Mauthausen-Gusen kontzentrazio-esparrua

Mauthausen-Gusen kontzentrazio-esparrua (1940ko uda arte Mauthausen kontzentrazio-esparrua izenaz ezaguna) 1938an agintari naziek Austriako Mauthausen eta Gusen herrien inguruan (Linz hiritik 20 bat kilometrora) eraikitako kontzentrazio-esparru multzo handia izan zen.

Mauthausen-Gusen kontzentrazio-esparrua
KZ Mauthausen
Kokapena
Estatu burujabe Austria
Austriaren banaketa administratiboa Austria Garaia
Austriako barrutiaPerg District
Merkatu-udalerriMauthausen
Koordenatuak48°15′27″N 14°30′02″E / 48.257519°N 14.500431°E / 48.257519; 14.500431
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1938ko abuztuaren 8a
Suntsipena1945eko maiatzaren 5a
Ondarea
Kontaktua
HelbideaErinnerungsstraße 1

Hasiera batean Mauthausenen esparru bakarra egon arren, denbora aurrera joan ahala handituz joan zen, Alemania naziak kontrolatutako Europako kontzentrazio-esparruen konplexu handienetako bat bihurtu arte[1][2]. Mauthausenen eta alboko Gusenen lau azpiesparru nagusi zeuden, baina horiez gain, Austria osoan eta Alemaniako hegoaldean zehar hedatzen ziren 50 azpiesparru baino gehiagok osatzen zuten konplexu guztia. Horietako batzuetan munizio-fabrikak, armamentu-fabrikak eta Me262 hegazkina mihiztatzeko instalazioak eraiki ziren[3], presoak bertan lan egitera behartu zituztelarik.

1945eko urtarrilean 85.000 preso inguru zeuden azpiesparru guztietan barreiaturik, betiere Mauthausengo bulego nagusitik zuzenduta[4]. Ez dago biktimen kopuru zehatza jakiterik baina iturri gehienek zenbatetsi dutenaren arabera 122.766 eta 320.000 lagun inguru izan ziren konplexu guztian. Kontzentrazio-esparru multzo hau Alemania nazian sortutako lehenengo esparru masiboetako bat izan zen, baita mendebaldeko indar aliatuek edota Sobietar Batasunak askatu zuten azkena ere. Bi azpiesparru nagusiak, Mauthausen eta Gusen I, Europa osoan III. Graduko esparru bezala sailkatutako bakarrak izan ziren. Horrek zera esan nahi du: Reicharen Aurkari Politiko Zentzakaitzentzat bereziki gordetako esparru latzenak zirela[1]. Beste kontzentrazio-esparru askok era guztietako presoak jasotzen zituzten, baina Mauthausengo esparruen zeregin nagusia zehatza zen: Alemania naziak Bigarren Mundu Gerran zehar menderatu zituen herrialdeetako intelligentsia, pertsona ikasiak eta goi gizarte-klaseko jendea sarraskitzea[5].

Historia

aldatu

KZ Mauthausen

aldatu

1938ko abuztuaren 7an, Dachauko kontzentrazio-esparruko presoak Mauthausen herrira (Linzetik gertu, Austrian) bidali zituzten, esparru berri bat eraikitzeko. Bi arrazoi egon ziren toki hau aukeratzeko: alde batetik, Linzeko garraio-saretik gertu egotea eta, bestetik, jende gutxiren bizitokia izatea[4]. Hasiera-hasieratik estatu alemanaren kontrolpean egon bazen ere, konpainia pribatu batek sortu zuen. Mauthausen osoan zehar Wienergraben harrobia zabaltzen zen (Marbacher-Brucha eta Bettelberg harrobiez osatua) eta bere jabea DEST konpainia (Deutsche Erd-und Steinwerke GmbH-en akronimoa) zen. Konpainiak, SSetako goi-mailako ofiziala ere bazen Oswald Pohlen zuzendaritzapean, Vienatik harrobiak erosi zituen eta Mauthausengo esparruaren eraikuntzari hasiera eman zion[3]. Urte baten ostean, konpainiak Gusenen lehenengo esparrua eraikitzeko agindua eman zuen. Harrobietatik erauzitako granitoa lehenago Vienako kaleak zolatzeko erabili izan zen, baina geroago granito kopuru handiagoak behar izan zituzten Alemaniako hiri nagusien berreraiketa lanetarako. Proiektu hau autoritate naziek prestatu eta Albert Speerrek eta arkitektura naziko beste hainbat arkitektok antolatu zuten[6].

