa dena? 6 Nork zabalduko dizkio muturreko bi ateak, hagin beldurgarriz inguraturik dituenak? 7 Babeskiak lerrokatuta dituela ematen du bizkarrak, zirrikiturik gabe, zigiluz itxita bezala. 8 Hain estu dituenez batzuk besteen kontra, ez zaio haizerik ere sartzen: 9 bakoitza ondokoari itsatsia du, elkarri atxikiak, ezin bereiziak. 10 Haren doministikuek suargia botatzen dute, begiek egunsentiak bezala dirdir egiten. 11 Eztarri-zulotik zuziak irteten zaizkio, su-txinpartek ihes egiten. 12 Kea irteten zaio sudurretik, borbor irakiten dagoen pertzetik bezala. 13 Haren arnasak ikatzak goritzen ditu eta eztarri-zulotik sugarrak irteten. 14 Hain indartsua duenez sama, izu-ikaratu egiten du aurrean duen guztia. 15 Trinkoa du haragia, estu-estua eta mugikaitza. 16 Harria bezain gogorra du bihotza, errotarria bezain gogorra. 17 Jaikitzen denean, beldurrak hartzen ditu adoretsuenak, izuak jota uzten. 18 Ezpatak jo eta ez dio ezer egiten, ez eta lantzak, azkonak eta geziak ere. 19 Burdina ihia bezalakoa da harentzat, brontzea egur ustela. 20 Geziek ez diote ihes eragiten, habail-harriak lasto bihurtzen zaizkio. 21 Mazoa lasto iruditzen zaio, gezien ziztu-hotsari barre egiten dio. 22 Azpialdea teila zorrotzez estalia du, area bailitzan ibiltzen da buztinetan. 23 Pertza bezala jartzen du irakiten urazpia, lurrinontzian bezala lurrunarazten gaineko ura. 24 Bere atzetik argi-uhara uzten du urgainean, urak artile zuriz bezala estaliz. 25 Lehorrean ere ez du parekorik, zeharo izukaitz baita sortzez. 26 Aurre egiten die ausartenei, bera da basapiztia guztien errege».

Joben bigarren erantzuna

42. atala

[aldatu]

1 Orduan, Jobek erantzun zion Jaunari: 2 «Badakit dena dezakezula zuk, ez dagoela ezinezko egitamurik zuretzat. 3 Zeuk esana da: <Nor da nire egitasmoa isilarazi nahi duena, ezer jakin gabe?> Bai, jakin gabe hitz egin dut ulertezin ditudan misterioei buruz. 4 Esan nuen: <Entzun, hitz egingo dizut eta; nik galdetu egingo dizut eta zuk irakatsi>. 5 Entzutez bakarrik ezagutzen zintudan; orain, neure begiz ikusi zaitut! 6 Beraz, damutzen naiz esandakoaz, hauts eta errautsetan eseria».

7 Jobi hitz egin ondoren, Temango Elifazi esan zion Jaunak: «Sumindua nago zure eta zure bi lagunen aurka, ez baituzue nitaz zuzen hitz egin, nire zerbitzari Jobek egin duen bezala. 8 Beraz, hartu orain zazpi zekor eta zazpi ahari, joan Jobengana eta eskaini erre-oparia zeuen alde. Nire zerbitzari Jobek zuen alde erregutuko du. Nik haren erregua onartu egingo dut, eta ez zaituztet zeuen zentzugabekeriaren arabera zigortuko, nitaz zuzen hitz egin ez duzuen arren, nire zerbitzari Jobek egin duen bezala». 9 Jaunak esana egitera joan ziren Temango Elifaz, Xuaheko Bildad eta Naamako Tzofar, eta Jaunak Joben erregua onartu egin zuen.

10 Jobek bere lagunen alde erregu egin ondoren, Jaunak egoera aldatu egin zion eta lehengo ondasunak bikoiztu. 11 Anai-arrebak eta lehengo ezagunak etorri zitzaizkion ikustera, berarekin otordua egin zuten etxean eta Jaunak bidalitako atsekabe guztiarengatik dolua agertu zioten eta kontsolatu. Bakoitzak dirua eta urrezko eraztun bana eman zizkioten. 12 Aurrekoetan baino ere oparoago bedeinkatu zuen Jaunak Job bere ondorengo urteetan: hamalau mila ardi, sei mila gamelu, mila idi-pare eta mila asteme izan zituen. 13 Zazpi seme eta hiru alaba ere izan zituen. 14 Hauetako lehenari Usoa jarri zion izena, bigarrenari Kanela Lorea eta hirugarrenari Lurrinontzi. 15 Ez zegoen herrialde osoan Joben alabak baino emakume ederragorik; eta nebak bezalaxe, oinordeko egin zituen Jobek. 16 Geroztik, ehun eta berrogei urtez bizi izan zen Job, eta bere semeak eta semeen semeak laugarren belaunaldira arte ikusi ahal izan zituen. 17 Zaharturik eta urtetsu hil zen Job.