Toxikologia
Toxikologia toxina edo pozoiek bizidunetan dituzten efektuak aztertzeaz arduratzen den zientzia da. Medikuntzaren adar bat da eta tratamendu edo intoxikazio moduan erabil daiteke. Agente kimiko eta fisikoek sistema biologikoen gainean dituzten efektu kaltegarriak aztertzen dituen eta sortutako kaltearen larritasuna finkatzen duen diziplina moduan ere defini daiteke. Agente kaltegarri hauen izaera, ekintza mekanismo eta gertatutako aldaketa biologikoen ebaluazioaz arduratzen da.
Historia
aldatuToxikologia modernoaren aita Mathieu Orfila kontsideratzen da, berak eman baitzuen 1813an lehen tratamendua.
Theophrastus Phillipus Auroleus Bombastus von Hohenheim ere, Parazeltso (1493–1541) izenaz ezagunagoa, toxikologiaren aitatzat hartu izan da. Berak esana da: «gauza guztiak dira pozoi, eta ez da pozoi gabeko ezer, dosia da gauza bat pozoitsu egiten duena».
Dosia eta toxikotasuna
aldatuToxikologiak dosia eta honek organismo biziaren gain dituen eraginen arteko erlazioa aztertzen du. Substantzia kimiko baten toxikotasuna dosiaren araberakoa da. Hau da, Parazeltsok esan zuenez, dosiak egiten du pozoia. Parazeltso XVI. mendean bizi izan zen, eta bera izan zen substantzia toxikoen dosia eta eragina erlazionatu zituen lehen pertsona.
LD50 (Letal Dose, «dosi letala») terminoak, substantzia toxikoa emandakoen erdiak (% 50) hiltzen dituen substantzia horren dosia da. Hau ezagutzeko, sagu edo laborategiko beste animalia batzuekin frogak egiten dira pertsonetan erabili aurretik.
Metabolito toxikoak
aldatuPozoiak kontsideratzen diren substantzia askok, modu ez zuzen batean dituzte eragin toxikoak. Horietako bat metanola da, hau kimikoki gibelean formaldehido eta azido formiko bihurtzen da metabolismoaren ondorioz. Metabolito horiek dira hain zuzen ere, eragin toxikoak sortuko dituztenak.
Gibeleko entzima batzuen aldakortasun genetikoak, konposatu batzuen toxikotasuna desberdina izatea dakar pertsona batetik bestera. Gibeleko entzima hauetako batzuk molekula batzuk substantzia toxiko bihur ditzakete erreakzio kimiko baten bidez.
Toxikologia kimikoa
aldatuToxikologia kimikoak agente kimikoen egitura aztertu eta honek sortzen duen efektuarekin erlazionatzeaz arduratzen da. Arlo honetan ordenagailu bidezko diseinuak erabiltzen dira eta sintetikoki ekoiztutako substantziak ere bai. Honela, sendagai berrien aurkikuntza, sendagaien metabolismoari buruzko informazioa, ekintza mekanismoak ezagutzea, kimika bioanalitikoa, epidemiologia molekularra.. ahalbideratzen ditu.