Edukira joan

Orreagako gudua (778)

Koordenatuak: 42°59′22″N 1°20′02″W / 42.989444444444°N 1.3338888888889°W / 42.989444444444; -1.3338888888889
Wikipedia, Entziklopedia askea
Orreagako gudua» orritik birbideratua)
Artikulu hau 778ko guduari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Orreagako gudua (argipena)».
Orreagako gudua
Orreagako guduaren oroitarria Orreagako Kolegiataren aurreko aldean
Data778ko abuztuaren 15a
LekuaOrreaga, Ibañetako mendigaina
Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Koordenatuak42°59′22″N 1°20′02″W / 42.989444444444°N 1.3338888888889°W / 42.989444444444; -1.3338888888889
EmaitzaGaraipen euskalduna
Gudulariak
Baskoiak Frankoak
Buruzagiak
Ezezagunak
(beharbada Baskoniako Lope II.aren laguntzaz)[1]
Karlomagno
Errolan
Eginhard, Anselmus
Indarra
Ezezaguna Errolanen kantuaren arabera 20.000 gerlari
Galerak
Ezezaguna Armadaren parte handia[erreferentzia behar]

Orreagako gudua, Errozabalgo gudua ere deitua, 778ko abuztuaren 15ean Ibañetako mendigainean baskoien eta espedizio karolingio baten artean gertatutako gudua izan zen. Karlomagnoren armadak Iruñea erre eta gero garaitua izan zen Orreagan.

Mendeen joanean, gertakari haren inguruko ezin konta ahala narrazio, kondaira, bertso eta abesti sortu dira, denetan ospetsuena izanik Errolanen kantua, XI. mende amaierakoa, frantsesez ondua.

Testuinguru geopolitikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

777. urtean, Karlomagnok Paderborn hirian batzarra bildu zuen, eta han, borrokaldi gogor baten ostean garaitutako saxoien men egitea gauzatu zen zen zeremonia baten bidez. Saxoniako espedizio honen bitartez bere aita Pepin Laburrak hasitako bi proiektu militarren gailurrera ailegatu zen: Saxoniako eta Italiako konkista.

Une hartan bertantxe, Annales Regii agirietan agertzen denez, Batzarrera bi buruzagi sarrazeno iritsi ziren: Ibn al-Arabi (Suleiman), Zaragozako walia, eta Yusufen semea, bere suhiaz lagundurik. Gertaera hau jazo eta handik hogei urtera, 805ean idatzitako Annales Regii berriek zeozer gehiago gehitzen dute: «Leku (Paderborn) eta denbora berberean, erregearen aurrera Ibn al-Arabi deitzen zen Hispaniako sarrazenoa ailegatu zen, bere lagun ziren beste sarrazenoekin batera, sarrazenoen erregeak agindutako hiriekin batera euren buruak ere entregatuz».

Beste iturri batzuek, ordea, waliaren boterearen inguruko beste irudi bat ematen dute. Aipatutako Annales berriak idatzi zeneko ia data berean, Anales Mettenses ere sortu zen, eta agiri horietan gehitzen denez, Suleiman ibn al-Arabi erregeak Bartzelona eta Girona hirietan agintzen zuen: «...Solinan quoque dux sarracenorum, qui Barchilonan Gerundamque civitatem regebat. Pippini se cum omnibus quae habebat dominationi sub ditit».

Ondorioz, esan daiteke Ebroko haran osoan, hots, erromatarren Hispania Tarraconense probintzia zaharrean ez zutela bat egiten Abderraman I.a Kordobako emir omeiatarraren hedakuntza asmoekin. Annales berri horiek beste datu interesgarri bat ematen dute: Carolus edo Karlomagno erregea hiri batzuk bereganatzeko asmoz etorri zen, zalantzarik gabe Abderraman I.aren botere menperatzailetik at ihes egin nahi zuten musulman agintariek eskainitako hiriak.

