Ipar Mazedoniako Errepublika
Ipar Mazedonia[1] (mazedonieraz: Северна Македонија, [ˈsɛvɛrna makɛˈdɔnija] ahoskatuta) edo Mazedonia[1], ofizialki Ipar Mazedoniako Errepublika[1] (mazedonieraz: Република Северна Македонија [rɛˈpublika ˈsɛvɛrna makɛˈdɔnija] ahoskatua), Europako estatu itsasgabea da, Balkanetako penintsulan kokatua. Mugakide ditu Serbia eta Kosovo iparraldean, Albania mendebaldean, Grezia hegoaldean eta Bulgaria ekialdean. Hiriburua Skopje da.
Ipar Mazedoniako Errepublika | |||
---|---|---|---|
Република Северна Македонија Republika Severna Makedonija | |||
Ereserkia: Denes nad Makedonija | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Skopje 41°59′46″N 21°25′54″E | ||
Azalera | 25.713 km² | ||
Punturik altuena | Korab (en) (2.764 m) | ||
Punturik sakonena | Vardar (50 m) | ||
Kontinentea | Europa | ||
Mugakideak | Albania, Serbia, Bulgaria, Grezia, Europar Batasuna eta Kosovo | ||
Administrazioa | |||
Gobernu-sistema | errepublika parlamentarioa | ||
Mazedoniako Errepublikako presidentea | Gordana Siljanovska-Davkova | ||
Legebiltzarra | Ipar Mazedoniako Biltzarra | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 1.836.713 | ||
Dentsitatea | 71,43 bizt/km² | ||
Hizkuntza ofizialak | ikusi
| ||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Ezkontzeko adina | genero guztiak: 18 | ||
Emankortasun-tasa | 1,524 (2014) | ||
Eskolaratu gabeko umeak | 48.258 (2005) | ||
Bizi-itxaropena | 75,703 (2016) | ||
Giniren koefizientea | 33 (2018) | ||
Giza garapen indizea | 0,77 (2021) | ||
Ekonomia | |||
BPG nominala | 11.337.827.331,681 $ (2017) | ||
BPG per capita | 5.414 $ (2017) | ||
BPG erosketa botere paritarioa | 31.852.214.256 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPG per capita EAPn | 15.290,335 nazioarteko dolar (2017) | ||
BPGaren hazkuntza erreala | 2,4 % (2016) | ||
Erreserbak | 2.801.853.318 $ (2017) | ||
Inflazioa | −0,2 % (2016) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 1991 | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +389 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | MK | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | MKD | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 230 V. 50 Hz.europar loki eta Schuko | ||
Internet domeinua | .mk | ||
vlada.mk |
1991ko irailaren 8an independentzia aldarrikatu zuenetik 2019ko otsailaren 12ra estatuak Mazedoniako Errepublika izen ofiziala eta Mazedonia izen laburtua erabili zituen. Izen horien erabilerak Greziarekin gatazka piztu zuen. Izan ere, Greziak izen bereko eskualde historiko bat duenez, ez zizkion izen horiek erabiltzea onartzen. Horregatik, gatazkak iraun zuen bitartean, Mazedoniako Jugoslaviar Errepublika Ohia (ingelesezko Former Yugoslavian Republic of Macedoniatik) behin-behineko izendapen ofiziala erabili zuen nazioarteko erakundeetan.[2]
Ipar Mazedonia NBEko kide da, baita Europako Kontseiluko kidea ere. Horiez gain, Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundean eta Munduko Merkataritza Erakundean parte hartzen du. 2005eko abendutik, Europako Batasunean sartzeko hautagaia da, baita NATOn sartzekoa ere.
Geografia
aldatuBanaketa administratiboa
aldatuIpar Mazedoniako Errepublikaren maila administratiboak udalerriak (mazedonieraz: општини, opštini; sing.: општина, opština) baino ez ditu: guztira, 84 udalerri daude eta horietako hamarrek Skopje Hiria osatzen dute.
Gainera, arrazoi estatistiko eta legalagatik, zortzi eskualde ditu:
- Ekialdea
- Ipar-ekialdea
- Pelagonia
- Polog
- Skopje
- Hego-ekialdea
- Hego-mendebaldea
- Vardar
Parke nazionalak
aldatuHerrialdeak hiru parke nazional ditu:
Izena | Eratua | Azalera | Mapa | Irudia |
---|---|---|---|---|
Mavrovo | 1948 | 731 km² | ||
Galičica | 1958 | 227 km² | ||
Pelister | 1948 | 125 km² |
Hiriak
aldatuHistoria
aldatuMazedonia izen bereko lurralde historikoaren parte bat da. 1371tik 1912ra Otomandar Inperioaren mendean egon zen Mazedonia osoa, eta 1913an Serbiaren, Greziaren eta Bulgariaren artean banatu zen. Hala, Mazedonia serbiarra, serbiarrek, kroaziarrek eta esloveniarrek 1919an osatu zuten erreinuaren mendean geratu zen. 1929tik aurrera, Jugoslavia deitu zitzaion erreinuari. Bigarren Mundu Gerran, Bulgariak hartu zuen Jugoslaviako Mazedonia osoa.
