Jean-Jacques Rousseau

filosofo, pedagogo, idazle, musikari entziklopedista ilustratua
Jean Jacques Rousseau» orritik birbideratua)

Jean-Jacques Rousseau (Geneva, 1712ko ekainaren 28a - Ermenonville, 1778ko uztailaren 2a) suitzar idazle, musikagile eta filosofoa izan zen, frantsesez idazten zuena. Ilustrazioko pentsalari nagusietako bat izan zen. Lanik ezagunenak Gizarte-Hitzarmena, Aitorpenak eta Emilio, edo Hezkuntzaren gainean ditu.

Jean-Jacques Rousseau

Bizitza
JaiotzaGeneva1712ko ekainaren 28a
HerrialdeaGenevako Errepublika
 Frantzia
BizilekuaTurin
Staffordshire
Lehen hizkuntzafrantsesa
HeriotzaErmenonville1778ko uztailaren 2a (66 urte)
Hobiratze lekuaJean-Jacques Rousseauren zenotafioa
Parisko Panteoia
île des Peupliers (en) Itzuli
Heriotza moduaberezko heriotza: bihotz-biriketako geldialdia
Familia
AitaIsaac Rousseau
Ezkontidea(k)Thérèse Levasseur (en) Itzuli  (1768ko abuztuaren 30a -  1778ko uztailaren 2a)
Bikotekidea(k)
Hezkuntza
Hizkuntzakfrantsesa
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakfilosofoa, idazlea, classical composer (en) Itzuli, musikologoa, eleberrigilea, autobiografialaria, pedagogoa, naturalista, antzerkigilea, entziklopedista, gutun idazlea, politologoa, saiakeragilea, musika-kritikaria eta botanikaria
Lan nabarmenak
Mugimenduakontraktualismoa
musika barrokoa
Sinesmenak eta ideologia
ErlijioaProtestantismoa
katolizismoa
Protestantismoa

IMDB: nm0003707 iTunes: 277613624 Musicbrainz: 4a7f3a02-b1ba-4e26-8e30-f580ece1150c Discogs: 1097374 IMSLP: Category:Rousseau,_Jean-Jacques Find a Grave: 1520 Edit the value on Wikidata
Artikulu hau filosofoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Rousseau (argipena)».

Jean-Jacques Rousseau oso filosofo berezia izan zen bere garaian, haize kontra joan zena, eta maiz kritikatua haren ideiengatik. Ilustrazio garaiko baikortasun eta aurrerabide giroan, hark gizartea, aurrerapena, arteak eta zientziak kritikatu eta mespretxatu zituen, arrazoian oinarritua, haiek gizakiaren ustelkeria eta gaitz guztien iturria zirela ondorioztatuz[1]. Hori zela-eta, Erromantizismoaren aitzindaritzat hartzen da, arrazoiaren aurrean sentimenduen garrantzia azpimarratzen duen korrontearena. Pedagogian lan handia egin bazuen ere, ekarpen garrantzitsuenak politika arloan egin zituen, eta haren ideiek eragin handia izan zuten Frantziako Iraultzan.

Bizitza

aldatu
 
Jean-Jacques Rousseau bere aitari irakurtzen, Maurice Leloiren marrazkia, 1889

Rousseau Genevan jaio zen, 1712ko ekainaren 28an, frantziar jatorriko[2] familia kalbinista batean. Ama galdu zuen jaio eta berehala, eta anaia bakarra oso gazterik joan zen etxetik. Beraz, Rousseauren heziketa aitaren gain gelditu zen; haren izaera fantasiatsuaren eraginez, Antzinako Grezia eta Erromako literatura irakurri zuen haurtzaroan, hala nola Plutarcoren Vitae parallelae[3]. Hamabi urterekin lanean hasi behar izan zuen, aitak alde egin baitzuen justiziatik ihesi. Bera ere Suitzatik joan zen eta Annecyn bizilekua hartu zuen, Françoise-Louise de Warensen gerizpean. Horren bitartez 1728an Turinera joan eta katoliko bihurtu zen[4]. 1731-1740 bitartean, Madame de Warensek Chambéryn zeukan etxean bizi izan zen. Urte horietan filosofia, kimika, matematikak, musika eta latina ikasi zituen, Warens andrearen maitale izateaz gain.