Mauthausengo kontzentrazio-esparrua eraikitzeko beharrezko dirua iturri anitzetatik heldu zen: Dresdner Bankaren, Pragako Escompte Bankaren, Alemaniako Gurutze Gorriaren eta Reinhardt funtsaren mailegu komertzialak barne[4]. Azken hau beste kontzentrazio-esparruetako presoei lapurtutako diruaz osatzen zen.

Hastapenean Mauthausenek preso arruntak, emagalduak[7] eta beste hainbat Kriminal Zentzakaitzak hartzen zituen. 1939ko maiatzaren 8an, gehienbat preso politikoak biltzeko lan-esparrua izatera igaro zen[8].

KL Gusen

aldatu
 
Gusen I eta II esparruen airetiko ikuspegia

1939 amaiera aldera, Mauthausengo esparrua, granitozko Wiener-Graben harrobia barne, jadanik presoz gainezka zegoen. 1938 amaieran 1.080 lagun biltzetik, urte bat geroago 3.000 preso izatera iritsi zen[3]. Garai hartan Gusengo esparru berria eraikitzen hasi ziren, handik 4,5 kilometrora. Esparru berri hau (geroago Gusen I izendatua) eta bertako Kastenhofen harrobia 1940ko maiatzean amaitu zituzten. Lehendabiziko presoak aurreneko bi barrakoietara (7 eta 8 zenbakidunak) zeharraldatu zituzten. Lehenengo gatibuen lekualdaketa (gehienak Dachauko eta Sachsenhausengo esparruetatik bidaliak) urte bereko maiatzaren 25ean iritsi ziren[4].

Mauthausengo esparruan gertatzen zen bezala, Guseneko esparruak bere presoak granitozko harrobietan gatibu-lanak egitera behartzen zituzten eta, horrez gain, tokiko merkatariei alokatzen zizkieten. 1941eko urrian, Gusen azpiesparruko hainbat barrakoi gainerakoetatik txarrantxaz banandu zituzten, Gerrako Presoen Lan Esparrua eratuz. Esparru honek gerrako atxilotu ugari biltzen zituen, hauen gehiengoa ofizial sobietarrak zirelarik. 1942an Mauthausen eta Gusengo ekoizpen-ahalmenak gailurra jo zuen. Gusen handitu zuten SSen gordailu zentrala barne hartzeko helburuarekin. Bertan, okupatutako lurraldeetatik lapurtutako hainbat ondasun gorde eta gero Alemaniara bidaltzen ziren[9]. Tokiko harrobi eta negozioek etengabeko eskulanaren geroz eta premia handiagoa zuten, alemaniar gehiago eta gehiagok Wehrmachtean izena ematearen ondorioz.

1944ko martxoan, SSen gordailua zena azpiesparru berri bat bihurtu zuten, Gusen II zeritzona. Gerraren amaiera arte depositu hau bat-bateko kontzentrazio-esparru bat izan zen. Oinarrizko beharrizanez gabeturik zeuden 12.000 eta 17.000 preso bitartean biltzen zituen[1]. 1944ko abenduan, Gusengo esparruari zegokion beste alderdi bat abian jarri zuten, Gusenetik oso gertu zegoen Lungitzeko herrixkan. Bertan, fabrika baten azpiegiturak aprobetxatuz, Gusen III azpiesparrua eraiki zuten[1]. Azpiesparruen etengabeko eraikitzeak ezin izan zion presoen kopuruaren goratze jarraiari eutsi, ondorioz Mauthausen-Gusenetako barrakoi guztietan gainpopulazio izugarria jasan behar izan zuten. 1940 eta 1944 urteen bitartean, ohe bakoitzeko preso kopurua bi izatetik lau izatera igaro zen[1].

Azpiesparru sarea

aldatu
 
Mauthausen-Gusen esparruaren azpiesparru nagusietako batzuen kokalekua erakusten duen mapa

1940tik aurrera Mauthausenek zenbait kanpo-Kommando edo azpiesparru izan zituen. Aurrena Gusengoa izan zen, esparru nagusitik 5 kilometrora zegoena eta hark baino gatibu gehiago ostatatzera heldu zena[10]. Aurrerago beste hainbat Kommando gehitu zitzaizkion, preso kopuruarengatik aipagarrienak Ebensee eta Melk izanik.

