Kasilda Hernáez

anarkista eta feminista

Soledad Kasilda Hernáez Vargas (Zizurkil, Gipuzkoa, 1914ko apirilaren 9aBiarritz, Lapurdi, 1992ko abuztuaren 31) anarkista eta feminista izan zen. Beste izen hauekin ere ezaguna da: Kasilda Méndez Hernáez, Kasilda, Kaxilda, Kasi eta la Miliciana (milizianoa). Zizurkilen jaioa, Donostiako Egia auzoan eman zuen bere bizitzaren zati handi bat. Bikotekide izan zuen Felix Likiniano.

Kasilda Hernáez

Bizitza
JaiotzaZizurkil1914ko apirilaren 9a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaBiarritz1992ko abuztuaren 31 (78 urte)
Familia
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakaktibista
KidetzaLanaren Konfederazio Nazionala
Libertarian Youth (en) Itzuli
Mujeres Libres
Mugimenduaanarkismoa
Anarkosindikalismoa
anarkofeminismoa
Izengoitia(k)Kasi eta La Miliciana
Zerbitzu militarra
Graduateniente
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila
Bigarren Mundu Gerra
1936ko Espainiako Iraultza Soziala
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoaMujeres Libres

Bizitza

aldatu

Haren ama familia anarkista eta bohemio batetik zetorren; amona Nafarroako ijitoa zen, azken finean. Kasilda askatasun giro horretan hezi zen. Jaio, Fraisoroko etxean jaio zen, hau da, ezkongabeko amak eta umezurtzak jasotzen zituen Zizurkilgo etxean.[1] Haurtzaroa Zizurkilen igaro ondoren Donostiara joan ziren bizitzera. Mugimendu anarkistan aritzearekin batera, emakumeen eskubideen eta askatasunaren alde jardun zuen. Besteak beste, arreta piztu zuen Donostiako hondartzan biluzik bainatzeagatik.[2]

Iraultzailea, 1934an lehergailuak eta propaganda anarkista zeramanean harrapatu zuen poliziak. Ondorioz, 29 urteko espetxe zigorra jaso zuen. Guadalupeko gotorlekuan preso egon zen, eta handik Alcala de Henaresa eraman zuten. 1936ko otsaileko hauteskundeen ondoren askatu zuten.[3]

Espainiako Gerra Zibilaren hasieran Felix Likinianoren taldearekin batera Aiako Harriaren eta San Martzial mendiaren defentsan hartu zuen parte. Behin Irun galduta, Lapurdira joan zen, eta handik Kataluniara; berriro ere frontera joan zen, orduan Aragoiko Frontera. Emakumeak fronteetatik erretiratzearen ondorioz, berriro Bartzelonara ere joan zen, milizianoentzako arropak josten ziren lantegi batera lan egitera. Gerra galduta, mugaren beste aldean Likinianorekin batera Saint-Cyprien kontzentrazio esparruan sartu zuten. Handik atera zirenean Baionara joan ziren. Bordelen eta Bretainian (Lorient) izan ziren. Naziek Frantzia okupatua izan zuten garaian, erresistentziarekin kolaboratu zuten. Bolada batez Parisen egon ondoren, 1943an Lapurdira itzuli ziren, Biarritzera. Han bizi izan zen, 1992an hil zen arte.[4]

Donostiako Egia auzoan estimu handitan dute oraindik Kasilda Hernáez. Behin baino gehiagotan eskatu diote Donostiako Udalari haren omenezko kale edo plaza bat jar dezan, baina proposamenak ez du aurrera egin.[2]

Hernaezen hilarrian, Biarritzen, esaldi hau ageri da:[2]

« Andra! Zu zera bukatzen ez den sua! »

Erreferentziak

aldatu
  1. (Gaztelaniaz) Álvarez, Itsaso. (2014-7-8). «Casilda, la miliciana» El Correo.
  2. a b c «Duela 104 urte jaio zen Kasilda Hernaez anarkista eta feminista gipuzkoarra» EITB.eus 2018-04-09 (Noiz kontsultatua: 2018-04-09).
  3. (Gaztelaniaz) «101 mujeres gitanas pa’ construir tu feminismo» pikara magazine 2021-04-21 (Noiz kontsultatua: 2022-02-10).
  4. Mari Karmen Gil: Breve diccionario de mujeres vascas en el exilio, 115. orr.

Bibliografia

aldatu

Kanpo estekak

aldatu