Txapel Txin Eguna Aretxabaletan herriko Karnabalak iristear daudela iragartzeko eta herria girotzen hasteko aurreko asteko larunbatean ospatzen den eguna da. "Txapel Txin" izeneko pertsonaia da egunaren protagonista. 2008an izan zuen aurreneko ekitaldia[1].

Txapel Txin Egunaren 10. urteurrenean Atxabaltako Karnabalen Lagunak

Historia

aldatu
 
Txapel Txinen etorrera, 2020an.

Txin izenaren jatorria

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Txino dantza»

XX. mendearen hasieran dantzatzen zen Txino dantza berreskuratu zen Aretxabaletan 1975eko inauterietan. Aretxabaletako Karnabalek beti izan dute sona handia bailaran eta Txino dantza herriko ekintza bereizgarria izanik 1987. urtetik aurrera asteartean sardina erretzeari utzi eta "Txin-en hileta" egiten hasi zen[2].

Txapel Txin Eguna

aldatu

2008an Atxabaltako Karnabalen Lagunak elkarteak Udaleko Kultur Sailaren laguntzarekin Karnabalak iragarriko zituen egun berezi bat antolatzea erabaki zuen eta horretarako "Txapel Txin" pertsonaia sortu zuen[3]. Txapel Txinek buru handi hori-berdea du, belarri eta sudur handiak, eta burusoila da. Hortz gutxi batzuk baino ez zaizkio gelditzen. Izakeraz alaia eta festazalea da. Karnabalen giroan sartzeko helburuarekin sortu zenez herritarrak txapel edo kapelaren bat jantzita mozorrotu zitezen eskatu zen aurreneko ekitaldi hartan eta hortik datorkio izena. Hurrengo urteetan ere txapel, kapela eta buruan eramateko bestelakoak izan dira jaiaren adierazgarriak.

2017an 10. ekitaldia bete zela ospatzeko Txintxin pertsonaia sortu zen, Txapel Txinen haurraren bertsioa[4].

Ospatu ez den Txapel Txin Egun bakarra 2021. urtekoa izan da, COVID-19 pandemiak eragindako murrizketen erruz. Era berean 2022an ohikoak diren ekitaldi batzuk ezingo dira egin, bazkari herrikoia esate baterako[5].

Ekitaldiak

aldatu

Urtetik urtera egunaren antolakuntzak aldaketak izan baditu ere badira dagoeneko finkaturik dauden hainbat ekitaldi:[6][7]

  • Kalejira Txapel Txinekin eta haurrek eraikitako erraldoi txikiekin[8].
  • Bazkari herrikoia
  • Torrada lehiaketa
  • Txapel Txinen pregoia: Arratsaldeko 19:00etan izaten da herriko plazako balkoian.
  • Musika emanaldia

Aurreko egunetan Txapel Txin herriko eskoletara joaten da haurrekin egotera[9][10].

Erreferentziak

aldatu
  1. «Txapel Txin eguna urtarrilaren 26an - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  2. «Txino Dantza (Aratusteetan) — Aretxabaletako Udala» www.aretxabaleta.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  3. (Gaztelaniaz) «Txapel Txin eguna, aratusteen atariko, larunbat honetan» El Diario Vasco 2008-01-18 (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  4. «Txintxinek lagunduta dator Txapel Txin - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  5. «Egitarau "xumea baina ilusio handiarekin gertatutakoa", Txapel Txin eguna ospatzeko - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  6. «Badator Txapel Txin Aratusteak girotzera - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  7. «Aretxabaleta Inauteriak 2020» Inauteriak 2020-02-17 (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  8. «Ibai Zangituk Txapel Txin aurkeztu digu, Aretxabaletako inauterien pregoilaria» EITB Euskal Irrati Telebista 2020-10-06 (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  9. «Gora Txapel Txin! Gora Atxabaltako Karnabalak! -» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).
  10. «Txapel Txin Basabeazpin izan da - Aretxabaleta» Goiena.eus (Noiz kontsultatua: 2022-02-15).

Kanpo estekak

aldatu