Mauthausengo zenbait azpiesparruk arma eta munizio fabrikak, harrobiak, meatzeak eta beste hainbat fabrika biltzen zituzten. Gainera, gatibuak esklabo gisa aritu ziren hurreko landetxeetan[11]. Tuneletako zulaketa lanetan ere aritu izan ohi ziren, lurralde austriarra eta Eslovenia elkartzen zituen Loibl-Passeko tunelean esate baterako.

1942. urtetik aurrera, gerraren abiadak armamentuaren beharra goratzearekin batera, gerra-produkzioan presoen erabilerak geroz eta garrantzi handiagoa eskuratu zuen[12]. Mauthausenen eta honen azpiesparruetan arma sekretuekin zerikusia zuten hainbat fabrika zeuden abian. Arma hauek V-Waffen izenez ezagutzen ziren, V-a Vergeltung (mendeku) hitzetik eratorria. Era honetan Schlier Kommandoan (Redl-Zipfen zegoena) V2 misilek behar zuten erregaiaren garapenerako instalazioa egon zen. Vienako faktoria bonbardatua izan ostean, Ebensee hirian aipatutako V2 misilen atalak ekoizteko fabrika bat eraiki zuten. Gusenen Messerschmitt ME 262 borrokarako lehen erreakzio-hegazkina mihiztatzen ziharduten.

Lan baldintzak biziki gogorrak ziren, hain neketsuak non presoak erabat akitzen zituzten[13][14][15]. Horietako zenbait esparru zentralera zeharraldatzen zituzten sarraskituak izateko, edota lekuan erailtzen zituzten injekzio hilgarri baten bidez. Ondoren, gorpuak bertako errausketa-labeetan errausten zituzten.

1940ko abuztuaren 6tik aurrera stalag-etatik, hau da, gerrako presoen esparruetatik, errepublikar espainiarrez osaturiko taldeak ere Mauthausenera iristen hasi ziren. Hauek 1939an Espainiatik ihes egindako erbesteratuak ziren, ondoren Frantziako armadan aritutakoak, eta Wehrmacht-ak Frantzia indarrez hartu zuen unean alemaniar gudataldeek harrapatu zituztenak. 1940 eta 1945 urteen bitartean 7.200 espainiar inguru igaro ziren Mauthausen eta haren azpiesparruetatik. Horietatik 5.000 bat erailak izan ziren.

1941. urteko amaiera aldera gerrako preso sobietar ugari iritsi ziren. Gas ganberetan hiltzera kondenatutako lehen taldea izan zen hau, 1942ko hasieran. Horren aurretik, jadanik unatuak zeuden presoak Hartheimeko Gaztelura eraman zituzten, non 1940. urtetik gas-ganbera eta errausketa-labe bat funtzionatzen ziharduten.

1944. urtean Herbehereetako eta Hungariako judu talde ugari bat heldu zen. Horien gehiengoa gatibu-lanen eta baldintza negargarrien ondorioz hil zen. Beste batzuk Mauthausengo harrobitik behera jaurti zituzten (hori dela eta SSetako guardiek paraxutisten horma bezala izendatu zuten). Gerraren azken hilabeteetan, beste esparruetako 20.000 preso inguru konplexura lekualdatu zituzten.

Esparru nagusiko konplexuaren osotasunetik eta azpiesparruetatik igaro ziren zenbatetsitako presoen kopurua 235.000koa da: horien gehiengoa Wienergrabengo granitozko harrobian gatibu-lanak egitera behartuak izan ziren. 122.000 inguru erailak izan ziren. Bizi-baldintzak erabat penagarriak ziren: preso guztiek malnutrizioa pairatzen zuten eta, laguntza medikurik gabe, gaixotasunek hondamena eragiten zuten.

