Belle Starr
Myra Maybelle Shirley (Carthage, Missouri, 1848ko otsailaren 5a – Eufaula, Oklahoma, 1889ko otsailaren 3a), Belle Starr izenez ezagunagoa, XIX. mendeko Estatu Batuetako mendebaldeko bidelapurra izan zen. Gaztetan heziketa ona izan zuen, eta gaizkileekin izan zituen harremanek bizitza kriminalean sartu zuten. Garai hartako egunkariek Robin Hood estiloko heroina bat bezala hartu eta puztu zuten, eta noizbait The Bandit Queen (Erregina bidelapurra) deitu zioten.[1]
Belle Starr | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Jasper konderria, 1848ko otsailaren 5a |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Bizilekua | Detroit House of Correction (en) |
Heriotza | Eufaula, 1889ko otsailaren 3a (40 urte) |
Heriotza modua | giza hilketa |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Sam Starr (en) (1880 - |
Seme-alabak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | legegabea |
Kidetza | James-Younger Gang (en) |
Haurtzaro eta gaztaroa
aldatuBelle Starr Carthagetik gertu jaio zen, Missouritik, John Shirley eta Elizabeth Penningtonek osatutako bikotetik. Biak Jasper konderrian finkatu ziren, Missourin, 1839an, eta baserritarren bizitza eraman zuten. Johnen hirugarren ezkontza zen. Bertan jaio ziren John Allison Bud (1842), Myra (1848) eta hiru seme-alaba gehiago hurrengo urteetan. 1856an familia ondoko Cartaghe herrira aldatu zen eta ekonomikoki aurrera egin zuten ukuiluak, tabernak eta ostatuak administratzean.[1]
Myra familia errespetagarri baten heziketa egokiarekin hazi zen, musika klaseak eta hizkuntza klasikoak jaso baitzituen eta pianoa jotzen ikasi baitzuen. Modu onean zebilen, eta Bud nebaren ondoan zaldiz ibiltzea gustatzen zitzaion, harekin suzko armak erabiltzen ere ikasi zuen. Gerra zibilaren etorrerarekin zoritxarra familiarengana eta komunitate osora iritsi zen; Bud William Clarke Quantrill gerrillako kide izan zen eta 1864an heriotza aurkitu zuen. Litekeena da Myrak hegoaldeko kausari laguntzeko jarduerak egitea. Familiak, orduan, Texasko Scyene herrixkara aldatzea erabaki zuen. Han, Bellek bere heziketarekin jarraitu zuen, ikasle on bat bezala. Herri horretan zeudela Shirleytarrek Jesse Jamesen bezalako gaizkile taldeei ostatu eman ohi zieten.[2]
Ondorengo bizitza
aldatuScyenen egoitza horretan, Jim Reed aurkitu zuen berriro. Familiaren eta gaztaroko aspaldiko laguna zen Jim Reed, eta harekin harremanetan jarri zen. 1866an, biak ezkondu ziren, eta Scyenetik gertu jarri ziren bizitzen.[2] Hurrengo urtean Missourira joan ziren bizitzera, eta han jaio zen lehen alaba, 1868an Rosi Lee izenez bataiatu zuena. Bere ama ohitu egin zen «Pearl» deitzera, eta horrela ezagutu zuten handik aurrera.[3] Garai hartan, Jim Tom Starr izeneko gaizkile txeroki ezagun batekin adiskidetu zen, eta ganadua lapurtzen eta whiskya legez kanpo saltzen hasi zen. Familiak, ordea, estatu horretatik Kaliforniara ihes egin zuen 1869an, agintariek Jim bilatu zutenean, leporatzen zioten hilketa batengatik; 1871n, bikotearen bigarren semea jaio zen, James "Ed" Edwin.[3]
Jim-en bila zebiltzan agintariengandik ihesi, familia Texasera joan zen berriro 1870eko hamarkadaren hasieran, faltsututako dirua zirkularazteko inplikazioengatik. Ondoren, Indiar Lurraldera joan ziren. Han, Jimek lapurreta egin zion Grayson familiari, beste bi lagunekin batera, 30.000 dolar lapurtuz; susmatu zuten Belle han zegoela, baina, antza, ez zuen inolako parte-hartzerik izan. Texasera itzultzean, Reedek 1874an aurkitu zuen heriotza, lapurreta baten ondoren agintariek inguratu zutenean ihes egiten saiatu zenean. Belleren bizitza, senarra hil eta berehala, puztua izan zen, gertaera kriminaletan sartu zuten, eta bizitza abenturazalea izatea leporatu zioten. Hala ere, ez zen inoiz horren ziurtasunik izan. Urte horietan ezagutzen den gauza bakarra da Bruce Youngerrekin bizi izan zela Texasen.[4]
1880. urtean Sam Starrekin ezkondu zen, Tom Starren semearekin. Bera 9 bat urte zaharragoa zen. Younger´s Bend-en bizi izan ziren, Starrek aipatutako taldearen balentrien omenez emandako izena. Arkansasen bizi izan ziren, Indiar lurraldean. Bere etxean Samek inguruko gaizkileei aterpea eman zien, baina Belle ez zegoen ados. 1882an legearekin arazoak izan zituzten, beste jabe batzuen zaldiak zituztelako. Isaac Parker epaileak, "The Hanging Judge" ("Urkamendiko epailea") izenez ezaguna, errudunak aurkitu zituen eta Detroit gotorlekuan giltzapetu zituen. Bederatzi hilabeteren buruan irten ziren handik.[5]
John Middleton gaizkilearen ihesa erraztearren, Bellek berriro justiziari aurre egin zion 1886an, iheslariari eskainitako zaldi baten bere legezko jabeak bilatzen baitzuen. Bien bitartean, Sam Starr legetik ihesi zebilen, postaren lapurretagatik. Eraso batean emakume bat ikusi zuten beste gertaera nahasi batean eta Belle inkriminatu zuten horregatik. Agintarien aurrera eraman zuten Smith gotorlekuan, Arkansasen, baina fidantza baten truke libre geratu zen. Leku horretan Blue Duck hiltzera kondenatutako bidelapur baten ondoan jarri zen argazki batean. Izan ere, gaizkilearen abokatuak uste zuen bere bezeroaren irudiarentzat ona izango zela. Horren ondorioz Belle eta gaizkilearen arteko espekulazioak sortu ziren. Azkenean, Belle akusatu zuten bi epaiketetan, absolbitu egin zuten.[4]
Itzuli zenean, indiar poliziak bere senarra zauritu zuela jakin zuen. Horren aurrean, senarra bere burua estatuko agintarien esku uztera bultzatu zuen, tribuen esku utzi beharrean. Onartu egin zuen, eta gero fidantzaz askatu zuten. Aldi berean, bere aitaginarrebari, Tom Starri, urtebeteko espetxe-zigorra ezarri zioten whiskyarekin kontrabandoan ibiltzeagatik. 1886ko abenduan, Sam aspaldiko etsai batekin izandako tiroketa batean hil zen. Bigarren senarra hil ondoren, Jack Spaniard bidelapurrarekin bizi izan zen, baina, handik gutxira, agintariek atzeman, epaitu eta urkatu egin zuten.[1]
Bestalde, Indiar agintarien arabera, Sam Starr hil zenean, alargunak egin zezakeen lurren gaineko edozein erreklamazio bertan behera geratu zen, baina egoera hori Bill Julyren etorrerarekin konpondu zen, Tomen adopziozko semea, 24 urte ingurukoa, bere senarra bihurtu zena. Harreman hori ez zen Ed semearen gustukoa izan. Garai hartan Bellek zapuztu egin zuen bere alaba Pearlen ezkontza ezkongai batekin, baina neska, hala nahita, haurdun geratu zen eta etxetik alde egin zuen. 1888ko erdialdean, bere seme Ed atxilotu zuten zaldi bat lapurtzeagatik, fidantzapean atera zen eta etxetik ihes egin zuen.[1]
Urte horietan Bellek jabetza bat alokatu zion Edgard Watsoni. Baina, etorri berriaren emaztearekin izandako elkarrizketen bidez, Floridako hilketa batengatik bilatzen zutela jakin zuen. Agintariekin arazorik ez izateko, Bellek aurrez aurre jarri eta handik alde egiteko eskatu zion, eta Edgardek gogo txarrez onartu zuen.[1]
1889ko otsailean, Belle eta Bill July bere etxetik abiatu ziren. Belle aldameneko San Boisera joan zen erosketak egitera, eta Bill Smith gotorlekura epaiketa bati aurre egitera. Igande egun batean lagun batzuk bisitatu ondoren, Myra etxera itzuli zen, baina bidean hil egin zuten. Haren heriotza Watsoni leporatu zioten, inguruan baitzebilen, baina froga bat bera ere ez zen eztabaidaezina izan. Bere senarra ere susmagarria izan zen, zeren eta, lehenago, Bellek aurkitu baitzuen neska txeroki amerindiar batekin batera, eta, handik aurrera, arazoak izan zituzten. Bere seme-alabak ere, Edekin izandako liskarrengatik eta Pearlen ezkontza zapuztuagatik, susmagarriak izan ziren, baina inoiz ez zen inor akusatu hilketagatik.[1][6]
Pearlek bertso hau idatzi arazi zuen bere hilobian:
Ez isuri beragatik malko mingotsa,
Ez eman bihotza alferrikako atsekabeari;
Hemen dagoen hilkutxak,
Duen harribitxiak dir-dir egiten du oraindik.
The Fort Smith Elevator egunkariak, hil baino urtebete lehenago, Belleren hitz hauek argitaratu zituen: «Bizitzan asko ikusi duen emakumetzat dut neure burua».
Belle komunikabideetan
aldatuGarai hartako komunikabideek, dime novels eta filmek hil ondoren, lortu zuten ospea dela eta, Belle Starren bizitzan zaila izan da benetakoa eta fikziozkoa bereiztea bere biografia egiterakoan. Bereziki, National Police Gazette-k egoerak asko puztu zituen. Horien artean, James-Younger (Cole Younger) taldeko kide batekin harremanak izan izana esleitzen zaio; gurasoengandik ihesi ezkondu izana; eta ezkontza-zeremonia zaldi gainean egin izana, bidelapur batek zina irakurtzen zuen bitartean. Bota altuak, kapela lumaduna, menditar trajea eta pistolak jantzita ere irudikatzen da Belle, airera frenetikoki tiro eginez eta sasoi horretako tabernak edo saloon-ak bisitatuz.[1]
Jim Reed hil ondoren, Blue Duck gaizkilearekin harreman sentimentalak izatea leporatu zioten, biek elkar ezagutu baino askoz lehenago. Sam Starrekin ezkondu zenean, esan izan da legez kanpoko gertaeretan jardun zuela, hala nola, kuatrerismoan, zaldi-lapurretan eta likorea legez kanpo saltzean; Ed semearekin ere intzestu-harremanak izan zituela egotzi zioten.
Beste aipamen bat egiten zaio: agintariei eragin izana atxilotu zituzten lagunak askatzeko. Istorio horien arabera, eroskeriaren bidez eta legearen zerbitzarienganako sedukzioaren bidez egiten zuen, eta Isaac Parker epailea izan zela, gainera, bere jarraitzaile sutsua. Bandit Queen (Erregina bidelapurra) ezizena eman zitzaion eta Robin Hooden emakumezko bertsio gisa aurkeztu zuten. Gainera, mendebaldeko ikuskizun batean lan egin zuela esan zen, diligentzia baten lapurretaren itxura eginez. Aitortu egiten zaio, halaber, «Edozein gaizkile kementsu eta ausarten laguna naiz» esan izana.
Belle Starrekin lotutako filmak:
aldatu- Belle Starr (1941), Irving Cummingsen zuzendaritzapean.
Komikiak:
aldatu- Belle Starr (Lucky Lukeren atala), Rene Goscinnyk idatzia eta Morrisek marraztua.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g (Ingelesez) Rasmussen, Cecilia. (2002-02-17). «Truth Dims the Legend of Outlaw Queen Belle Starr» Los Angeles Times (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
- ↑ a b (Ingelesez) Shirley, Glenn. (1982). Belle Starr and Her Times: The Literature, the Facts, and the Legends. University of Oklahoma Press ISBN 978-0-8061-2276-2. (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
- ↑ a b (Ingelesez) Meier, Allison. (2013-04-03). «Belle Starr the Bandit Queen: How a Southern Girl Became a Legendary Western Outlaw» Atlas Obscura (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
- ↑ a b «The Wild West - Women - Belle Starr» archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
- ↑ «Police Officer Frank West» The Officer Down Memorial Page (ODMP) (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
- ↑ «FrontierTimes - Outlaws - Belle Starr» www.frontiertimes.com (Noiz kontsultatua: 2023-01-10).
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatu- Belle StarrThe handbook of Texas
- Belle Starren biografia
- Belle Starr Richard D. Arnott-en artikulua
- Belle Starr Find a Grave-n
- Belle Starr Internet Movie Database-n ((Ingelesez))