1742an Parisa joan zen, ospe eta diru bila, baina ez zuen arrakastarik izan, musika alorrean saiatu zen arren. Han Diderot eta beste filosofo batzuk ezagutu zituen, eta hiriko literatura giroetan sartzen ahalegindu zen. 1743an Veneziara joan zen Frantziako enbaxadorearen idazkari, eta urtebete eman zuen hiri hartan. Parisa itzulirik, opera bat estreinatu zuen, Les Muses galantes (1743, «Musa adeitsuak»), Jean-Philippe Rameauk, garai hartako musikari ospetsuenetako batek, gogor kritikatu zuena. Horrek zaputz handia egin zion, uste baitzuen Rameauk lagundu egingo ziola. Nolanahi ere, ordurako sona handia zuen musikaren alorrean, eta Encyclopédie-ko argitaratzaileek musikari buruzko artikulu batzuk eskatu zizkioten, gerora egin zuen Musika Hiztegia-ren oinarri izan zirenak.

 
Discours sur les sciences et les arts-en lehen argitalpena

1745 hasieran, Thérèse Levasseur lixibagilearekin lotu zen; bost seme-alaba izan zituen harekin, eta Thérèseri bizitza guztian mantenua eman zion arren, umezurtzen erruki etxera bidali zituen bost haurrak, garai hartan askok egiten zuten bezala. Filosofoek eraso gogorrak egin zizkioten horregatik, eta eta hari ere atsekabe handiak sortu omen zizkion horrek aurrerantzean.

1750ean, ospe nabarmena erdietsi zuen Parisko ingurune sozial eta literarioan, Dijongo Akademiak lan bat saritu ziolako: Discours sur les sciences et les arts («Zientziei eta arteari buruzko hitzaldia»), zientzien eta arteen indarberritzeak ohiturak garbitzen lagundu ote zuen galderari erantzuten ziona. Bestalde, musika idazten jarraitu zuen eta arrakasta handia lortu zuen 1752an Le Devin du village («Herriko aztia») operarekin. Italiar musikaren nagusitasuna aldarrikatu zuen beti, Rameau eta beste zenbait frantses musikarien aurrean. Lettre sur la musique francaise (1753, «Frantses musikari buruzko gutuna») obran azaldu zituen musikari buruz zituen ideiak. Beti ere, ez zuen baliatu nahi izan musikako lan haiek eman zioten ospea.

 
Louise d'Épinay, Rousseauri Montmorencyko basoko Ermitage etxea utzi ziona.

1754an Genevara joan zen, eta berriz besarkatu zuen kalbinismoa. Frantziara itzulirik, entziklopedistengandik aldentzen hasi zen, eta 1755ean Discours sur l’origine et les fondements de l’inégalité parmi les hommes («Gizakien arteko desberdintasunaren jatorriari buruzko gogoeta») liburua idatzi zuen; giza izaerari hondatzailetzat eta gizakien arteko desberdintasunen sorburutzat jo zituen historia eta zibilizazioa liburu hartan, eta kritika biziak eragin zituen horrenbestez entziklopedisten artean, aurrerabidearen eta arrazoiaren etsaitzat hartu baitzuten Rousseau. Parisen onik ez zuela, Montmorency aldera joan zen 1756an, Thérèse Levasseur eta honen amarekin, eta Louise d'Épinayk utzi zion etxe batean kokatu zen. Baina ondoko urtean alde egin behar izan zuen handik, d'Houdetot kondesarekin, Jean-François de Saint-Lamberten maitalearekin, maite harreman bat izan zuelako[3].

1761ean Julie ou La Nouvelle Héloïse («Julie edo Heloïse berria») gutun eleberria idatzi zuen, izadiaren araberako bizimoduaren alde, eta 1762an argitaratu zituen bere bi obra nagusiak: Émile, edo Hezkuntzaren gainean eleberri pedagogikoa eta Du Contrat social («Gizarte hitzarmena») politika saiakera. Elkarren osagarri aurkeztu zituen bi obra horiek. L´émile obran, kulturak gizakiaren berezko ontasuna hondatu duela azpimarratu zuen, erlijio eta heziketa molde naturaletara jo behar dela. Entziklopedistek atzerakoitzat salatu zuten bere ikuspegi idiliko horiengatik. Hala ere, aurrerabidea ezinbestekoa dela ohartua, gizartea berritu beharra aldarrikatu zuen Du Contrat social liburuan, eta gobernua hiritarren borondatearen araberako hitzarmen batez eratu behar dela aldarrikatu zuen, monarkia hitzarmen horretatik kanpo ezarri zuela. Frantziako gobernuak berehala kondenatu zituen bi liburu haiek eta Suitzan hartu zuen aterpe. Bernara joan zen lehenik, baina agintariek handik ere bota zutenez, Neuchatelera aldatu zen, Prusiako erregearen mendean baitzegoen. Han erantzun gogorrak idatzi zizkien bere aurkariei: Lettre a Monsieur de Beaumont («Gutuna Beaumont jaunari»), Parisko apezpikuak egin zizkion salaketei erantzunez, eta Lettres ecrites de la montagne («Menditik idatzitako gutunak»), Genevan zituen aurkariei eginiko ihardespena.