Nahiz eta iturri horiek antzinagokoa den beste batean oinarritu, benetako motibazioak zeintzuk ziren azaleratzea, eta horientzat egokiak izango ziren justifikazioen lantze prozesua nola garatu zen ikustea oso interesgarria da. Gertakaria bera, berezkoa ez duen duintasun batez estali zen. Saxo edo saxoi olerkariak Karlomagnoren arrazoi inperialistak ikustarazten dizkigu:


« Tunc sarracenus quidam perveneret illuc,
Nomine qui patrio dictus fuit Ibinalarbi.
Hic cum non paucis sociis ac civibus, ipsum
Qui comitabantur, fines regiones Hiberae
Linquentem, Carolo se dedidit, ac simul urbes
Rex Sarracenus quibus hunc praefecerat olim.
Hortatu Sarraceni cum se memorati
Hispanias urbes quasdam sibi subdere posse
Haud frustra speraret, eo sua maxima coepit
Agmina per celsos Wasconum ducere montes.
»

—Poeta Saxonis, Annalium de Gestis Karoli Magni Imperatoris, Bouquet, «Recueil...»
G. H. Pertz, M. G. H. S. I., Hannover, 1826, 234. orr.


Gudaroste karolingioaren boterea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Karlomagnok bi espediziotan banatu zuen bere armadatzarra: bi legio ziren, guztira 20.000 kide inguru. Legio nagusiak, Neustriako indarrez osatuak, Iruñerantz jo zuen Baskonian barrena Donejakueko bidea izango zeneko galtzada baliatuz, eta Garaziko bortuak igaro zituen. Bigarren espedizioa, berriz, Austrasia, Burgundia, Bavaria, Lonbardia, Proventza eta Septimaniako tropek osatzen zuten.[2]

Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Eginhardo-ren Vita Karoli Magni
Liburu osoa: Euskal Herriko Erdi Aroaren Historiarako dokumentu idatzi eta grafikoen iruzkin-ereduak
« Saxoien aurka etengabe, eta ia atsedenik gabe borrokatzen zen bitartean, mugako lekurik estrategikoenetan garnizioak kokatu ondoren, Hispaniara abiatu zen eskura zeuzkan indar guztiekin. »

Vita Karoli Magni.[3] Testu osoa irakurtzeko, Wikisourcen duzu eskuragarri

« His innumerabilibus legionibus tota Hispania contremuit.

(Kontaezinezko legioen aurrean Hispania osoa ikaratu zen.)

»
(Ann. Mettenses prior.)
« [...] congregans Karolus rex exercitum magnum, ingressus est in Spania. »
(Carolus erregea, gudaroste boteretsu bat batuta, Espainian barneratu zen.)

Karlomagnok bere erresumetako indar guztiak mugiarazi zituen, menperatu berri zituen lonbardiarrak barne, Hunaldo Akitakoakoak zapaldu zituen akitaniarrak, eta baita oso jende fidagarria ez ziren bavariarrak ere. Gudarostea bi espediziotan banatu zen, honek bere erresumako bi muturretatik Zaragozara iristeko beta ematen zion. Frankoen gudarosteko borrokalari kopuruari buruz asko hausnartu da. XII. mendeko «Erromesen Gida» ospetsuak dioenez, Orreagako guduan kristau eta musulmanen artean berrogei mila hildako inguru egonen ziren. Errolanen kantua delakoaren sineskeria historikoa oso ezaguna da, eta bertan, adibidez, euskaldunen ordez musulmanak aipatzen dira karolingioak erasotzen. Egile batzuek diotenez, kanpaina planetarako antolatzen zen berezko frankoen gudarosteak, beti gutxienez, 10.000 gerlari zituen. Beraz, "Erromes Gida"-ren arabera, gatazka honetan bi gudaroste lirateke: bata Frantziako miliziek osatutakoa eta bestea menperatutako atzerritar herrialdeek osatutakoa, alegia bavariarrak, akitaniarrak, septimaniarrak, proventzarrak, lonbardiarrak eta beste zenbaitzuk. Horregatik, aurrena Zaragoza aurrean elkartu eta ondoren Orreagatik igaro ziren bi gudarosteen zenbatekoa kalkulatzea zaila da. Edonola ere, Karlomagno, 36 urterekin, helduaroko une gozoenean zegoen, bere Inperioaren osaketa lanean erdiz erdi eta gudaroste oso boteretsu baten buruzagi nagusia zen.

Iruñea suntsitu eta baskoiei kalte ugari eta nabarmenak egin ondoren, Frankoen Gudarostea Frantzia aldera atzeratzen zihoan. Konponduezinezko kalte eta suntsiketak, bestalde objektu baliotsuak eta dirua lortzearren lapurretak ere egin ziren. Zaragoza eta Iruñean lortutako harrapakinak ere bazeramatzaten. Karlomagnok musulman waliak behartu zituen berari dirutzak eta gatibuak ematera, eta xantaia egin zielako zantzuak daude:

« [...] obsidione itaque cincta Caesaraugustana civitate, territi Sarraceni obsides dederunt, cum inmense pondere auri.
(Ann. Mettens. ad ann. 778)

(Zaragoza setiatuta, sarrazenoek, izuturik, gatibuak eta egundoko urre kopuruak eman zizkioten.)

»
« Et cum reverterentur cum preda magna.
(Ann. Anniani).

(Eta sekulako harrapakina zuela atzeratzen ari zela.)

»

Ebro haraneko herrialdeek, baskoi nahiz musulmanek, beren poltsikoetatik gudaroste frankoaren okupazio eta mantenua nahiz Iruñeko gotorleku frankoaren gastuak ordaindu zituztela suposatu daiteke.

Erreskatea eta hildakoen gorpuen aberriratzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Parisko Liburutegi Nazionalean aurkitutako guduan hildako pertsonaietako baten epitafioa topatu ez balitz, gai honi buruz ezer ez litzateke jakingo. Adibidez, Eginhardo non lurperatu ezezaguna da, honen gorpua erreskatatu eta Frantziara aberriratua izan zen, bai gudua jazo zen egun berean, edota ondoren eginiko kudeaketen ondorioz. Denak Karlomagnok berak guduan esku hartu zuelako zantzua du, bere gudarosteko atzeguardiari esker abangoardia salbatzea lortu zuelarik. Garai hartan, bai eta hurrengo mendeetan ere, menperatuen gorpuen aberriratzea gauza sakratua zen. Ziurrenik hurrengo egunean Karlomagno porrotaren lekura itzuliko zen, betiere pertsonaia nabarmenen gorpuak erreskatatzeko xedez. Karlomagnoren agerpen horren lekukotasuna garaiko iturriek aipatutakoaz egiaztatu liteke: "ezin izan zuen baskoien aurkako mendekurik hartu ahal izan" hauek dagoeneko sakabanatuak baitzeuden.

Valcarlos toponimoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal epopeiak edo usadioak toponimo hori erromantzatuek ipini zutela oroitarazten digu. Tokiaren euskal izena Luzaide da. Atzerritar izena dagoeneko XII. mendeko Rodrigo Ximénez de Rada artzapezpikuaren idatzi batean azaltzen zaigu:

« Carolus [...] procedens per vallem quae Vallis Caroli dicitur, et planior invenitur, ne ascendentes impedidet asperitas Pyrenaei [...].

(Karlos Handia [...] Karlosen Harana deritzon haranean zehar aurrera egin zuen, ordekatsuagoa baita, Pirinioetako laztasunak igoera eragotzi ez diezaien [...])

»

Nota Emilianense oharreko (XI. mendea) Rozavalles izenak Orreagaren aurreko aldean dagoen Auritz udalerriko ordeka aipatzen du, bere esanahia «Erroko ordeka» delarik, haran honetako zati baita. Orduan ez zen Rozavalles izena izango, euskarazko Errozabala baizik, inongo haranaren aipurik egin gabe. Beste modu batera balitz, latinezko izena litzateke.


Guduaren data

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dümmler historialariak Weflin-Trall ikertzaileak Parisko Liburutegi Nazionalean aurkitutako eskuizkribua ikertzean guduaren data ezarri zuen, eskuizkribu honetan Eginhardo edo Aggiardiren epitafioa agertzen da, Orreagako guduan hildako gerlarietako bat zena. Latindar eskuizkribuak 4.841 zbk. darama. Bertan bere heriotzaren data ezartzen da: «Qui obiit die XVIII Kalendas septembrias» (abuztuaren 15arekin bat dator). Latinez idatziriko Epitafioaren euskarazko itzulpena ondorengo hauek dira:

« Kide zurbilak ehortz-leku honetan sartuak dira, baina arima astro gorenetara doa. Sehaska leinargian jaioa, Frankoen odoletik agertua, laster, ohore guztietara zuzendua izan zen. Bizar arin eta argi batek bere purpura-koloreko masailak estaltzen zituen. Ai ene! Gaztetasun ederra hil zen. Bere aita Aggiardo deitzen zen eta erregearen gortean lehenbizikoa zen. Heriotza asegaitzak burdinaren bidez itzaletara herrestatu zuen, baina betiko argiak zeruko astroetara igoarazi zuen. Karlomagnok Hispaniako hondarrak zapaltzen zituen aldi berean, munduarentzat hil zen, baina betiko Jainkoarentzat bizi da. Italiarra negarrez da eta Frankoa atsekabetsu, Akitania eta Germania ere nahigabetuak daude. Baina zu, oi Bizente, ospeko martiria, berarengatik Jainko subiranoari erregutu diezaiozu. Ehortz-lekuan datza, baina ehortziriko haragian soilik, bide argitsua otzandu eta jainkotiar gortean bizi baita. Eta zuek kristauok, tenplu sakratuaren ateak zeharkatzen dituzuenok, bihotzez erregutu Jainko Aitaren Semeari. Denok esan; Oi Jainkoa, gupida izan, Aggiardo zure morroiaren bekatuak barka ditzazu, iraileko kalendetako hemezortzi egunean hil baitzen. Alaiki bakean atseden beza. »


Historialariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskaldun bat izan zen preseski, Rodrigo Ximenitz Arradakoa, Orreagako garaipena euskaldunentzat errebindikatu zuena. Rada nafarra, XII. mendeko historialaria, errolandar kondairaren eferbeszentzia garaian bete-betean bizi izan zen. Dirudienez, Frai Turoldok hedatu eta ospetsu bilakatu zuen kondairak ez zuen Parisko adituen zirkuluetako onespenik, han Radak ikasten baitzuen. Kondaira eta errolandar sineskeriaren iturrietan paraleloki oinarrituriko kontakizuna zegoen. Beste bi historialarik, bata euskalduna, Oihenart, eta bestea biarnotarra, Pierre Marca, biak ere XVII. mendekoak, Eginhard eta Annales Regiiegia agirietako lekukotzak bere eginez egi historikoaren alde agertzen dira.

Oihenartek benetako Orreagako gudua azaltzeko hiru orri idatzi zituen, 23.a, 24.a eta 25.a, Vita Karoli Magni idazlanaren egilearen testigantza hitzez hitz emanda. Eta berdin esan daiteke gure analista bikaina izan zen Moreti buruz. Jada XIX. mendean gudua olerki apokrifo baten gaia izan zen. Gure denboran Orreagako guduaren gaiari buruz Arturo Kanpion nafarra ikertzen jardun zen, eta handik askora, baita Lakarra eta Jimeno Jurio ikertzaileak ere. Eginhardo Karlomagnoren biografoak IX. mendean hurrengoa idatzi zuen Vita Karoli Magni lanean:

Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Eginhardo-ren Vita Karoli Magni
Liburu osoa: Euskal Herriko Erdi Aroaren Historiarako dokumentu idatzi eta grafikoen iruzkin-ereduak


« Saxoien aurka etengabe, eta ia atsedenik gabe borrokatzen zen bitartean, mugako lekurik estrategikoenetan garnizioak kokatu ondoren, Hispaniara abiatu zen eskura zeuzkan indar guztiekin; eta, Pirinioak iragan eta gero, eta aurkitu zituen gotorleku eta gaztelu guztiak menperatu zituenean, gudarosteak oso-osorik eta ukitu gabe zeuzkala itzuli zen, salbuespen batekin: Auñamendien gailurrean bertan, itzulerako bidean jadanik, baskoien zitalkeria bere larrutan ezagutu behar izan baitzuen. Zeren eta, armada lasai-lasai zihoanean, ilara luzean, pasabidearen estutasunak eskatzen zuen bezala, baskoiak, mendiaren gailurrean zelatan zeudelarik —pasabideko beste inon baino itxiagoa baita han basoa, eta aproposa, beraz, lekua tranpak jartzeko— eta goitik beherantz etorriz, sakanerantz bultzatu zuten azken-azkenean zihoan bagajea eta baita aurrekoen babes modura erretagoardian zihoazen tropak ere. Eta behin batailan gurekin sartu zirenean, azkeneko gizona ere hil egin zuten, eta harrapakina lortu ondoren, gauaren iluna lagun, sakabanatu egin ziren bizkor-bizkor. Eginkizun honetan beren alde eduki zuten baskoiek ez bakarrik armamentuaren arintasuna, baita guztia gertatu zen lekuaren taxu berezia ere: Frankoei, aitzitik, kontra gertatu zitzaien —baskoiak baino askoz ere gutxiago eta ahulago izateraino— bai zeramaten armamentuaren astuntasunak, baita etsaiak baino beherago kokatuak egotea ere. Bataila honetan hil ziren Egiardo seneskala, Anselmo konde palatinoa eta Roldan, Bretainiako markako prefektua ere, beste askoren artean. Eta porrot honek ezin izan zuen berehala mendekatua izan, zeren eta etsaiak, erasoa burutu ondoren, halako moldez sakabanatu baitziren, ezen non bilatu eta aurkitu zitezkeen jakiteko aztarnarik ere ez zutela utzi. »

