Edukira joan

Lore

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Artikulu hau landare atalari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Lore (argipena)».
Loreak edo lore taldeak angiospermoetako 12 espezietan.

Lorea[1] edo lilia[2] landare loredunen (Magnoliophyta) ernaltze-organoak dituen atala da, gehienetan koloretsua eta usaintsua, eginkizun nagusitzat landarea ugaltzea duena[3]. Izatez, adar espezializatu bat da, ugalketarako espezializatutako hostoak dituena. Hosto eraldatu horiek osatzen dituzte loreen atal nagusiak.

Loreek bi atal mota dituzte: ugaltze-atalak eta babes-atalak.

Karpeloaren barruan obulutegia dago, eta bertan obuluak. Obuluak loreziletako androzeoetan sortutako lore-hautsarekin harremanetan jarritakoan, hazi bihurtzen dira, ernalketa bikoitz bidez. Fruituak ere loreetatik sortzen dira.

Landareen dibertsitatea izugarria da; izan ere, enbriofito guztiak hartzen baditugu kontuan, briofitoak bezalako landare sinpleetatik, pteridofito, gimnospermo eta angiospermoetaraino joan gaitezke konplexutasun maila kontuan hartuta. Lorearen egitura angiospermoetan soilik agertzen da, gimnospermoetan hazi biluzia garatzen baita. Hori da bi talde horien artean dagoen ezberdintasuna. Angiospermoetan haziak obulutegian garatzen dira, aurrerago fruitua emango duen organoan.

Lore[1] da euskara batuan erabiltzekoa, nahiz eta euskaraz beste hainbat aldaera ere erabili, hala nola lora eta flore[5]. Lili[2] ere erabili daiteke.

Lore hitzaren jatorria latinezko florem akusatibo singularra du[5] (flos, floris), hasierako “f” eta amaierako “m” galdu ondoren.

Lore eta Lorea pertsona-izena ere badira, emakumezkoak[6][7], hiru iturburukoak: hitz arrunta ('lilia'), Zallako Andre Mariaren ermita eta Navarro Villosladaren Amaia edo euskaldunak VIII. mendean eleberriko pertsonaia.

Lore helduen atalak eta egiturak

Loreen dibertsitatea izugarria da; hortaz, oso desberdinak izan daitezke haien artean. Hala ere, badaude zenbait atal edo egitura lore guztietan agertzen direnak. Askotan ez da erraza egitura horiek identifikatzea, askotariko itxurak har baititzakete, baina hauek dira lore guztietan aurki daitezkeen egiturak:

  • Mimikoa[3]: lorearen kanpoko geruzan kokaturik dagoen bertiziloa da. Babes-funtzioa du, eta sepaloz osatuta egoten da. Sepaloak haien artean lotuta badaude, mimiko gamosepalo esaten zaie, eta aske daudenean, aldiz, dialisepalo. Kolore berdea izaten du gehienetan.
  • Korola[3]: periantoaren barne-bertiziloa da, lore-hostoz osatuta dagoena. Sepaloak baino handiagoak eta koloretsuak izaten dira normalean. Korolako lore-hostoak ere, haien artean lotuta edo aske egon daitezke. Lehenengo kasuan, korola dialipetalo deritze, eta bigarrenean, gamopetalo.
  • Karpeloa[3]: karpeloa edo pistiloa, ugal-egitura emea da. Hiru zati bereizten dira: obulutegia behealdean kokaturik dago barrunbe bat osatuz, eta bertan gorde eta babestuko dira obuluak ernalketa gertatu arte; lorexakia goialdean kokaturik dago, eta lore-hautsa harrapatzeko egitura espezializatua da; hirugarren atala estiloa da, aurreko biak lotzen dituen tutua. Kasu batzuetan estiloa falta daiteke, eta, orduan, lorexakia eseria dela esaten da, zuzenean obulutegiaren gainean kokatzen baita.
  • Lorezila[3]: loreen ugal-egitura arra da, lore-hautsa edo gametofito arrak ekoizten dituena. Bi lore-hauts zaku pare ditu lorezil bakoitzak. Oso arinak dira, eta polinizazioa errazten dute. Gainera, eboluzioan zehar zenbait aldaketa pairatu dituzte lorezilek autoernalketa ekiditeko. Autoernalketa esaten zaio indibiduo beretik datozen bi gametoren fusioari. Espeziearen biziraupen eta eboluziorako kaltegarria da autoernalketa, dibertsitatea murrizten baitu.