1946az geroztik, Jugoslavia estatu eraberrituaren sei errepubliketako bat izan zen Mazedonia. 1990ean, Jugoslavian alderdi politikoak eratzeko askatasuna onartzearekin eta alderdi komunistaren nagusitasuna amaitzearekin batera, mazedoniarren abertzaletasuna indartu egin zen. 1991ko irailean independentziari buruz egin zen erreferendumean, % 95ek independentziaren alde bozkatu zuen, eta errepublikaren burujabetasuna eta independentzia onartu zuen Mazedoniako Parlamentuak. Hala ere, Greziak ez zuen onartu errepublikak hartu zuen izena: Greziako probintzia baten izena zela eta Errepublika berri haren konstituzioko zenbait artikuluk Greziako Mazedoniaren lurralde eskakizuna adierazten zutela zioten greziarrek. Nazioarteko presioek horretara behartuta, Mazedoniako biltzar nazionalak konstituzioa berritu zuen eta Mazedoniak zehatz adierazi behar izan zuen ez zuela Greziako lurralderik batere nahi. Estatuaren izenari zegokionez, Europar Batasunak Greziaren alde egin zuen eta Nazio Batuetara jo behar izan zen, azkenik, arazoari konponbidea bilatzeko. Bien bitartean, Mazedoniak ez zuen ez atzerriko inbertsiorik ez laguntzarik lortzen (ez baitzen estatu gisan onartzen), eta atzerriko merkataritza blokeaturik zegoenez, ekonomia arazoak oso larriak egin ziren; blokeoaren eraginez erregairik gabe gelditu zen Mazedonia eta lantegi askok ateak itxi behar izan zituzten. Errepublikaren onespenaren aurreko aldian herrien arteko liskarrak ere ugariak izan ziren. Albaniarrek gogor egin zuten beren autonomia eskuratzeko: 1992an matxinada ugari izan ziren hiriburuan. Horrez gainera, Bosnia eta Herzegovinako gerratik ihesi 50.000 lagun joan ziren Mazedoniara.
1993an, azkenik, Mazedoniako Antzinako Errepublika Jugoslaviarra izenarekin onartu zuten Mazedonia. Nazio Batuek onartu zutenean bertan, Mazedonia Nazioarteko Diru Funtsean sartu zen. Urte horretan Greziaren eta Mazedoniaren arteko negoziazioek aurrera jarraitu zuten, baina Andreas Papandreu Greziako Lehen Ministro hautatu zutenean, bere horretan gelditu ziren elkarrizketak eta blokeoari ekin zion Greziak 1994an. Europar Batasuneko hainbat herrialde blokeo haren kontra bazeuden ere, Europako Justizia Epaitegiak erabaki zuen Greziak askatasun osoa zuela enbargoari eusteko. Urte horretan bertan izan ziren hauteskundeetan Gligorov hautatu zuten berriz ere presidente. Urtearen amaieran Estatu Batuek hitzarmen militar bat izenpetu zuten Mazedoniarekin. 1995ean Greziak eten egin zuen merkataritza blokeoa. Hala eta guztiz ere, 1997an Mazedonia Europako lurralde pobreenetakotzat hartzen zen. Bestalde, albaniarren eta gobernuaren arteko auziak ez zuen konponbiderik, eta zenbait talde albaniarrek eskatzen zuten albaniarrak gehiengo ziren lurraldeak Albaniaren mende behar zutela.
1999ko martxo-ekaina bitartean NATOko hegazkinek Jugoslavia bonbardatu zutenean, Kosovoko milaka iheslari iritsi ziren bertara. Mazedoniako eslaviar gehienak ortodoxoak dira eta Kosovotik iritsitako albaniarrak, berriz, musulmanak, eta horren guztiaren ondorioz, tirabira ugari sortu ziren bi komunitateen artean. Albaniarren eta Mazedoniaren arteko 2001eko gerraren ondorengo hitzarmenei jarraituz, Mazedoniako gobernuak mugak aldatzeko legedia indarrean jarri zuen eta autonomia handiagoa eman zien albaniarrei, gehiengoa ziren eremuetan. 2006ko hauteskundeetan, zentro-eskuineko VMRO-DPMNE alderdiko Nikola Gruevskik lortu zuen garaipena, eta erabaki zuen Albaniarren Alderdi Demoraktikoarekin osatzea gobernuan, eta ez albaniarren botoen gehiengoa eskuratu zuen Gizarteratzerako Batasun Demokratikoa koalizioarekin. Hurrengo hauteskundeak 2010ean egin behar zituzten, baina 2008ra aurreratu ziren, krisi politiko larria sortu baitzen Kosovoren independentziaren ondorioz eta herrialdearen izendapenaren auziaren ondorioz (Mazedoniako Errepublika da herrialdeak bere burua izendatzeko aukeratutako izena, baina Greziak ez dio izen hori aitortzen, greziar lurralde baten izena delako; hala, Greziak betoa ezarri dio Mazedoniari eta ezingo du NATOn sartu izenaren auzia konpondu artean). Hauteskunde horietan VMRO-DPMNEk alde handiz irabazi zuen (oso atzera gelditu zen Branko Crvenkovski lehendakariaren SDMS alderdia). Edonola ere, giro nahasian egin ziren bozketak, eta liskar handiak sortu ziren, baita agintariek iruzur egin ote zuten susmoa ere.
Demografia
aldatu2002ko azken erroldaren arabera, herrialdeak 2.022.547 biztanle zituen.[3]
Mazedonian tirabira ugari izan dira albaniarren eta mazedoniarren artean: albaniarrek autonomia gehiago eskatzen zuten, eta mazedoniarrek, berriz, beldur handia zioten albaniarren nazionalismoari. Albaniarrak 1960ko hamarraldian hasi ziren autonomia eskakizunak egiten. 1981. urteaz geroztik agintari mazedoniarrek saio ugari egin dituzte albaniar nazionalismoa desegiteko, batez ere, hizkuntzaren eta hezkuntzaren alorrean. Agintari komunistek konstituzioa zuzendu zuten urte haietan, eta Mazedonia mazedoniar etniaren "Estatu nazionala" zela adierazi zuten, bestelako taldeak alde batera utzita. 1991ko konstituzioan ere ez zen albaniarrentzat inolako autonomiarik onartzen. Kosovoko Gerran, albaniar etniako 360.000 errefuxiatu iritsi ziren Mazedoniara. Gerra amaitu ondoren alde egin zuten berriro, baina 2001ean mugaz alde bietako albaniarrek armak hartu zituzten eta altxatu egin ziren, Mazedonian albaniarrak nagusi ziren eremuetarako autonomia edo independentzia aldarrikatzeko. NATOk esku hartu zuenean amaitu zen gatazka, eta gobernuak eta albaniarrek hitzarmena sinatu zuten: gobernuak albaniarrei botere politiko handiagoa emateko eta haien kultura aintzat hartzeko konpromisoa hartu zuen, eta albaniarrek matxinada bertan behera utzi eta Mazedoniako erakundeei zilegitasuna aitortzekoa.
Ekonomia
aldatuMazedoniako lurraldearen % 27 besterik ezin da landu; hala ere, bere burua asetzeko lain ateratzen du nekazaritzatik. Lantzen diren nekazaritza gai nagusiak hauek dira: laboreak, barazkiak, ardoa, tabakoa, arroza, etab. Berun, zink, kromo eta burdin hobiak ugariak dira, baina Mazedoniako energia baliabideak ez dira bertako beharrak asetzeko adina. Hirugarren sektorea hiriburura biltzen da batez ere, eta bertan bizi da biztanleen laurdena. Jugoslaviako Errepublika Federala osatzen zuten sei errepubliken artean Mazedonia zen gobernu federalarekiko diru mendekotasun handiena zuena. Horrez gainera, Mazedoniako merkataritza harremanen % 50-60 antzinako federazioko errepublikekin egiten zen, Serbiarekin batez ere. Federazioa desegin izana batetik, eta bestetik, Serbia eta Montenegroren kontrako nazioarteko zigorrek ondorio izugarriak izan zituzten Mazedoniako ekonomian. Bestalde, Mazedoniako ekonomiari kalte gogorrak ekarri zizkioten barne borroka latzak zituzten lurraldeetatik hurbil egoteak (Bosnia, Kosovo…), eta orobat Greziak jarritako ekonomia blokeoak. Horren guztiaren ondorioz, industria ekoizpena % 75 jaitsi zen 1992an –erregairik batere ez baitzuten–, langabezia % 40ra iritsi zen eta barne produktu gordina % 14 jaitsi zen.
Independentzia eskuratu zuenetik, erreforma ekonomiko handiak egin dira Mazedonian, ekonomia irekia bideratu eta merkataritza sustatu dira (azken urteetan BPGaren %90 hartu du), atzerriko inbertsioak erakartzen saiatu da eta inflazioari eustea lortu du (% 2koa izan zen 2007an). 1996tik aurrera ekonomia hazi egin da, era iraunkorrean, mantso bada ere. Bestalde, ordea, langabezia tasa oso altua da (2005ean, % 37,2) eta biztanleen % 22 bizi zen pobrezian, 2006an.
Azpiegiturak
aldatuAireportuak
aldatuErreferentziak
aldatu- ↑ a b c Euskaltzaindia. (PDF) 38. arauaː Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- ↑ Janev, Igor. (1999). «Legal Aspects of the Use of a Provisional Name for Macedonia in the United Nations System» AJIL 93 (1).
- ↑ a b c Census of Population, Households and Dwellings in the Republic of Macedonia, 2002 – Book XIII, Skopje, 2005.. State Statistical Office of the Republic of Macedonia.
Kanpo estekak
aldatu- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.