Horrez gain, 1944ko irailean emakumeentzako esparru bat ireki zuten Mauthausenen, Auschwitzetik emakume presoak heltzearekin batera. Ravensbrük, Bergen Belsen, Gross Rosen eta Buchenwaldetik iritsitako emakume eta ume gehiago sartu zituzten Mauthausenen[16][17]. Eurekin emagin batzuk ere heldu ziren. Jakin izan denez, horietatik 20 Mauthausengo esparruan egin zuten lan, eta 60 konplexu guztian. Gaur egun SSetako emakume-jagole guztien izenak ezagutzen dira: Jane Bernigau, Margarete Freinberger, Marie Herold, Anna Kern, Maria Kunik (Lenzigen ere zerbitzatu zuen), Hildegard Lächert[18], Marianne Paegel, Albine Pallaoro, Amalie Payrleitner, Therese Pichler, Eleonore Poelsleitner, Antonia Rachbauer, Elsa Rascher, Anna Reischer, Hildegard Reiterer, Anna Schbesta, Edda Scheer, Aloisia Schekolin, Hermine Schmied eta Rosa Seyringer. Emakume-jagoleak Mauthausengo esparruari zegokien Hirtenberg, Lenzig (Austrian zegoen emakumeentzako azpiesparru nagusia) eta St. Lamprechteko azpiesparruetan ere aritu ziren lanean.

Espainiarren esparrua

aldatu

Mauthausena eraman zituzten preso espainiarrak, Gerra zibilaren amaieran Frantziako muga zeharkatu zuten milioi erdi errepublikarren parte ziren. Katalunia erori ostean, muga pasa eta Frantziako hegoaldean zehar barreiatutako kontzentrazio-esparruetan sartu zituzten: Argelès-sur-Merko esparruan, Le Vernet d'Ariègeko esparruan, Barcarès, Gurs eta Septfondsen. Bigarren Mundu Gerraren hasieran, horietariko asko uniforme frantsesez jantzita frontera bidali zituzten ―Atzerritar Legioko lerroetan edota talka-eskuadroietan barrena―, edo Langile Atzerritarren Konpainietan integratu zituzten. Horien gehiengoa alemaniarren eskuetan erori zen Frantziako inbasioaren lehenengo uneetan (1940ko maiatza-ekainean). Stalagetatik igaro ondoren (Stalag-ak gerrako presoentzako esparruak ziren), Mauthausenera bidali zituzten.

Lehenengo preso talde espainiarrak 1940ko abuztuan iritsi ziren Mauthausena. Okupatutako Frantziatik karga-bagoietan garraiaturiko bost preso talde iritsi ziren hilabete horretan: Abuztuaren 6an Moosburg-tik (Stalag VII A) 392 preso eraman zituzten, abuztuaren 9an Hohenstein-dik (Stalag I B) 168 preso, abuztuaren 13an Ziegenhain-dik (Stalag IX A) 91 preso, abuztuaren 24an Angulema-tik (Frontstalag 184) 430 preso (gaur egun 927en konboia izenez ere ezagutzen dena[19]), eta azkenik abuztuaren 30ean Hammerstein-dik (Stalag II B) 92 presoz osaturiko konboia. 1940ko abuztuan lehenengo bost konboi espainiar hauek iritsi ondoren, areagotu egin ziren Mauthausena bidali zituzten espainiar konboiak.

Agintari alemaniarrek Francisco Francoren gobernuari espainiar presoekin zer egin galdegin ziotenean, espainiar mugatik haratago espainiarrik ez zegoela adierazi zuen; ondorioz Mauthausengo esparruan aberrigabeak zirela adierazten zuen hiruki urdina (Spanier hitzetik eratorritako S batekin) jarri zieten espainiar errepublikarrei.

1943. urteaz geroztik, Mauthausena iritsi ziren espainiar errepublikarrak Frantziako Erresistentzian parte hartzeagatik atxilotutako pertsonak izan ziren gehien bat. Guztira, 35.000 espainiar inguruk parte parte hartu zuen mundu gerran aliatuekin: horietatik 10.000 inguruk kontzentrazio-esparru alemaniarretan bukatu zuen[20].

Erbesteratuen artean bereala hasi zen ezagutzen Mauthausen Espainiarren esparrua bezala. Lehen barrakoiak 1938. urtekoak baziren ere, igeltsero espainiarrek eraiki zituzten Mauthausengo eraikinik gehienak[21]. Hori dela eta, bizirik irtendako frantses batek hauxe adierazi zuen: “Mauthausengo harri bakoitzak espainiar baten bizitza islatzen du”. Espainiar presoen gehiengoa Frantziak armistizioa izenpetu ondoren iritsi zen esparrura, 1940ko abuztu eta 1941ko abendu bitartean. Horietako asko 1941 eta 1942 urte bitartean hil zen; esaterako, 1941eko irailean eta urrian Gusenen —Kommando bat, hots, preso ahulenak sarraskitzeko azpiesparru bat— hildakoen zati handi bat espainiarrek osatzen zuten.