Lau egitura horiek ez dira beti begi-bistaz bereizten. Hainbat eta hainbat dira egitura horiek bestelako itxura batean erakusten dituzten loreen kasuak, esate baterako, tepaloak dituzten loreak. Tepaloak lore-hostoak eta sepaloak batera daudenean sortzen diren egiturak dira. Hortaz, mimikoa eta korola bereizi gabeak dituzten loreetan aurkitzen ditugu, Magnoliaceae familiako loreetan esaterako.

Infloreszentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Infloreszentzia»

Infloreszentziak lore-elkarteak[8] dira, zurtoinean loreek duten multzokatzeko erak. Infloreszentzia lore bakarraz edo lore multzoez osatuta egon daiteke.

Hainbat infloreszentzia mota bereizten dira. Muturreko lore bakartiez gain, bi mota handi bereiz daitezke:

  1. Matsalko erakoak: infloreszentzia mota honetan ardatz nagusi bat dago. Ardatz nagusi horren behealdetik hazten dira loreak. Ardatzak haziera definitu gabea izaten du. Infloreszentzia mota horren barruan sartzen dira matsalkoa, galburua, lukua, gerba, unbela, kapitulua, korinboa, .... Kasu batzuetan loreak bat besteetatik oso gertu agertzen dira, era ordenatuan: kapitulu motako infloreszentziak, ekilorea adibidez.
  2. Zima erakoak: lorea ardatzaren puntan sortzen da. Ondorioz, ardatzak haziera mugatua izaten du. Lore berriak sortzeko, albo-begiak aktibatzen dira. Infloreszentzia mota horren barruan sartzen da, adibidez, eskorpioi itxurako zima.

Dibertsitatea eta eboluzioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare baskularren garapena Siluriarrean hasi zen. Fosilik zaharrena Behe Siluriarrekoa da (425 m.u.), hain zuzen ere. Pteridofito baten fosila aurkitu zuten. Pteridofito hori Psilophytopsida klasekoa eta Rhyniales ordenekoa da.

Ikertzaileek uste dute landare baskularren aitzindariak alga berdeak direla eta, algen barruan, Chlorophyta dibisiokoak. Izan ere, alga horien antzeko ezaugarriak azaltzen dituzte: antzekotasun biokimikoak, a eta b klorofila pigmentuak, almidoia erreserba-substantzia moduan eta zelulosazko pareta.

Landare lehortarrak hiru talde nagusitan banatzen dira:

  1. Briofitoak
  2. Pteridofitoak
  3. Espermatofitoak

Angiospermoak dira benetako lorea duten landareak, eta beraz, eboluzionatuenak. Angiospermoen taldeak jasan duen dibertsifikazioa harrigarria da. Kretazeoan agertu ziren, lehen fosil-erregistroak duela 130 milioi urtekoak dira. Garai horretatik aurrera oso ezberdinak diren espezieen hainbat fosil agertu dira.

Lore primitiboenak Magnoliopsida klasean agertzen dira. Lore-atalak helikoidalki daude kokatuta. Lore eboluzionatuagoetan lore-atalak bertiziloetan antolatuta agertzen dira. Haziaren barreiaketaren arabera, loreek egitura desberdinak erakusten dituzte.

Sakontzeko, irakurri: «Polinizazio»

Lorearen funtzio nagusia ugalketa da; izan ere, lorea landarearen ugalketa-organoa da. Polinizazio deritzo lore-hautsa loreziletatik karpelora garraiatzeari. Lore-hauts alearen barruan espermatozoidea dago, eta lorexakiaren barruan dagoen obulutegiko obuluarekin elkartu eta ernalketa gertatzea da haren funtzioa. Normalean, lore-hautsa landare batetik bestera garraiatzen da, baina landare berean ere gerta daiteke. Ernaldutako obuluak hurrengo belaunaldia izango den hazia eta fruitua sortuko ditu.

Entomofilia bidezko polinizazioa

Polinizazio prozesua biotikoa zein abiotikoa izan daiteke. Polinizazio biotikoaren kasuetan, bizidun polinizatzaile batek garraiatzen du lore-hautsa lore batetik beste batera. Polinizazio abiotikoan, aldiz, haizea, ura edo euria dira lore-hautsa garraiatzen dutenak. Landare angiospermoen % 80 ingururen polinizazioa biotikoa da, eta polinizazioa egiten duten agenteei polinizatzaile deritze.

Hainbat polinizazio mota bereizten dira bektore polinizatzailearen arabera:

  • Anemofilia: Haizea da bektore polinizatzailea
  • Hidrofilia: Ura da agente polinizatzailea
  • Entomofilia: Intsektuak dira agente polinizatzaileak
  • Zoofilia: Animaliak dira agente polinizatzaileak

Loreak eta polinizatzaileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lore askok polinizatzaileekin duten harremana espezifikoa da. Lore-espezie jakin batek intsektu-espezie espezifiko bat soilik erakartzen du askotan, eta beraz, intsektu horren araberakoa izango da ugalketaren arrakasta. Harreman estu hori koeboluzioaren adibide da. Izan ere, ikertzaileek uste dute lorea eta polinizatzailea batera garatu direla denbora luzean zehar, batak bestearen beharrak asetzen dituelako.

Lore sorta bat opari.

Landarearen beste edozein atalek (haziek, fruituek, hostoek, sustraiek edo zurtoinek), elikagai gehiago ematen dituzten arren, barazki eta espezia garrantzitsuak eskura daitezke loreetatik: esaterako, brokolia, orburua eta azalorea. Sukaldaritzan hain preziatua den azafrai espezia ere, iridazeoen familiako landare baten lorexakietatik lortzen da.

Elikagaiak lortzeko ez ezik, gizakiak beste hainbat erabilera ematen dizkie loreei:

  • Apaingarri moduan etxeetan,
  • Urtebetetze ospakizun edo beste hainbat ospakizunetako opari moduan,
  • Elizkizunetan.

Aipaturiko erabilera horiez gain, loreek nolabaiteko sinbolismo emozionala izan dute historikoki munduko kultura ezberdinetan. Neandertalak bizi ziren kobazuloetan, adibidez, lore-hauts arrastoak aurkitu dira. Aurkikuntza horrek loreak hildakoak omentzeko errituetan erabiltzen zituztela pentsatzera eraman ditu ikerlariak.

Gaur egun ere, loreek ditugun emozioak adierazten laguntzen digute. Askotan, loreen bitartez saiatzen gara sentimenduak adierazten, besteak beste, sinpatia, errua edo sexu-gogoa.

Horrez gain, lore asko apaingarri pertsonal modura erabiltzen dira, lorea bere osotasunean, edo loreen esentzia, perfume modura.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «Lore». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-07-09.)
  2. a b «Lili». Euskaltzaindiaren Hiztegia(Noiz kontsultatua: 2021-07-09.)
  3. a b c d e Arantza Aldezabal. (2009?). Lorea. Zientzia eta Teknologia Hiztegi Entziklopedikoa (ZTH) - Elhuyar.
  4. a b Euskal Herriko zuhaitz eta zuhaixken gida. Eusko Jaurlaritzaren argitalpen zerbitzu nagusia 2010, 25-33 or. ISBN 9788445730515..
  5. a b Lore Orotariko Euskal Hiztegia, Euskaltzaindia (noiz kontsultatua: 2021-07-13)
  6. Lore Euskaltzaindiaren pertsona-izenen zerrendan, onomastika batzordea (kontsulta: 2021-7-13)
  7. Lorea Euskaltzaindiaren pertsona-izenen zerrendan, onomastika batzordea (kontsulta: 2021-7-13)
  8. Aizpuru, Iñaki.. (2004). Euskal Herriko landareak eta inguruetakoak sailkatzeko gako irudidunak. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia ISBN 8445720902. PMC 57425690. (Noiz kontsultatua: 2019-11-08).

Kanpo-estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]