Profil psikologiko-kriminala ikerketa kriminalean erabiltzen den teknika da. Profil psikologiko-kriminala osatzen da susmagarri asko daudenean. Horren helburua da zehaztea zein izan daitekeen krimenaren egilea. Profilean islatuko diren ezaugarriak delitugilearen datuak izango dira.

Delitugile baten profil psikologikoa osatzeko gertaeren agertokian jasotako informazioa eta biktimak eskainitakoa erabiltzen da. Oso lagungarria da polizia-ikerketarako, delitugileak harrapatzeko irizpideak eskaintzen baititu[1].

Profilaren helburuak hiru dira:

  1. Susmagarrien kopurua murriztea.
  2. Kasu kriminal desberdinak lotzea, lortutako datuak elkarren artean konparatuz.
  3. Ikerketa egiteko patroi berriak aurkitzea.

Profila berezia denean, eraginkorragoa izango da ikerketarako baliabide gisa. Oro har, hala izango da delitugilearen jokabidea psikopatologiaren zantzuak erakusten dituenean. Psikopatologia duten pertsonek garapen sozial, afektibo intelektual edo eta fisiko egokia izateko zailtasunak dituzte, ondorioz, delitugileak zeinu psikopatologiko asko dituenean, gehiago murriztuko da sortutako profila. Haatik, psikopatologiaren bat ez dagoen kasuetan (gauza bera gertatu daiteke psikopata oso azkarra denean ere), profila agian ez da nahiko genukeen bezain zehatza izango eta beraz, baliabide hau ez da hain lagungarria izango delitugilea aurkitzeko[1].

Bestetik, profila bereziki baliagarria izango da serieko hiltzaileen kasuan (normalean modu edo eredu zehatz bati jarraituz egiten dituztelako hilketak), sexu-erasotzaileen eta haurren sexu-erasotzaileen kasuan (delitugile sexual gutxi batzuk asko berrerortzen dute, psikopata serialak deiturikoak), piromanoen kasuan eta baita banku-lapurreten kasuan (azken bi kasu horietan ere delitugileek, oso urrats zehatz eta pertsonalak egiten baitituzte delitu guztietan).

Profil psikologiko-kriminala serieko hiltzaileak harrapatzeko erabiliko da gehien bat.

Profila osatzeko metodologiak

aldatu

Praktikan bi metodologia erabiltzen dira profila osatzeko: induktiboa eta deduktiboa.

Metodologia induktiboa: antzekoak diren delituak daudenean, pentsatzen da horien egileak nortasunaren ezaugarri antzekoak izango dituztela. Hori horrela, metodo honen kasuan, oso garrantzitsuak dira datuen pilaketak, delitu antzekoa gertatzen bada, profila aurrez egina egon dadin. Delitugileei egindako elkarrizketak ere balio handikoak izan daitezke, horien hatz psikologikoei buruzko datu gehiago eskaintzen baitituzte eta pertsona horiek nola jokatzen duten hobeto ulertzen laguntzen baitute[1].

Metodologia deduktiboa: detektibe klasikoen estrategia da. Agertokia eta haren ezaugarriak aztertu eta horrekin ebidentzia forentseak lortzen dira. Metodologia deduktiboa ondo egiteko eta profil egokia lortu ahal izateko esperientzia handia izan behar du profilatzaileak[1].

Profila egiterakoan delitugilearen datuak aterako dira, normalean hauek dira:

  • Adina
  • Sexua
  • Arraza
  • Ikasketa maila
  • Bizimodua
  • Mugimendu patroiak
  • Aurrekariak
  • Arazo eta ezaugarri psikologikoak

Profil kriminalaren eredu teorikoak

aldatu

Profil kriminala 80 eta 90 hamarkadetan garatu zen. Bi eredu teoriko egon ziren: FBI (Ressel & Douglas) eta "Investigative psychology" UK (David Canter).

  • FBI. Eredu honetan garrantzi berezia hartzen dute delitugileari egindako elkarrizketa sakonak. Elkarrizketa horietatik delitugilearen alderdi psikologiko esangarriak ateratzen ditu profila egiten duen pertsonak. Serieko hiltzaileen profil kriminalean oso garrantzitsua den delitugileen sailkapena egin zen metodologia honetan oinarrituta: hiltzaile antolatuak eta hiltzaile desantolatuak. Horri esker, VICAP datu baseen bilduma sortu zen, serieko delitugileen kasu guztiei buruzko datu guztiak gordetzeko eta eskuragarri izateko[2].
  • UK. Delitu-konsistentziaren hipotesia sortu zuten. Eredu honetan agertokian behatutako jokabideak hartzen dira kontuan, jokabide horiek zantzuak eskaintzen baituzte delitugilea nolakoa den jakiteko[3].
  • Profil kriminala erabiliena Paul Matesonena da, kriminalen portaeran bi ardatzen arabera lau kuadranteetan biltzen dituena. Horrela indibiduoen sailkapen hau sortzen da: normalak positiboak, normalak negatiboak, anormalak positiboak eta anormalak negatiboak. Matesonen arabera kriminalak anormal negatiboak dira.

Profilaren aztergaiak

aldatu

Aztergai nagusiak hiru dira:

  • Modus operandia
  • Krimenaren agertokia
  • Biktimaren aukeraketa

Modus operandia

aldatu

Modus operandia delitugileak krimena egiterakoan erakutsi duen portaera da. Nolakoa izan den krimena betetzeko modua. Horrela, modus operandi zehatz bat profil batean gordeta gelditzen bada eta etorkizuneko beste delitu batean modus operandi hori agertzen bada kasuak haien artean lotuko dira, eta horrek erraztu egin dezake delitugilea harrapatu ahal izatea[4].

Delitugileak bere modus operandiarekin hiru helburu ditu: delitua arrakastaz egitea; delitua burutu ondoren ihesaldia erraztea; eta, bere identitatea bebestea.

Modus operandian zenbait faktorek dute eragina[4]:

  • Esperientzia kriminala eta konfiantza. Zenbat eta delitu gehiago egin, delitugileak duen esperientzia eta konfiantza handiagoak dira. Lehen aldiz egiten badu delitua, bigarren aldian hobeto moldatuko da eta ez ditu hasieran egindako akats berak egingo. Bere modus operandia hobetzen joango da.
  • Justizia-sistemarekin aurrez izandako harremana. Delitugile batzuek haien estrategiak eta planak hobetzeko baliatzen dute espetxean izandako egonaldia.
  • Hedabideak. Hedabideetan agertzen baldin bada nolakoa den bilatzen ari garen delitugilearen modus operandia, honek aldatu egin dezake bere jokabidea polizia nahastearren. Horregatik, normalean hedabideei ez zaie informazio guztia ematen, polizia-ikerketa ez oztopatzeko.
  • Delitugilearen gogo-aldartea. Gogo-aldarteak sentimenduak baino egonkorragoak eta iraunkorragoak diren egoera afektiboak dira, pertsonaren nortasunean eta jokaera guztietan eragina daukatenak. Delitugilearen aldartea aldatzen bada, modus operandia ere aldatu daiteke.
  • Delitugilearen eta biktimaren arteko interakzioa. Delitu batetik bestera, delitugile baten modus operandia desberdina izan daiteke segun eta biktima nola jokatzen duen.

Modus operandiaz beste, delitugile batzuek sinadura propioa dute. Sinadura delitua burutzeko beharrezkoak ez diren jokabideak dira eta delitugilearen behar emozionalak edo psikologikoak adierazten dituzte (haserrea, mendekua, sadismoa...). Delitugileak aparteko denbora erabiltzen du sinadura betetzeko, delitua egiteko beharrezkoak ez diren portaerak baitira. Portaera horiek emozio bat adierazten dute eta askotan delitugilearen fantasien adierazle dira[4].

Krimenaren agertokia

aldatu

Agertokiaren analisia profil kriminala egiteko pauso garrantzitsuenetarikoa da. Agertokia ulertu egin behar da. Egin beharreko galdera da: nolako pertsonak utziko du horrelako agertokia?

Agertokia delitua egiten den lekua da[4]. Baina gerta daiteke, halaber, agertoki bat baino gehiago egotea. Lau izan ohi dira kontuan hartzen diren lekuak: topalekua, agertoki nagusia, bigarren mailako agertokia edo bitartekoa eta azkenik, gorpua uzten den lekua[5].

Topalekua Delitugilea eta biktima lehenengo elkartu ziren tokia da. Askotan delitugilearen prozesu batzuk bertan gertatzen dira, delitu izatera iritsi gabe.
Agertoki nagusia Garrantzitsuena izango da. Hemen erasoaren parte handiena gertatuko da. Aldi berean, ebidentzia kopuru handiena izango dituen gunea da.
Bigarren mailako agertokia edo bitartekoa Ez da krimen guztietan halakorik egoten. Garrantzitsuak diren agertokien artean kokatutako bitarteko lekuak dira.
Gorpua uzten den lekua Gorpua aurkitu den lekua da.

Batzuetan, delitugilea krimenaren agertokira itzultzen da. Bere eguneroko bizitzan bisitatzen duen leku bat delako, betetako akatsak konpontzeko, edo gozarazten diolako (batez ere serieko hiltzaileen kasuan).

Erasotzaileak biktimarengan dituen portaerak hiru taldetan bereizten dira. Lehenik eta behin hurbiltzea dago, normalean ustekabean edo engainuaren bitartez egiten dena. Ondoren,erasoa dago; erasoaren bortxa-maila bere beharrarekin erlazionatuta dagoen. Askotan hurbiltzea eta erasoa batera gertatzen dira, azkar azkar biktimarengana hurbiltzea arma batekin eta ahozko mehatxuak erabiliz. Azkenik, kontrolaren fasea dago eta hemen biktimari eusteko estrategiak erabiltzen ditu erasotzaileak. Normalean arma baten laguntzaz egiten du. Hiru portaera horiek delitugile konkretuaren modus operandiaren parte dira[4]

Arma kontsideratuko da agertokian erabili den edozein tresna edo gauza akzio bortitzak betetzeko erabili dena. Erasotzaileak ekarritakoa edo agertokian bertan zegoena izan daiteke[4].

Delitugilearen planifikazio zantzuak edo planifikazio ezaren zantzuak egongo dira. Oinarrizko elementua izango da delitua betetzeko orduan.

Planifikazio zantzuak Planifikazio ezaren zantzuak
Biktimaren zelatan egotea erasoa egin baino lehen. Delitua beste delitu bat egiten duen bitartean egitea.
Agertokira objektu jakinak eramatea, delitua egitearren. Kriminalak ez diren jarduerak egiten ari den momentuan gertatzea erasoa.
Biktimari deiak egitea, bere burua identifikatu gabe. Denbora gutxi erabiltzea delitua egiteko. Bat-batean bururatu zaio eta orduantxe egin du.
Aldez aurretik biktimaren bizilekua eta bere eguneroko ohiturak ezagutzea. Agertokian aurkitutako tresnak erabiltzea biktima kontrolatzeko.

Kasu batzuetan bi egoera horiek batera gertatuko dira. Delitu bat ondo planifikatzen da, baina biktimak esperotako erreakzioa ez izatearen ondorioz, bigarren zatia inprobisazioz gauzatu behar da.

Biktimaren aukeraketa

aldatu

Biktimaren aukeraketa oso prozesu esangarria da profila eraikitzeko unean. Alde batetik, biktima beharrezkoa da delitua egoteko; eta bestetik, zein den jakiteak asko laguntzen du delitugilea aurkitzeko orduan.

Zenbait irizpide balia ditzake delitugileak biktima aukeratzeko[4]:

  1. Eskuragarritasunaren irizpidea. Delitugileak berak erabiltzen dituen lekuak eta biktimak erabiltzen dituen lekuak kontuan hatuko ditu. Delitugileak dituen ohiturak eta errutinak eragina dute biktima aukeratzeko.
  2. Urrakortasuna edo zaurgarritasuna. Delitugileak bere biktima aukeratuko du hau defentsarik gabe dagoelako.
  3. Erlazioak. Bien artako erlazioarengatik aukeratuko du biktima delitugileak.
  4. Irizpide sinbolikoa. Biktimaren ezaugarriak delitugilearen fantasia betetzeko egokiak dira, eta horregatik aukeratuko du. Irizpide hau eman ohi da serieko hiltzaileetan.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d (Gaztelaniaz) Genovés, Vicente Javier Garrido. (2000). «El perfil psicológico aplicado a la captura de asesinos en serie: el caso J.F.» Anuario de psicología jurídica (10) ISSN 1133-0740. (Noiz kontsultatua: 2017-11-30).
  2. Jorge, Jiménez Serrano,. (2014). Asesinos en serie: definición, tipologías y estudios sobre esta temática. (Noiz kontsultatua: 2017-12-02).
  3. (Gaztelaniaz) «La teoría del círculo de Canter | Crimipedia» Crimipedia (Noiz kontsultatua: 2017-12-02).
  4. a b c d e f g Vicente., Garrido Genovés,. Perfiles criminales : un recorrido por el lado oscuro del ser humano. (Segunda edición. argitaraldia) ISBN 9788434401655..
  5. (Ingelesez) La escena del crimen y sus tipos. (Noiz kontsultatua: 2017-12-02).

Kanpo estekak

aldatu