Pedro Álvares Cabral

Pedro Álvares Cabral (Belmonte, 1460Santarem, 1526) portugaldar itsasgizon eta esploratzailea izan zen.

Pedro Álvares Cabral

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakPedro Álvares de Gouveia
JaiotzaBelmonte, 1467
Herrialdea Portugalgo Erresuma
HeriotzaSantarem, 1520 (52/53 urte)
Hobiratze lekuaIgreja da Graça (Santarém) (en) Itzuli
Familia
AitaFernão Cabral
AmaIsabel de Gouveia de Queirós
Ezkontidea(k)Isabel de Castro (en) Itzuli
Seme-alabak
Hezkuntza
Hizkuntzakportugesa
Jarduerak
Jarduerakesploratzailea eta itsasturia
Jasotako sariak
KidetzaHis Most Faithful Majesty's Council (en) Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaErromatar Eliza Katolikoa

Find a Grave: 18397 Edit the value on Wikidata

1500. urtean Brasil aurkitu zuen, Terra de Santa Cruz izena eman zion, eta Portugalgo lurralde bihurtu zuen. Berriro ere itsasoratu eta hego-ekialdera jo zuen. Esperantza Onaren lurmuturra igaro ondoren, Mozambikeko kostaldea esploratu zuen. Portugalera itzuli zen Indiako Kozhikode hiri zaharreko Kotxin printzearekin merkataritza hitzarmen bat izenpetu ondoren (1502). Bere bidaien gorabeherak Ramusio italiar geografoak eman zituen ezagutzera Nabigazioak eta bidaiak liburuan (1563).

Bizitza

aldatu

Lehen urteak

aldatu

Belmonten jaio zen, noble familia batean.[1][2] Alfontso V.aren gortera bidali zuten 12 urte zituela, 1479an. Humanitateak ikasi zituen, eta baita armak erabiltzen ere. 17 urterekin bere lehen titulua eman zion Joao II.ak.[3]

1500 urtearen aurretik egin zituen gauzei buruz informazio gutxi dago, baina baliteke Afrika Iparraldea esploratzen ibili izana, garai hartako noble gazteen artean ohikoa zen modura.[4][5] 1497ko apirilaren 12an Manuel I.a erregeak 30 mila errealeko diru saria eskaini zion.[6][7] Garai hartan bertan Erregearen Kontseiluak kapare titulua eman zion, eta Kristoren Ordenako Zaldun ere izendatu zuten.[7] Haren deskribapen zehatzik ez daukagu, baina badakigu indartsua zela, eta 1,90 metro neurtzen zituela.[4][5][8]

Brasilen aurkikuntza

aldatu

1500. urteko otsailaren 15ean Indiara joan behar zen espedizio baten Kapitain Nagusi izendatu zuten. Garai hartako Portugalen ohikoa zen nobleak izendatzea halako espedizioen buru izateko. Horregatik, Cabralek zuzendu zituen ontzietako kapitain gehienak ere nobleak ziren.[5][8][9][10][11] Cabral kapitain izendatu zuen errege dekretuaren esanetan, postu hori eman zitzaion bere "meritu eta zerbitzuengatik".[8] William Greenlee historialariaren esanetan, pentsatzekoa da Manuel I.a erregeak ondo ezagutuko zuela Cabral, gortean ibiltzen baitzen. Ezin da ahaztu Cabralen bi anaia erregearen kontseiluaren kide zirela, eta agian hauek ere eduki zuten eraginik erregearen erabakian.[7] Malyn Newitt historialariaren aburuz, Cabralen izendapena gorteko nobleen artean zegoen lehiaren ondorioz izan zen, hauen arteko boterea orekatzeko, Cabralek ez baitzeukan halako espedizio handiak gidatzeko esperientzia edo jakituria berezirik.[2]

Beraz, Cabral Indiako espedizioaren buruzagi militar bihurtu zen, eta esperientzia gehiago zuten hainbat nabigatzaile haren laguntzaile izendatu zituzten. Hauen artean, Bartolomeu Dias, Diogo Dias eta Nicolau Coelho. Guztien artean, 13 ontzi gidatuko zituzten, eta 1500 gizon. Horietatik, 700 soldaduak ziren, eta besteak gerra esperientziarik gabeko marinelak.[2][8][7][10][6][4][12][1]