 
Rousseauren azken hitzak, Jean-Michel Moreauren irarlana, 1783

1766an Britainia Handira joan zen, David Hume filosofo ingelesak deiturik, baina geroago horrekin ere izan zituen liskarrak. Ordurako filosofoek eraso gogorrak eginak zizkioten, Voltairek bereziki Le Sentiment des citoyens («Hiritarren sentimendua») idazlanean. 1768an, Frantziara itzuli zen, hara-hona ibili zen alderrai, eta izena ere aldatu zuen; Lyonen eta Grenoblen bizi izan zen, eta 1770ean Parisen hartu zuen berriz bizilekua. Aldi hartan Dictionnaire de la musique (1767, «Musika hiztegia») argitaratu zuen, eta Pygmalion antzezlan lirikoa edo melodrama arrakasta handiz antzeztu zen. Behartasunean eman zituen azken urteak, partiturak kopiatzen eta bere azken idazlanak ontzen, Reveries du promeneur solitaire («Ibiltari bakartiaren lilurazko ametsak») besteak beste. 1778ko uztailaren lan hil zen, Ermenonvillen, Paristik hurbil; egun batzuk lehentxeago hila zen, maiatzaren 30ean, Voltaire, haren etsai handia.

Rousseauren lan batzuk, biografia kutsua zutenak batez ere, hura hil ondoren argitaratu ziren. Hala, Dialogues ou Rousseau juge de Jean-Jacques («Elkarrizketak edo Rousseau Jean-Jacquesen epaile») 1780 eta 1782 bitartean eman ziren argitara, eta Les Confessions («Aitorkizunak») bi liburukitan argitaratu ziren, 1782an eta 1789an. 1789ko Iraultzak erabateko goraipamena eta laudorioa ekarri zion; haren errautsak Panteoira eramateko antolatu zen segizioak jendetza ikaragarria bildu zuen.

Idazlan nagusiak

aldatu

Zientziei eta arteari buruzko hitzaldia

aldatu

Discours sur les sciences et les arts izan zen Rousseauri ospea eman zion lehen idazlana. Dijoneko Akademiak galdera hau planteatu zuen: Zientzien eta arteen indarberritzeak morala garbitzen lagundu ote du? Ezezko enfatikoa izan zen Rousseauren erantzuna. Hitzaldiak bi zati nagusi ditu. Lehenengoa azterketa historikoa da, azaltzeko nola, historian zehar, zientziak eta arteak loratu diren garaietan, bertutea eta morala gainbehera etorri diren. Besteak beste, Antzinako Egipto, Antzinako Grezia (Atenas eta Esparta) eta Txinako adibideak erabiltzen ditu. Bigarren zatia arte eta zientzien azterketa da, dakartzaten arriskuak agertuz. Haren arabera, gizakiaren bizioak dira arte eta zientzien sorburua[3]:

« Astronomia sineskeriatik jaio zen; elokuentzia handinahikeria, gorroto, leunkeria eta faltsukeriatik; geometria zikoiztasunetik, fisika jakin-min hutsaletik; dena, filosofia morala barne, giza harrokeriatik. »

Arteak ere erasotuak dira bigarren zati honetan. Rousseauk dioenez, laudorioak jasotzea da artisten lehenbiziko nahia, beren lana besteena baino hobetzat hartua izan dadin. Eta gizartea gaitasun espezializatuak balioesten hasten denean, adorea, eskuzabaltasuna eta neurritasuna bezalako bertuteak gutxiesten ditu. Horrek beste arrisku bat dakarkio gizarteari: bertute militarraren gainbehera. Hala ere, eraso guzti hauen ondoren, hitzaldiaren amaieran goraipatzen dira ustelkeria saihestea lortu zuten pentsalari zentzudun batzuk, Bacon, Descartes eta Newton barne[3].

Gizakien ezberdintasunaren funtsa eta jatorriari buruzko hitzaldia

aldatu
 
Hona naturaren araua. Zertaz egiten diozu aurka?, Jean-Michel Moreauk Gizarte hitzarmena-rako egindako irudia, 1777

Gizakia naturatik urruntzea, hainbat ilustratuk aurrerapentzat hartutakoa, gainbehera gisa aurkeztu zuen Discours sur l’origine et les fondements de l’inégalité parmi les hommes lanean. Horrezaz gainera, legeak boteretsuak defendatzeko egiten zirela erantsi zuen, eta gizarteko desberdintasunak horren ondorio zirela. Jabetza pribatua kritikatu zuen, gizartea bi talde handitan banatzen dituelako: jabeak, hau da, boterea eta dirua dutenak; eta jabeak ez direnak, aurrekoen esklaboak eta txirotasun larrian bizi direnak. Azkenik, egoera hori konpontzeko gizakiak naturara itzutzeko beharra duela aldarrikatu zuen[5]

Julie edo Heloïse berria

aldatu

Gizarte txiki baten bizitza ideala irudikatu zuen Rousseauk Julie ou La Nouvelle Héloïse liburuan, nobela baten tankera emanez. Familia baten antolamendua moldatu zuen —gurasoak, seme-alabak, morroi-neskameak, gainerako senideak, adiskideak— naturaren irakasbideen arabera bizi zena, baina natura hura ez zen basa, kulturak eta arrazoiak ernaldua baizik. Itxurakeria, hipokrisia, harrokeria, bekaizkeria eta azpikeria ezin onartuzkoak ziren giro hartan, gardentasunaren, kidetasunaren, xalotasunaren eta garbitasunaren mesedetan.

Harrigarri hura nola zen posible? Zein printzipiotan zegoen oinarritua elkarkidetasunezko gizarte hura? Eliseo Zelaiak, Greziako eta Erromako mitologian heroi eta bertutetsuen arimak hil ondoren biltzen diren lekua zen harmonia haren sinboloa. Hortaz, sinbolo horri jarraiturik, grinak, bihozkadak, orekatuak behar dute, arrazoiaren bidez araztuak. Hala bada, La Nouvelle Héloïse-k bi maitaleren bilakaera morala kontatzen du: Juliek eta Saint-Preux-ek beren grina sutsuari uko egin behar diote arrazoi moralengatik; oinaze ezin handiagotan egonagatik, beren maitasun grinari nagusituko zaizkio azkenik. Zentzumenen dei suharra menderaturik, beren kontzientziekin bakean baina beren maitasun grinari leial, elkarrekin biziko dira Julieren senarraren babespean. Bertutea eta zoriona elkar harturik daude alderdi askotako nobela honetan. Bertutea eta zoriona orobat dira familiartearen eta haurren heziketaren ardatz nagusiak. Eta gizarte txiki horretako bizitza ordenatua eta zoriontsua hiri handietako bizitza gaiztakeriaz, esklabotasunez eta zorigaitzez beteari kontrajartzen zaio.

Émile, edo Hezkuntzaren gainean

aldatu

Émile, ou De l'éducation liburuan haren pentsamenduak ikuspegi pedagogikoa hartu eta hezkuntza eredu berria proposatu zuen. Haren arabera, umea gizarteratzean jasaten duen ontasun- eta inozentzia-galtzearen prozesua aztertu egin behar zen, hori saihesteko eta umeari gizakien prozesu naturalak jarraitzen uzteko, norberarekiko eta besteenganako maitasunean oinarritutako heziketa eskainiz.

Gizarte hitzarmena

aldatu
 
Indarra ez da zuzenbidea, Gizarte hitzarmena-ko irudia, 1801

Zuzenbide politikoa sortzea izan zen Rousseauren anbizio nagusia; beraz, ez zuen zuzenbidea zer zen deskribatu nahi, aitzitik, zuzenbideak zer izan behar zuen bilatu nahi zuen edo, bestela esanda, gizarte eta aginpide zilegi baten oinarriak jartzea erabaki zuen. Gizabanako bakoitzari segurtasuna -gizabanakoaren bizitzako zoriona segurtasuna zen Rousseaurentzat gizarte bizitzan- ziurtatuko zion elkartze mota bat bilatu nahi zuen, aldi berean gizabanakoaren askatasuna ere ziurtatuko zuena.

Thomas Hobbes eta John Lockeren filosofiaren kezka nagusiak bildu zituen hala. Rousseauk berezko pribilejioen edo indartsuenaren legean oinarritutako aginpide oro ukatzen zuen. Harentzat aginte zilegiak giza taldeen arteko hitzarmenetik sortua behar zuen, elkartasunezko hitzarmena zen beraz, eta ez mendetasunezkoa. Herria ez da bakarrik burujabetzaren sorburua, burujabetzaren erabiltzaile eta egile da. Gizabanako oro hiritarra da baita ere, eta eskubide orori betebehar bat dagokio: «norberak bere burua eta bere ahal guztia guztien borondatearen gidaritza gailenaren pean jarri beharra dauka».

Rousseau eta Euskal Herria

aldatu

Les Confessions (1766) lanean esan zuen Rousseauk Manuel Ignacio Altuna azkoitiarra sekula ezagutu zuen pertsonarik toleranteena zela. Altunak eta Rousseauk Veneziara egindako bidaia batean topo egin zuten: Inoiz ez dio inongo laguni galdetu haren erlijioaz. Judu, protestante, turkiar, sintsa nahiz ateoa izateak ez zion inporta, gizaki zintzoa izanez gero.[6][7]

Liburu horretan bertan, halaber, euskal konstituzioen gorespena egin zuen, Gernikako arbola aipatuz:

« "Gernika munduko herririk zoriontsuena da. Hango aferak baserritarren batzar batek gobernatzen ditu. Haritz baten pean biltzen dira eta ebazpenik zuzenenak hartzen dituzte beti. »

Frantziako Iraultzaren garaian, egun Baionako auzo Santizpiritu udalerriari Jean-Jacques-Rousseau izena ipini zitzaion. Hala izan zen 1793 eta 1795 artean[8].

Lan zerrenda

aldatu
 
Rousseauren hilobia, Parisko Panteoian
  • Projet concernant de nouveaux signes pour la musique (1742).
  • Dissertation sur la musique moderne (1743).
  • Discours sur les sciences et les arts (1750).
  • Narcisse ou l’amant de lui-même, antzerkia (1752).
  • Le Devin du village (1752), opera.
  • Encyclopédie ou dictionnaire raisonné des sciences, des arts et des métiers Diderot eta d'Alembert-ekin batera (1755).
  • Discours sur l'origine et les fondements de l'inégalité parmi les hommes (1755).
  • Examen de deux principes avancés par M. Rameau (1756?).
  • Jugement du Projet de paix perpétuelle de Monsieur l'Abbé de Saint-Pierre (1756).
  • Lettres morales (1757-1758).
  • Julie ou la Nouvelle Héloïse (1761).
  • Du contrat social (1762).
  • Émile, ou De l'éducation (1762).
  • Dictionnaire de musique (1755-1767).
  • Les Confessions (hilondokoa).
  • Dialogues de Rousseau juge de Jean-Jacques (hilondokoa).
  • Rêveries du promeneur solitaire (hilondokoa).
  • Essai sur l'origine des langues (hilondokoa).
  • Projet de constitution pour la Corse (hilondokoa).

Euskaratuak

aldatu

Erreferentziak

aldatu
  1. Sánchez Meca, D.; Abad Pascual, J.J.. Rousseau. acfilosofia.org.
  2. Arbre généalogique des familles Rousseau et Bernard. Famille, je vous aime!, ac-grenoble.fr.
  3. a b c d Delaney, James J.. Jean-Jacques Rousseau (1712—1778). Internet Encyclopedia of Philosophy, iep.utm.edu.
  4. Bertram, Christopher. Jean Jacques Rousseau. Stanford Encyclopedia of Philosophy, plato.stanford.edu.
  5. J.J. Rousseau. thales.cica.es.
  6. Laxalt, Txomin, Brèves de Pays basque, 2008. 126.or.
  7. Artetxe, Jose. Rousseau eta Altuna. armiarma.eus.
  8. Bayonne & Saint-Esprit, Geneoweb.org.

Kanpo estekak

aldatu