Matalas apaizaren matxinada

Matalas apaizaren matxinada Louis XIV.a Frantziakoaren erreinaldian Zuberoan eginiko matxinada izan zen, gutxienez horrela agertzen da historia ofizialean. Haatik, Matalaz (euskaraz matelats: aurpegi mehats) goitizendun Beñat Goihenetxe Mitikile eta Ospitalepeko erretorea baizik ez zen. Familia aberats baten bidez zuzenbide eta teologia lizentziak erdietsi zituen Bordelen. Osaba bat jadanik Mitikileko eta Ospitalepeko erretore zen eta honen segida hartu zuen. Matxinada gaitza izan zen eta horretan agertzen zen Matalaz zuzenbide argibideen ekartzeko. Matxinadaren arerioek Matalazen gain jarri zuten hobena, herritar guzien haserrearen estaltzeko.

Arrazoiak

aldatu
 
Louis XIV.a Frantziakoa.

1639 urtean Luis XIII.a Frantziako erregea diru beharretan zen gerletan segitzeko eta erresumako errege eremuak salmentan jarri zituen. Lapurdiko gobernadorea enkantean azaldu zen eta erostea burutu, jadanik 6.000 libera emanik zituen Bidaxuneko dukeari, erostetik aparte egoteko. Xiberoako eremua enkantean salgai zen 1639ko martxoaren 8an Bordelen eta erosle bakar bat agertu zen, Jean Peyrer, Tréville edo Iruritako kondea. 40.000 liberatan eskuratu zuen. Xiberoako gobernadorea, Armand Belzuntze, ez zen azaldu, konpreni ezina gelditzen dena. Belzuntze hori 1640an zendu zen eta 1646an heldu zen gobernadore berria, Henri Gramont, Tolongeon kondea.

Lextarreko biltzarrak kudeatzen zuen Xiberoako lurraldea eta honetan baziren hiru talde. Detxema biltzaile handiena (detxema zerga handia zen laborarien bizkar, 1640 urtean 130.000 librakoa zen, 1.300 idi pareren baliokoa). Beste bat justizia korteko epaileena zen (parrokia bakoitzetik bat, herentziazko kargu bat). Bestea herria izenekoa zen, parrokietako ordezkariek osotzen zuten eta aparte biltzeko eskubidea zuten Zinbide (Xilbiet) delakoan. Lextarreko gastuen 3/4 pagatzen zuen herriak, 1/4 epaileek eta detxema biltzaileek ezer ez.

Gobernadorea 1640an ezindua izanki, biltzarrak errege eremuaren berrerospena erabaki zuen, salmenta arauak baimentzen zuen bezala. Arnaud Maitiek, detxema biltzaile eta Oloroneko apezpikuak, Biarnoko noble aberats batzuei diru mota baten mailegatzea proposatu zuen. Herria taldeak ez zuen nahi nobleen dirurik, nahiago zuen zuzenean pagatu, obligazio bidez. Halere, Maytie jauregian bildurik 1642ko irailaren 15ean, epaile eta detxema biltzaileek erabaki zuten 60.000 libraren maileguz hartzea Moneins eta Mesples nobleei, urtean 6.000 librako interesak pagatuz. Ondorioz, berrerospena burutzeko talde bat bidali zuten Parisera (Allande Oihenart barne). Tréville kondearen jukutria batengatik, berrerostea egin ezin bezala agertu zen 1643ko uztailean.

Altxamendua

aldatu

1646an heldu zen Henri Gramont gobernadore berria eta diru mailegua ez baitzuen aurreko gobernadoreak erabaki, ez zuen afera bere gain hartu. 1659an Moneins et Mesples maileguzaleen ondokoek kapitalaren eskuratzea galdetu zuten. Haien konduen arabera zorra 130.000 librakoa zen. Henri Gramontek ez zuen ihardesten eta Bordeleko parlamentuan eskatu zuten zuzenean biltzeko ahalmena, Sohutako Arthez abokatuaren bidez. Honek erdietsi zuen baimena bai eta bilketan laguntzeko Mauleko gazteluko soldaduen bermea ere. Bordelen bazen Laguntzen Kortea, finantza aferetan berezitua eta hor deia aurkeztu zuten Lextarreko biltzarreko ordezkariek. Laguntzen korteak Bordeleko parlamentuaren ahalmena legez kanpokoa zela erabaki zuen eta inkesta egile talde bat bidali zuen Xiberoara.