Mauthausengo bizitza sostengatzen zuen ardatza granitozko harrobia zen, non presoek lan egiten zuten ahituta hil arte. 186 maila zituen harrobia eta barrakoiak banatzen zituen eskailerak. Erbesteratuek egunero hamar-hamabi aldiz igo behar izaten zuten bizkarrean harri ikaragarri handiak zituztela, kapoek —hau da, langileburu lanak egiten zituzten beste presoek— bultzatu, zangotrabatu eta makilekin astintzen zituzten bitartean. Lehen espainola hiltzean, 1940ko abuztuaren 26an, bere aberkideek, borreroen harridurarako, minutu batez isiltasuna gorde zuten. Egoera hau beste hainbat aldiz errepikatuko zen. Denborarekin espainiar batzuk lan espezializatuak egitera pasa ziren: igeltseroak, ile-apaintzaileak, administrariak, jostunak, interpreteak edota argazkilariak, bizirik ateratzeko harrobian aritzen ziren langileek baino aukera gehiago eskuratuz. Informaziora sarbide handiagoa izateko aukera ere lortu zuten, eta baita 1941. urteko erdialdetik martxan zegoen ezkutuko antolakuntza errepublikarrari eusteko autonomia gehiagoz gozatzekoa.

Antolamendu espainiarraren lana erabakigarria izan zen: 1942. urtean erresistentzia frantsesetik eta fronte errusiarretik etorritako erbesteratuak iristen hasi zirenean, espainiarrak ziren esparruan eskarmentu handiena zutenak, bizirik irauteko estratega ikasiak eta beraien ezagutza iritsi berriei transmititzeko prest zeudenak. Bestalde, Mauthauseneko kudeaketan jarduera ezberdinetan parte hartzen zutenez gero, beste preso askori laguntzeko gai izan ziren. Espainiarrek, beste adibide askoren artean, dutxen gela zaintzen zuten eta lagun bat baino gehiagoren bizitza salbatu zuten naziek preso talde bat ordu luzez gerriraino heltzen zitzaien ur izugarri hotzez erabat beteriko nabe horietan hiltzen utziz jende askoren hilketa burutzen zutenean. Horrez gain, ezkutuko antolaketa espainiarrak erizaindegitik lapurtutako sendagaiak banatzen zituen eta presoek jasotzen zuten janari urria birbanatzen zuen, ahulenei eta gaixoei jaki gehiago esleitzeko helburuarekin.

Hala ere, bertatik bizirik atera ziren beste herrialdeetako presoek, batez ere frantsesek, Mauthausengo Esparruaren inguruan gorde zuten oroipenik biziena espainiarrek nazien porrotean zuten fedea izan zen, baita unerik latzenetan ere. Errepublikar espainiarrak Alemania naziaren eta euren kideen aurka 1936an hasitako Espainiako Gerra Zibiletik aritu izan zirelako izan liteke. Bizirik irten zen preso frantses batek adierazi zuenez “Beste garaipen bat” zen preso espainiarrek esaten zuten esaldia, harrobiko eskailerak zituen 186 mailen azkenekora heltzen ziren bakoitzean. Aliatuek irabaziko zutelako uste osoa zutenez, errepublikarrek basakeriaren frogak gordetzea erabaki zuten, ostean borreroei egingo zitzaien epaiketarako. Honela, adibidez, Francisco Boix argazkilariak bere eskuen artetik igarotako argazki guztien kopia bat egin zuen eta baita gerraren amaierara arte ondo ezkutatu ere. Horiei esker, Albert Speer eta Ernst Kaltenbrunner hierarkak Mauthausenen izan zirela frogatu ahal izan zuen Nurenbergeko epaiketetan zehar, sarraskitze-esparruak bazirela ez zekitelako alegatua bertan behera botaz.

1945eko maiatzaren 5ean, iparamerikarren armada Mauthausenera sartu zenean nazien banderen ordez jada bandera errepublikarrak zeuden eta esparruko atea “Espainiako antifaxista guztiek indar askatzaileak agurtzen dituzte” zioen pankarta erraldoi batez estalia zegoen. Hala ere, esparruaren askapenak ez zuen errepublikarrek 1936an hasitako gerraren amaiera ekarri[22]. Asko eta asko ezin izan ziren frankismoan murgildutako Espainiara itzuli, hau ideologikoki Mauthausenen borrokatu zuten nazien aliatua baitzen. Hori dela eta, beste herrialdeetan asiloa bilatu behar izan zuten, batez ere Frantzian.

Euskal herritarrak Mauthausenen

aldatu

Hego euskal herritarrak, espainiar errepublikazaleen kolektiboaren parte ziren heinean, hauen ibilbide eta patu berbera pairatu behar izan zuten. Aldiz, oraindik ez da zelai honetatik pasa ziren ipar euskal herritarren zerrenda zehatzik egin.

Marcelino Bilbaori, Mauthausena deportatu zuten alonsotegiarrari, zor zaio zelai honetan hil ziren hego euskal herritarren lehenengo zerrenda[23]. Etxahun Galparsoro historialariak aldiz, zelai honetara (eta gainerako zelaietara) deportatu zituzten hego euskal herritarrak (hildakoak zein bizirik ateratzea lortu zutenak) zerrendatu zituen 2020an Gogora Institutuak argitaratu zuen txostenean: guztira 115 hego euskal herritar[24].

Zelai honetan izan ziren euskal herritarren testigantzak ugariak dira: Euskal Telebistak (ETB) 2002an berrargitaratu zuen Los esclavos vascos del III Reich dokumentala, Marcelino Bilbaoren bizipenak jasotzen diren Bilbao en Mauthausen: memorias de supervivencia de un deportado vasco liburua, Jose Maria Agirre Salaberriaren testigantza etb.

Sarraskitze-metodoak

aldatu

Sarraskitze metodo hauek erabili zituzten naziek:

  • Zigor-gelak: 7 metro karratu inguruko gelak ziren. Bertako gatibuek ez zuten ez janaririk ez edaririk jasotzen eta 12 egunen buruan hil ohi ziren.
  • Zigorraldiak: Presoari zigorraz 25 zartada ematean zetzan. Gatibuak berak zigorkada bakoitza alemanez ozenki zenbatu behar zuen; huts eginez gero, zigorra berriro hasten zen[25].
  • Harrobietako gatibu-lanak: Horrez gain 20 bat kiloko harriak 186 mailez osatutako harmailadi luze batean gora eraman behar zituzten[26].
  • Gas-ganberak.
  • Gas-ganbara mugikorrak: Bere barnera gasa igortzen zuen hodidun kamioia. Mauthausenen eta Gusenen arteko joan-etorriak egiten zituen.
  • Dutxa izoztuak: 3.000 lagun inguru hipotermiaz hil ziren, hainbat orduz izoztutako urlaster baten azpian geratzera behartuak izatearen ondorioz[27].
  • Tiroketa masiboak.
  • Medikuntza-esperimentuak[28][29].
  • Odol-husteak: Ehunka preso odolustu eta haien odola Ekialdeko Frontera bidaltzen zuten.
  • Urkamenduak.
  • Gosea: Mauthausengo esparrua bakarrik kontutan hartuz, astero 2.000 gatibu inguru hil arte janaririk gabe uzten zituzten[30].
  • SSek zuzendutako fusilamenduak[31].

Bestalde, jakien anoak oso eskasak ziren eta 1940 eta 1942 bitartean preso batek batez beste 42 kilo pisatzen zituen. Tratamendu medikoa ia ez zen existitzen arau alemaniarrei jarraituz.

Biktimak

aldatu
 
Biktimen ehunekoa herrialdeka
 
Gusendik bizirik ateratako batzuk, askatu eta lasterrera

Guztira 122.000 pertsona inguru erail zituzten gerra garaian Mauthausen-Gusen kontzentrazio-esparruen konplexuan. 80.000 inguru bakarrik irten ziren bizirik gerratik. SSek, 1945eko maiatzaren 4an erretiratu aurretik, frogak ezabatzen saiatu ziren, presoei buruzko dokumentazioa barne. Horren ondorioz, 40.000 biktima inguru bakarrik identifikatu ahal izan dira.

Preso euskaldunak

aldatu

Preso famatuak

aldatu
  • Joaquim Amat-Piniella, idazle katalana. 1946an K.L. Reich, esparru nazietan bizitako esperientzia jorratzen duen nobela idatzi zuena.
  • Francesc Boix, argazkilaria; esparru honetan igarotako gatibualdi eta askapenaren inguruko argazki txundigarrienetako batzuen egilea. Nurenbergeko epaiketetan lekuko espainiar bakarra izan zen[32].
  • José Cabrero Arnal, komiki marrazkilaria, Pif pertsonaiaren egilea.
  • Józef Zirankiewitx, Poloniako lehen ministroa (1947-1952 eta 1956-1970).
  • José Ester Borrás, Frantziako erresistentzian Ponzán Taldeko partaidea; gerraostean Erbesteratutako eta Gatibu Politikoen Federazio Espainiarreko (gaztelaniaz FEDIP) idazkari nagusia izan zen, lehendabizi Frantziako Tolosan eta ondoren Parisen.
  • Stanisław Grzesiuk, poeta poloniarra.
  • Artur London, militante komunista txekiarra, Txekoslovakiako Kanpo Arazoetako ministro ordea.
  • Gilbert Norman, indar espezialetako agentea.
  • Antonin Novotny, Txekoslovakiako gobernuburua.
  • Kazimierz Proszynski, asmatzaile poloniarra.
  • Ota Sik, ekonomista eta politikari txekiarra.
  • Stanisław Staszewski, poeta eta idazle poloniarra.
  • Peter Van Pels (Anne Franken egunkarian Peter van Daan gisa agertzen dena), 1945eko maiatzaren 5ean Mauthausenen hil zen gaztea. Anne Franken bizikide izan zen Amsterdameko ezkutalekuan.
  • Simon Wiesenthal, gerra-kriminal nazien bilatzailea eta idazlea. 1946an KZ Mauthausen, Bild und Wort (Mauthausen kontzentrazio-esparrua― irudiak eta hitzak) liburua argitaratu zuen.
  • Eusebio Pérez Martín, hegazkin-mekanikari espainiarra.
  • Antonio García Barón, anarkista aragoiarra. Espainiako Gerra Zibilean Columna Durruti delakoan borrokatu zuen eta aipatutako gerra amaitzean kontzentrazio-esparrura bidali zuten. Askatasuna lortzean Boliviako oihanean finkatu zen, bizimodu naturista eramanez. Manuel Leguineche kazetariak bere bizitzari buruzko liburu bat idatzi zuen. Haren izenburua 'Paradisuaren prezioa' izan zen. Dokumentu hunkigarria da hau. Francisco Boix argazkilariaren argazkiak ditu.
  • Lope de Besenguer, anarkista katalana. Esparruan eta Espainia iraultzailean bizitako esperientziari buruzko biografia bat idatzi zuen.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b c d e (Polonieraz) Dobosiewicz, Stanisław. (2000). Mauthausen-Gusen; w obronie życia i ludzkiej godności. Warszawa: Bellona, 191–202 or. ISBN 83-11-09048-3..
  2. (Ingelesez) Bischof, Günter. (1996). Austrian Historical Memory and National Identity. Transaction Publishers, 185–190 or. ISBN 1-56000-902-0..
  3. a b c (Ingelesez) Haunschmied, Rudolf A.; Jan-Ruth Mills; Siegi Witzany-Durda. (2008). St. Georgen-Gusen-Mauthausen - Concentration Camp Mauthausen Reconsidered. Norderstedt: Books on Demand ISBN 978-3-8334-7610-5..
  4. a b c d (Polonieraz) Dobosiewicz, Stanisław. (1977). Mauthausen/Gusen; obóz zagłady. Warszawa: Ministry of National Defence Press, 449 or. ISBN 83-11-06368-0..
  5. (Polonieraz) Gębik, Władysław. (1972). Z diabłami na ty. Gdańsk: Wydawnictwo Morskie, 332 or..
  6. (Ingelesez) Speer, Albert. (1970). Inside The Third Reich. New York: The Macmillan Company ISBN 0-88365-924-7..
  7. (Polonieraz) Żeromski, Tadeusz. (1983). Międzynarodówka straceńców. Warszawa: Książka i Wiedza, 76+ or. ISBN 83-05-11175-X..
  8. (Alemanez) Maršálek, Hans. (1995). Die Geschichte des Konzentrationslagers Mauthausen (History of Mauthausen Concentration Camp). Wien-Linz: Österreichischen Lagergemeinschaft Mauthausen u. Mauthausen-Aktiv Oberösterreich.