Vita Karoli Magni.[3] Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri


Urteak pasa ahala, ahozko tradizioak bataila hau kristau eta musulmanen arteko gatazka handia bihurtu zuen, euskaldunak 400.000 sarrazenok ordezkatu zituztelarik. Errolanen kantua, guduari buruzko olerki epikoa, XI. mendean idatzi zuen trobalari ezezagun batek. Orreagako haitzartearen inguruan, Errolan hil omen zen lekuan, hilarri bat dago.

Erakusketa-zentroa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Luzaiden dagoen Orreagako batailaren interpretazio-zentroa
Luzaiden dagoen Orreagako batailaren interpretazio-zentroa
Orreagako gudua oroitzeko ekitaldia (2021), abuztuaren 15ean

Luzaideko Udalak, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzaz, guduari buruzko "“778. Orreagako gatazka, erakusketa zentroa eta informazio gunea" ireki zuen 2019. urtean.[4] Erakusketa zentro honetan hiru gai bildu dira, atal banatan: Sukaldeari buruzko material etnografikoa, Luzaideko Bolant dantzen inguruko erakusketa eta Orreagako gatazka bera.[5]

Gustave Doréren Roland à Roncevaux margolana. Orreagako guduaren idealizazioa.

Orreagako gudua zinean eta telebistan

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frank Cassenti frantses zinegileak La Chanson de Roland, filmatu zuen 1978 an, epopeian modu librean inspiratuta. Istorio horretan erromesek eta komikoek epopeia errezitatzen dute hainbat ikusleren aurrean, Donejakue bidean.[6]. 2011n Olivier van der Zee 778 - La Chanson de Roland dokumentala egin zuen, hainbat ikerlariei elkarrizketak eginez.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Lopez de Luzuriaga Martinez, Iñaki. (2016). Euskaldunak eta karolingiar iraultza : Akitania eta Baskonian barrena. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 978-84-8438-591-2. PMC 1055581693. (Noiz kontsultatua: 2021-09-08).
  2. Irujo, Xabier. (2019). 778 : la Batalla de Errozabal. De la crónica al cantar.. Ekin ISBN 978-0-9967810-5-3. PMC 1354199185. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  3. a b Ruiz Fernández, Amanda; Agirre García, Jaione. (2006). Euskal Herriko Erdi Aroaren historiarako dokumentu idatzi eta grafikoen iruzkin-ereduak. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 8484380807..
  4. (Gaztelaniaz) Aranzadi | Zientzia Elkartea · Society of Sciences · Sociedad de Ciencias · Societé de Sciences » 778. Orreagako Guda Erakusketa Zentroa bisitatzeko ate irekiak antolatu ditu Luzaideko Udalak apirilean zehar. (Noiz kontsultatua: 2020-05-01).
  5. «Zer da Erakusketa Zentroa?» Luzaideko udal webgunea. (Luzaideko Udala) (Noiz kontsultatua: 2020-05-01).
  6. «La Chanson de Roland» [artxiboa], inallocine.fr, 2019 (ikusia le 21 octobre 2019).ko maiatzaren 5ean)
  • GURRUTXAGA, Luis eta REKALDE, Angel, 212. Orreaga 778-824: La chanson de Roland. [Bideoa] . Iruña: Nabarralde. 31 min.
  • IRUJO AMETZAGA, Xabier, 2018. La batalla de Errozabal en su contexto histórico (1goa, Ser. Biblioteca de cultura vasca, 81). Ekin.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]