 
Alvares Cabralen monumentua, Belmonten

Ontziteriak bi dibisio zituen. Lehenak bederatzi nao eta bi karabela zituen, eta Kalkutarantz abiatu zen, Indiara, harreman komertzialak eta faktoria bat ezartzeko asmoarekin. Bigarrenak nao eta karabela bana zituen, eta Sofalako portutik atera zen, gaur egungo Mozanbiketik.[8] Ontziteria gidatzeagatik, Cabralek 10 mila cruzado jasotzeko eskubidea zuen (antzinako Portugalgo txanpona, 35 kilo urre balio zituena). 30 tonelada piperbeltz erosteko eskubidea ere jaso zuen, Europara ekarri ahal izateko eta koroari saldu ahal izateko, zergarik gabe. Beste espezie batzuen 10 caixa inportatzeko eskubidea ere bazeukan. Bidaia arriskutsua bazen ere, Cabralek bazekien Europara itzultzea lortuz gero, aberatsa bihurtuko zela, espeziak arraroak eta preziatuak zirelako Europan.[8]

Aurretiaz beste ontziteri bat Indaria helduta zegoen, Afrikari itzulia emanda. Espedizio hori Vasco da Gamak zuzendu zuen eta 1499an itzuli zen Portugalera.[8] Portugal hamarkada luzen ari zen Indiara heltzeko bide alternatibo honen bila, Mediterraneoko bideak Italiako errepubliken eta otomandarren esku baitzeuden. Bide alternatibo horren bila, hainbat leku kolonizatu zituzten portugesek. Kristautasuna paganoen artean zablatzeko nahiak ere bultzatu zituen espedizio horiek. Musulmanen kontra borrokatzeko tradizioa ere bazuten portugesek, euren herrialdea sortzeko hauei kendu baitzizkieten lurrak. Islamiarren kontrako borroka hori Afrika Iparraldean eta Indian jarraitu zuten. Joanes bereterraren mitoak ere animatzen zituen lusitaniarrak. Kondairen arabera, errege kristau honek musulmanen kontra borrokatzen lagunduko zien. Portugalgo Koroak ere interes handia zuen esklaboen eta espezieen komertzioan.[9]

 
Cabralen bidaia. Gorriz, joaneko bidea; urdinez, itzulerakoa.

Ontziteria 1500eko martxoren 9an atera zen Lisboatik, Cabral buru zuela. Aurreko egunean, tripulazioak agur publiko bat jaso zuen, meza eta ospakizunekin. Erregea eta gortea han zeuden, eta baita jendetza bat ere. Martxoaren 14an Kanaria Handitik pasatu ziren, eta handik Cabo Verdera jo zuten. Martxoaren 22an heldu ziren portugesen kolonia honetara. Hurrengo egunean nao bat desagertu egin zen 150 marinelekin eta Vasco de Ataide buru zuela. Beste ontziek apirilaren 9an zeharkatu zuten Ekuatorea eta mendebalderantz nabigatu zuten, Afrikako kostatik ahalik eta gehien urrunduz, volta do mar teknika erabili eta haizeak aprobetxatuz. Apirilaren 21ean kostaldeko algak ikusi zituten, eta lehorretik hurbil zeudela pentstau zuten. Eta hala zen. Hurrengo egunean Pazko mendia ikusi zuten, Brasilgo ipar-ekialdeko kostaldean. [6][10][8][12][13][14]

 
Alvares Cabral Porto Seguron lehorreratzen, Oscar Pereiraren koadro batean (1922)

Portugesak konturatu ziren kostaldean pertsonak bizi zirela, eta kapitainek batzarra egin zuten Cabralen txalupan, martxoaren 23an. Cabralek Nicolau Coelho bidali zuen lehorreratu eta pertsona haiekin kontaktua egiteko. Coelhok hala egin zuen, eta opariak trukatu zituen indigenekin. Hau itzuli zenean, ontziteria iparraldera joan zen eta 65 kilometrotako bidaia egin zuen, Cabralek Porto Seguro deitu zuen lekura iritsi arte. Leku hau portu natural bat zen, eta Afonso Lopes pilotuak bi indigena ekarri zituen txalupara, Cabralekin hitz egiteko. Topaketa hau ere baketsua izan zen, eta opariak trukatu zituzten.[8][13]

 
Indigenak Cabralen txalupan, Oscar Pereira da Silvaren margolana

Biztanle indigena hauek ehiztari eta biltzaileak ziren, eta hainbat tributan banatuta zeuden. Cabralen topatu zituenak tupiniquimak ziren. Batzuk nomadak ziren, eta ez zuten metalik ezagutzen. Martxoaren 26an, Cabralen aginduz, altare bat eraiki zuten, eta lehen meza ospatu zuen Henrique de Coimbrak. Ardoa eskaini zieten indigenei, baina ez zitzaien gustatu, nahiz eta edari alkoholikoak ezagutzen zituzten.[9][8][15]

Cabral konturatu zen lur hura Tordesillasko Tratatuak Portugali emandako hemisferioaren barruan zegoela. Beraz, lur haiek Portugalentzat erreibindikatzeko, egurrezko gurutze bat altxatu zuten eta bigarren meza bat ospatu zuten maiatzaren 1ean. Gurutzearen omenez, Carbralek Ilha de Vera Cruz deitu zion lurralde hari. Hurrengo egunean txalupa bat Europara itzuli zen erregeari aurkikuntzaren berri emateko.[13][8][7][6][10]

Indiara bidaia

aldatu
 
Alvares Cabralen monumentua, Sao Paulon

1500. urteko maiatzaren 2an edo 3an ontziteriak bere bidaiari ekin zion berriro. Hegoamerikako ekialdeko kostaldea zeharkatu zuten, eta Cabral konturatu zen aurkitutakoa ez zela irla bat, baizik eta kontinente bat. Maiatzaren 5ean ontziek ekialdera jo zuten, Afrikarantz. Maiatzaren 23an edo 24an ekaitz batekin topo egin zuten Atlantikoaren hegoaldean, eta lau txalupa galdu zituzten. 380 pertsona hil ziren. Gertakariaren leku zehatza ez da ezagutzen.[10][6][8][7]

Beste ontziek kalte ugari jasan zituzten eta sakabanatu egin ziren. Txalupa batek aurrera jarraitu zuen bakarrik, eta beste seirak berriro batu ziren. Bi taldetan banatu ziren, bakoitzean hiru txalupa batuz. Cabralen taldeak ekialderantz jo zuen, Esperantza Oneko Lurmuturra zeharkatuz. Iparralderatz jo zuten eta Sofala faktoria inguruko irletan lehorreratu ziren. Han txalupak konpondu ondoren, iparraldera joan ziren eta Quiloara heldu ziren maiatzaren 26an. Cabral hango erregearekin merkataritza hitzarmen bat egiten ahalegindu zen baina ez zuen lortu.[7][6]

Quiloatik Melindera joan ziren eta han lehorreratu ziren abuztuaren 2an. Cabral hango erregearekin batu zen eta opariak trukatu zituzten. Pilotuak ere erreklutatu zituzten Indiara heldu ahal izateko. Bidean, Angediva irlan geratu ziren.[7][6][8]

Irailaren 13an heldu ziren Kalkutara. Cabralek hiriko buruzagiarekin negoziatu zuen, eta faktoria eta biltegi bat ezartzeko baimena lortu zuen. HItzarmen gehiago lortzeko asmoarekin, Cabralek hainbat misio militar burutzera bidali zituen bere soldaduak, Kalkutako buruzagiaren eskariz. Dena dela, abenduaren 16an edo 17an faktoriari eraso egin zioten ehunka arabiar musulman eta hindu indiarrek. 50 portuges hil zituzten, eta han zeuden beste soldaduak txalupetara ihes egin zuten. Hiriko buruzagiak ez zuen ez azalpenik ezta barkamenik eskatu.[10][7][8][16]

Erantzun gisa, portugaldarrek arabiarren 10 ontziri eraso egin zieten eta 600 marinel inguru hil zituzten. Kargamentua lapurtu zuten ontziei su eman aurretik. Cabralen aginduz, portugaldarren txalupek Kalkuta bonbardatu zuten egun osoan, hiriak akordua bete ez zuelako.[6][7][17]

Arabiar eta portugaldarren artean gatazka zegoen, biek kontrolatu nahi zituztelako merkataritza bideak. Portugesek esklusibitatea nahi zuten komertzio hartan, eta hori eskatzen zuen Cabralek Kalkutako agintariari emandako Manuel I.aren gutunak. Arabiarrek, euren bizibidea arriskuan ikusirik, Kalkutako buruzagia portugaldarren kontra ipintzen ahalegindu ziren.[7]

William Greenlee historialariaren ustez, portugaldarrek bazekiten gutxiengoa zirela inguru haietan, eta etorkizunean ere hala izango zirela. Horregatik, Kalkutako buruzagiaren traizioa gogor zigortzea erabaki zuten, portugaldarrei beldurra edukitzeko. Hauen armak hobeek horretan laguntzen zuten. Portugaldarren eredu hau beste herrialde europarrek jarraitu zuten Asiako esplorazioetan.[7]

Portugalera itzulera

aldatu
 
Pedro Alvares Cabralen monumentua, Lisboan

Vasco de Gamak Indiara egindako bidaien jakitun, Manuel I.ak Kalkuta hegoaldean zegoen beste portu bati buruz hitz egin zion Cabrali. Han ere harreman komertzialak sortzeko aukera zegoen. Hiri hura Kochi zen.

Cabralen txalupak abenduaren 24an heldu ziren Kochira. Hiri hau Kalkutaren basailua zen, eta Indiako beste hiri-estatu batzuen menpe ere bazegoen. Kochin hiriko buruzagia independentzia lortzeko desiatzen zegoen, eta portugaldarrek indiarren arteko gatazkak bultzatu nahi zituzten. Taktika horren bidez lortu zuten portugesek euren nagusigoa inguru hartan. Cabralek aliantza bat egin zuen Kochin hiriko buruzagiarekin, eta baita beste hiri-estatu batzuetako buruzagiekin ere. Horrela feitoria edo faktoria bat ezartzea lortu zuen. Txalupak espeziaz beterik, Kannur hirira joan ziren, han azken negozioak egin ondoren Portugalera itzultzeko. 1501aren urtarrilaren 16an hasi zuten Europarako bidaia.[8][6][7]

Espedizioa Afrika ekialdera joan zen. Bidean, txalupa bat hondar banku batean hondoa jota geratu zen. Beste txalupetan lekurik ez zegoenez, txalupari su ematea agindu zuen Cabralek, bertan zeuden espezieekin. Handik, Mozanbike uhartera jo zuten, txalupak hornitu eta Esperantza Oneko Lurmuturra zeharkatzeko. Karabela bat Sofalara bidali zuten. Beste bat, Nicolau Coelhok zuzenduta, aurretik bidali zuten Europara, bidaiaren arrakastaren berri ematera. Hirugarren batek beste bide bat hartu zuen Mozanbiketik atera eta gero.[7][6][8]

Maiatzaren 22an, geratzen ziren bi txalupek Esperantzako Oneko Lurmuturra zeharkatu zuten. Dakarrera heldu ziren ekainaren 2an. Han topatu zituzten bai Nicolau Coelhok zuzendutako txalupa eta baita Hego Atlantikoan galdu zuten ontzia ere. Urtebete zeraman galduta, eta hainbat abentura izan zituen bidean. Txalupa oso txarto zegoen, eta zazpi marinel geratzen ziren bizirik bakarrik, gosetuta eta gaixorik. Beste ontzi portuges batzuk ere bazeuden han. Manuel I.a erregeak jakin zuenean Cabral espedizioak arrakasta eduki zuela, ontziteri txiki bat bidali zuen hauen bila. Ontzi hauetako batean Ameriko Vespuzio zihoan (Amerikari izena eman zion italiar esploratzailea), eta honek bere esplorazioen berri eman zion Cabrali, honi argi utziz kontinente berri batean egon zela, eta ez irla batean.[6][8]

Nicolau Coelhoren txalupa aurretik atera zen, eta 1501eko ekainaren 23an heldu zen Portugalera. Cabral zain geratu zen, Sofalara joandako txaluparen eta Mozanbiketik irtetean galdutako txaluparen zain. Hauek agertu zirenean, Cabral Portugalera joan zen, eta 1501eko uztailaren 21ean heldu zen. Bidaia honetan, sei txalupa galdu ziren, bost beteta itzuli ziren, eta bi hutsik. Portugalera ekarritako kargamentuek %800ko irabaziak eman zizkioten Portugalgo Koroari. [8][7][4]

Azken urteak

aldatu
 
Pedro Alvares Cabralen hilarria, Santarémen

Cabral itzuli ondoren, Manuel I.a beste ontziteri bat prestatzen hasi zen, Indiara joan eta portugesek Kalkutan edukitako kalteak mendekatzeko. Ontziteri hori zuzentzeko Cabral aukeratu zuten. Zortzi hilabetez, Cabral bidaia hori prestatzen aritu zen, baina ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik bidaiatik kanpo geratu zen. Badirudi ontziteriaren buruzagitzaren zati bat Vicente Sodreri ematea erabaki zutela, eta Cabralek ez zuen onartu. Ez dakigu berak dimititu zuen, ala espediziotik kanpo utzi zuten. Dena dela, ontziak atera zirenean, 1502ko martxoan, komandantea Vasco da Gama zen, Vicente Sodreren iloba bat, eta ez Cabral. Gatazka honen ondoren, Cabralek erregearen gortea utzi zuen.[7][8][6][2][3]

1503an Cabral Isabel de Castrorekin ezkondu zen, noble aberats batekin. Lau seme-alaba eduki zituzten, gutxienez.[7]

Cabralek sukarrak eta dardarak edukitzen zituen bidaiatik itzuli zenetik, ziurrenik malariaren ondorioz. Santarémera joan zen 1509an eta han pasatu zituen bere azken urteak. Garai hartako bere ekintzei buruz informazio gutxi daukagu. 1518an kapare izatetik Erregearen Kotseilari izatera pasatu zen, eta horrek hilero 2437 erreal ematen zizkion. 1497an emandako urteroko pentsioa kobratzen ere jarraitzen zuen. Cabral 1520 inguruan hil zen, ezagutzen ez ditugun arrazoiengatik. Santarémgo Graça komentuko elizak lurperatu zuten.[8][1][3][6][7][4][18]

HIl ondorengoak

aldatu
 
Pedro Alvares Cabral, Lisboako aurkikuntzen monumentuan

300 urtez Cabralen bidaiak eta aurkikuntzak ahaztuta geratu ziren. 1822an Pedro I.ak Brasilen independentzia aldarrikatu zuen, eta haren ondorengo Pedro II.a Cabralen eta haren bidaiei buruzko ikerketak bultzatzen hasi zen. Pedro II.aren helburua nazionalismo brasildarra bultzatzea zen. 1839an Francisco Adolfo de Varnhagem historialari brasildarrak Cabralen hilerria aurkitu zuen, eta oso kaltetua zegoen.[8][19][20][21][22]

1871an Brasilgo enperadoreak bisita ofizial bat egin zuen Europara, eta Cabralen hilarria bisitatu zuen. Gorpua ateratzea proposatu zuen, helburu zientifikoekin. 1882an atera zuten lehen aldiz, eta 1896an bigarrenez. 1903 Cabralen gorpuzki batzuk Rio de Janeirora eraman zituzten. Ordutik, Cabral Brasilgo heroi nazional bihurtu zen.[22]

Eztabaidak

aldatu

Nahita egindako aurkikuntza

aldatu

Azken ehun urteetan ikerlariek zalantzan ipini dute Cabralek Brasilen aurkikuntza kasualitatez egin izana.

Zalantza hau agertu zuen lehen pertsona Pedro II.a izan zen. 1854an Brasilgo Institutu Historiko eta Geografikoak egindako batzar batean ikerlariei galdetu zien ea Brasilen aurkikuntza nahita egindakoa izan zitekeen.[12]

Urte hartara arte, uste orokorra zen aurkikuntza nahi gabe egindakoa zela. Gai honi buruz argitaratutako lehen lanek ikuspegi hori azaltzen zuten. Besteak beste, lan hauetan: Fernão Lopes de Castanhedaren História do Descobrimento e Conquista da Índia (1552), João de Barrosen Década da Ásia (1552), Damião de Góisen Crônicas do Felicíssimo Rei D. Manuel (1558), Gaspar Correiaren Lendas da Índia (1561), Vicente Salvadorren História do Brasil (1627) eta Sebastião da Rocha Pitaren História da América Portuguesa (1730).[8][23]

Aurkikuntza nahita egin zutela defendatu zuen lehen lana 1854an argitaratu zuen Joaquim Noberto de Sousa e Silvak. Ordutik aurrera, hainbat ikerlarik hipotesi hori defendatu dute. Besteak beste, Francisco Adolfo de Varnhagenek, Capistrano de Abreuk, Pedro Calmonek, Fábio Pestana Ramosek eta Mário Baratak.[8][22][24][25]

Hélio Viannaren ustez, nahita aurkitu zutela esateko zantzuak dauden arren, ez dago froga eztabaidaezinik. Thomas Skidmore historialaria ere iritzi berekoa da. Anthony Smith ikerlariaren esanetan, eztabaida hau ez da sekula argituko.[13][26][27]

Aitzindariak

aldatu

Ebidentzia batzuen arabera, Vicente Yáñez Pinzon eta Diego de Lepe espainiarrak Brasil iparraldeko kostan nabigatzen ibili ziren 1500eko martxoan. Dena dela, bidaia hauek laburrak izan ziren, eta ez zuten eraginik eduki gero Brasil izango zen herrialdearen sorreran.[28][29][14][8][25][13]

Esmeraldo de Situ Orbis liburuaren arabera (1505) Duarte Pachecho Pereira izan zen Brasil aurkitu zuena, bidaia sekretu bat egin zuelako Brasilgo kostaldera eta Karibera XV. mendean. Pachecho Pereirak Tordesillaseko Itunaren negoziazioetan parte hartu zuen, eta Portugali eta Gaztelari zegozkion lurraldeak ezagutu nahi zituen. [5][8][13][30]

Omenaldiak

aldatu
 
1968ko portugaldar ezkutuak, Cabralen omenez

Cabral Brasilgo heroi nazionala da eta urtero omentzen dute apirilaren 22a, nahiz eta ez den jaieguna. 2000 urtean Brasilgo gobernuak herrialdearen aurkikuntzaren 500 urteak ospatzeko ekitaldiak antolatu zituen, baina herri indigenen protestak sortu zituen.[31]

1900an, 400. urteurrena ospatzeko, Cabralen omenezko monumentu bat inauguratu zuten Rio de Janeiron. Beste hiri batzuk ere omendu zuten, hainbat kaleri haren izena ipinita. Adibidez, Belo Horizonteko Álvares Cabral etorbidea. Hainbat eskolak ere esploratzailearen izena daukate.[32]