  9. Dobosiewicz, op.cit., p.26
  10. (Ingelesez) Waller, James. (2002). Becoming Evil: How Ordinary People Commit Genocide and Mass Killing. Oxford: Oxford University Press, 3–5 or. ISBN 0-19-514868-1..
  11. (Ingelesez) Derela, Michał. (2005). The prices of Polish armament before 1939. in: The PIBWL military site. (Noiz kontsultatua: 2006-05-22).
  12. (Gaztelaniaz) Idazle asko. (2005). Memoriales históricos, 1933–1945. .
  13. (Ingelesez) Simon Wiesenthal Center. Selected Holocaust Glossary: Terms, Places and Personalities. in: Florida Holocaust Museum webpage. Florida Holocaust Museum.
  14. Bloxham, Donald. (2003). Genocide on Trial: War Crimes Trials and the Formation of Holocaust History and Memory. Oxford: Oxford University Press, 210 or. ISBN 0-19-925904-6..
  15. (Ingelesez) Burleigh, Michael. (1997). Ethics and Extermination: Reflections on Nazi Genocide. Cambridge: Cambridge University Press, 210–211 or. ISBN 0-521-58816-2..
  16. (Gaztelaniaz) Idazle asko. (1981). Human Responses to the Holocaust Perpetrators and Victims, Bystanders and Resisters. Lewiston, New York: Edwin Mellen Press, 33–69 or. ISBN 0-88946-901-6..
  17. Milton, Sybil. (1997). Non-Jewish Children in the Camps. in: Annual 5 Chapter 2. Simon Wiesenthal Center.
  18. (Ingelesez) Patrick Brown, Daniel. (2002). The Camp Women: The Female Auxiliaries Who Assisted the SS in Running the Nazi Concentration Camp System. Schiffer Publishing, 288 or. ISBN 0-7643-1444-0..
  19. El comboi dels 927 ('927en konboia'), 2004ko martxoan Kataluniako Telebistak emana.
  20. (Polonieraz) Wlazłowski, Zbigniew. (1974). Przez kamieniołomy i kolczasty drut. Krakovia: Wydawnictwo Literackie, 7–12 or..
  21. Cántabros en Mauthausen ('kantabriarrak Mauthausenen'), 2007. urtekoa, Vicente Vega Cobo zuzendariarena. Kontzentrazio-esparruan egon ziren hirurogeita hamar bat kantabriar baino gehiagoren bizipenak kontatzen ditu. Haietatik 65 hil ziren. Gaur egun, bizirik irtendako bi kantabriar baino ez dira geratzen: Ramiro Santisteban eta Lázaro Nates Laredokoa.
  22. Stanisław Dobosiewicz, op.cit., 382–388. orr.
  23. Romaña Arteaga, José Miguel. (1988). La Segunda Guerra Mundial y los vascos. Ediciones Mensajero, 70-72 or. ISBN 9788427115293..
  24. Galparsoro, Etxahun. (2020). Euskaldunen deportazioa Hirugarren Reicheko esparruetara (1940-1945). Gogora Institutua.
  25. (Alemanez) Fallschirmspringerwand. in: Mauthausen Memorial. KZ-Gedenkstaette Mauthausen.
  26. (Ingelesez) Weissman, Gary. (2004). Fantasies of Witnessing: Postwar Efforts to Experience the Holocaust. Cornell University Press, 2–3 or. ISBN 0-8014-4253-2..
  27. (Polonieraz) Wnuk, Włodzimierz. (1961). Oskarżamy! Materiały do historii obozu koncentracyjnego Mauthausen-Gusen. Katowice: Klub Mauthausen-Gusen ZBoWiD, 20–22 or..
  28. (Polonieraz) Krukowski, Stefan. (1966). Nad pięknym modrym Dunajem; Mauthausen. Warszawa: Książka i Wiedza, 292–297 or..
  29. (Ingelesez) Fuchs, Dale. (2005-10-17). «Nazi war criminal escapes Costa Brava police search» The Guardian.
  30. (Ingelesez) Wingeate Pike, David. (2000). Spaniards in the Holocaust. Londres: Routledge, 97 or. ISBN 0-415-22780-1..
  31. (Ingelesez) Schmidt, James. (2005). (pdf) "Not These Sounds": Beethoven at Mauthausen. Boston: Boston University, 146–148 or..
  32. Francesc Boix, un fotógrafo en el infierno ('Francesc Boix, argazkilari bat infernuan'), AreaTV, 2000. Francesc Boix argazkilariaren biografia. Lorenzo Solerrek Canal + espainiarentzat egindako dokumentala.

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu