Loren Eguren
Loren Eguren Amiano, ezaguna Zaldibarko amama ezizenez (Elorrio, 1920ko irailaren 5a – Zaldibar, 2023ko uztailaren 11)[1] elorriotar mende luzea bizi izan zuen etxekoandre langilea izan zen, 102 urterekin zendu zen.[2]
Loren Eguren | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Elorrio, 1920ko irailaren 5a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Zaldibar, 2023ko uztailaren 11 (102 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | Etxekoandrea, ehun urtetik gorakoa, nekazaria eta Neskamea |
Biografia
aldatuFamilia
aldatuGurasoak Elorriokoak ziren. Aita Baldomero Eguren Urkizuaran auzoko Torre baserrikoa eta ama Inazi Amiano Gazeta auzoko Amaritakoa.[3] Aita hargina zen eta Toledoko katedraleko atea egiten aritu zen. Aita batetik bestera ibiltzen zenez, etxeko martxa amak zuen. Errosarioa errezatu barik ohera ezin zela joan esaten zuen. 10 seme-alaba izan zituzten: Doroteo, Patxi, Lorentza bera (1920), Mari, Andres, Blas, Genara (1929), Isabel, Felisa (1933) eta Jose Mari (1935).
10 neba-arrebetako hirugarrena izan zen. Torre baserrian jaio zen eta txikia zela,[2] handik hurbil dagoen Pulla baserrira joan zen, eta gero, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba elkartzen diren eta muga egiten duen Betsaide mendiaren ondora.[3]
Zaldibarrera Zengotita fruta-landare haztegira lanera joanda ezagutu zuen herriko Zelea baserriko Tomas Urizar Zurukarairekin ezkondu zen.[1][2]
Sei seme-alaba izan zituen, 14 iloba eta 20 birloba. Hiru iloba izan ezean, denak bizi dira Zaldibarren.[2]
Herri-eskola
aldatuElorrioko eskolan ikasi zuten 10 neba-arrebek. Nagusiek, gerra aurretik ibilitakoek 'ikastola' edo euskarazko klaseak jaso zituzten, gazteak ostera, erdara hutsean San Roke herri-eskolan ikasi zuten.[2] Eskua gora ta derrigorrezko Cara al sol kantatu beharra zegoen, baita gaztelaniaz hitz egin, jakin ez arren.[3][4] Klaseak erdaraz izaten ziren. Erabiltzen zituzten liburuak trapuzko poltsatxo batean gordetzen zuten Katona eta doktrina, komunioa egiteko-eta, horixe ere erdaraz.[3][5]
Gerra zibila
aldatuGerra zibila bizi izan zuen. Elorriotik Aramaiora (Araba) irin bila joaten ziren errotara, gauez, amak ogia egin ahal izateko. Orduan, kontrabandoa zen hori. Asto bat zuten, txikia, beltza, eta haregaz joaten zen. Aita baserrian geratzen zen. Amak premia zutenen artean ere banatzen zuen ogia, isilean. Ate ondoan uzten zuen ogia. Ondotxo gogoratzen zuen errotara bidea ikasita zuen asto hura ere. Bidea bere kabuz egiten zuen astoa, beste batzuei uzten zieten errotara joateko. Behin, milizianoak ere sartu ziren eta oiloak eraman zituzten oilotokitik. Amak atzetik jarraitu zien, oiloak hartzeko.[2]
Baserria kuartel ere izan zen. Ustez, gerran ez zuten baserria erre, arbola artean eta ezkutuan zegoelako.[3][6]
Aitak alde egin zuen, behi bat familia mantentzeko utzita, Karrantzaraino joan zen ardiekin eta ganaduarekin, ahizpak ere bai bortxaketetik ihesi.[3][7]
Lan eta lan
aldatuLoren Eguren luzaroan bizitzeko lan egitea ona delakoan zegoen. Besteak beste, baserriko lanak, umezain, neskame, fruta-landare haztaile eta harategian aritu zen.[2]
Umezain
aldatuTxikitatik hasi zen lan egiten, baserrian beti zegoen lanen bat egiteko eta. (ahotsak). Etxetik kanpo, kalera jaitsita, Elorrion bertan hasi zen umezain. Gero, 14 urte zituela, Bergarara joan zen umezain. Zaintzen zituen zortzi umeen familiarekin harremana mantendu zuen hil arte eta urtero etortzen zitzaizkion bisitan.[2]
Fruta-landare haztaile
aldatuHainbat urtetan fruta-landare haztegian lan egindakoa zen. Bergaran bost urte egin zituen eta, gero, Zaldibarreko Zengotita haztegian hasi zen neskame; beste bi ahizparekin batera. Bertan bizi zen eta haien haztegian ere lan egiten zuen. Orduantxe ezagutu zuen senarra, Tomas. Zeleakoa zen eta haraxe ezkondu zen. Zelea baserrian ere fruta-landare haztegiak zituztenez, fruta-landare haztaile jarraitu zuen.[2]
Beste lan batzuk
aldatuHarategian lan egin zuen, txerriak hil ere egin zituen.[2]
Bizimodu aldaketa
aldatuMende bat baino gehiago bizi izan zen Loren Egurenek bizimodua asko aldatu zela zioen. Arineketan eta estresatuta bizi garela. Jendea korrika dabilela beti, inora ez ailegatzeko. Zaldibarrera joan zenean kotxe bakarra omen zegoen, Licorne horia eta beltza; XXI. mendean, ostera, bideok kotxez beteta zeudela zioen.[2]
Lanerako egungo arropak estimuan izango zituen bere egunean, eskuetan galtzerdi zaharrak ipinita lan egiten baitzuten Zengotitarenean.[2]
Auzolana ohikoa zen. Zelea aurrean garia zegoela ere gogoan zuen. Auzolanean, lantzean behin baserri batean, garia jotzen zen orduan. Tresneria Zelean gordetzen zen.[2]
Luzaroan bizitzeko
aldatu‘Luzaroan bizi nahi duenak, oiloekin ohera eta txoriekin jaiki’ dio esaerak, Loren Egurenek, ostera, hauxe zioen:
Luzaroan bizitzeko onena lan asko egitea, ur gutxi edatea eta legatzik ez jatea.[2]
Gazte mantentzeko
Bazkaldu osteko siesta egunero egiten zuen. 98 urte egin arte soloan ibili izan zen aitzurran. Handik aurrera lanak alde batera utzita, pasiatu, irakurri eta telebista ikusten ematen zuen eguna. Egunean zehar egunkari osoari egiten zion begiratua, baina Loren Egurenen ustez, eskelak baino ez ziren egiak. Afalostean albistegia ikusten zuen telebistan. Athleticen partiduak eta pilota partiduak ikustea ere gustatzen zitzaion.[2]
Aintzatespenak
aldatu- 2020an, 100 urte betetzean, Zaldibarko Udalak aurrez aurreko omenaldia egin zion, baita sare sozialetan eta herriko pantailetan ere.[1]
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c (Gaztelaniaz) «La vecina de Zaldibar Loren Eguren Amiano cumple 100 años» durangon.com 2020-09-09 (Noiz kontsultatua: 2022-11-27).
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o «"Zaldibarrera etorri nintzenean kotxe bakarra zegoen, Licorne hori eta beltza" - Zaldibar» Anboto.org (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
- ↑ a b c d e f «Eguren Amiano, Genara - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-27).
- ↑ «'Cara al Sol' kantatzen - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-27).
- ↑ «Herri-eskolara - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-27).
- ↑ «Baserrian kuartela gerra denboran - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-27).
- ↑ «Gerra denbora - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-11-27).