Lisboan 1940an inauguratu zuten Álvares Cabralen omenezko estatua bat, izen bereko etorbidean. BRasilgo Getúlio Vargas presidenteak Portugali egindako oparia izan zen. Urte hartan bertan eraiki zuten Aurkikuntzen monumentua Lisboako Belem auzoan. Monumentuan Álvares Cabralen estatua ere agertzen da. Esploratzailearen jaioterrian ere badago haren omenezko estatua bat.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c Subrahmanyam, Sanjay. The Career and Legend of Vasco da Gama. Nova Iorque: Cambridge University Press, 1997.
  2. a b c d Newitt, M. D. D. A History of Portuguese Overseas Expansion 1400–1668. Nova Iorque Routledge, 2005.
  3. a b c Abramo, Alcione. Grandes Personagens da Nossa História (v.1). São Paulo: Abril Cultural, 1969.
  4. a b c d e Espínola, Rodolfo. Vicente Pinzón e a descoberta do Brasil. Rio de Janeiro: Topbooks, 2001
  5. a b c d Peres, Damião. O descobrimento do Brasil: antecedentes e intencionalidade. Porto: Portucalense, 1949.
  6. a b c d e f g h i j k l m McClymont, James Roxbury. Pedraluarez Cabral (Pedro Alluarez de Gouvea): his progenitors, his life and his voyage to America and India. Londres: Strangeways & Sons, 1914.
  7. a b c d e f g h i j k l m n o p q r Greenlee, William Brooks. The voyage of Pedro Álvares Cabral to Brazil and India: from contemporary documents and narratives. Nova Déli: J. Jetley, 1995.
  8. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y Bueno, Eduardo. A viagem do descobrimento: a verdadeira história da expedição de Cabral. Rio de Janeiro: Objetiva, 1998.
  9. a b c Boxer, Charles R. O império marítimo português 1415–1825. São Paulo: Companhia das Letras, 2002.
  10. a b c d e f Diffie, Bailey Wallys; Boyd C. Shafer; George Davison Winius. Foundations of the Portuguese empire, 1415–1580 (v.1). Minneapolis: University of Minneapolis Press, 1977
  11. Fernandes, Astrogildo. Pedro Álvares Cabral: 500 anos. Porto Alegre: Universidade Federal do Rio Grande do Sul, 1969
  12. a b c Pereira, Moacir Soares. Capitães, naus e caravelas da armada de Cabral. Coimbra: Universidade de Coimbra, 1979.
  13. a b c d e f Vianna, Hélio. História do Brasil: período colonial, monarquia e república. 15a. ed. São Paulo: Melhoramentos, 1994.
  14. a b Varnhagen, Francisco Adolfo de. História Geral do Brasil (v.1). 3a. ed. São Paulo: Melhoramentos
  15. Cavalcante, Messias Soares. A verdadeira história da cachaça. São Paulo: Sá Editora, 2011. 608p
  16. Kurup, K. K. N. India's naval traditions: the role of Kunhali Marakkars. Nova Déli: Northern Book Centre, 1997.
  17. Kurup, K. K. N. India's naval traditions: the role of Kunhali Marakkars. Nova Déli: Northern Book Centre, 1997.
  18. «PESQUISA GERAL» servicos.dgpc.gov.pt (Noiz kontsultatua: 2024-10-14).
  19. Revista Trimestral de História e Geografia (v.2). 5a. ed. Rio de Janeiro: Typographia de J. E. S. Cabral, 1840.
  20. Vieira, Cláudio. A história do Brasil são outros 500. Rio de Janeiro: Record, 2000
  21. Schwarcz, Lilia Moritz. As barbas do Imperador: D. Pedro II, um monarca nos trópicos. 2a. ed. São Paulo: Companhia das Letras, 1998.
  22. a b c Calmon, Pedro. História de D. Pedro II. 5 v. Rio de Janeiro: José Olympio, 1975.
  23. Vainfas, Ronaldo. Dicionário do Brasil colonial (1500–1808). Rio de Janeiro: Objetiva, 2001
  24. Ramos, Fábio Pestana. Por mares nunca dantes navegados: a aventura dos Descobrimentos. São Paulo: Contexto, 2008.
  25. a b Barata, Mário. O descobrimento de Cabral e a formação inicial do Brasil. Coimbra: Biblioteca Geral da Universidade de Coimbra, 1991.
  26. Smith, Anthony. Explorers of the Amazon. Chicago: University of Chicago Press, 1990.
  27. Skidmore, Thomas E. Uma História do Brasil. 4a. ed. São Paulo: Paz e Terra, 2003.
  28. (Gaztelaniaz) Beuchat, Henri. (1818). Manual de arqueologia americana. Daniel Jorro (Noiz kontsultatua: 2024-10-16).
  29. (Portugesez) PE, Do G1; PE, com informações do Bom Dia. (2011-10-14). «Pinzón ou Cabral: quem chegou primeiro ao Brasil?» Projeto Educação (Noiz kontsultatua: 2024-10-16).
  30. (Portugesez) Carvalho, Frederico CarvalhoFrederico. (2012-10-13). «O caso Pacheco Pereira» PÚBLICO (Noiz kontsultatua: 2024-10-16).
  31. «Folha Online - Brasil 500» www1.folha.uol.com.br (Noiz kontsultatua: 2024-10-16).
  32. (Portugesez) Costa, Angela Marques da; Schwarcz, Lilia Moritz. (2000). 1890-1914, no tempo das certezas. Companhia das Letras ISBN 978-85-359-0060-6. (Noiz kontsultatua: 2024-10-16).
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Pedro Álvares Cabral