Ondorioz soldadu talde bat eta diru biltzailea baserriz baserri diru eske ibiltzen ziren eta ez bazegoen, abereak bahitzen zituzten. Soldaduak hurbiltzen ikustean, jendeek ezkilak jotzen zituen eta deiadar hori entzutean, jendea biltzen zen. Izan ziren pataskak, jende erailtze Domintxinen eta Aruen, baita laborari batzu preso sartuak ere Donpaleun. Anartean Henri Gramont gobernadorea Parisen zen Louis XIV.aren kortean, bere anai-erdi Antoine Gramont enbaxadorearen konpainian. Bordeleko bi erabaki kontraesankorren aurrean, Lextarreko gobernadore ordea eta prokuradorea deus egin gabe zeuden.

Mobilizazio handiak gertatu ziren 1660eko larrazkenean eta 1661eko udaberrian. Beñat Goihenetxe agertzen zen erabakien esplikatzera jendeen aurrean, baina honen idatzirik ez da artxiboetan edireten. Haatik, herria taldearen arerioek, gobernadore, prokuradore eta Jakes Belak ainitz idatzi zuten. Mobilizazioak hauspotu zituzten (7.000 gizon armatu), protestanteen kontrako erasoak asmatu, St Luc Guienako gobernadorea inarrosteko, armadaren etortzea galdetuz. St Lucek armadako talde berezi bat bidali zuen eta Andre Belaren laguntzaren 400 gizon erailak izan ziren. Beñat Goihenetxe atxilotu zuten, Bordeleko parlamentuko ordezkariak epaitu zuen eta lepoa moztu zioten 1661eko urriaren 8an. Herria taldeko beste batzuk ere erailak izan ziren edo galeretarat bidaliak.

Luis XIV.a erregeak altxamenduaz amnistia eta ahanzturak erabaki zituen 1661 abenduaren 1ean baina Bordeleko parlamentuak 1662ko maiatza arte atzeratu zuen erabakiaren gauzatzea. 1663 urtean 130.000 liberako dirutza ordaindu zuten parrokietako elkarteek, obligazio bidez. Marie Aramits, Tréville kondearen ama eta Jeanne Albreten idazkariaren alabasoa, Irurin bizi zena 1620 urtetik aitzina, 1667an zendu zen. Ondoko urtean Luis XIV.ak Tréville kondeari berrerosi zion Xiberoako errege eremua 104.000 liberatan.

Armadaren aurkako enfrentamendua

aldatu

1667an 29 urtetako giro gatazkatsua burutu zen, anartean 400 hil, preso batzuk, auzi andana eta 130.00 liberako ordaintzea. Azken finean, Louis XIII.ak saldu errege eremua (gaztelu, oihan eta lur) gezur hutsa zen. Tréville kondeak Pariseko errege kontseiluan 27 auzi zabaldu zituen eta aldi bakoitz, Lextarreko ordezkaria, gehienetan Pierre Bonnecaze, herria taldeko sindika bazihoan Parisera idatzizko defentsa mintzaldiaren prestatzera bertako abokatu batekin. Bidaia horiek biltzarrak ordaindu zituen. Artxiboetan ez da agertzen Tréville kondea Xiberoara etorri zenik 1938 eta 1660 artean, beraz Irurin bizi zen bere amak zituen antolatu Iruriko epaitegi paraleloa eta Pariseko auzietako elementuak. Jakes Belak « Tablettes » eta beste dokumentuak idatzi zituen, altxamenduaz komentario luzeak eginez. Bera errege eremuko diruzaina zen (gaztelua, merkatu eta zubiko bide sariak, eihera) eta salmentaz ez zuen iritzirik eman. Haatik, iloba batek, André Belak, Sohütako 400 erailtzetan parte hartu zuen eta Jakesen semeak, Salomon Belaspectek, Lextarreko auzitegiaren lehiakide zen Iruriko auzitegian prokuradore kargua atxiki zuen. Nahiz eta historialari ainitz Jakes Belaren idatzietan bermatu diren, honen idatziak ez dira fidagarri Beñat Goihenetxen eginkizunaz jakiteko.

Erreferentziak

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu